Donostian, Benta Berri auzoko babes ofizialeko etxebizitzak enpresa pribatuen esku egon dira eraiki aurretik, eta maizterrek haien etxeak erosteko duten ezintasunaren aurrean, politikariek ezin izan dute ezer egin, eskumenak hasieratik galdu baitzituzten. Halako arazoen aurrean Euskal Herrian ez da ohikoa erakunde publikoek etxebizitza horiek erostea, baina Berlinen (Alemania) erakutsi dute enpresa pribatuen eta funts putreen espekulazioari aurre egiteko irtenbideak badirela.
Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunei zazpi babes-urte besterik ez zaizkie geratzen, eta 23 urte inguru igaro dira, maizterren esanetan, Eusko Jaurlaritzak engainatu zituenetik. 1994. urtera egin behar dugu bidaia arazoaren muinera joateko.
Urte hartan, Eusko Jaurlaritzak bere Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu zituen Benta Berrin babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko oinarri legalak eta UTE Benta Berri enpresen elkargoari esleitu zizkion 75 urtez lursailaren eskubideak. Enpresa hau arduratu zen etxebizitzen eraikuntzaz eta ondorengo kudeaketaz.
Nahiz eta lursailaren eskubideek 75 urteko luzapena izan, etxebizitzen babes ofizial izaerak 30 urteko luzera du; hau da, 2028. urtean jada ez dira babes ofizialeko etxebizitzak izango eta une horretan etxebizitzen jabetza duen enpresak nahi duen preziotan saldu edo alokatu ahal izango ditu.
Lursailaren eskubideak UTE Benta Berriri esleitu ostean, promozio berri honen propaganda zabaltzen hasi ziren Donostian eta inguruko herrietan. Aldizkari ofizialeko oinarri legaletan eta propaganda orrietan garbi zioen etxeen giltzak eman eta hamabi urtera maizterrek etxebizitza erosteko aukera izango zutela. Aukera horrek familia eta banako asko gerturatu zituen, aukera bikaina baitzen: hamabi urtez alokairu sozialean egon eta gero etxea erosi.
1998. urtean hasi ziren etxebizitzen zozketekin eta Alokairu-Benta Berri elkarteko kideek adierazi dutenaren arabera, kontratua sinatzerakoan izan zuten lehen arazoa. Izan ere, publizitatean eta oinarri legaletan adierazita zegoen erosketa aukera ez zegoen kontratuan.
Kontratutik klausula hori kendu izanak asko aldatu zituen gauzak; izan ere, sinatzaileek ez zuten etorkizunean etxebizitza erosteko aukerarik izango. Alex Iturrate Alokairuko kideak “atzo izan balitz bezala” gogoratzen du garai hura: “Kontratuan erosketa klausula falta zela esatera joan ginen bulegora eta arrazoia eman beharrean gu estutzen hasi ziren, sinatu ezean aukera galduko genuela azpimarratuz. Presio horrek jendea atzera bota zuen eta beste pertsona batzuek, berriz, kontratua sinatzeko beharra sentitu zuten”.
Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko ordezkariek Alokairuko kideei hasieratik utzi zieten garbi haiek jada ezin zutela ezer ere egin
Benta Berrin bizitzen hasi eta berehala konturatu ziren “engainuaz”, eta aipatutako Alokairu-Benta Berri bizilagunen elkartea sortzea erabaki zuten, arazoari konponbidea bilatzeko. Izan ere, promozio hau Eusko Jaurlaritzak sortu eta bultzatu zuen, baina lursailaren eraikuntza eta ustiapen eskubidea berehala geratu zen enpresa pribatuen esku.
Hau dela eta, Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko ordezkariekin kontaktuan jarri ziren behin baino gehiagotan Alokairuko kideak eta ordezkari politikoek hasieratik utzi zieten garbi haiek jada ezin zutela ezer ere egin. Enpresarekin hitz egiten ere saiatu ziren: “Enpresak ez zuen Alokairu bitartekari gisa aitortzen eta ez genuen erantzunik jasotzen. Komunikazio bideak ixten saiatu dira hasieratik”, dio Iturratek.
Eusko Jaurlaritzaren konpromiso falta salatzeaz gain, haiekin komunikatzeko orduan ere arazo handiak izan ohi dituztela azpimarratu dute: “Oso zaila da haiekin hitz egitea. Bilera bat lortzeko hamaika pauso egin behar izaten ditugu eta bileretan arrazoia ematen digute, nahiz eta gero ez duten ezer egiten egoera hobetzeko”.
Enpresak Alokairu bizilagunen elkarteari ez erantzutea, hala ere, normaltzat jotzen dute: “Ez gaitu harritzen ez erantzuteak; enpresa pribatuak dira eta haien helburu bakarra dirua irabaztea da. Helburu hori lortzeko edozer egiten dute, nahiz eta gauza batzuk legaltasunaren mugan egon”.
Benta Berriko etxebizitzen eraikuntza eta ustiapena hasieratik kudeatu dute enpresa pribatuek, UTE Benta Berri enpresa elkargoaren bitartez. 2016. urtean, baina, beste aktore bat sartu zen jokoan: Blackstone funts putrea, bere Testa higiezinen enpresaren bitartez.
Testa UTE Benta Berrirekin fusionatu zen urte hartan eta kudeaketa haien esku geratu zen. Honek asko zaildu du lehendik zaila zen maizterren eta enpresako zuzendarien arteko komunikazioa; izan ere, Testak Madrilen du egoitza nagusia eta aurtengo urtarrilean UTE Benta Berrik auzoan zuen bulegoa itxi zuten: “Testak komunikazio bide guztiak ixteko estrategiarekin jarraitzen du. Ezin ditugu gure eskaerak bidali eta posta elektroniko bidezko komunikazioa ere moztu dute, ezabatu egin baitute lehen erabiltzen zuten helbidea”, salatu zuten urtarrilean publikoki Alokairuko kideek.
Komunikazioa zailtzeaz gain, funts putre bat jokoan sartu izanak “legezkotasunaren mugan dauden praktika mafiosoak” ere areagotu dituela azpimarratu dute: “Kontratuak mozten ari dira eta gero eta arazo gehiago jartzen dituzte. Benta Berriko bi familiek etxea elkarren artean trukatu nahi zuten, gela kopuruagatik, eta nahiz eta biak ados egon, ez zuten aldatzea lortu”, diote.
Lehen aipatu bezala, 2028. urtean Testak nahi dituen prezioan alokatu ahal izango ditu Benta Berriko etxebizitzak eta maizterrek diote bizilagunen gehiengoak etxea utzi beharko duela: “1998. urtean Benta Berri ez zen ia existitzen, eta hein handi batean gu izan gara auzoa egin dutenak. Alokairuak izugarri igoko dizkigute, Donostian etxebizitzaren prezioek ikaragarri egin baitute gora, eta gehienok beste norabait joan beharko dugu bizitzera”.
Laburbilduz, Alokairukoek Eusko Jaurlaritzaren eta etxebizitzen kudeaketaz arduratzen diren enpresa pribatuen jarreraz dira kexu, baina azken hauena ulergarriagoa iruditzen zaie. Eusko Jaurlaritzarena, berriz, “guztiz lotsagarria” dela deritzote, eta egoerari buelta emateko berriro ere antolatzen hasiko direla adierazi dute Alokairuko kideek: “Presioa egiten hasi behar gara berriro ere, bestela honek ez du atzera-bueltarik izango”.
Euskal Herrian antzeko kasu asko daude, Iruñean, esaterako. Blackstone funts putreak, Testa enpresaren bitartez, 400 babes ofizialeko etxebizitza ditu, baina duela gutxi izaera hori galdu zuten. Pandemia iritsi aurretik, Maria Chiviteren gobernua funts putrearen ordezkariekin eseri zen negoziazio mahai batean eta maizterrek gehienez 650 euroko alokairua ordainduko zutela adostu zuten, baita Nafarroako Gobernuak maizterrei dirulaguntzak ematen jarraituko zuela ere.
2028. urtean Testak nahi dituen prezioan alokatu ahal izango ditu Benta Berriko etxebizitzak eta maizterrek diote bizilagunen gehiengoak etxea utzi beharko duela
Gure mugetatik kanpo ere funts putreen presentzia eta eragina eguneroko arazoa da. Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzen atzean dagoen Blackstone funtsak, esaterako, milaka etxebizitza eta eraikin ditu munduko hainbat txokotan, eta jabetzan dituzten higiezinek guztira 411 mila milioi dolarreko balioa dute.
Berlinen Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzekin gertatzen ari den antzekoa gertatu zen 2018. urtearen amaieran, baina emaitza oso ezberdina izan zen. Atzean BlackRock funts putrea duen Deutsche Wohnen higiezinen enpresak Karl-Marx-Allee hiribide ezagunean dauden 670 etxebizitza erosteko eskaintza egin zuen 2018ko azaroan. Honek berehala asaldatu zituen bizilagunak eta protestan hasi ziren erosketa gertatu ez zedin.
Aste batzuez ibili ziren Karl-Marx-Alleeko maizterrak protestan, eta azkenean, 2019ko urtarrilaren hasieran, Deutsche Wohnen enpresak atzera egin zuen, eta Berlingo Estatuko Senatuak etxebizitza horiek erosteko erabakia hartu zuen, etxebizitza parke publikoa handitzeko. Hiribide ezagun honetako 670 etxebizitza erosi zituen Finantza Ministerioak, 90-100 milioi euro ingururen truke. Erosketa honen inguruan gehiago jakiteko, ARGIAk Eva Henkel Berlingo Finantza Ministerioko prentsa arduradunarekin hitz egin du.
Alemania batu eta sistema liberalizatu zenean, enpresa publiko baten esku geratu ziren Karl-Marx-Alleeko etxebizitzak hasieran, baina berehala erosi zituzten enpresa pribatu batzuek. Henkelen esanetan, etxebizitzak “egoera tamalgarrian” zeuden, eta inbertsio pribatua behar zuten hobera egiteko. Alokairuek gora egin zuten, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren garaian zeudenekin alderatuta, baina egonkor mantendu dira orain arte.
2018. urtean Deutsche Wohnen enpresak egin zuen eskaintzak Berlingo Senatuaren arreta bereganatu zuen: “2018ko salerosketa pribatua gaizki diseinatu zuen Deutsche Wohnen enpresak eta garbi geratu zitzaigun maizterren interesak eta eskubideak ez zituztela errespetatuko. Hau dela eta, Senatuak esku hartu zuen. Gure Ministerioak maizterren eskubideen eta pribilegioen inguruko argipen legala eskatu zuen eta demanda batzuei esker, maizterren eskubideak bermatzea lortu genuen. Horrek inbertsore pribatuen interesa jaistea eragin zuen eta azkenean Berlingo higiezin enpresa publiko batek erosi zituen etxebizitzak”, dio Eva Henkelek.
2021. urtean ere Berlingo Estatuak beste aurrerapauso bat eman du etxebizitza parke publikoa handitzeko. Izan ere, irailaren 26an erreferendum bat egin zuten Alemaniako hiriburuan eta estatuak 240.000 etxebizitza pribatu erosteko prozedura hastea onartu zuten biztanleek, aldeko %56,4ko bozekin; Berlingo etxebizitzen %15 da hori. 13.700 milioi euro inguru balioko du erosketak.
Hala ere, erosketa horiek guztiek badute letra txikia eta Senatua bera da egoera asko aldatuko ez dela dioena. Karl-Marx-Alleeko 670 etxebizitzen erosketaren harira, honakoa dio Henkelek: “Erosketa hau garaipen handi bezala ikusten du askok, baina kostu handia izan zen estatuarentzat. Hau dela eta, kasu hau ez dugu kolektibizazioaren eredu bezala eduki behar. Izan ere, eraikin hauetako maizterrak eroso bizi diren sektoreak dira, eta izatez, ez dute erakunde publikoaren horrenbesteko laguntzarik behar. Badira estatuak sektore zaurgarrienak bizi diren etxebizitzak erosi dituen kasuak eta horiek dira etorkizunerako eredu izan behar dutenak”.
Izan ere, Berlinen etxebizitzaren egoera perfektua izatetik urrun dago, nahiz eta beste leku batzuetan baino esfortzu handiagoa egiten den gizarteko sektore proletarizatuenei etxebizitzara sarbidea errazteko. 2018. urteko ikerketa baten arabera, 60.000 pertsona inguru daude Berlinen bizileku finkorik gabe eta horietatik 2.000 eta 6.000 artean etxegabeak dira.
Estatu bakoitzak bere politika du etxebizitzaren inguruan, eta nahiz eta batzuenak besteenak baino aurrerakoiagoak izan, gizarteko pertsona zaurgarrienentzat bizileku finko eta duin bat izateak buruhauste izaten jarraitzen du.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Alemaniako Errepublika Demokratikoak ahalegin handia egin zuen hiria berreraikitzen eta berreraikitze proiektu honen estandartea izan zen Karl-Marx-Allee hiribidea, hasieran Stalinallee izena zuena; 1952 eta 1960 urteen artean eraiki zuten hiribidea.
Alemaniako Errepublika Demokratikoa indarrean egon zen urteetan alokairuak oso baxuak ziren eta Alemaniaren batasunarekin sistemaren liberalizazioa iritsi zenez, etxebizitzak esku pribatuetan erori ziren eta alokairuek gora egin zuten nabarmen.
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Abenduaren 14an etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, etxebizitza sindikatu nagusiek deituta. “Doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka” mobilizatzera dei egin dute. Ane Salvador... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Lanaren Ekonomiaren 8. denboraldia etxebizitzaren gatazkari helduz hasi da, Karla Pisano, Roser Espelt, Miguel Virizuela eta Argiako Jon Tornerrekin. Bi barikutan behin 11:00tan izango da irratsaioa.