“Txabi Etxebarrieta nola hiltzen zuten ikusi zuen gure osabak”

  • Hamabost urte baino gehiago dira ARGIAren orrialde hauetan bertan Ezkioko irudipenak aztertutako William Christian antropologoak bere egia esan zuenetik, seme-alabei ezinezko zaiela gurasoen oroitzapenak gordetzea. Koldo Alijostesek ezina egin du. Ekinez.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Koldo Alijostes Bordagarai. Amezketa, 1962

Teknologia irakasle eta IKT arduradun Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuan. Historia du maite, memoria historikoa landua du oroimenarenharra.koldomitxelena.net gunean, eta mitologia, berriz, amaroa.eus-en. Euskal Herriko mitologiaren jainkoak eta jeinuak liburuaren egile da iazko Bizitzak baino lehen. Gure solaskidearen kasuan, bizitza bete kontu bezainbat da kontu bete bizitza. Gure historia kontatu du, etxetik.

Christianen egia irauli duzu, zeure familiaren historia kontatu duzu Bizitzak (Pamiela, 2019) liburuan. “Gure historia etxez etxe”, ere badio.
Bernardo Atxaga eta Asun Garikanoren proiektua da “Gure historia etxez etxe”. Jendea idaztera bultzatu nahi zuten, familiaren historia kontatzera. Eta familiaz familia eta etxez etxe, Euskal Herriaren historia kontatzea zen helburua. Oso interesgarria iruditu zitzaidan ideia. Familiaren  historia, gauza hurbila da, handia, erreala. Ideia polita iruditu zitzaidan garai bateko historia etxez etxeko hori biltzea. Nire kasuan, Bizitzak liburua baino lehen hasi nintzen etxean kontatzen zituztenak grabatzen. Aita zena oso kontalari handia genuen. Bazkalondoetan-eta, historiak kontatzeko ohitura handia zuen. “Aitonari halako gertatu zitzaion… Osabari beste halako… Ni, berriz, hemendik hara ibili nintzen...”. Horrelaxe. Eta, behin, neure buruari esan nion: “Aita joaten denean, akabo historia hauek denak! Niretzat ez ezik, nire ondorengoentzat gordetzea ere polita izango lukek”.

Aitari grabatzen hasi zinen?
Bai, idatzi egin behar nituela pentsatu nuen, eta, horretarako, onena grabatzea zela iritzi nion. Eta arratsalde pare bat hartu eta aitari grabatzen hasi nintzaion. Eta liburua osatu nuen, eta gurasoek urrezko ezteiak ospatu zituztenean, erregalatu egin nien. Neuk maketatu nuen, neuk inprimatu. Errementari kalean [Gasteiz] bada koadernatzaile artisau bat, eta berak koadernatu zizkidan hiru ale. Etxekoentzat idatzi nuen: gurasoentzat eta bi semeontzat. Baina behin, Asun Garikanorekin gertatu nintzen. Tolosarra Asun, eta tolosarra du aita, Andoni. Gure aita, berriz, Ibarrakoa zen, baina Tolosan asko ibilia. Alegia, bazitekeela nik aitari bildutako historiak Asunen aitak ere jakitea, eta utzi egin nion liburua Asuni. Irakurri zuen, eta Bernardok [Atxaga] ere bai, eta Bizitzak idaztea proposatu zidaten.

Orduan, lehendik idatzia zenuen liburua?
Partez, bakarrik. Etxeko liburuan, etxekoen kontuak ageri dira, kontatzen zituzten bezala. Bizitzak liburuan, berriz, testuinguru historikoa erantsi diot etxekoen kontakizunari. Osatu egin dut etxekoentzat egindako liburua. Gertaerak testuinguruan jarri, eta memoria historikoa ere egin dudala uste dut. Benetako bizipenak dira liburukoak: gertaera handiak eta txikiak, arruntak eta bereziak, goxoak eta garratzak… Historia eta istorio asko. Fikzio egileentzat inspirazio iturri paregabea dela iruditzen zait, gehienetan errealitatea dute-eta abiapuntu. Benetan gertatutako pasarte bat hartu, aberasten eta borobiltzen dute, eta istorio ederrak sortzen dituzte. Nik ez dut gaitasun hori. Errealitateak fikzioa gainditzen duela ere esan ohi da...

Argazkia: Zaldi Ero

"Familiako zenbait kidek historiaren gertaera garrantzitsuak barrutik bizi izan zituzten, ez ziren egon aparte begira, alde jakin batean egin zuten.
Eta ni hortik nator”

Txabi Etxebarrietaren heriotza bertatik bertara kontatu duzu, adibidez.
Gure osaba [Eduardo Osa Santibañez] hantxe zegoelako. Beti kontatu izan da han Txabi Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa zeudela. Eta guardia zibilak, alegia. Baina beste lekuko bat ere bazen han, ezkutukoa: gure osaba zena. Etxebarrieta hil zuten, eta Sarasketak ere ez zuen jakin zer gertatu zen, larri hartan korrika, ahal zuen moduan eta nola hala alde egin zuen-eta handik. Gure osaba, berriz, autoan zegoen, bera zen txofer. Hantxe zegoen, gertatutakoa bizi izan zuen. Batetik, guardia zibila tiroka, eta Sarasketa, korrika. Bestetik, Etxebarrieta nola hiltzen zuten ikusi zuen. Osabak kontatuta bezala kontatzen zuen gure aitak. Etxebarrieta bertatik bertara hil zutela esaten zuen. Guardia zibil batek Etxebarrieta aurrez aurre helduta zeukala, ez mugitzeko eran, eta beste guardia zibilak, Sarasketak ihes egin zuenean, haiengana joan zela, pistola bi gorputzen artean sartu, arma jiratu eta tiro egin zuela Etxebarrietaren kontra. Halaxe kontatzen zuen beti gure aitak, osabak berari halaxe kontatuta. Hori ez zen inoiz argitaratu, Bizitzak liburuan agertu arte. Damutu zitzaidan osabari zuzenean kontu gehiago ez bildua. Osabak aitari kontatuta jakin nuen… Zenbat  historia galdu ditugun! Pena ematen dit.

Etxebarrietaren heriotzak zigorra ekarri zizuen. Sarasketa jipoitu zuten, harik eta zuen osaba-izeben izenak esan zituen arte: Eduardo Osa eta Juli Alijostes.
Osaba-izebak saltsan sartuta zebiltzan. Baita gure aita ere. Garai hartan asko bezala. Frankismoaren kontrako borroka zen. Tolosan, Ibarran, Amezketan… abertzaleak saltsan sartuta zeuden. Gure osaba-izebak ere hortxe zebiltzan, eta ezagutzen zuten Jokin Gorostidi, eta Txabi Etxebarrieta. Txabi etxean eduki zuten, eta hil zuten egunean autoan eraman zuen osabak, Sarasketarekin batera, alegia. Gero, harrapatu zutenean, "jesukristorenak" hartu zituen, guardia zibilek emanda. Aitak kontatzen zuen osaba eta biak eduki zituztela Tolosako kuartelean, atxilotuta. Eta hango garrasiak, hango antsiak gure osabarenak. Gero, Burgosko prozesua, osabaren kartzelatzea, izebaren deportazioa etorri ziren.

Nora bidali zuten izeba, Juli Alijostes?
Espainiara. Jaengo Navas de San Juan herrira. Harekin batera deportatutako batekin hitz egin nuen, Eugeni Sarasola. Hark kontatuta dakit. Autobusez eraman zituzten. Hemengo presoak ziren denak, nonbait ere. Haien delituak ez ziren larriak, manifestazioren batean parte hartzea, propaganda banatzen harrapatu zituztela… Horrelakoak. Eujeniren kasuan, adibidez, Leaburu-Gazteluko erretore etxean harrapatu zuten, bertako parroko zen Lukax Dorronsororekin han zegoen batean. Ez akusazio eta ez delitu, baina Eugeni ere atxilotu egin zuten, eta deportatu. Eugeni gogoratzen da autobus hartan denak hemengoak zirela, gehienak gizonezkoak, baina lau emakume ere bazirela. Eta, laurak, autobusaren atzealdeko kaiola batean sartu zituztela. Autobusaren barruan, kaiola bat, burdin sarez egina. Gure izeba Julik ez zuen ikasketarik, baina oso buruazkarra zen. Navas de San Juan hartara heldu, eta gorria, ETAkoa… ez zuten gogo onez hartu. Mezatara joan zen arte! Herrikoek izeba mezatan ikusi zutenez gero, denak lagun! Eugeni Albacetera deportatu zuten.

Aitaren atxiloaldiaren lekuko izan zinen Amezketako plazan lagunekin jolasean ari zinela.  Zer sentitu zenuen aita guardia zibilek zeramatela ikusi zenuenean?
Mutil txikia nintzen, sei urte nituen... Nik uste amorrua sentitu nuela. Eta tristura. Aita bilurrak lotuta zeramatela ikusi nuen. Hitzik gabe gelditu nintzen, amorratuta. Gure etxea plazan-plazan zegoen Amezketan. Guardia zibilen jeepa etorri, gure etxe aurrean gelditu, haiek gure etxera sartu… eta handik pixka batera, aita zeramatela ikusi nuen. Umezurtz sentitu nintzen. Eta amarengana joan nintzenean, hura sukaldean negarrez… Umeak ez daki zer gertatzen ari den. Amorrua du, aita era hartara eraman dutela ikusita. Tristura, ama sukaldean negarrez ikusita. Sei urte nituen eta, hala ere, nola gelditzen diren gauza horiek buruan! Gainera, nik ez daukat memoria handirik.

Memoria handirik ez? Ganbara oroitzapenez beteta daukazu...
Gauza asko ahaztu egin ditut, hala ere! Beste zera bat ere gogoratzen dut. Aberri Egunekoa. Donostian. [1968] Larri hura! Polizia zaldi gainean Donostiako kalean! Pentsatu nola begiratu behar dion ume txiki batek zaldi handi bati, han goran! Eta zaldiak karrikan trostan, ka-kan-ka-kan-ka-kan-ka-kan! Hura larria! Eta gu korrika! Gogoratzen naiz, atari batera sartu, egurrezko eskailerak igo, dena ilun, eta gora eta gora, ganbararaino igo ginela. Hantxe egon ginen, ilunetan, jarrita. Atera ginenean, aitari esaten nion: “Goazen zubeldia hartzera!”. Niretzat autobus guztiak Zubeldia ziren-eta! Amezketako autobusa besterik ez nuen ezagutzen, eta hura zubeldiatarrena zen. “Goazen zubeldia hartzera!”. Beste oroitzapen bat, bizi-bizia, Tolosakoa. Santa Maria elizan ikurrina jarri zuten. Kanpandorrean gurutzea dago, eta, hantxe jarri zuten ikustera. Eta ikustera joan ginen! Hunkituta gu, ume txikiak izanagatik ere! Baina ikastolan ere halaxe ibiltzen ginen Amezketan, ikurrinak margotzen-eta. Elizako ikurrinaren hori ere grabatuta gelditu zitzaidan. Txikitako gauzak nola gelditzen diren, ezta? Harrigarria da.

Ikastolaren hasieraren lekuko zara zu zeu…
Bospasei ume ginela uste dut. Guraso batzuk elkartu ziren herrian, gelatxo bat inguratu zuten, eta hantxe gu. Koro Zabala, Arantzazuko Pello fraidearen arreba izan genuen lehen andereño. Neska gazte-gaztea zen… Eskola 'nazionalik' ez nuen nik probatu, eta eskerrak, zeren orduko 'nazionala' benetan zen 'nazionala'. Anaia, hala ere, hantxe ibili zen. Mattin.

Liburuan kontatu duzunez, Mattinek ere galantak hartu zituen. Guardia zibilak beti lanean.

Bai. Amezketan, hiru edo lau talde izango ziren, ETAko. Kuadrilla diferentetako jendea zen, eta denak erakundean sartuta! 16 urte-edo izango zituen orduan Mattinek. Propaganda banatzen hasi ziren, nonbait ere ikurrina jartzen. Festetan, behin, argia kendu zuten… Horrelako kontuak. Oso gazterik. Halako batean, aitarekin batean gertatu zen Tolosako kuarteleko ziegetan. Hamasei urte zituen! Iraultza egingo zutela pentsatzen zuten, Euskal Herria askatuko zutela, borroka beharrezkoa zela. Adin horretan!… Ederrak hartu zituen. Ondorioak izan zituen. Berak esaten du, denbora egin zuela, beti pentsatuz atzetik polizia zuela. Eta Donostian bizi zenean, leihotik begira jartzen omen zen: “Hori [polizia] sekreta izango ote da?”. Tentsio horrekin bizi izan zen. Poliziaren eskuetatik pasatu direnei ustekizun horiek gelditu zaizkio barruan.

Etxekoei grabatzen hasi zinenean ohartua zinen lekukotasun hauen balioaz?
Ez. Ohituta nengoen kontu haiek aditzen. “Familiako kontuak” zitzaizkidan. Aita kontalaria izaki! Aitonari, aldiz, sekula ez nion ezer aditu, eta hark gorriak ikusi zituen gerran. Amak ere ez zuen askorik kontatzen. Bizi dugu ama. Ez da kontalaria. Etxekoagoa izan da beti. Aita, berriz, saltsa guztietan sartuta ibili zen. Eta osaba-izeben lekukotasunik ez nuen zuzenean jaso. Horixe dut pena. Berandu konturatu nintzen zer balio zuten familiako kontu haiek. Gaztetan, beste nonbait izaten dugu burua. Heldutan jabetzen zara etxekoen historiaren balioaz. Hala ere, balioa, bakarrik gure etxekoentzat zutela uste nuen. Gure alabek historia horren berri jaso zezaten idatzi nuen liburua. Nik kontatu ez banitu, alabek ez zuketen familiaren batere konturik jasoko. Eta, orduan, akabo!

Grabatu, eta paperera ekarri zenituen familiakoei jasotakoak.
Eta idazten hastea erabaki nuenean, aita hilda ordurako, audioak entzuten hasi… negar saio ederrak egin nituen! Gogorra da. Lehenengo liburutxoa, etxekoentzat egin nuena, hirugarren pertsonan idatzi nuen, baina Bizitzak idazten hasi nintzenean indartsuagoa, benetakoagoa iruditzen zitzaidan lehen pertsona. Transkribatzen hasi, eta horrexekin egin nuen topo: “Ahozko hau ezin dut nire egin eta hirugarren pertsonan eman”. Hasierako asmoa aitari grabatutakoa osatzea eta borobiltzea izan nuen. Hirugarren pertsonan aritzea pentsatzen nuen, baina laster konturatu nintzen ezetz, lekukoek esanda bezala idatzi behar nuela, lehen pertsonan.

Argazkia: Zaldi Ero
"Gure familiari gertatu zaiona, Euskal Herriko hainbat familiari gertatu zaio. Zenbat jipoitu dituzte kuarteletan? Zenbatek igaro ditu urteak eta urteak kartzelan? Zenbat deportatu izan dira?

Zeuen etxeko historia idatziz, Euskal Herrikoa ere idatzi duzu.
Gustatzen zait historia. Gauzak noiz egin ziren, nola, nor eta nor ibili ziren… Gauzak pertsonalizatzea eta zehaztea gustatzen zait, datu asko ez dira-eta inon ageri. Datu txikiak dira, baina garrantzizkoak. Tolosako Erbia jatetxearen berri, adibidez, oraingo gazteek ez dute. Baina, garai hartan, bazuen inportantzia. Beharbada, ukitu sentimentala du horrek, erromantikoa, beharbada.
Zeure familiaren historia kontatu duzu, eta kontatzeak berak, eta kontatzeko modu jakin horrek, zeu erretratatu zaitu…

Badakit, bai. Jakitun naiz. Ez dut sentimendu askorik isuri, familiaren nondik norakoak erretratatzen nau, baina ezkutatzekorik ez daukat.

Garai hartan, eta gerokoan, alegia. Baina ni garai hartaz ari naiz. Zenbatek egin zuen gure aitonak bezala, familia utzi eta Francoren kontra borrokatzera joan? Askok. Gure familiaren historia Euskal Herriko familia askorena ere bada. Harro nago gure familiak hartu zuen jarreraz. Familiako zenbait kidek historiaren gertaera garrantzitsu horiek barrutik bizi izan zituzten, ez ziren egon aparte begira. Eta, gainera, alde jakin batean egin zuten. Eta ni hortik nator.

Pozik zaude egin duzun lanaz, eta liburuaz...
Oso pozik. Oraindik ere, tartean behin, irekitzen dut liburua han edo hemen, eta pasarteren bat irakurtzen dut. Historia politak dira, entretenigarriak, erraz irakurtzekoak… Hori Asun Garikanori zor diot batez ere, aholku bat eman zidan-eta, oso ona: “Idazleak lan egin behar du, irakurleak egin beharrik ez izateko”. Paragrafo bat hainbat aldiz irakurri behar izatea ez da seinale ona: edo gaia bera da zaila, edo bada korapiloa. Oso aholku ona Asunena. Erraz eta aberats idatzi ezinik ez dago. Eta Benat Castorene kazetariak ere horixe esan zidan: “Edukiaz gain nola ez miretsi euskararen kalitatea? Aberatsa eta argia batera, sinplea eta sofistikatua batera, herrikoia eta gu guzientzat ulergarria batera”. Zenbait irakurlek, berriz, liburukoak gertaera gogorrak direla esan didate... Pentsatu, gerraurreko kontuak-eta, baserrietako giroa-eta. Birraitonari gertatu zitzaiona-eta.

Horixe kontatu behar diguzu azkena, birraitonarena...
Amak kontatuta dakigu hori. Haren aitona Juan Tomas zen, Leitzako Maieta baserrira ezkondu zen. Alaba zaharrenarekin. Amaren aita jaiotzean, ordea, hil egin zen andre hura. Orduan, hildakoaren ahizparekin ezkondu zen Juan Tomas. Atera kontuak nola izango ziren han maitasun kontuak! Ahal zuenak ahal zuena! Lau ume izan zituzten, baina azkenekoa izan zuenean, bigarren andrea ere hil egin zitzaion gure birraitonari. Bitartean, baserrian bertako semea gelditu zen nagusi, eta gure birraitona bidali egin zuen Maietatik, bost umerekin, eta ez baserri, ez etxe, ez lan zuela. Eta bostak hartu eta Leitzako zenbait baserri eta etxetan banatu behar izan zituen, morroi. Birraitona bera ere morroi joan zen baserri batera. Aita harentzat zer izan behar zuen, familia guztia sakabanatuta, bera ere morroi. Baserriko bizimodua latza zen orduan. Lana, lana eta lana. Besterik da Txomin Agirre batek, adibidez, Garoa-n egin zigun baserriaren irudi hori. Baserria… latza! Bai lehen, eta bai orain!...

                                                                                              *     *     *

Distantzia

“Irakasle naiz, oroimen historikoan ere aritua, eta horixe ikusten dut, gazteek urrunetik ikusten dutela guk bizi izan genuena, eta, zer esanik ez, gure aurrekoek bizi izan zutena. Distantzia handia dago. Guk atzerriko herrialde batean gertatzen dena bizi dugun antzera. ‘Sekulakoak gertatzen ari dira!’, esan bai, baina ez ditugu benetan sentitzen, ez gara errealitate haren parte. Distantziatik ikusten ditugu han gertatzen ari direnak”.

Oroimenaren harra

“Transmisioari eusteko, ikasleekin oroimena lantzen hasi ginen orain dela urte batzuk [Koldo Mitxelena] institutuan. Eskolarako materialak biltzen hasi ginen, 1936ko gerraz eta frankismoaz. Historia, Artea, Literatura... Film, dokumentu, liburu eta bestelako materialak bildu genituen, unitate didaktikoak diseinatu, eta beste zenbait institututan ere banatu genituen. Oso harrera ona izan zuen gure lanak”.

Alijostes: Elexoste

“Gure deitura, Alijostes! Eta, Amezketan, zeharo arraroa zen. Hura zurrunbiloa nire barruan! Amezketan, eta Alijostes! Txikitan, herriko ume batzuek Alikates deitzen zidaten, burlan! Hura amorrazioa! Halako batean, horratik, genealogian aditu batek txostena osatu, eta deituraren jatorria argitu zigun: Elexoste da gure deitura. Alijostes bihurtu den arte itxuraldatu dute”.

 

AZKEN HITZA

Idazle

Mikel Asurmendik blogak.eus-en, iragan uztailean: “Ipuin liburu bat tartekatu dut Bizitzak delako honekin. (…) une batez, Koldo Alijostes ‘idazleak’ kontatua erreala edo fikzioa ote zen zalantzan —bizi— izan nuen. Ederraren gogorra hain da haluzinagarria”. Koldo Alijostes: “Gustura jaso nuen Mikel Asurmendik idatzitakoa. Tartean, ‘idazle’ zioen, niri buruz. Baina, ni, idazle ote naiz liburu pare bat idatzi dudalako? Ez naiz idazle sentitzen. Hala ere, liburuari kritika polita egin ziola iruditzen zait”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Ama(ma)ren artilezko jertsea

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Erein, 2024

----------------------------------------------------

Izenburuak eta azaleko irudiak (Puntobobo, artile-mataza eta trapuzko panpina) osasun mentala, puntua egitea eta haurtzaroa iradokiko dizkigute, baina adabaki gehiago... [+]


Haurrek Debako liburutegian jasaten duten bazterketaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


Itsasoak ere baditu mila aurpegi

Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022

--------------------------------------------

Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]


Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


Mutu

Migranteak
Issa watanabe
1545 argitaletxea, 2024

-------------------------------------------

Ezagutzen ez nuen 1545 argitaletxeak 2024an itzuli eta kaleratu du Issa Watanaberen Migranteak liburua. Animalia talde batek egiten duen migrazio prozesua kontatzen du; eta... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Ez ezazula memoria gal, zure auzoa ere Gamonal

Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]


Miren Amuriza Plaza
“Kanpokoak hain argi identifikatzen eta salatzen genituen bitartean, barkaberak izan gara etxekoekin”

DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


‘Check point’-etatik harago

DETAILE XUME BAT
Adania Shibli
Itzulpena: Aitor Blanco Leoz
Igela, 2024

----------------------------------------------

Egunotan, Israelgo soldadu batek bideo-joko batean balego bezala droneak erabilita Palestinako ospitaleak, eskolak, errefuxiatu-eremuak bonbardatzen... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Behe Banda
Barra warroak |
Goizegi al da nostalgiaz hitz egiteko?

Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]


Hondamendi zahar hura

Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat
Alison Bechdel
Txalaparta, 2024

---------------------------------------------

Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat (2006) nobela grafikoaren lehen argitalpenarekin egin zen ezaguna Alison Bechdel komikilaria, nahiz eta berak... [+]


Eguneraketa berriak daude