Amaierarik gabeko igoeraren ajeak

  • Azken hilabeteotan Iberiar Penintsulako handizkako merkatuan argindarraren prezioa etengabe ari da gora egiten. Urriaren 5ean, historian lehen aldiz, orduko megawattak (MWh) 200 euroko langa gainditu zuen, eta ordutik muga horren gainetik dago prezioa. Zer dela eta aldatzen da hainbeste handizkako merkatuan argindarrak duen prezioa? Zergatik handitzen dira batzuen fakturak, eta beste batzuenak ez? Eta zer interes dute konpainia elektriko multinazionalek honetan guztian?

Argindarraren igoera dela-eta agintariek daramatzaten politiken aurrean mobilizazioak azkartu egin dira azkenaldian. Urrian Bilboko auzo elkarteek eta Ekologistak Martxan taldeak deituriko manifestazioan dozenaka lagun elkartu ziren Iberdrola Dorrearen on
Argindarraren igoera dela-eta agintariek daramatzaten politiken aurrean mobilizazioak azkartu egin dira azkenaldian. Urrian Bilboko auzo elkarteek eta Ekologistak Martxan taldeak deituriko manifestazioan dozenaka lagun elkartu ziren Iberdrola Dorrearen ondoan (irudian). Urriaren 8an, aldiz, Deskonektatu elektriketatik! lelopean itzalaldi masiboa antolatu zuten Llotja De Marreko adierazpeneko alderdi sinatzaileek. (argazkia: Hodei Torres)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Merkatu elektrikoa zinez da konplexua, eta badaude etengabe aldatzen diren elementu batzuk, Iberiar Penintsulan behintzat –praktikan Portugaleko eta Espainiako Estatuko merkatuak bat eginda daude elektrizitatearen sektorean eta Hego Euskal Herria horren barruan dago; Ipar Euskal Herria, aldiz, Frantziako Estatuaren merkatu barruan sartzen da, ikusi 27. orrialdeko koadroa–. Elektroiak energia produkzio gune nagusietatik gure etxeetara iristeko lau prozesu edo urrats nagusi daude: produkzioa, garraioa, banaketa eta komertzializazioa, eta etapa bakoitzean hainbat aktorek hartzen du parte.

Hala ere, merkatu elektrikoak egun duen egitura oso ezberdina zen duela urte batzuk. Zehazki, 1997. urtean eman zen aldaketa nagusia. Urte horretara arte, merkatua estatuak arautzen zuen, eta Espainiako Gobernua zen elektrizitatearen prezioa ezartzen zuena. José María Aznar buru zuen gobernuak, 1997. urteko azaroaren 27an, Sektore Elektrikoaren 54/1997 Legea onartu zuen; lege horren helburu nagusia merkatu elektrikoa liberalizatzea zen, konpainia publikoak pribatizatu eta espoliatuz. Horrela sortu zen aurrez aipatutako gaur egungo egitura.

Komertzializazioaren fasea izan zen berrikuntza nagusienetako bat, horren aurretik enpresa elektrikoak fase guztiez arduratzen baitziren: produkzioaz, garraioaz eta salmentaz. Energiaren merkatua “lehiakorragoa” izateko helburuarekin, energia produzitzen ez zuten enpresa batzuk energia saltzen hasi ziren, eta bezeroen kontsumo aukerak asko handitu ziren. Gaur egun, adibidez, ia 300 enpresa merkaturatzaile daude Espainiako Estatuan, nahiz eta hiru enpresak (Iberdrola, Endesa eta Naturgy) erabiltzaileen %90 barnebildu. 1997tik hona, enpresa merkaturatzaile horiek sortzaileei energia erosten diete, ostean familiei eta enpresa txikiei nahi duten moduan saltzeko.

Bi marra gurutzatzen diren momentu hori

Kate horretan energiak egiten duen bidearen lehen urratsa sorrera bera da: energiaren produkzioa. Nahiz eta energia merkaturatzen duten zientoka enpresa egon, energiaren produkzioa askoz gutxiagoren esku dago. Energia iturri mota guztiak barnebilduta, 2017an Iberiar Penintsulan produzitu zen energiaren %80 bost enpresa nagusik sortu zuten: Iberdrola (%29,3), Endesa (%22,7), Gas Natural Fenosa (%15,9), Viesgo (%7,6) eta Hidroeléctrica del Cantabrico (%4,4).

Enpresa horiek bi motako merkatutan saltzen dute energia. Aldebiko merkatuan, energia produzitzaileek haien enpresaren bidez merkaturatzen edo industria handiekin zuzenean negoziatzen dute, eta epe luzeko kontratuak egiten dituzte. Nahiz eta sistema konplexua izan, negoziaketa eta salmenta askoz zuzenagoa da merkatu horretan.

Hortik kanpo, spot edo pool merkatuan elkartzen dira egunero energia produzitzaile handiak eta enpresa merkaturatzaileak, eta hurrengo eguneko ordu bakoitzean energiak izango duen prezioa adosten dute.
 

Enpresa elektrikoak euren boterearekin jolasean hastean, gobernuak neurri sinbolikoak baino ezin ditu hartu

Algoritmo-sistema batzuen bidez, merkaturatzaile bakoitzak hurrengo eguneko ordu bakoitzean bere bezero guztiek egingo duten energia kontsumo aurreikuspen bat egiten du, eta zenbatean erosteko prest dauden adierazten diote merkatuaren kudeatzaileari; hau da, OMIEri (Iberiar Penintsulako Merkatu Energetikoaren Operatzailea). Bestalde, energia produzitzaileek zenbat energia sortuko duten eta energia iturri bakoitzak zenbat MWh emango dituen kalkulatzen dute; izan ere, energia iturri batzuk ezegonkorragoak dira, faktore batzuen menpe baitago haien errendimendua; esaterako, energia fotovoltaikoarena eta eolikoarena.

Bi aldeek haien eskari eta eskaintzak egin ostean, bi prezioak grafiko batean jartzen dituzte, eta bi marrak gurutzatzen diren puntua da energiak izango duen salneurria. Aurtengo uztailaren 6ra arte Iberiar Penintsulako merkatuan orduko megawattak gehienez 180 euroko prezioa zuen handizkako merkatuan, baina Bruselaren aginduz muga horiek zabaldu dira, eta orain orduko megawatta gehienez 3.000 eurotan saldu daiteke.

Prezio garestienaren atzetik

Merkatu honen berezitasuna, baina, prezioa ezartzerako orduan dago; izan ere, poolak sistema marjinalista bidez ezartzen du energiaren prezioa; hau da, ordu horretan saldu den energia kantitate guztiari prezio garestiena ezarriko zaio.

Demagun eguzki eta haize asko egin duen egun bat izan dela; zentral nuklearrek MWh 0 euroan saldu dute produzituriko energia; eguzki energiaren prezioari 10 euro/MWh jarri diote, energia eolikoari jarri dioten bera, eta energia hidroelektrikoa 40 euro/MWh-ean saldu dute. Hala ere, iturri hauen bidez lortutako energia ez da nahikoa, eta gas natural bidez funtzionatzen duten ziklo konbinatu zentralak martxan jarri behar izan dituzte. Gasaren prezioa altua denez, eta CO2 isurketa isunak ordaindu behar dituztenez, energiaren prezioa 200 euro/MWh-ean ezartzea erabaki dute. Hau dela eta, egun horretan produzitutako MWh guztiak 200 eurotan salduko dira, nahiz eta batzuen produkzioa merkeagoa izan.
 

Iberiar Penintsulan energiaren prezioa oso puztuta dago, eta energia iturri merkeenak prezio oso altuan ari dira kobratzen MWha

Hainbat faktorek eragiten du elektrizitatearen prezioa egunez egun horrenbeste aldatzea. Energia berriztagarri batzuk, eolikoa eta fotovoltaikoa, esaterako, eguraldiaren menpe daude, eta haize gutxi egiteak edo hodei asko egoteak iturri horien bidez energia gutxiago produzitzea eragiten du. Horrek energiaren prezioa igoarazten du ezinbestean, iturri merkeenak baitira, energia nuklearrarekin batera.

Gasaren tranpa

Gas naturalaren prezioaren mundu mailako garestitzeak ere eragin handia du energiaren prezio orokorraren igoeran (ikusi aste honetako Net Hurbil saila, horri buruz gehiago jakiteko).  2019. urtean Espainiako Estatuan produzitu zen energiaren %31,9 gas naturalaren errekuntzatik eratorria zen, bi sistemen bidez: ziklo konbinatua eta kogenerazioa. Bestalde, erregai fosilak erabiltzen dituzten energia produzitzaileei CO2 isurketa isun eta zergak handitu dizkiete, eta horrek elektrizitatearen prezioa handitzea ekarri du.

Azkenik, energia hidroelektrikoa produzitzen duten enpresak ere handizkako merkatuko elektrizitatearen prezioa handitzen ari dira azken hilabeteotan. Energia hidroelektrikoa gehienbat Iberdrolaren esku dago, eta zentral hidroelektrikoak amortizatu gabe daudela adierazi dute. Bestalde, kanon bat ordaintzen dute teknologia horren bidez energia produzitzen duten enpresek, eta horrek prezioa igotzea eragin du.

Honek guztiak argindarraren prezioan duen eragina garbi ikusi da 2021eko urtarrileko bi data zehatzetan. Hilabete hasieran Filomena ekaitza sartu zen Iberiar Penintsulan, eta tenperaturen beherakadak argindarraren eskaria handitzea ekarri zuen. Bestalde, iturri berriztagarrietatik lortutako argindarra murriztu egin zen, eta erregai fosilen bidezko energia produkzioak, garestienak, gora egin zuen. Bi faktore horiek argindarraren prezioa handitzea eragin zuten, eta urtarrilaren 8an, eguerdiko hamabietan, MWha 110,75 eurotan ezarri zen, OMIEren datuen arabera. Hilabetearen azken asteburuan eguraldiak hobera egin zuen, eta energia berriztagarrien produkzioak gora egin zuen. Asteburua izanda, eskaria murritzagoa zen, eta horrek prezioa asko merkatzea eragin zuen. Urtarrilaren 30ean, MWha 1,95 eurotan ordaindu zen eguerdiko hamabietan.

Laburbilduz, Iberiar Penintsulan energiaren prezioa oso puztuta dago, eta energia iturri merkeenak prezio oso altuan ari dira kobratzen MWha. Hau dela eta, Espainiako Gobernuak CO2a isurtzen ez duten teknologiak estatuari dirua itzultzera behartu dituzte. Honen arazoa energia merkatzean dago; izan ere, elektrizitatearen prezioa jaisten denean, iturri berriztagarriek irabazten dutena baino diru gehiago itzuli behar diote estatuari, eta horren aurrean produkzioa geratzea erabakitzen dute; zehazki, urriko lehen asteburuan gertatu zen hori.

Zergatik garestitu da nire faktura, eta bizilagunarena merkatu?

Aurten handizkako merkatuan elektrizitateak izan duen etengabeko igoera etxe askotan nabaritu dute, baina beste batzuetan ordea, ez. Hau Espainiako Estatuan dauden bi faktura motengatik gertatu da: erregulatua eta merkatu librekoa. Lehena, erregulatua edo PVPC (kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa), potentzia orduko 10 kilowatt baino baxuagoa duten kontsumitzaileek kontratatu dezakete; hau da, familiek eta enpresa txikiek. Espainiako Gobernuak “erreferentziazkotzat” jotzen dituen bost enpresa merkaturatzaile nagusiak behartuta daude kontratu mota hori eskaintzera. PVPCa kontratatuta duten bezeroek handizkako merkatuan elektrizitatearen prezioak jasaten dituen aldaketak nabaritzen dituzte fakturetan.
 

Elektrizitatearen fakturan, baina, energiaren kostuaz gain beste kontzeptu asko daude

Bestalde, merkatu libreko kontratuetan urte osorako prezio bat finkatzen da merkaturatzailearen eta kontsumitzailearen artean, eta pooleko aldaketak ez dira fakturetan islatzen. Enpresa handi batzuek mota honetako kontratuak dituzte, eta MWharen prezioa asko handitu denez, batzuei kontratuak berritzea eskatu diete merkaturatzaile nagusiek, eta beste batzuei kontratua aldebakartasunez amaitu diete. Gainera, fakturako zergak murriztu egin direnez, merkatu libreko kontratua duten bezero askok gutxiago ordaindu du azken hilabeteotan, baina kontratua berritzerako orduan merkaturatzaileek prezioak igoko dituzte.

Espainiako Merkatu eta Lehiakortasun Komisioaren datuen arabera, 2020. urtean 10,7 milioi bezerok zuten PVPC motako kontratua, eta 2014. urtean, berriz, 14,5 milioi ziren. Enpresa merkaturatzaileen publizitate kanpainen eragina da hau gehienbat, eta familia askok PVPCa utzi eta merkatu libreko kontratura igarotzea eragin du horrek.

Elektrizitatearen fakturan, baina, energiaren kostuaz gain beste kontzeptu asko daude. Horietatik lau zehaztu ditzakegu: energiaren prezioa, sistemaren kostuak, arauzko kostuak eta zergak. Lehena merkatuaren operatzaileari ordaintzen zaio, OMIEri; bigarrena, sare elektrikoak dituen eta haien kudeaketaz arduratzen den enpresari: Espainiako Sare Elektrikoari (REE); hirugarrena, banaketa sareak dituzten enpresei ordaintzen zaie –Hego Euskal Herriaren kasuan, Iberdrolari–; eta laugarrena, estatuari. Bosgarren kontzeptu bat ere badago, enpresa merkaturatzaileen irabazi tartea adierazten duena.

Kontzeptu bakoitzaren barruan hainbat kostu daude, baina garrantzitsuenak eta aldatzen ari direnak zergak dira. Bi zerga daude argindarraren fakturan: BEZa eta IEEa (Elektrizitatearen Zerga Berezia). Handizkako merkatuko prezioak puztuta daudenez, Espainiako Gobernuak dirua itzultzera behartu ditu energia produzitzaileak, eta horrek aukera eman dio fakturako zergak jaisteko. BEZa %21etik %10era jaitsi dute, eta IEEa %5etik %0,5era. Hau dela eta, lehen esan bezala, merkatu libreko kontratua duten bezero askok faktura murriztu zaiela nabaritu dute.

Berriztagarrien kontraesana

Iturri berriztagarriak, nahiz eta produkzio ezegonkorrekoak izan, merkeagoak eta garbiagoak dira –horiek produzitzeko ereduak ere ingurumen arazo ugari eragiten baditu ere, talde ekologistek sarritan azaldu dutenez–, baita seguruagoak ere. Europako herrialdeak pausuak ematen ari dira berriztagarriak energia iturri nagusiak izan daitezen: 2020. urtean produzitu zen energiaren %44 iturri berriztagarrietatik eratorria izan zen, 2019. urtean baino %12,8 gehiago. Datu hori esanguratsua badirudi ere, engainagarria da, pandemia dela eta energia eskaria askoz urriagoa izan baitzen; aurten ehuneko horren azpitik egongo da berriztagarrien portzentajea. 2019. urtean, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta behera egin zuen energia berriztagarrien produkzioak. Bestalde, nahiz eta 1997. urtetik aurrera energia elektrikoaren merkatua liberalizatu, enpresa elektriko nagusiek kontrolatzen jarraitzen dute merkatua, eta haien erabakiek guztiz aldatzen dute panorama.

Krisialdi energetiko honetan, enpresa elektrikoak eta gobernuko agintariak egin dituzte herritarrek erantzule nagusi. Espainiako Estatuaren kasuan arduradun politikoek ezer gutxi egin dezakete 1997ko liberalizazioaren ostean, egiturazko erabaki potoloak hartu ezean behintzat. Eta enpresa elektriko nagusiak euren boterearekin jolasean hasten direnean neurri sinbolikoak baino ez dituzte hartzen, esaterako, CO2 isurien gaineko isunak handitzea eta kontsumitzaile txikien zergak murriztea. Adabakiek ordea ez dituzte sakonean ereduak dituen pitzadurak estaliko.

Frantzian nuklearrak indarrean

Gasaren igoerak, CO2aren gaineko isunek eta beste hainbat faktorek Frantziako Estatuan ere ekaitz perfektua ekarri dute argindarraren krisi bat dagoela esateko. Herritarren patrika –Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako euskal herritarrena ere bai– gogor ari da nozitzen. Apirilean merkatu elektrikoaren prezioek errekorra ondu zuten eta irailean Emmanuel Macronen gobernuak neurriak iragarri zituen gasaren eta argindarraren igoera saihesteko. Jean Castex frantziar lehen ministroak iraila amaieran azaldu zuenez 2022ko otsailean argindarra %10 igotzea aurreikusten zuten, eta igoera hori gehienez %4ra mugatzeko mekanismoak ezarriko dituzte.

Frantziako Estatuan handizkako merkatuaren eragina ez da hainbeste igartzen kontsumitzaile txikien fakturan, elektrizitate produkzio eredua oso desberdina delako, zentral nuklearren energian oinarriturik –kontsumitzen duen elektrizitatearen %80 hortik ateratzen du Frantziak–. Hala ere, gasaren prezioaren gorakada desorbitatuak, beste neurri batean bada ere, argindarra garestitzea ekarri du. Horren aurrean, gasaren eta argindarraren prezioak deslotzeko ahalegina egin du Eurotaldeko bileretan: “Frantzian elektrizitate deskarbonizatua dugu zentral nuklearrei esker”, adierazi zuen Bruno Le Maire Ekonomia ministroak.

Nuklearrenganako Frantziaren fede itsu hori oso nabarmen geratzen ari da berriz ere, mundu erdia astintzen ari den energia krisiarekin. Macronek 30.000 milioi euro bideratuko dizkio lobby nuklearrari, zati bat zentral txikiak eraikitzeko. Fukushiman gertaturikoa ahaztu ahala piztu da nuklearren eztabaida.

Zein aberasten da argindarraren negozioarekin?

Oligopolioaren etekinak

Merkatu elektrikoaren ia %90eko kontrolarekin, Espainiako Estatuan Endesa, Iberdrola eta Naturgy enpresak dira jaun eta jabe sektorean. La Directa hedabideak emandako datuen arabera, oligopolio horrek azken bi urteetan 9.600 milioi euroko etekin netoak izan zituen eta 2021eko lehen seihilekoan jadanik 3.160 milioi euro zituen irabaziak. Ordu bakoitzeko 720.000 euro, hain zuzen.

Urtarril honetan elektrizitatearen oligopolioak 2020an irabazitako 6.200 milioi euroko dibidenduak banatu zituen bere akziodunen artean, batez ere nazioarteko inbertsio funtsen eskaeren ondorioz.

Inbertsio funtsak gose

BlackRock, Qatar Holding LLC, Norges Bank, The Vanguard Group, Fidelity Investments... Mundu mailako inbertsio funts handienak Iberiar Penintsulako merkatu elektrikoko enpresen akziodunen artean ageri dira.

Baina muturra sartu dutenen artean bi nabarmentzen dira: Sidneyko Macquarie eta New Yorkeko BlackRock. Lehenak Santandergo Viesgo-EDP argindar merkaturatzaile erraldoiaren akzioen %25 dauka; bigarrenak Iberdrolaren ia %6 bereganatu du eta EDPren (Hidrocantábrico) beste hainbeste. Zorraren eta Globalizazioaren Behategiko (ODG) Alfons Pérezek La Directa-ri esan dioenez, funts horien sarrerak "hiperazelerazio dinamika" bat ekarri du etekinak lortu nahian. 

A birakariak

Sektore elektrikoan babestu izan dira Espainiako Estatuan goi karguak eta ardurak izan dituzten politikari asko eta asko. Horietako batzuk aipatzearren, ezaguna da Felipe González Espainiako presidente oiha Naturgyren kontseilari izan zela 2010-2015 urteen artean; Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministro izandakoa Endesako kontseilari izan zen hiru urtez (2009-2011); eta Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu-ohia, Iberdrolakoa 2010 eta 2016 artean.

 

Helburu bakarra dirua egitea duten enpresez eta antzeko putreez jositako merkatu honetan, badira bestelako eredua duten kooperatibak, eta GoiEner horietako bat da. 2012an sortu zen, energia berriztagarria produzitu eta saltzeko helburuarekin. Bide horretan daudela adierazi dio Santi Otxoa de Eribe GoiEnerreko zuzendariak ARGIAri: “Gure helburua merkaturatzen dugun energia guk produzitzea da, iturri berriztagarrien bidez, baina oraindik lan asko dugu egiteko”.

Otxoa de Eriberen esanetan, GoiEnerren helburuetariko bat pool merkatutik kanpo egotea da, eta aldebiko merkatuan egoteko ahalmena izatea; hau da, merkaturatuko duten energia guztia haiek produzitzea. Bi dira arrazoi nagusiak: lehena, independenteagoak izatea eta nahi duten prezioa ezartzea, eta bigarrena, saltzen duten energia guztia iturri berriztagarrietatik eratorria dela bermatzea.

“GoiEner hasi zenean, nik argi nuen merkatuko arauetatik atera ahal izateko era bakarra aldebiko merkatuan sartzea zela; hau da, guk proiektu kopuru handia bultzatzea, eta horrekin gure eskaria hornitzea. Ez gaude puntu horretan, eta, tamalez, merkatu librera jo behar dugu, eta gero hainbat estrategia erabili behar ditugu igoera handiak saihesteko”, dio Otxoa de Eribek.

Argindarraren prezioaren igoeraren inguruan, faktore asko elkartu izanak merkatua eztandarazi duela dio GoiEnerreko zuzendariak; besteak beste, prezioaren mugak lausotzea, gas naturalaren garestitzea eta CO2 isurketengatik isunak handitzea. Hala, diru-ekarpen handiagoa eskatu behar izan diete bere bazkideei igoerak ekarritako likidezia arazoak konpontzeko.

Hala ere, argindarraren prezioaren gorakadak beste arrazoi batzuk ere izan ditzakeela dio GoiEnerreko zuzendariak: “Baliteke enpresa elektriko nagusiek irabazi gehiago nahi izatea; bestalde, prezioaren igoera honek arrazoi politikoak ere izan ditzake atzean, Espainiako Gobernuari presio egiteko modu bat baita. Izan ere, halako igoerak gertatzen direnean, askok gobernua jotzen du errudun, baina merkatua liberalizatu zenetik ezer gutxi egin dezakete”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


Urumeako Mendiak Bizirik
“Eolikoen enpresak harroago datoz herri txikietara”

Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]


Euskal Herriko zentral eoliko handiena Urumeako mendietan

Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]


2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan

Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]


“Derrigorrezko” makroproiektuak?

Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]


NEE/TEN jardunaldiak, Nafarroarako benetako Energia Plana

Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]


2024-10-11 | ARGIA
Desazkundeari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean urriaren 21etik 24ra

Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.


Zaharrak berri

Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]


Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Gorbeialdeko makroproiektu energetikoen aurkako milaka helegite aurkeztu dituzte Jaurlaritzan

Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]


2024-05-23 | Elise Dilet | Enbata
Energia herritarrak

Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energia ereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren... [+]


Statkraften zentral eolikoaren proiektuari helegitea jarri diote Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek

Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]


2024-05-09
Siemens Gamesak “doikuntzak” iragarri ditu eta kezka areagotu da langileen artean

Energiaren sektoreari loturiko konpainiak bere zuzendari nagusia aldatu du, doikuntzak iragartzearekin batera. Euskal Herriko lantegietan ia 3.000 langile aritzen dira eta sindikatuak kezkatuta agertu dira, kaleratzeak ekar litzakeelako erabakiak.


GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


Eguneraketa berriak daude