Donostiako Mundaiz kaleko 14. zenbakiko eraikin zaharrak Azpilikueta upategiko biltegi gisa funtzionatu zuen hainbat hamarkadaz. Tokia ezin hobea zen: Atotxako tren geltokitik gertu eta Egia auzoko behe aldean kokatuta, tailer txikiz eta orotariko gauzak konpontzen zituzten garajez osatutako kale ospelean zegoen. Urte dezente beranduago, hainbat tokitatik Donostiara heldutako artistek espazioa hondatuta, pipiak janda eta hezetasunez blai aurkitu zuten; hala eta guztiz ere, aukerak ikusi zizkioten lekuari eta hura atontzen hasi ziren. Eta bai lortu ere. 2016ko abuztuan ireki zuten Azpi Kultur Elkartea, lanerako eta ekintza kulturalak bultzatzeko espazio autogestionatua.
Ez da erraza, ezta ohikoena ere, Donostia bezalako hiri txit dotore eta aberaskume batean Mundaiz kaleak egun gordetzen duen izaera industrialeko zonalderik aurkitzea. Are gutxiago, zonalde hori Tabakaleratik zein autobus eta tren geltokitik gertu eta Gladys Enea parkearen albo batean kokatzen bada. Horregatik, esan liteke bertako espazioak –Dabadaba aretoa barne– hauskortasun puntu batean daudela, erresistentzia egiten sasi oparotasun baten mesedetan higiezinen eremuan egiten diren esku-hartzeen aurka borrokan. Bidegurutze horretatik ari da lanean orain bost urtetatik AZPI Kultur Elkartea, besteak beste arkitekto, diseinatzaile, zinemagile, ilustratzaile eta artista batzuek kudeatzen duten espazioa. Egun hamabost bazkidek ematen diote forma eta berotasuna Egia auzoan dagoen bi solairuko sormen espazioari.
AZPIko bigarren solairuan, egurrezko mahai laukiluze handi baten bueltan eta ordenagailu pantaila handien atzean aritzen dira lanean AZPIko kideak. Hala ikusten ditut ostegunero, bertara gerturatzen naizenean asteroko barazki otarra jasotzera: batzuk plano, altxaera eta render-etan fin-fin lanean, beste batzuk diseinatu berri duten kartelari azken ukituak ematen, eta hondokoak estreinatzear dituzten filmeetan lanean. Espazio argitsua eta erosoa da, eta barruan epeletan baldin badaude, sarri piztuta izaten duten berogailuari esker da. Egurrezko apalak materialez beteta daude, eta antzinako biltegiko pasilloan aurrera eginez gero, metakrilato puskak, pintura kaxak, arotzeria lantzeko beharrezko tresneria eta Andoni Beristain argazkilariaren estudioko set-arekin egingo dugu topo. Beheko solairua erakusketa eta emanaldietarako espazio gisa erabiltzen dute, eta marko urdindun leihate handiak kanpoaldearekin lotzen du AZPI.
Bere sorreran, AZPI lanerako espazio gisa sortu zen, coworking modura; alegia, norberaren lan pertsonala garatzeko lantokia. Gutxinaka, ordea, egunero lanerako espazioa elkarbanatzen zuten horien artean bestelako egitasmoak eta proiektuak bultzatu eta sortzeko grina piztu zen: elkarrekin lan egiteko desira zuten eta beren diziplinarteko praktikaketatik abiatuta proiektu interesgarriak egin zitzaketela uste zuten. Bestalde, nabari zuten hirian gabezia bat zegoela arte-erakundeetatik harago sortzaileen lanak erakutsi eta beste dinamika batzuk sorrarazteko. Horrez gain, auzoan eta auzokideekin bestelako harremanak eraikitzeko gogoa ere bazuten. Horri guztiari erantzuteko, AZPIk ateak zabaldu zituen ekimen ezberdinak bere gain hartzeko, hala nola, liburuen aurkezpenak, proiekzioak, grabaketak, pop-up ekimenak eta abar. Egun ere, jarraitzen dute orotariko ekimenak antolatzen, azkena Aritz Galarragaren Gogoan dut liburuaren aurkezpena.
Ekintza horiek antolatu eta beraien programa propioa egonkortzeko desiratik ATEA erakusketa-programa jarri dute martxan 2019az geroztik: urtean lautan antolatzen dituzten aurkezpenak dira, astebeteko iraupena izaten dutenak. Programaren helburua da arte garaikideari presentzia ematea espazio ez instituzionaletan, eta Donostiako aktibitate artistikoa aktibatzea hiriko paisaia kulturala birpentsatuz. Eusko Jaurlaritzako Eremuak proiektuaren babesarekin, jada sei erakusketa antolatu dituzte azpitarrek. Edizio bakoitzak bere izaera propioa izaten du, eta sarri erakusketa bakoitzaren komisariotza nork egiten duen erabakigarria izaten da erakusketaren esparrua –zinema, arkitektura, ikusizko-arteak– edo izaera zein izango den jakiteko. Halaber, erakusketa bakoitzarekin argitalpen bat argitaratzen dute, artista parte-hartzaileen elkarrizketak edo hausnarketak biltzen dituena.
Gehienetan espazioan bertan aurkezten diren erakusketak badira ere, auzoan barrena hedatu diren edizioak ere antolatu dituzte. Horren adibidea da Atera izenburupean joan den martxoan antolatu zuten fanzine, artista-liburu eta autoedizio azoka. Egiako komertzio eta tabernak, tatuaje denda eta supermekatuak, hamasei espazio guztira, argitalpenez eta horien egileez blaitu zituzten. Erakusketa horretan 40 egile eta argitaletxe baino gehiagok hartu zuten parte. AZPIko espazioa bera liburu-denda bilakatu zen, jardunaldirako sortutako diseinuzko mahai eta altzarietan ehunka argitalpen jarri baitzituzten salgai. Auzoa eta sortzaileak harremantzeko topagune interesgarria izan zen, auzoko ohiko dinamikak era sortzailean eraldatu zituen ekimen kulturala.
2020ko azaro hasieran, Nueve modos de sentarse (Esertzeko bederatzi modu) izenburupean, objektuen diseinuari erreparatu eta Gipuzkoako hiriburuko bederatzi diseinatzaile, arkitekto eta artista gonbidatu zituzten norberak bere taburetea diseinatu eta eraiki zezan. Erakusketa horretan astebetez bederatzi aulkik okupatu zuten AZPIko erakusketa-espazioa. Material askotarikoz egindakoak ziren: burdinezkoak, egurrezkoak, zoladurazkoak eta forma sinpleenetatik konplexuenetaraino irudimenezko igarobidea ahalbidetzen zuten esertzeko altzariak. Proiektu horrekin euskal testuinguruan altzarien diseinurako dagoen interes eta aukera urritasuna mahaigaineratu zuten; agian kezka horretatik abiatuta eta gabezia horri heltzeko asmotan, erakusketan parte hartu zuten diseinatzaileetako batzuek Moduz kolektiboa sortu berri dute. Elkartearen helburua da euskal diseinatzaile gazteen topagune eta beraien lanen erakusleiho izatea. Asmo horren bueltan, joan den urriaren 6an Bloom (Loratzea) erakusketa antolatu zuten Gladys Eneako parkean, eta berdegune horretako hainbat txokotan era askotako diseinuzko altzariekin instalazioa egin dute denboraldi baterako. Merezi du Gladys Eneako udazkeneko edertasunean galdu eta sastraken edo iturrien alboan diseinatzaile horien sorkuntzak aurkitzea.
I Want to Be With You Everywhere (Zu(r)ekin nonahi egon nahi dut) izenburuarekin, urriaren 29an ireki zen Atea ekimenaren seigarren edizioa. Bertan, euskal testuinguruan lan egiten duten artisten lanak ikusi ahal izan dira, AZPItik pasa diren artisten lanekin batera, beste behin ere proposamen artistikoak zirkuitu alternatiboan ikusgarri egin daitezkeela erakutsiz.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]