Arabako mendietan eta landa eremuetan hainbat industria azpiegitura handi eraikitzeko proiektuak aurreikusita daude. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren onespenarekin, aurrera doaz zentral eolikoak, zentral fotovoltaikoak, negutegi erraldoiak eta AHTren lineak eraikitzeko planak. Proiektu horiek ingurumenean duten eragin "atzeraezina" salatzeko eta, beraz, geldiarazteko eskatzeko, Araba Bizirik taldean elkartu dira herritar ugari. Larunbatean, urriak 23, manifestazioa egingo dute Gasteizen. Iñigo Leza gasteiztarra AHTrik ez Araba eta Araba Bizirik plataformetako kidea da eta makroproiektuen kalteez ohartarazi du.
Araba Bizirik plataforman elkartu zineten duela hilabete batzuk zenbait herri ekimen: AHTrik ez Araba, Arabako Mendiak Aske (zentral eolikoen aurka), Proiektu Honi Ez (zentral fotovoltaikoen aurka) eta Elikadura Iraunkorraren Alde (industria-nekazaritzaren aurka). Zergatik?
Ikusita proiektu horietako asko aurreratuta daudela Araba osoan zehar, erabaki genuen talde bakoitza bere aldetik gauzak antolatzen ibili beharrean elkarlanak fruitu gehiago emango zizkigula. Ikusi genuen elkartuta gauza indartsuagoak antolatu ahalko genituela, eta manifestazio bateratua ere handiagoa izango zela.
Zuen eskakizunetako bat da energia berriztagarrien proiektu batzuk bertan behera uztea. Baina, beste aldetik, Eusko Jaurlaritzak dio gero eta beharrezkoagoa dela energia trantsizioa egitea, egungo energia-krisiari eta klima-larrialdiari aurre egiteko. Irtenbidea da zentral eolikoak eta fotovoltaikoak eraikitzea?
Lehenik eta behin, ikusi behar da zertarako nahi dugun energia hori. ARGIAn kaleratu berri duzue bitcoinaren inguruko erreportaje bat, azaltzen duena nola gastatzen duen txanpon digital horrek herrialde oso batzuk baino elektrizitate gehiago. Eredu horretan, bete ditzakezu mendi guztiak zentral eolikoekin edo fotovoltaikoekin, baina beti beharko duzu energia gehiago. Beraz, lehenbizi sistema bera zalantzan jarri behar da eta, gero, hortik abiatuta pentsatu dezakegu nola lortzen ditugun elektrizitatea eta beste energia mota batzuk. Zer-nolako enpresen bidez lortzen ditugu? Iberdrola gisako multinazionalak daude proiektu horien atzean, eta horrelako multinazionalei berdin zaie gu ondo hornitzea edo elektrizitaterik gabe gelditzea. Etekin ekonomikoari begiratzen diote bakarrik. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) dago, erakunde publikoa, eta gai izan beharko luke bere kabuz proiektuak aurrera ateratzeko.
Energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren aitzakiarekin negozioa egin nahi dute. Adibidez, orain Arabaren hegoaldean jarri dute 55 hektareako zentral fotovoltaiko bat. Bada, alboan poligono industrial handi bat dago, plaka fotovoltaikoak bertan jarri daitezke, edo pabiloien goiko aldeetan. Aldiz, plakak nekazal lurretan jarri dituzte. Nortzuk? Multinazionalek.
Azken egunetan Eusko Jaurlaritzak atzera bota ditu Arkamuko eta Iturrietako zentral eolikoen proiektuak. Ingurumen Sailaren txosten batek azaldu du ingurumenean eragin atzeraezina izango luketela. Halere, Labrazako eta Azazetako proiektuak aurrera doaz.
Iruditzen zaigu antzerki pixka bat egiten ari direla. Duela hamahiru urte ere proiektu ugari aurkeztu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko mendietarako. Orain, ordea, proiektu guztiak Araban ari dira planteatzen eta, hasiera batean, laurekin hasi ziren: Arkamu, Iturrieta, Labraza eta Azazeta. Baina berehala hasi ziren hitz egiten beste proiektu batzuei buruz: Cantoblanco begiratzen ari dira, beste bi jarri nahi dituzte Legution eta Aramaion, Tuyon ere… Gainera, Iturrietan eta Arkamun ez dituztela jarriko jakinarazi zuten egun berean, Iberdrolakoek esan zuten asmoa zutela Azazetakoa bikoizteko. Hamaika proiektu dituzte aurreikusiak Arabarako. Bi horiek atzera botatzea ondo iruditzen zaigu, ikusi delako herri presioak eragina izan duela; baina eskatzen dugu horrelako zentralak jartzea jada antropizatuta dauden guneetan, ez gune naturaletan.
“Zentral eolikoak eta fotovoltaikoak eremu antropizatuetan jarri behar dira, ez gune naturaletan”
Behin eta berriz eskatu diezue instituzioei makroproiektu horiek gelditzeko. Zein izaten ari da haien jarrera?
Nahiko jarrera txarra izan dute. Ez digute kasu askorik egiten eta esaten dute lau katu garela kexatzen garenak. Gainera, medioetan gutaz barre egiten dute. Gero, ikusi dutenean nahiko jende atera dela manifestazioetara, alde batera utzi dituzte Arkamuko eta Iturrietako zentralak. Iruditzen zaigu uste dutela horrela jendea lasaituko dutela eta larunbateko manifestaziora jende gutxiago joango dela.
Araba Bizirik plataformatik eskatzen duzue energia berriztagarrien Lurralde Plangintza Sektorial bat egin dadila. Zertan datza?
Eusko Jaurlaritzaren araudi bat da, Lurralde Antolamenduko Gidalerroetatik datorrena. Horren arabera, kasu honetan energia berriztagarrien planak garatzeko Lurralde Plangintza Sektorial bat egon behar da. Baina hori ere ez dute garatu; ari dira aurkezten proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak txanpiñoiak bezala, planik eduki gabe. Berez plana Jaurlaritzaren legediaren parte da, eta balio du neurtzeko zentralek lurralde osoan izango duten ingurumen-eragina. Hau da, ez da kontuan hartzen soilik zentral bakoitzak toki horretan eta modu isolatuan izango duen inpaktua, egitasmo guztiak hartzen dira kontuan, eraginak biderkatu egiten baitira.
Proiektu horien guztien ordez, zeintzuk dira proposatzen dituzuen alternatibak?
Hasieratik mahaigaineratu ditugu aukerak. AHTri dagokionez, astelehen honetan bertan egon gara Arabako Diputazioko Batzar Nagusietan, eta aurkeztu dugu hilabete batzuk direla Renfen eta Adifen dauden sindikatuekin adostutako akordioa. Hitzarmen horrek argi uzten du posible dela gaur egungo Burgos-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea eta Iruñea-Zaragoza ibilbideetako trenbideak egokitzea eta berritzea, tren guztiak bertatik pasatzeko. Esaterako, Gasteiztik Iruñeara joateko 50 minutu inguru beharko lituzke trenak, eta haiek esaten dute AHTrekin 45 minutu beharko liratekeela. Bost minutuko aldea dago bakarrik, eta kostu askoz handiagoa du AHT linea eraikitzeak.
Beste proiektu eolikoei eta fotovoltaikoei dagokioenez, badaude pabiloi eta poligono asko plaka fotovoltaikoak jartzeko eta hori aprobetxatu behar da; ez dira jarri behar larreetan eta nekazal guneetan. Zentral eolikoak ere jarri behar dira antropizatuta dauden tokietan eta ez gure mendi publikoetan. Espazio guztiak bete ditugu gizakiok, eta mendiak dira gelditzen zaizkigun eremu publiko natural bakarrak; aurreikusita dauden makroproiektuekin horiek ere zapuztuko genituzke. Mendi horiek babestu behar ditugu, dauden moduan utzi.
“Gure apustua da nekazaritza ekologikoa, bertakoa, txikia eta dibertsifikatua”
Nekazaritzaren arloan, berdina. Ez da bidezkoa hainbeste hektareako negutegiak egitea. Proiektu bat dago Araban 60 hektareako negutegiak egiteko. Horretarako, lehenbizi lurra kentzen dute, gero zementua bota, eta horren gainean eraikitzen dute negutegia. Laborantza hidroponiko deritzona erabiltzen dute, ur kopuru handia behar duena, baita ongarri eta pestizida asko ere. Gainera, horrelako negutegiek energia asko behar dute: 27 gradu zentigradutan mantendu behar dira, eta Araban neguan batez besteko tenperatura hamar gradu ingurukoa da. Gure apustua da nekazaritza ekologikoa, bertakoa, txikia eta dibertsifikatua.
Hainbat hitzaldi antolatu dituzue, larunbateko manifestaziorako deialdia indartzeko ez ezik, herritarrak makroproiektuen alternatibei buruz gogoetatzera bultzatzeko. Larunbatean bertan amaituko da solasaldi-zikloa; zer balorazio egin duzue orain arte, zer ondorio atera dituzue hitzaldietatik?
Balorazioa oso positiboa da, jende nahikotxo gerturatu baita. Adibidez, Carlos Taibok Gasteizen emandako hitzaldian gutxienez 100 pertsona zeuden, ikusi dugu interes handia dagoela gaiaren inguruan. Nik uste dut jendea konturatu dela egungo egoera politikoa-edo nahiko nahasia dela: gasaren prezioa asko igotzen ari da, petrolio gutxiago dago... eta jakin nahi dute zein alternatiba dauden. Hizlari askok esaten ziguten krisi handi baten atarian gaudela eta hori saihesteko ezin ditugula gune naturalak izorratu, krisia handituko baikenuke. Horrelako zentral handiek eragin oso handia dute ingurumenean, eta ez dago eraikitzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren energia zein material nahikorik. Hortaz, krisia azkartu egingo lukete. Solasaldietan ikusi dugu hobe dela gizarte erresilienteagoak eraikitzen saiatzea, eta ez joatea kapitalismoak eramaten gaituen bidetik.
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".
Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]
“Urumeako mendiak bizirik” herri-ekimenak jende andana elkartu du Hernaniko plazan. Mendi horietan egin nahi dituzten bi makroproiektu eolikoen berri eman du, ekarriko lituzketen kalteak azaldu ditu eta Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei dei egin diete... [+]
Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.
Añana eta Trebiñuko kuadrilletako ordezkariek eta Arabako nekazari eta abeltzainek salatu dute "mespretxu instituzional izugarria" jasaten dutela AHTren lanak direla-eta. Denera bi miloi metro koadrotik gora "lur emankor" desjabetuko dituzte... [+]
Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]
Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.
Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]
Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]
Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.
Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]