Guillem Martínez (Cerdanyola del Vallés, Herrialde Katalanak, 1965) usatua genuen Kataluniako prozesuan. Gai horri eskainiak dizkio bere lerrorik onenak. 78ko erregimenari ere bai, harena da Trantsizioaren Kultura (CT) kontzeptua. Barrura begira jarri zaigu orain Los domingos liburuan (Anagrama, 2021). Ez lirudike bere lanaren lagin identifikagarri bat; ez du erabat traizionatzen Guillem Martinez zigilua, ordea.
Beste hark deskantsu hartu zuen egunean botatzen ditu zutabeak, CTXT agerkarian. Astearte batean egin dugu elkarrizketa guk, igandeek, are igandeetan ateratzen diren Martinezen testu horiek, izan ohi duten goibeltasun punturik gabe. Kontrara, mugimendua etengabekoa da elkartu garen terraza inguruan, Bartzelonako Galvany auzo ezkutuan. Zarata ere bai, eta gure solaskideak ez du bereziki tenore ahotsik; bere alkandorarekin ari dela dirudi maiz. Aparatuak zeozer grabatzen badu, Sony deunari kandela bat jarriko diodala zin egin dut, ebaki batek bustitako esaldi solteren bat harrapatzen diodan bitartean.
Martinez jauna, zein zen zutabe hauen hasierako asmoa?
2016koa da ideia, atal intimo bat egitea, aurreikusten bainuen zerbait oso ezatsegina gertatuko zela politikan. Eta prozesu politiko gogor hauekin desegin egiten zara. Beraz, gauza pertsonal bat egitea zen asmoa, nor nintzen gogoratzeko, politikatik harago; jakin nahi nuen nor nintzen. Postal txikiak dira, hunkigarriak, kazetaritza baliabideak erabilita, baina ez bakarrik, poetikoak ere bai; eta uste dut funtzionatzen duela literarioki, baita kazetaritza aldetik ere, pertsonalki.
Zutabe, artikulu, testu bilduma bat da Los domingos, kazeta-testuak, inondik ere; kurioski, Anagramako Narrativas Hispánicas sailean publikatuak. Oximoron bat ote?
Oso harro nago horretaz. Egin kontu, Julien Sorelen gisako bat naiz ni. Bartzelonara iritsi nintzen, gerriko industrialetik, beste unibertso bat zen, eta Anagramak elikatu ninduen iritsi berritan: argitaletxeak antolatzen zituen aurkezpenetara joaten nintzen, afaltzera; eta gero kulturari buruz hasi nintzen idazten. Eta hor konturatu nintzen autoreek guk kazetariok baino gutxiago zutela autoretik. Kazetariak idazketaren profesionalak dira, autoreak ez beti. Umiltasunez diotsut: joko-arau diferenteak ditugu, erabaki propio gehiago hartzeko aukera, aukera estilistiko gehiago, eta ez gaude autorearen irudiari hain lotuak. Horrek libertate handia eskaintzen dizu.
Kazetaritzak bere baitan dena onartzen duela esan daiteke, edozein testu mota. Baina literaturak ere bai. Zein da bien arteko aldea, beraz?
Komatxo artean, egia. Kazetari batek idazten duena egiaztagarria da, izan beharko luke; idazle batek idazten duena ez. Egiarekiko konpromiso hori, irakurleak berehala deskodetzeko gaitasuna duena, da orduan bien arteko aldea. Egia balitz bezala irakurri behar da kazeta testu bat. Errealitatearen irakurketa bat egiten da, eta horren arabera baloratu behar dira kazetariaren zintzotasuna, trebetasuna, gaitasuna.
Bada jendea defendatzen duena egunkarietan argitaratzen dena egunkarietan geratu behar dela. Interesatuko litzaidake prentsako testuek liburuetan izan dezaketen bigarren bizitza horren defentsa egitea, ez baita hain ohikoa.
Gauza asko argitaratu ditut lehenik aldizkarietan agertutakoak, eta arraroak gertatu dira, audientzia tenporal bat daukatelako. Hau liburu biografikoa da, Niaren eta Niaren pertzepzioaren literatura, bizitako gauzak, ikusitakoak; gaur irakurri daitekeena, baina espero dugu hemendik hamar, hogei urtera ere bai. Apustu linguistiko bat ere egin dut, normalean egiten dudanaz oso bestelakoa.
Testu autobiografikoak dira oso, “autobiografikoenak”, Ignacio Echevarria apailatzailearen esanetan. Zure kazetaritza lana ezagutzen duen batentzat durduzagarriak: espero baino gutxiago egin dut barre. Aldiz, espero baino puskaz gehiago hunkitu naiz.
Asko gustatzen zait barre eginaraztea, betidanik izan dudan behar bat da, inori barrea ateratzea plazer izugarria da; baina denborarekin ikusi dut beste aukera berdin eder bat, telebistan lan egin dudanean erabili dudana, eta da barre eta negar eginaraztea, batera. Lortzen duzunean estasia da. Baina hemen pentsatu nuen ezetz, ezin nuela barrerik eragin; are, pentsatu nuen batzuetan negar eginarazi behar nuela, zeina azkenean barre eginaraztearen oso antzekoa den, mekanismoa oso antzekoa da: espero duzunaren zapuzte bat.
Biografia, intimitatea, akademiaren arabera kazetaritzak beharko lukeenaren kontrakoak dira; ze punturaino sentitu zara ezeroso, gauzak esplikatzeko barneko zera horiek erabilita?
Zailduta nago honezkero. Gainera, ez da erakustaldi bat, erakusten dudana ez baita askotan eraikitzailea; ez naiz sentitu biluzik, eta biluztu behar izan naizenean kamuflatu egin dut, beste pertsona baten azpian, irakurketen azpian. Batez ere beste pertsona batzuen intimitatea babesteko. Liburuak ez du munduko gaizkiaren alde apustu egiten, krudela izan daiteke, baina ez gaiztoa. Nire bizitzan ez dut gaizkia aurkitu, arbasoek bai, eta orriotan ikusten da, eta hain justu horrek laguntzen zaitu neurria hartzen: nik ez dut sekula ikusi sarraski-zelai bat, ez garondoan tirorik, eta horrek behartzen zaitu baikor izatera ikusi duzun zikinkeriaren aurrean. Ez da konparagarria gure aitona-amonek ikusi zutenarekin.
Liburu aski baikorra da, nahiz eta pixka bat kontraesankorra ere baden: batzuetan diozu bizitza gustuko duzula, baina beste batzuetan gero eta gutxiago gustuko duzula.
Bizitza asko gustatzen zait. Malrauxek esaten zuen: bizitzak ez du ezer balio, baina ezerk ez du bizitza balio. Hori da. Porrot pertsonalak daude, ez dut esango mundu posibleen artean onena dela, baina munduan zehar gertatzen denarekin konparatuta, gure lehen mundu honetan baikor beharko genuke; amorru handia ematen dit lehen munduko hirugarren munduzalekeriak.
Material biografikoa erabiltzearen arriskuetako bat izan daiteke pertsonaia behar baino gehiago edertzea. Ez da kasua, ez zara zure buruarekin bereziki onbera.
Are, esfortzua izan da aurkariak edertzea. Zerbait azaldu behar duzunean, ez da beti zuri edo beltz; memoria pertsonala askotan hala izaten da, eta hala behar du, baina memoria kanporatzen baduzu, ezin da bata edo bestea izan. Orokorrean, mundua, aitatasunarekin deskubritu nuen hau, hasiera batean uste duzuna baino hobea da. Nik urte askoan imajinatu izan dut mundu bat oso gaiztoa. Eta, berez, ez da paradisua, hori ziur, baina onetik gehiago dauka txarretik baino. Zintzoki, nik ez dut ezagutu gaizkia, gauza txarrak bai, jende gaiztoa ere bai, baina gaizkiarekin konparatuta jende gaiztoak ematen du ume bihurri bat. Gaizkia ez dut ikusi, kontatu didate, eta ulertezina egiten zait, ezin dut intelektualizatu. Gaizkiarekin ez du merezi laketzea.
"Edozein pertsonaren bizitza pribatua ahanzturaz dago eraikia, edo bestela erotuta dago. Gogoratuko bagenu egin dugun guztia, egin ez dugun guztia, egin diguten guztia…"
Memoria historikoa oraindik bizi dagoen garaiotan, hain zuzen, gustatu zait ahanzturaz egin duzun errebindikazioa.
Ezkerra obsesionatuta dago iraganarekin. Hemen gerra bat egon zen, ados, esplikatuta dago. Baina azken batean bizitzan, ahanztura, ez da bakarrik beharrezkoa; batez ere oso ohikoa da, ezinbestekoa, goizero ohetik altxa ahal izateko. Edozein pertsonaren bizitza pribatua ahanzturaz dago eraikia, edo bestela erotuta dago. Gogoratuko bagenu egin dugun guztia, egin ez dugun guztia, egin diguten guztia… Ez du merezi, gainbaloratuta dago memoria; oso gauza europarra, bide batez, eta krimenaren motore bat. Amerikarrek ez dute memoriarik, liburuan aipatzen diren australiarrek ere ez, eta zoriontsuago dirudite; baina horretaz aparte, intelektualki, oso jarrera positiboa iruditzen zait.
Ez nekien hainbeste bidaiatu zenuenik, bide batez, liburu honekin deskubritu dut.
Pagotxa zen garai hartan kazetaritza, asko bidaiatzen genuen, lanbide ona zen. Ogibidearen urrezko aroa ezagutu dut: 70eko hamarkada arte ez zen existitzen kazetaritza, lanbide ugari zituzten kazetariek, eta egoera horrek 2008ko krisira arte iraun zuen. Hiruzpalau hamarkada, beraz. Kazetaritzak ahalbidetu zuen ni bezalako tipo batek mundua ikustea; ikusi ditut sekula imajinatuko ez nituzkeen gauzak. Baina gaur egunean existitzen ez den lanbide bat da kazetaritza.
Bartzelonako periferia agertzen da sarri liburuan, zonalde horrek ezagutu duen migrazio prozesua, askok traumatikoki bizi izan zutena; baina ez da agertzen modu traumatikoan.
Nire familia migratzaile izan da, ni naiz bere gurasoak jaio diren leku berean jaio den familiako lehen kidea. Uste dut migrazioa mentalitate bat dela; lekuz aldatzen den jendea indartsua da, eta azkarra, eta ona. Txikia nintzela 60 ginen klasean, eta katalanez hitz egiten zuten bik, eta ez nuen bizi izan trauma bezala. Laguntasun, bozkario, bizitzeko irrikaren festa zen hura, Coney Island moduko bat. Gaur egunean ere ikusten duzu: hegoamerikarrak, afrikarrak… eskola baten aurretik pasa eta zuririk apenas. Positiboa da, abentura kolektibo bat, hainbeste jende, kolpetik, eta denak hobetzeko, aurrera egiteko asmoarekin.
"Ezin da politika egin sentimentaltasuna ukituz, ezkerrak bilakatu beharko lirateke material, eta abandonatu politikan sentimentaltasun guztia; aberastasunaren banaketaren alde egin, eta gauza gutxi gehiago"
Ezkerreko ideologien definizioa gustatu zait, halaber, munduan dauden sufrimenduen aurreko erantzun bat direla; baina, sufrimendua ahaztu gabe, ez ote luketen proposatzaile izan behar, desioa indartu, lehen aipatzen genituen bizitzaren alde onak.
Ezkerrak, betidanik, eta orain eskuinak ere bai, hiper-sentimentalak dira, eta kolpetik gorroto dut sentimentala izatea, hala bainaiz, eta nahiz eta gorrotoa ere sentimendu bat den. Ezin da politika egin sentimentaltasuna ukituz, ezkerrak bilakatu beharko lirateke material, eta abandonatu politikan sentimentaltasun guztia; aberastasunaren banaketaren alde egin, eta gauza gutxi gehiago. Sortzen ari gara hiztegi oso arraro bat, lengoaian konfiantza absurdu bat, ematen du izenordainak aldatuta jabegoa desagertuko dela; baina askatasunaren sinonimoak dira eskubideak, eta banaketa. Horrela ari da ihes egiten jende gaztea, protesta egiten ari da horren kontra, ez dago uki dezaketen ezer materialik.
Testu hauek ziren aringarri, iganderako, aste barruan beste testu mota astunago bat idazten zenuen bitartean; adibidez Kataluniako prozesuaz. Zergatik idatzi politikaz, orduan, hainbesteko sufrimendua eragiten badu?
Testu hauek ez dira batere samurrak izan: hasten nintzen astelehenean, hiruzpalau orri, eta igandea gerturatu ahala geratzen zen orrialde erdi batean. Eta Kataluniako prozesuaz hitz egin behar genuen inork ez zuelako hitz egiten, adierazpenak hartu eta errepikatzera mugatzen zen jendea. Eta prozesuak eskatzen zuen esplikatua izatea, itzulia izatea, komunikazio eraikuntza oso indartsua baitzen; hitz arrazoizkoetara ekarri behar zen. Basikoki, ez zen ezer esan, eta eraiki zen nazionalismo katalanaren marko berri eta kezkagarri bat. Oso desanimatuta nago herri txiki honen etorkizunarekin, bere izatearen arrazoi bakarra ezin daiteke izan kontserbazio propioa. Harrigarriena da, gainera, zer nolako erraztasunarekin egin den: ikusi da oso erraza dela gizarte baten pertzepzioa aldatzea demokrazian ere.
Une batean iritsi zinen bi prozesu deskribatzera, bat gobernuarena, bestea gizartearena, askotan zerikusirik ez zutenak. Prozesu zibiletik zerbait geratzen ote da?
Ez, ez, gertaerek gobernu joera hartu dute azkenerako. Pentsatzen genuen gizarte zibila existitzen zela hemen, eta ez da existitzen. Espainiako gizartea bezain babesgabe dago Kataluniakoa.
Bartzelonan ere ez, Katalunian dagoen baina Katalunia ez den entitate horretan?
Bartzelona oso originala da, betidanik, eta entitate oso indartsua da Katalunia bezalako herrialde batentzat. Kanpoan egon naiz urte pare batez, eta itzultzean oso triste aurkitu dut, prozesu ondoko paisaia batean. Izan ere, Kataluniakoa, eskuin muturrak Espainian ibili duen lengoaia baten kontra sortu zen, ez dut uste komunitateen arteko arazo erreal bat dagoenik, oraindik. Eta inoiz baldin badago, izango da borondate politikoagatik, Jugoslavian bezala. Aitortu behar da Kataluniako dibertsitatea, Kataluniaren baitakoa ere bai, nazio bat ez da gauza homogeneoa. Ondo legoke hau bukatzea Bartzelonarentzako egitura batekin, behar du Madrilen gisako administrazio bat; banderarik gabe, noski, proiektu nazionalik gabe. Baina Espainiak plurinazionaltasuna aitortzea bezain zaila izango da hori.
Bukatzeko, partekatzen dut zure iritzia: idatzi dituzun gauza onenen artean daude zutabe hauek, behin baino gehiagotan bisita egingo diodan liburua da.
Mila esker. Liburua ez dut irakurri, zuzenketak egiteko bai, pandemia aurretik, gero atzeratu zen, eta ez dut oso gogoan. Baina aurkikuntzaren bat badago, pozik. Testu luzeak gutxi dira, nahiz eta Jorge Herralde editoreari gehien gustatu zaizkionak izan. Niri ez. Nire fantasia da hiru lerroko artikuluak idaztea. Jardiel Poncelak bezala.
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Erein, 2024
----------------------------------------------------
Izenburuak eta azaleko irudiak (Puntobobo, artile-mataza eta trapuzko panpina) osasun mentala, puntua egitea eta haurtzaroa iradokiko dizkigute, baina adabaki gehiago... [+]
Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]
Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]
Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022
--------------------------------------------
Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]
Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Migranteak
Issa watanabe
1545 argitaletxea, 2024
-------------------------------------------
Ezagutzen ez nuen 1545 argitaletxeak 2024an itzuli eta kaleratu du Issa Watanaberen Migranteak liburua. Animalia talde batek egiten duen migrazio prozesua kontatzen du; eta... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]
DETAILE XUME BAT
Adania Shibli
Itzulpena: Aitor Blanco Leoz
Igela, 2024
----------------------------------------------
Egunotan, Israelgo soldadu batek bideo-joko batean balego bezala droneak erabilita Palestinako ospitaleak, eskolak, errefuxiatu-eremuak bonbardatzen... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat
Alison Bechdel
Txalaparta, 2024
---------------------------------------------
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat (2006) nobela grafikoaren lehen argitalpenarekin egin zen ezaguna Alison Bechdel komikilaria, nahiz eta berak... [+]