Aktorea, abeslaria, zuzendaria eta idazlea da Itziar Castro (Bartzelona, 1977). Batek baino gehiagok Vis a vis telesailean egindako antzezpenagatik ezagutu duen arren, antzerkian, telebistan, zineman, musikaletan eta kabaretean ibilbide luzea du. Goya sarietan emakumezko aktore berri onenaren sarian sailkatua izan zen Campeones eta Pieles filmengatik.
Txikia zinela bullyinga egin zizutela salatu izan duzu.
Bai, bullyinga egin zidaten nahiz eta liderra izan. Eskolako ordezkaria izan nintzen, adibidez, kontraesana dirudi, baina, hala da. Zaila izan zen niretzat. Izan ere erasoa ez zidan haur bakar batek egin, baizik eta batek baino gehiagok. Eta horrek zailagoa egiten du dena. Tira, gaur egun garrantzitsuena da garai batean bullyinga egin zidatenak orain nire fanak direla, mina hazkundean eraldatu daitekeela ikasi dut.
Zein izan da biktima izatetik bizirik irauten duenera pasatzeko gakoa?
Nire amaren babesa. Bera beti egon da hor eta erakutsi dit ni desberdin sentiarazten ninduten arren, lanaren iraunkortasunarekin egin nahi nuena lortzeko gai nintzela. Eta urteak pasa diren heinean, nire erronkak ase ditut. Horrek ere mina bigarren maila batean kokatu du.
Arau heteronormatiboak betetzen ez ditugun emakumeon presioa garaitu duzu modu anitzetan. Bertzeen artean zure gorputzaren edertasuna biluziz.
Noski, beti sentitu izan bainaiz zoriontsu nire gorputzarekin: nire gorputza biluzten dut ikaragarri gustuko dudalako. Nudista naiz eta ez dut lotsarik. Eta, gainera, bide honetan topo egin dut nire gorputza arte bilakatu nahi izan duten artista zoragarri anitzekin. Egia erran, horrek ahaldun sentiarazi nau.
Zenbateraino da garrantzitsua aniztasuna ikusaraztea?
Ezinbertzekoa da. Izan ere, gure ingurura begiratzen badugu denok gara desberdinak. Pertsonak, animaliak, natura… Naturalena da desberdin izatea. Gertatzen dena da azken hamarkadetan, batez ere, kontrol eta presio handia sentitzen dugula, batez ere emakumeok, arau berdinak betetzeko.
Antzezle lana bereziki zorrotza da zentzu horretan. Ateren bat itxi dizuten sentsazioa duzu?
Erranen nuke antzezpena bizitzaren erakusleihoa dela eta, gero eta gehiago, fisiko, etnia eta estilo aniztasuna nagusi dela. Apustu hori egiten duten zuzendariak saritzen direla erranen nuke. Gertatzen dena da, betikoa, zuzendariaren arabera arreta gehiago edo gutxiago jartzen diotela horri. Tira, ez dut uste aterik itxi zaidanik, pertsonaia desberdinak eta interesgarriak gorpuzteko aukera izan dut beti. Agian pertsonaia gutxiago daude, baina konpetentzia ere, txikiagoa da.
Noiz eta nola murgildu zinen interpretazioaren munduan?
Hiru urterekin dantzatzen hasi nintzen. Nire bizilagunak herriko haurrentzat dantza saioak egiten zituen asteburuetan eta ni harekin hasi nintzen. Ondoren ikastaro amateur anitz egin nituen; dantza, kanta, antzerkia… Hamazazpi urte bete nituenean Bartzelonako Memory eskola ireki zuten, Espainiako antzerki musikala sustatzen zuen lehen eskola. Berehala apuntatu nintzen. Ordurako pare bat figurazio ere eginak nituen telebistan eta hogei urterekin sinatu nuen lehen kontratua, Peter Pan musikalean. Bertan hasi zen dena.
Zer da antzezpena zuretzat?
Bizitzeko eta sentitzeko modua. Geldiezina naiz eta betidanik dena egin nahi izan dut, dena izan nahi nuen: tenis jokalaria, zientzialaria, abokatua, eta, baita hiltzailea ere, irrika. Antzezpenak aukera eman dit hori dena izateko, hein batean.
Idazlea ere bazara. Noiztik?
Poesia betidanik idatzi dut. Badago bere bizitza liburuxka batean idazten duenik. Nik berdina egiten dut poesiaren eta abestien bitartez. Edonon idazten dut, mugikorrarekin, eta, denak inspiratzen nau. Azken hogei urteetan idatzi dut eta orain arte ez nuen ezer publikatu. Ezinbertzekoa zaidalako idazten dut: nire sentimenduak konpartitzeko beharra sentitzen dut eta nire liburua autobiografia emozionala da.
Martxoan publikatu zenuen Con el corazón por delante poesia liburua. Oraindik irakurri ez duenak zergatik egin beharko luke?
Bertan nire arimaren zatitxo bat utzi dudalako irakurleei oparitzeko. Niri buruz ezezaguna den bertze ikuspegi bat aurkituko dute bertan. Liburu hau amodioaz eta desamodioaz solastatzen da, baina, ez bikote edo amoranteez bakarrik; lanaren, inspiratzen nauen jendearen eta familiaren amodio eta desamodioaz. Eta batez ere, nitaz. Uste dut edonork egiten duela bat horrekin.
Nolako harrera izan du liburuak?
Egia erran irakurri duen jendeak gauza politak erran dizkit. Baita Espido Freire gisako ospea duten idazleek ere. Zorionekoa naiz, gainera, Marwal eta Elvira Sastrek babestu nautelako eta era berean txikia sentitzen naiz. Liburu honetan biltzen dudana hain intimoa eta pertsonala da, jendearen eskuetara iritsi eta hainen gauza politak entzuteak erabat hunkitzen nauela.
Antzerkia, zinema, telebista, musikalak, burleskea, zirkua… denetik egin duzu. Zeinetan sentitzen zara erosoago?
Denetan. Lana egitea, ikastea eta konpartitzea maite dut. Eta horiek denak behar ditut zoriontsu izateko.
Amaitzeko, zein proiektu dituzu orain eskuartean?
Liburuaren promozioarekin jarraitzeaz aparte, 2022an Netflixen estreinatuko den Érase una vez pero ya no telesail musikalaren estreinaldiaren zain nago. Ramón Carok zuzendu du eta Sebastián Yatra, Daniela Vega, Rosi de Palma eta Asier Etxeandia daude, bertzeen artean. Bertzalde, hainbat antzezlan, telesail eta pelikula ditut eskuartean.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.