Itzaltzear zenean, belaunaldi gazteagoei lekukoa pasa eta berpiztu egin da Ehgam, sexu askapenaren aldeko borrokan aitzindari. Gorroto diskurtsoek legitimitatea irabazi duten garaiotan, berritzeko eta anitzagoa izateko trantsizioa abiatu du mugimenduak. Izan ere, heteroarauak urteotan atea apur bat zabaldu badie ere bazter uzten dituenei, ilusio bat baino ez da, "atea gurutzatzen ez dutenak edo gurutzatu nahi ez dutenak kanpoan lagatzen segitzen du sistemak".
Nekatuta, aktiboki apenas, eta jende gaztearengana heldu ezinik ikusten zuten beren burua Ehgameko kide historikoek. Jaime Mendiak 30 bat urte daramatza sexu askapenaren aldeko militantzian, eta mugimendua off egoeran uztea pentsatu zutela kontatu digu, “baina bat-batean Ehgam berpizteko aukera suertatu da, eta oso harro gaude”.
Amets Jordan Arrieta da lekukoa hartu duen kideetako bat: “Halako ibilbidea egin duen mugimendua ezin genuen hiltzen utzi”. Frankismoaren ostean sexu askapenari lotuta Euskal Herrian sortu zen lehenengo taldea izan zen, duela 45 urte. Durangon elkartu ziren 1976an, ondoren Ehgam izango zen hura amesteko. Hilabete batzuk geroago jaio zen, legaltasun ezatik. Urte hauetan guztietan zabaldu dituen ateak eta eratu dituen sareak nabarmendu ditu Jordanek: “Mugimenduak izen bat du, leku bat du egina, ez gara zerotik abiatzen eta erreferentzialtasuna berreskuratu nahi dugu”.
Urtetako lana jaso dute herentzian. “Kide berrienak oso kapaz dira aurrera nola egin eztabaidatu eta erabakitzeko –dio Jaime Mendiak–, guk eman diezaiekeguna gure historia da, zer eta nola egin dugun. Edozein mugimendu sozialen gisan, batzuetan indartsu aritu gara, bor-bor, eta bestetan ahulago. Frankismo osteko hastapen haietan jendea oso aktibatuta zegoen; gaur egun baino jende gehiago zegoen armairuan, bai, kolektiboaren ikusgaitasuna txikiagoa zen, baina zeudenak oso aktiboak ziren, jende politizatua, aurpegia emateko prest, ilegala zela jakin arren, poliziak joko zituela jakin arren. 1990eko hamarkada ere bereziki sutsua izan zen, sexu berekoen arteko ezkontza aldarri. Eta behin hori lortuta, pixkanaka lausotzen joan zen jendearen inplikazioa. Orain, eskuin muturraren eta gorroto mezuen gorakadak eskatzen du berriz aktibatzea, belaunaldi gazteek Ehgam berpiztea, gu ez gaudelako horri erantzuteko sasoian”.
A. Jordan: "Hainbatek badu halako sentipen bat, ideia intoleranteak izatea dela sistemaren kontra joatearen pare, errebelde edo punkia balitz bezala eskuin muturraren ideiak zabaltzea"
Zergatik orain?
“Askotan iruditzen zaigu beti aurrera egiten dugula, baina emandako urratsak ez dira behin betirako lorpenak, atzera egin dezakegu, erroko aldaketa ez badago”, ohartarazi du Jordanek. Eraso homofobo eta transfoboek azken boladan duten protagonismoa hartu dugu hizpide. Batzuek diote kontzientzia maila altuagoa dagoela gaur egun eta gehiago salatzen dela, lehen ere bazirela erasoak. Beste batzuek, baina, kezkaz begiratzen diote egungo egoerari, eta eskolan egunerokoan dabilen jendearengandik entzundakoa nabarmendu du Jordanek: “Astakeriak esateko legitimitate handia ikusten ari dira ikastetxeetan, atzerakada nabari dute. Erne ibili behar dugula uste dut, aurretik ere hor egongo ziren pentsamolde eta jokabideak izan daitezkeelako, baina ‘nire iritzia da’ esaldiak mozorrotuta publikoki hainbat baieztapen egitea baimentzen denean, bide arriskutsua zabaltzen da. Hainbatek gainera badu halako sentipen bat, ideia intoleranteak izatea dela sistemaren kontra joatearen pare, ur-lasterraren kontra aritzea, errebelde edo punkia balitz bezala eskuin muturraren ideiak zabaltzea. Hori bai arriskutsua!”.
Oro har jendeak pentsatzen duenaren eta errealitatearen artean dagoen disonantzia azpimarratu du Jordan Arrietak. Uste orokorra da berdintasuna lortu dela eta Euskal Herrian oso toleranteak garela, “homofoboa dela gaya jotzen duen hori, konturatu gabe gizarte heteroarautu batean hazi garen heinean denok ditugula jarrera homofoboak. ‘Eskubideak dituzue eta onartzen zaituztet’ pentsatzen du jendeak, baina egunerokoan dinamika asko daude nire sexu joeragatik kanpoan uzten nautenak edota min handia eragiten didatenak, zer esanik ez pertsona transexualen kasuan, adibidez”.
“Lehen jende asko geratzen ginen gizarteak jartzen zituen mugetatik kanpo –dio Jaime Mendiak–. Ordutik atea pixka bat ireki eta esan digute, ‘nahi baduzue gu bezalakoak izan, sartu eta guk bezalako bizitza egin’, baina nahi edota ezin duenak kanpoan jarraitzen du. Uste dugu gizarte liberalizatua dela gurea, eta nik ikusten dudana da apurtxo bat baino ireki ez duten ate txiki bat”. Atea gurutzatu dutenentzat ere bada sexu askapenaren mugimendua, barruan daudenek maiz gauza asko sakrifikatu behar dutelako, onartuak izateko. “Kultura hegemonikoan sartzeak zoriontsuago egingo gaituela sinetsi dugu, ez sartzea okerrago bizitzea izango dela”, dio Jordanek.
A. Jordan: "Iruditzen zait Instagramen-eta eraikitzen den LGBT iruditeria oso normatiboa dela. Horren aurrean, garrantzitsua da bertako diskurtso bat eskaintzea, hurbila eta bizitza errealean kokatua"
Kolektiboaren erradiografia: sakabanatua eta despolitizatua?
Sistemak atetxoa ireki eta LGBTIQ+ komunitatea bere arauetara ekartzen duelarik, ez ote den jende bat despolitizatu, indibidualizatu, sakabanatu. Hala sentitzen du Mendiak. Hiri handien idealizazioaz mintzatu zaigu Jordan Arrieta, Madril, Bartzelona, Londresera sexiliatzen direnez, leku horietan sexualki askeago eta zoriontsuago izango direlakoan, sarri lagun eta senideak atzean utziz, sarri euren burua enplegu prekarizatuetara eta alokairu garestietara kondenatuz. “Baina hemen egon bagaude eta hemen sortu behar ditugu sareak”. Eta aurrez aurreko sareez ari da, hezur-haragi. “LGBT pertsonen ikusgaitasuna handiago da gaur egun, baina aldi berean iruditzen zait Instagram eta gisakoetan eraikitzen den LGBT iruditeria oso normatiboa eta heteroarautua dela. Interneten ematen diren harremanak plataforma handietan ematen dira, eta enpresa hauek, diskurtsoa despolitizatu badezakete, despolitizatu egingo dute. Mezu kapitalista eta neoliberal horren aurrean, garrantzitsua da bertako diskurtso bat eskaintzea, hurbila eta bizitza errealean kokatua. Gure espazioak sortu ahal izateko gune izan nahi du Ehgamek, seguru sentitzeko eta gure esperientziak partekatzeko eremu, baina ez dugu soilik jendea artatzeko lekua izan nahi, borroka egin nahi dugu, debate politikoan presente egon, eta eragin”.
Horretan, zeresan handia izango dute belaunaldi gazteek, ezinbestean. “Gazteez ari garelarik, aipatu beharko genuke batzuetan dugun ezintasuna ikusteko zeintzuk diren beraien beharrak, nondik planteatzen dituzten borrokak. Mugimendu sozial asko daude helduok ez ditugunak ulertzen –aitortu du Jordanek–. Horiek guztiak katalizatzea gustatuko litzaiguke Ehgamen, mugimendu iraultzaile baten parte izan daitezen. Eta honen berri eman diedanean jaso dudana da parte hartu nahi duen gazte asko dagoela”.
Garai nahasietan, diskurtso argia
Ehgamek hasieratik izan du xede patologizatuak, estigmatizatuak, prekarizatuak, gutxietsiak eta baztertuak diren sexualitate eta gorputzak askatze bidean jartzea, baina fokua identitate sexual jakinetan jarri ordez, iraultza sexuala gizarte guztiarentzako dela gogoratu dute gure solaskideek, eta egitura bera dela jomuga, zapalkuntzak sortzen dituen egitura zishetero patriarkala: “Gure azken helburua ez da hainbeste identitate batzuei gizartean lekutxoa egin eta horiek toleratzea, biolentzia sortzen eta jende bat beti periferian uzten jarraituko duen egitura bera zalantzan jartzea baizik, normala sortzeko anormala ere behar duelako sistemak”, azaldu du Jordanek. Zentzu horretan, eraso homofobo eta transfoboen aurrean mezu garbia du Ehgamek: gakoa ez dago biktimaren identitate sexualean, baizik eta erasotzailean eta haren jokaera ahalbidetzen duen sisteman: “Gizon heterosexual, matxista, homofobo eta transfoboak dira, patriarkatuak babestuta”.
Egitura kolokan jartzea dute ipar, baina egunerokoan politika egin behar da, dauden baliabide eta aukerekin espazioak irabazten joan. Adibide esanguratsua kontatu du Jaime Mendiak. Sexu berekoak elkarren artean ezkontzeko eskubidea urtetan eta urtetan eskatu zuen Ehgamek; azkenean legeztatu egin zuen Gobernuak, eta orduan, behin eskubidea lortuta, ezkontza kritikatzen hasi zen mugimendua, ez eskubidea, baizik eta ezkontzaren kontzeptua, ezkontzak ez bailuke izan behar bikote baten maitasuna edo harremana determinatzeko bidea, ez lizkioke bikoteari eskubide gehiago eman behar ezkonduta egoteagatik. Egungo sisteman, ordea, hala da, eta beraz tresna hori baliatzeko aukera eman behar zaie bikote homoparentalei ere. “Diskurtsiboki egiten dugun lanaren eta unean unean eskatu beharrekoaren dikotomiarekin jokatu behar dugu”.
J. Mendia: "Sexu askapenarekin batera joan behar dute beste askatasunek ere; denok elkarrekin lortu behar dugu gizarte askeagoa, bakoitzak indarra arlo jakin batean egin arren"
Hau ez da soilik gay zurien etxea
Aurrera begirako erronkez galdetuta, ikusgaitasuna, debate politikoan eragina izatea, egunerokoan aktibo mantentzea aipatu dute. Ez alferrik, izena jartzerakoan ongi pentsatuta jarri zuten “mugimendua” eta ez “elkartea”, hasieratik garbi zutelako gauzak mugiarazi nahi zituztela, gizartea astindu. Etapa berri honetan, erronka nagusiak definitzeko daude oraindik, hain justu etorriko den jende berriarekin batera egin nahi dutelako bide-orri hori. “Trantsizio fase betean gaude eta gure apustua da ahalik eta jende gehien interpelatzea eta erakartzea, mugimendua zabaltzea, anitzagoa izatea, diskurtso berriak gurera ekartzea… Ehgam gizon gayarekin lotuko duelako hainbatek, eta ideia horrekin apurtu nahi dugu, kolektibo guztiak bere sentituko duen mugimendua izan nahi dugu –azaldu digu Jordanek–. Horregatik, hasieran elkartu garenok ezin genuen Ehgam zer izango den itxita aurkeztu, etortzea espero dugun aniztasun horrekin guztiarekin joango gara definitzen. Batzen den jendeak eta batu ez arren inguruan ditugunek dituzten proposamenak, abiatzen dituzten sare eta aliantzak, martxan jarri gura dituzten espazioak… artikulatzeko gai izatea gustatuko litzaiguke, eta hori markatuko dute datozenek eta dituzten motibazioek”.
Bide berean, ez dute dudarik aliantzak funtsezkoak izango direla, azpimarratu baitute hasieratik aritu dela Ehgam bestelako herri mugimenduekin, langabezian zeuden langileekin, enpresa-batzordeekin, ikasleekin, emakumeen batzarrekin, euskaltzaleekin, auzo-elkarteekin, objektore zein intsumisoekin… “Sexu askapenarekin batera joan behar dute beste askatasunek ere; denok elkarrekin lortu behar dugu gizarte askeagoa, bakoitzak indarra arlo jakin batean egingo duen arren”, aldarrikatu du Mendiak.
Instituzioekin, kontraesanak
Zein punturaino izan dezakegu konfiantza administrazioarengan, eraldaketaz ari garelarik? Jordan Arrietak dio legeak tresna inportantea direla, baina erroko aldaketak lortzeko administraziotik at egin behar dutela lan, gizarteak berak eraldaketa aldarrikatu eta gero administrazioa horretara behartzeko.
Jaime Mendiak esperientzia handia du administrazioarekiko hartu-emanean, haiekin batera askotan aritu baita Ehgam, lege bidegabeak kentzeko, LGBT jendearen kartzeletako egoeraz aritzeko, hiesa sortu zenean egoera gestionatzeko… Eta hala behar duela uste du, baina hala ere tartean sartzen direnean dena izorratzen dutela politikariek, haien eremura eramaten zaituztela, euren helburuetarako erabili… Duela gutxiko adibidea jarri digu: Emakunderen gisako zerbitzua eskatu zion Ehgamek Eusko Jaurlaritzari, “eta emaitza izan da Berdindu! zerbitzua, plataforma guztiz ekonomizatu eta enpresarializatua”.
KOSA
Koronabirus Osteko Sexu Askapena du izena Ehgamek abiaturiko trantsizio prozesuak. Batetik, jende berria erakarri eta denen artean Ehgamen etorkizuna gogoetatzen hastea da asmoa, azaroaren 6an Bilboko Karmela espazio autogestionatuan antolaturiko ekitaldian. Bestetik, bai egun horretan bertan Karmelan, bai aurretik hainbat herritan, mahai-inguru eta elkarrizketa kolektiboak antolatu dituzte, gai eta hausnarketa ugari plazaratu asmoz: erasoen aurrean nola jokatu, LGBT+ borroketan euskarak duen lekua, genero disidentziak… izango dituzte hizpide, besteak beste.
“Familiak eta hazkuntzak zisheteroarautik at” eztabaidan, adibidez, Nel Santacruzek hartuko du parte. Kontatu digunez, familiaz dugun iruditeria transformatzea eta zabaltzea izango da mahai-inguruko gako handi bat, haur bat izateko eta berau hazteko legitimitatea bikote zisheterosexualek baitute gure gizartean, “eta marko horretatik ateratzen garenok traba sozialak, juridikoak eta instituzionalak aurkitzen ditugu”. Haur batez erditu den aita transexuala da Santacruz, eta familia eredu ugariez gain, umeen hazkuntzaz ere mintzatuko da, heteroarauan ez hezteko praktika eta moduez. “Nire kasuan, haurrari ez diot generorik ezarri nahi izan, berak esploratu dezan generoa, eta ez dadin izan jaiotzean dituen genitalen arabera inposatua (arropan, jolasetan, baloreetan…)”.
“Kultura ez heteroarautua” mahai-inguruan berriz, Danele Sarriugarte idazlea arituko da, beste hainbatekin batera. Azaldu digunez, aipatuko dituzten gaien artean jorratuko dute ikusgaitasuna, LGBT sortzaileena, baina baita kultur ekoizpenetan komunitateak duen ikusgaitasun eta errepresentazioa ere. Hainbat galdera ere badituzte mahai gainean: ba al dago –eta nahi al dugu– LGBT komunitateari lotutako azpikultura bat? Kultura nagusiak zenbateraino baliatzen ditu LGBT kulturan sortutako korronteak –eta nola bizi dugu hori–? Komunitateari lotutako zein erreferente kultural ditugu? Zein lotura –historiko izan– du mugimenduak feminismoarekin?...
Dena prest du Ehgamek, iraultza sexuala egiteko bide-orria berrirudikatzen, birpentsatzen, berrarmatzen eta berramesten hasteko.
Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.
'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]
Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]
Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]
Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna,... [+]
Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]
Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]
Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]
LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.
Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]
Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]
Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]
Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.