Bigarren Mundu Gerra ostean ihes egindako buruzagi naziek gurean ere babesa aurkitu zutela dioten gero eta datu gehiago dugu. Otto Skorzeny SS-etako komandante ezagunak Markina-Xemeinen Wilhelm Mallet tratulariarekin izandako negozioen berri eman genuen pasa den abenduan. Baina Malleten etxe gotortuak misterio asko gordetzen du, eta, izan ote zitekeen Martin Bormann bertan ezkutatzea? Auskalo. Baina Adolf Hitlerren gizon gertukoenaren heriotzaz dauden teoria kuriosoenek ere balio digute, gerra kriminal haiek egindakoa gogoratzen jarraitzeko.
Markina-Xemeinen bizi zen bikote alemaniar baten inguruko informazio esanguratsua argitaratu genuen astekari honetan iazko abenduan, Nazien negozioak Euskal Herrian erreportajean. Wilhelm Mallet eta Ruth Adamsen etxe handian Bigarren Mundu Gerra ostean ihesean ibilitako –eta frankismo garaiko Euskal Herrian babesa aurkituriko– naziak elkartzen ziren, tartean, Otto Skorzeny SS alderdi naziko komandantea eta ingeniaria. Gerra garaian misio bereziak egindakoa, Markina-Xemeingo Esperanza y Cía arma lantegiko jabeekin negoziotan aritu zen Skorzeny, Malletekin batera.
Bekobenta izenez ezagutzen den tokian zegoen etxe hartan gordetzen zuten diskrezioaren eta klandestinitatearen ondorioz, informazioak jarraitzen du oso urria izaten, baina gaia azalera atera denetik berriz itzuli dira iraganeko alemanen kontu zaharrak Markina-Xemeingo kaleetara. Horrek, duela urte batzuk jaso genuen beste testigantza harrigarri baten berri ematera garamatza orain.
Nor zen Malleten gidaria?
Ugari dira Mallet eta Adamsen etxean, bikote alemaniarraz gain, III. Reichean kargu garrantzitsuak izan zituzten naziak bizi zirela susmatzen edo ziurtatzen duten herritarrak. Eta ez gara soilik Otto Skorzenyz ari.
Emakume baten testigantza gakoa izan zaigu lorratz hori jarraitzeko. Gaur egun alarguna –ez dugu hemen bere izenik emango–, senarra mekanikoa zen eta alemaniarrek askotan deitu zioten haien etxera, Malletek zuen Mercedes-Benz auto beltz dotore eta ikusgarria konpondu zezan. Han ikusitakoaz kontatzen zuena ongi oroitzen du emakumeak oraindik.
Mekanikariak autoa konpondu bitartean Malletekin berarekin harremana izaten zuen, baina baita etxeko langileekin ere –gutxienez hamabi lagun aritzen ziren zerbitzuan, sukaldean…–. Honen arabera, langileen artean bazen bat, gidaria, Malletekin erlazio berezia zuena. Torloju eta pieza zaharrak aldatzen zituen bitartean ohartu zen ustez langile itxura zuen gizon hura norbait garrantzitsua zela bertan bizi zirenen hierarkiaren barruan. Malletek begirune handiz hartzen zuen beti: ez zen normala etxeko jaunak langileari keinu gehiago egitea, alderantziz beharrean... Mekanikariak ezezagun misteriotsuari aurpegira begiratzen zionean edo albotik igarotzen zenean, gizonak burua makurtu edo beste alderantz begiratzen zuen, ezkutatu nahi balu bezala.
Lanaren ostean etxera itzultzen zenean emazteari urduri kontatzen zion pentsatzen zuena eta berak ziur bertan ikusitakoa: zer eta etxe hartan Martin Bormann bizi zela. Hain zegoen seguru, ezen gaur egun ere, gure lekukoak argi baitio senarra bizirik balu gauza bera ziurtatzen jarraituko zuela.
Bormann, Hitlerren albokoa
Bormann hierarkia naziko pertsonaia garrantzitsuenetarikoa zen, Reicheko kantzilertzako buruzagia eta Hitlerren idazkari pertsonala, hau da Fhürer-aren alboko gizona. Alemaniako Gobernuko izendapen eta barne kontu guztiak kontrolatzera iritsi zen, eta lege antisemiten sinatzaile politiko nagusiena izan zen. Gerra ostean, Nurembergen in absentia –bera ez zegoela– epaitu zutenean, fiskaltzak esan zuen juduen eta poloniarren exterminioa bilatzen zuen “Azken Soluzioaren” planifikazioan parte hartu zuela bete-betean, eta urkaturik hiltzera kondenatu zuten, nahiz eta zigor hori ezin betearazi.
1972an Berlinen hezur batzuk azaldu ostean, Bormannenak zirela argitu zen. Historia hor amaitzen da, baina misterioa ez
1945eko apirilaren 30ean, Berlin sobietarren esku erori baino egun batzuk lehenago, dirudienez Hitlerren suizidioaren lekuko izan zen Bormann, kantzilertza azpian zegoen bunkerrean gertatutakoa guztiz argi ez dagoen arren –berak atera ei zuen besotan Eva Braunen hilotza logelatik, Hitlerrekin batera hilda–. Hortik gutxira, bunkerra utzi eta hiritik ihes egiten saiatu zen. Berarekin batera joan zirenek esan zuten ez zuela lortu Berlindik bizirik irtetea. Hitleriar Gazterien buru Artur Axmannen lekukotza da irmo eta garrantzitsuena: honen arabera, agintari nazia maiatzaren 2ko gauean hil zen, Berlingo Lehrter geltokira zeraman trenbide ondoan, artilleria sobietarraren ondorioz. Aliatuek egindako galdeketa eta epaiketetan ere Bormannen inguruko soldadu gehienek esan zuten hilda zegoela. Zalantzarik ez beraz.
Hala eta guztiz ere, OSS-CIA, Mosad eta beste hainbat inteligentzia zerbitzuk urte asko igaro zuten genozidaren arrastoa jarraitu nahian. Zergatik? Informazioa eskasa zen eta hainbat nazi ehiztarik zioten posible zela Bormannek Berlindik ihes egin izana.
1972ko hezurrak
1950eko hamarkadan Martin Bormannen izena mundu osoan barrena zabaldu zen. Jende askok deitzen zuen Poliziara, edo inteligentzia zerbitzuekin harremanetan jartze zen, hura ikusi zutela esanez. Argentinan, Paraguain, Brasilen, Mexikon, Egipton, Espainian... Bormann ikusi zutela baieztatu zutenak ez ziren gutxi izan. Ez da harrigarria sukar hori, munduko pertsonarik bilatuenetarikoa izan baitzen 1970eko hamarkadaren hasiera arte. Irratian eta aldizkarietan programa eta artikulu sentsazionalistek bere balizko bizilekuen berri ematen zuten behin eta berriz. Baina inoiz ez zuten bizirik aurkitu.
1972an, Berlingo eraikuntza gune batean hezur batzuk topatu eta identifikatu ostean, Bormannenak zirela argitu zuten.
Arrastoak agertu ziren tokiak bat egiten zuen gerra osteko galdeketetan zehaztutako bere heriotzaren kokapenarekin. Hezurrek ere Bormannen altuera eta ezaugarri berak zituzten. Aurpegiaren berreraikuntza egin ostean baieztatu zen bera zela, eta hildakotzat eman zuten hainbeste urtetan bizirik bilatzen ibili ziren nazi kriminala. Orduan?
Bormannen historia hor amaitzen da, baina misterioa ez. 1988an bere burezurra berriz ikertu zutenean, alemaniar perituak jabetu ziren lur koloretsu batez estalita zegoela, eta hori nonbait jasota utzi behar zela esan zuten. Areago, dirudienez lur mota hori ezin zen Berlinen aurkitu, soilik Paraguaiko zonalde batean baizik. Horregatik, hipotesi bitxietako bat izan da Bormann Hego Amerikan eta Espainia frankistan ibili zela ezkutuan, eta bera hil ostean eraman zituztela arrastoak bueltan Berlinera, kasua behingoz amaitutzat emateko.
Argazkiko ezezaguna
Hipotesiak hipotesi, Markina-Xemeingo alemanekin harremana izan zuten beste solaskide batzuekin ere hitz egin dugu gehiago jakin nahian. Eta horietako batek argazki zahar batzuk erakutsi dizkigunean, zalantzaren galdera ikurra berriz agertu zaigu, jolaskor, kontu honetan guztian: argazki batean Martin Bormannen antza duen gizon bat ageri da, begitarte eta aurpegiko bereizgarri antzekoak dituena. Argazkia alemaniarren etxeko atzeko partean dago aterata, 1955. eta 1965. urteen artean, eta solaskidearen arabera, gizon ezezagun hori Wilhelm Malleten gidaria zen, madrildarra ustez; zehazki, alemaniar enpresariak 1950ean Markina-Xemeinen kokatu zirenez geroztik, hirugarren txoferra zen hura.
Txaletean, zaintza txakurrek eta hiru metroko harrizko harresiak diskrezio osoz mugitzeko aukera ematen zien hango jabeei eta beren lagun “bereziei”. Eremua 27.000 metro koadrokoa zen eta inguratzen zuen harrizko hormak gainean kristal apurtuak zituen porlanetan itsatsita. 1965ean, Mallet hil zenean, bere orduko ustezko bikotekideak –Ruth Adams urte batzuk lehenago hil zen istripu arraro baten ondorioz–, berehala dokumentu mordoa erre zuen etxearen kanpoaldean. Langileetako batek oroitzen du momentu hura: izugarrizko su garrak ikusi zituen, eta barruan artxibo ugari ari zen erretzen.
Nor ote zen Maletten gidaria? Kasualitatea baino ez da izango, baina behin misterioaren eremuan jolasean hasita, agian Martin Bormann ez zen Berlinen hil… zeinek daki. Nolanahi ere, istorio honek naziek Euskal Herrian izan zuten benetako presentziaren eta Markina-Xemeinen oraindik badirauen Bekobentako alemanen kondaira beltzaren inguruan ikertzen jarraitzeko bide ematen digu.
Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik... [+]
Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]
Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]
Palestinarrek pilotu israeldar bat bahitu, epaitu eta urkatuko balute, ez litzateke gauza bera?”. Halako eta bestelako galderei erantzun nahian, Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen liburua abiapuntu izanda, mahaiaren bueltan elkartu ditugu bi filosofo eta politologo bat,... [+]
Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako... [+]
Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]
Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera... [+]
Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]
Asteburuan Athleticeko zaletu batzuek salatu zuten Donetskeko errepublikako bandera kendu ziela Ertzaintzak. Albiste horren harira adierazpen ugari egin dituzte eragileek, eta tartean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi du "une honetan Errusiaren aldeko bandera bat... [+]
Horietatik zazpi haurrak ziren. Hiltzailea bi pistolarekin sartu da Izhevsk herriko eskola batean, eta sarraskiaren ostean bere burua hil du.
1937ko uztailaren 26a, El Escorial (Madril, Espainia). Goizaldea da, eta bezperan larri zaurituta eramandako emakume gazteak azken hatsa eman du El Goloso ospitale ingelesean. Historiara Espainiako 1936ko gerrako enfrentamendurik odoltsuenetakoa bezala pasako zen Bruneteko... [+]
Euskal dantzariak nazien omenez dantzan, Donostiako La Perlan: Honi buruz idazteko gogoa interneten igerian nenbilela Alberto Santana historialariak sare sozial batean argitaratu zuen sarrera batengatik piztu zitzaidan. Testu labur batekin batera, zenbait argazki partekatu... [+]
Ukraina ez da estatu nazi bat, baina talde neonaziei edo joera naziko taldeei emandako babesak ezohiko kasu bihurtzen du herrialdea Europan. Ultrek han bakarrik dituzte beren tankeak eta artilleria-unitateak.
Uztailaren 10ean Hanburgon hil da Esther Bejarano, 96 urteko rap abeslari antifaxista. Auschwitz-etik bizirik irtetea lortutako judutarrak, bizitza eman zuen arrazakeriaren, eskuin muturraren eta antisemitismoaren aurkako lanean eta Palestinako herriaren eskubideak ere defendatu... [+]
Seeing Auschwitz erakusketa paratu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Naziek eurek heriotzaren esparru hartan ateratako argazkiak beste begirada batez ikusi eta horien analisi kritikoaren bidez gertaturikoa hobekiago ulertzeko. Uztailaren 3ra arte egongo da zabalik.