Etxetik euskara dakarten haurrak ikasgela berean ala sakabanatuta?

  • Uda atarian gogoeta gisakoa plazaratu zuen sarean Txerra Rodriguez hizkuntza aholkulariak, hala ARGIAko 'Garagoikoa' blogean nola zuzeu.eus gunean. Zioenez, “azken aldion, berriro aipagai izaten ari da D eredu naturala izenekoa”. Batetik Rodriguezen gogoetak eta bestetik irakasle, guraso eta ikasleen bizipenak jaso ditugu artikulu honetan.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Txerra Rodriguezek gogoeta abiarazi baino egun batzuk lehenago, hala idatzi zuen Mitxel Elorza Exeak zuzeu.eus atarian: “Datorren ikasturtean semea Gasteizko eskola publiko bateko 2 urteko gelan hasiko da. Matrikulazioa igarota, taldekatzeak egin berri dira eta hamar haur euskaldunak hiru gelatan sakabanatuko dituztela jakin dugu”. Argudioa, ume euskaldunak banatzeak gelak orekatzen dituela. Balizko oreka horrek “haurren hizkuntza eskubideak urratzen ditu”, zioen Elorzak.

Honelaxe definitzen du Rodriguezek D eredu natural izenekoa: “Bi berbetan azaltzeko, ikastetxe batean etxetik euskara dakarten umeak klase berean jartzeaz ari da D eredu natural hau”. Eta horixe hartuko dugu kontuan gaiaz ari garela.

Rodriguezek zioen D eredu naturalean bazirela zailtasun metodologikoak, pedagogiari lotutakoak, eta bai ikertu gabeko aferak ere. Zailtasunei dagokienez, adibidez, muga non jarri iruditzen zitzaion korapilo nagusia. “Hau da, zeintzuk dira eskola horietara joan daitezkeenak eta joan ez daitezkeenak? Non jarri muga? Guraso(ar)en hizkuntza gaitasuna da muga? Guraso(ar)en hizkuntza praktika? Haurraren ulermen maila?”. Galderak bai, erantzunik ez zuen Rodriguezek; horien artean irizpiderik egokiena zein den ez zekien. Hori ez ezik, galdera horien erantzunak jasotzeko metodologia bera ere ezin erabakirik zebilen. Nola jaso datuak? “Guraso(ar)ei galdetuta? Behaketa bidez jaso? Azterketa bidez?”…

Sen onez, bestalde, D talde naturala osatzeak dakarren zailtasun metodologikorik ere aipagai zerabilen Txerra Rodriguezek: “Zer gertatzen da ikastetxe batean D eredu naturaleko [balizko] kideek taldea osatzen ez badute? Eman dezagun, hamabost ume daudela, baina ratioa 25ekoa dela. Hortaz, D eredu naturaleko hamabost horiek batu, baina euren klasean beste hamar ume sartu beharko lirateke. Horrek ez al du erabat lausotzen D eredu naturala?”, zioen hizkuntza aholkulariak, eta, azkenik, arestian aipatu zailtasunez gain, pedagogiari dagozkionei zeritzen Rodriguezek garrantzitsuen: “D eredu naturalean eta ohiko D ereduan eskolak berdin eman behar dira? Hizkuntzaren irakaskuntza eta glotodidaktika berdina izan beharko litzateke batean eta bestean? Zer ezberdintasun egon beharko lirateke? Zeri eman behar zaio garrantzia D eredu naturalean? Eta zeri ohiko D ereduan?”.

Galdera horien erantzun bila abiatu gara, esperientzia zehatz batzuen harian. Gasteizen, Abendaño Ikastolara jo dugu. Irakasle, guraso eta ikasleen ahotsak ditugu, denak ere D eredu naturalaren gainean mintzo.

Igone Orbea, irakaslea: "Etxetik euskalduna den haurra altxorra da, baina irakasleak asmatu behar du horri zukurik handiena ateratzen".
Irakaslea

Igone Orbea irakasle zaildua da Abendaño Ikastolako Haur Hezkuntzan. Bi seme ditu, bata 28 urtekoa, bestea 23koa, eta haiek eskola hastearekin batera lotu du ikastolako D talde naturalaren sortze garaia. “Seme nagusia matrikulatu ondoko urtean ezarri zuten hemen D mantendu edo naturala, baina, hemen baino lehen, Arantzabelan [ikastolan] abiarazi zuten gurasoek. Indar handia egin eta Administrazioa presionatu zuten. Gero, Ikasbidea, Toki Eder eta Abendañon bertan ezarri zuten D naturala”. Hastapenean, beraz, garai bateko guraso euskaldunen ekimena izan zen. Helburua zuten beren seme-alabak ikastolan euskaraz mintzatzea, etxetik zekarten euskara are gehiago indartzea Gasteizko giro zeharo gaztelaniazkoan.

Lehenik asmoa gurasoek abiarazi arren, Orbeak esan digu D naturala Hezkuntza ordezkaritzatik heldu zela Abendaño Ikastolara. “Hiru lerroko ikastetxea izan gaituzue beti, baina urte hartan, duela 27 urte ari naiz, Administrazioak ikastolan laugarren lerroa eskaintzea erabaki zuen, D naturalekoa”. Abendaño Ikastolaren Haur Hezkuntza eraikina txikia izan da beti eta Igone Orbeak gogoan du egokitzapenak egin behar izan zituztela, behar hainbat gela izateko.

D naturala eskainita ere, ordea, taldea osatu behar zen: etxetik euskara zekarren haur-taldea biltzea, lantegi erraza ere ez Gasteizen, ez han-hemengo ikastola askotan ere. “Taldea osatzea ez zen erraza, eta osatuta ere, D naturala antolatzeak hainbat gorabehera eta gatazka ekarri zituen: garraioa zela, aurrematrikula egitea zela, haurren euskara zela eta ez zela… Eskari handia zuen Abendaño Ikastolak, ez zen erraz ere hemen sartzea eta, haurra D naturalean matrikulatzeak, adibidez, puntu bat gehiago balio zuen”. Ez zen pikardia gabeziarik izan ohi, zenbait gurasok, haurra Abendaño Ikastolara sartu beste helbururik gabe, D naturalean ematen baitzuten izena, “nahiz eta beren umeak euskararik ez ekarri”. Orbea oroitzen denez, izan ziren ikastolaren kontrako kexak, izan ziren Administrazioaren aurreko salaketak. Hezkuntza ordezkaritzaren kontra bihurtu zen auzia eta, ikastolak berriz, nekez kudeatu zezakeen egoera bihurria.

Haur euskalduna D naturalean matrikulatzeak esan nahi zuen, besteak beste, ikaslea gelako giro euskarazkoan eskolatuko zela, patio, jantoki eta gainerako eremuetako giroa gorabehera. Hala ere, bazen besterik: “Bai, zeren eta haur euskalduna altxorra baitzen eta D ohikoan, gainerako haurrak euskalduntzen lagundu baitzezakeen”. Bere haragian bizitu zuen egoera Igone Orbeak, bigarren semea eskolatzeko garaia heldu zitzaionean, ordurako D naturala ikastolan abiarazia zela. “Nire kideei esan nien: ‘Sar ezazue gure seme bigarrena nahi duzuen taldean. D naturalean ondo egongo da, eta D ohikoan sartuta, gelako gainerakoak euskalduntzen lagundu lezake. Bestalde, gure familia Soraluzetik Gasteiza etorri zenean, gu ume ‘arraroak’ ginen hemen, euskaraz egiten genuen, los hijos de la vasca ginen –euskaldunaren seme-alabak–. Gasteizko giro erdaldunean hazi gara, baina ez dugu euskararik galdu’. Horrelakoak izaten ziren gure kezkak eta eztabaidak”. Orbearen seme nagusiak D ohikoan egin zituen ikasketak; D naturalean, aldiz, bigarrenak, eta, batak zein besteak euskaraz burutu dituzte ikasketak, Haur Hezkuntzatik unibertsitateko graduetaraino.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zerutik jakina da irakasleari errazago zaiola D ereduan ere haur euskaldunekin lan egitea, gaztelania besterik ez dakitenekin baino. Besterik da batzuekin eta besteekin metodologia bera baliatu behar den. Haatik, arestian aurreratu duenez, Orbeak badaki haur euskalduna erdaldunen artean eskolatzea, D ohikoan, baliagarria izan daitekeela. “Horrelako haur bat altxorra da, baina irakasleak asmatu behar du horri zukurik handiena ateratzen, interakzioak sortzen, jolasean eta gainerakoetan”. Euskaraz ikasten ari direnek euskaldunari entzutea aberasgarria da guztiz, irakasle honen irudiko.

Dakigunez, inoiz ez zen talde natural, edo mantendu, deitu hauen segimendu zehatzik egin, ez neurketarik, ez bestelakorik, ohiko iritzi-trukeak eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aginduak dituen diagnostiko egite eta ebaluazio nagusiak besterik.

Arazorik edo gatazkarik sortu ohi zenean, Hezkuntza ordezkaritzak ez zuen erantzunik. “D naturala ez zela legala esaten ziguten, geu arduratzeko. Guk esaten genien, aldiz, berek onartu zutela talde naturala, berengandik etorri zitzaigula”.

Oraingo egunean, D naturaleko azken taldea dute Abendaño Ikastolan. Lehen Hezkuntzako 3. maila hasi du taldeak ikasturte honetan. D naturalekoak ez ziren gurasoen zenbait kexa, metodologia eraberritzeak, Hezkuntza ordezkaritzaren inplikazio eza… “Askotan kuestionatu da D naturala ikastolan. Kopurua osatzeko zailtasunak izaten ziren; etxetik euskara zekartela esan arren, batzuetan ez zen egia; migratzaileen seme-alabak talde horretatik kanpora gelditzen ziren; taldeen arteko maila sozio-kulturalak ere ezberdinak ziren… ‘Banaketa hau ez da posible’, esaten genuen irakasleok”. Metodologia zaharberritzeak eman zion errematea D naturalari. “Zirkulazio librea abiarazi genuen, gelak ireki genituen, aukera libreko guneak, proiektuak… gauza asko”. Eta, horrela, D naturala eskaintzeari utzi zion Abendaño Ikastolak duela dozena erdi bat urte eta, esan dugunez, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan hasi dira iragan irailean D natural azkenak.

Gurasoak

Abendaño Ikastolan eskolatu zuten haurra Maria Carmen Cuestak eta senarrak. Gogoan dute nola jakin zuten D eredu naturalaren berri. “2 urte zituela, gure alabak Gasteizko Udalaren haur eskolan egin zuen ikasturtea, San Martin auzoan. Euskarazko eredua zen. Ikastolara hasi behar zuen garaian, haur eskola hartako guraso batzuk esaten hasi ziren auzoko Abendaño Ikastolak D eredu naturala zuela. Guk ez genekien zer esan nahi zuen horrek, baina laster azaldu ziguten: etxetik euskara zekarten haurrak elkarrekin biltzea”. Bi gurasook ongi iritzi zioten, ustez horrek beren alabaren euskara mailari eusten lagunduko ziola, Gasteizko gizarte giro gaztelaniazkoan ere.

Haatik, D naturalean izena ematea ez zen aski. Bazen bestelako betekizunik: “Taldea osatu behar genuen; alegia, gutxieneko kopurua zen derrigorrezkoa”. Ez dira kopuruaz zehatz oroitzen. “21 inguru, beharbada. Eta ez ginen osatzen. Hori seguru dakigu. Hamalau, guztiz seguru ginen, bizpahiru seguru samar… eta, hala ere, besteren batzuk behar genituen”. Aurrematrikula egin eta onartuak izan ziren haurren gurasoen batzarra egin zuten, ikastolak berariaz deituta. “Ikastolako zuzendari eta irakasleek ikastetxeak D eredu naturala zertan zen azaldu zuten, baina gela eratu ahal izateko gutxieneko kopurua osatu behar genuela esan ziguten. Euskaldunak ez ziren zenbait guraso ere haurra D naturalean izena ematera gonbidatu genituen”, gogoan dutenez.

Maria E. Cuesta, D eredu naturaleko ikaslea: "Gela barruan euskaraz hitz egin behar zen, baina patiora irten eta gaztelaniaz hitz egiten zen gehiena".

Guraso biok gogoan dute bilkura hura. “Dena gaztelaniaz egin zen. Horrek harritu gintuen, ikastola baitzen, eta uste genuen haurrak ikastolara zeramatzaten guraso guztiek euskararen borondatea izango zutela, baina ez, haurrek euskaraz ikastea besterik ez zuten nahi. Euskaraz hitz egin, ez hitz egin, berdin zitzaien, edo ez zuten haurrek euskaraz hitz egitea kontsideratzen ere. Eta beste gauza bat, harrigarria, hantxe hasi zen guraso bat, sekulako diskurtsoan, esanez ikasturtean zehar haurrik heltzen bazen –migratzaileez ari zen, jakina–, D naturaleko taldea ezin zela itxi, hara ere sarrera izan behar zutela migratzaileek, gainerako taldeak ikaslez ez betetzeko. Hizkuntza lehenesterik ez zegoela, edo halakoren bat”. Ez zuten guraso haren berriketa ulertu, baina, ondoko urteetan, hiruzpalau haur ere sartu zituzten D naturaleko gelan. “Bata, sahararra zen, baina haren familia lehenago Artean egona zen, eta garbi-garbi hitz egiten zuen euskaraz, bizkaierazko hitz batzuekin!”. Gero, oroitzen denez, beste bi haur ere sartu zituzten D naturaleko gelan, baina ez zen batere eragozpenik izan.

Etxetik euskara ekarriagatik ere, edo gurasoek hori esanagatik ere, askotan are gehiago zen gurasoen nahikundea, errealitatea baino. D naturaleko gelako haurren euskara erabilera izan zen froga, Cuestak esan digunez.

Ikasleak

Maria E. Cuestak 18 urte bete, eta unibertsitatera hasi da aurten. Abendaño Ikastolako D naturalean ikasia, bere bizi-eskarmentuaren berri eman digu. “Etxean euskaraz hitz egiten zidaten gurasoek. Hasieran, biek. Gero, ama gaztelaniaz hasi zitzaidan hitz egiten, eta ni ere gaztelaniaz hasi nintzen harekin. Aitaita-amamak, berriz, ez ziren euskaldunak, eta haiekin ere denbora pasatzen nuen”. Eta, hain zuzen, aitaita-amamen etxe aurrean zen Abendaño Ikastola. Hantxe matrikulatu zen eta egin zituen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoak Maria E. Cuestak, D naturalean.

Ageri denez, 12 urte bitarteko ikaslearen pertzepzioak ditu. Gelako euskara giroaz galdetu eta… “Nik hiruzpalaurekin egiten nuen euskaraz: Maddi, Aimara, Haizea… Beste inorekin ez. Gaztelaniaz hitz egiten zidaten eta gaztelaniaz erantzuten nien. Gela barruan euskaraz hitz egin behar zen, baina patiora jolasera irten eta gaztelaniaz hitz egiten zen gehiena. Mutil denek gaztelaniaz hitz egiten zuten”. Haien euskara ezagutza da koska, beharbada. “Batzuek guraso biak euskaldunak zituzten, baina gehienek ez; batzuen kasuan, gurasoetako batek bakarrik zekien euskaraz, eta beste kasu batzuetan, batek ere ez”. Haatik, D naturalean beren seme edota alaba. “Nire lehengusuak esaten duena da: ‘Denak euskaraz ikasten ari ziren, eta, hortaz, suposatzen da euskaraz badakitela, baina nik inoiz ez diet euskaraz ezer esaten aditu’. Nire lehengusuak Ikasbidean ikasi zuen”, hau da, D naturala eskaintzen zuen beste ikastola bat hura ere.

Oraingo egunean, euskaraz hasi ditu unibertsitate ikasketak Maria E. Cuestak, eta euskaraz hasi dituzte euskaraz jarduten zuten Maddik, Aimarak, Haizeak, eta haien modura, baita gela “natural” hartako beste zenbait ikaslek ere, nahiz etxetik euskaldunak ez izan.

D naturala aipagai den honetan, gogoan hartzeko eskarmentu eta jardun ez idatziak dira.

 

Eztabaida sarean

Txerra Rodriguezek ARGIAko Garaigoikoa blogean 'D eredu naturala' artikulua argitaratu zuen ekainean. Ondoren, zuzeu.eus-en egin zuen publiko eta hainbat jendek gogoeta egiteko baliatu zuen Rodriguezen artikulua:

Txerra: “Orain arte hainbat herritan egon da D eredu natural hau. Baina ez da izan ikertua”.

Julen: “Uste dut lehen pausoa izan beharko litzatekeela ume euskaldunak ez banatzea, nahiz eta familia erdaldunetatiko umeekin nahastuta egon ikasgelan".

Jone: “D eredu naturalari abantailak baino ez dizkiot ikusten. Hasteko eta behin, haur euskaldunen norbere buruarekiko estimuari lotutakoak, eta hortik aurrera, euskararen erabilerari lotutakoak, noski”.

Julen: “D eredu naturalak inplantatzearen aldekoa naiz, erabat. Hauek sortu ezean euskara hil egingo dela uste dut. Euskarak babestoki hori behar du, gizakiok arnasa behar dugun moduan”.

Txerra [Juleni]: “D eredu naturalaren aldekoa zaitugu, ados, baina zer gertatzen da eskolaz kanpo? Uste dut indar gehiegi jartzen dugula irakaskuntzan eta hortik kanpora mundu zabal (eta askotan erabat erdaldun) bat dugu eta horri ez diogu kasu larregirik egiten”.

Jone: “Ikastetxe askotan (gehienetan?), haur etxetik euskaldunak erdaldunez jositako geletan banatzen dituzte, gela horietan euskararen erabilera sustatzeko aitzakiarekin (…) Baina euskararen erabilera piztu ez, haur euskaldun horiek azkar batean ikasten dute euskara etxean utzi eta eskolako nahiz kaleko harremanetan espainieraz edo frantsesez jardutea dela legea”.

Maite: “Nik uste, euskara etxetik dakarten umeak biltze soila, berez dela onuragarria hizkuntzaren jabetzaren eta lanketaren ikuspuntutik. (…) Baina beti izango da hobea D eredu natural kaxkarra, D eredu erdaltzale ‘bikaina’ baino".

A: “Transmisio osoagoa, trinkoagoa, sendoagoa… hitz batez egiazkoagoa bultza lezake D eredu naturalak, gurasoak kitzika ditzake bere haurrekin beti-beti euskaraz aritzera”.

Julen: “Haur euskaldunak banatu eta haur guztiak euskaldun aterako direlako falaziapean, irakasleak irabazi ezineko gudu batean murgildurik daude”.

Txerra: “Orain arte egin diren ikerketa guztietan agertzen da –begiratu Lasarte-Oriako gazteei buruzkoak, adibidez– etxetik euskara dakartenak eta D ereduan matrikulatuta daudenak –“naturala” ez izan arren– euskararen erabilera (eta ezagutza) handiari eusten diotela, nerabezaroan eta gaztaroan (eta helduaroan)”.

Txerra: “Eztabaida ireki gura izan dut, batetik, ez dauzkadalako zuek dituzuen ziurtasunak. Ez ditut, eta hori hala da. Ez nago umeak batzearen alde, ez nago umeak banatzearen alde. Ez dut horren inguruko ziurtasunik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Euskaltzaleen Topaguneak ‘Taupa' mugimenduari eman dio lekukoa

Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez,... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Behar direlako tituluak

Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua... [+]


2024-12-11 | Julene Flamarique
Badator Begizta, euskarazko telebista kanalen bilgunea

Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzeko sortu du erreminta Izarkomek. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da erabilgai Begizta, oraingoz Izarkom eta Onaro operadoreetan. Edukia hainbat gailu ezberdinetan ikusteko aukera emango du, baita bost profil... [+]


2024-12-11 | Leire Ibar
Euskaraz modu ludikoan trebatzeko Hi Haiz Hi lehiaketa abian da

12 eta 16 urte bitarteko gazteak aisialdian euskaraz aritzea du xede Ametzagaiña eta Iametza enpresek sortutako jolasak. Gazteek egunero euskal erreferente bat asmatu behar dute eta gramatikaren inguruko galderak erantzun behar dituzte horretarako. Egitasmoa martxan jarri... [+]


“Irungo Udalera joango gara euskaldunekiko duen jarreraz hitz egitera, ez ekitaldi bat erdaraz egin izanaz”

Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
“Euskararen Errepublika” aldarrikatu du EHEk Durangoko mobilizazioan

Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]


Irungo euskaldunak sutu dituen ekitaldia: 35 elkartek “aski da” esan diote udalari

Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]


2024-12-05 | Jon Torner Zabala
‘Protestaka’ erakusketa, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle borrokaren 30. urteurrenean

1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


Eguneraketa berriak daude