Hirurogei urte pasa dira Parisen gertaturiko sarraskiaz geroztik. 20.000 eta 40.000 aljeriar artean atera ziren karrikara, modu baketsuan, Frantziaren kolonia zen Aljeriaren independentzia aldarrikatzeko eta aljeriarrei bideraturiko etxeratze-aginduaren bukaera galdetzeko. Paretik, sekulako errepresioa jaso zuten: desagertuak, hamarnaka eta segur aski ehunka hildako, 12.000 atxilotu, ia 2.000 Aljeriako atxikitze-esparruetara kanporaturik eta ehunka ospitaleratu. Hamarkada luzeetan Frantziak isilean atxikiarazitako gertakizunari buruz argia egiten ari da poliki-poliki. Aitorpenaren eta erreparazioaren bidean, “Estatu-krimena” aitortua izatea nahi dute biktimek eta haien ondorengoek.
Bigarren mundu gerlaz geroztik Europa mendebaldean gertatutako hilketa eta polizia indarkeria kasurik handiena izan da 1961eko urriaren 17ko triskantza”. Emmanuel Blanchard historialariaren hitzak dira, Parisen kokaturiko Immigrazioaren Historiaren Museoaren webgunean entzungai den elkarrizketa mamitsutik hartua. Egun horretan aljeriarrek Parisen pairaturiko errepresio odoltsuaz ari da. Aljeriaren independentziaren alde borrokan zebilen FLN Askapenerako Fronte Nazionalaren Frantziako federazioak deiturik, karrikara atera ziren 20.000 eta 40.000 aljeriar artean –“Aljeriako frantses musulmanak” izendatuak, Frantziaren kolonia izanik Aljeria–. Independentzia aldarrikatzea eta aljeriarrei bideratu etxeratze-aginduaren bukaera eskatzea zuten xede.
Lau zenbaki, triskantza irudikatzeko: 12.000 aljeriar atxiloturik, hildakoak 30 eta 300 artean –bertsio gehienek ehunez gora zenbatzen dituzte–, 300 bat ospitaleratu eta 1.780 bat Aljeriako atxikitze-esparruetara kanporaturik.
Ratonnade erraten zaio magrebtarren aurkako bortizkeria fisikoari, frantsesez raton arratoia denean, eta batzuek horrela izendatzen dituztenean magrebtarrak. Ekintza hori definitzeko hitz berezi bat ukaiteak berak anitz salatzen digu bortizkeria honek frantziar lurraldean hartu izan duen lekuaz. 1950. eta 1960. hamarkadetan eguneroko ogi ziren, batez ere aljeriarren kontrakoak, 1954-1962ko Aljeriako independentzia gerra dela eta. 1961eko urriaren 17ko Pariseko sarraskia izan zen ratonnade odoltsuenetarikoa, urte luzeetan Estatu gezurraz eta zentsuraz estalitakoa.
“Egun horretan poliziak ez zuen ordenaren atxikitzeko operazio bat bideratu, egun horretan sarekada alimale bat gertatu zen. Begi-bistakoa zen, Poliziaren Prefekturak goizetik errekisionatu zuen Palais des Sports –garaian Pariseko gelarik handiena–, nahiz eta azken honek ikusgarri gela atxiloketa-esparru bihurtzerik ez zuen nahi”, Blancharden arabera.
Frantziaren eta GPRA Aljeriako Errepublikaren Behin-behineko Gobernuaren artean negoziazio bete-betean zirela, tentsio ikaragarria zegoen bi aldeen artean, baita alde bakoitzaren barnean ere. Aljeriarren atxiloketa, tortura zein desagerpenak abiadura beldurgarrian emendatuz zihoazen, eta parean, FLN erakundearen atentatuek ere aktualitatea egiten zuten. FLN kolpatzea zen etxeratze-aginduaren helburua: bereziki gauez bideratu diru bilketak blokeatuz erakundea ahultzea.
Txabola-auzoetatik atera eta “etxeratze-agindua modu masiboan boikotatzeko” deia luzatu zien bertako aljeriarrei FLNen Frantziako federazioak. Karrikak “modu baketsuan” hartzeko manua argia zen, armarik gabe bertaratzea galdetua zitzaien. Horrela juntatu ziren milaka, igandeko jantzi ederrenak jantzirik, familian ala lagun artean Parisera sartzeko xedez. Baina ezin izan zuten: poliziak hor zituzten metro irteeretan, autobus geldilekuetan ala karrika izkinetan –orotara, 10.000 polizia–, golpez xehatzeko eta atxilotzeko. “Ahulenak, odoletan zirenak, hil arte xehatzen zituzten, nire begiekin ikusi dut hori”, kontatzen zuen 1997ko oroitzarrean Saad Ouazenek. Poliziaren aitorpenak ere badira: “Mugitzen zen guztia tirokatzen genuen, izugarrikeria zen, bi orduko giza-ehiza izan zen”, Raoul Letarden hitzetan.
Errepresioa aurreikusia bazuten ere, sekula ez zuten irudikatu gisa horretakoa izanen zutenik. Lekukotasunek hotzikara ematen dute: modu baketsuan zebiltzanak tirokatuak, eskumuturrak eta orkatilak soka batez estekaturik, hilik ala bizirik Sena ibaira botatuak, inguruko oihanetan urkatuak. Frantziaren poliziaz gain, “Indar polizial lagungarria” deitu antolakundeko 60 bat harki (Frantziaren alde borrokatu zuten aljeriarrak) aritu ziren manifestariak xehatzen, FLNaren kontrako herrak bultzaturik.
12.000 atxilotuek egunak pasa zituzten komisarietan, Palais des Sports eta Pierre-de-Coubertin estadioan: “Hiru egunez horrela, aulki batean jarririk, apairurik gabe, urik gabe, zigarretarik gabe, ez genuen ezer. Nire inguruan bospasei kolpatu nituen. Hor ginen, denok negarretan. Hilen ginela uste genuen denok”, kontatzen du Ali Djermanik Scènes de la guerre d´Algérie en France dokumentalean. Hortik, anitz ziren zuzenean Aljeriako zerrategietara bidaliak izan, eta handik anitz desagertu ziren. Garaian Maurice Papon zen Pariseko Polizia Prefeta, tristeki eta odoltsuki ezaguna zaigun gizona. Gizadiaren kontrako krimena leporatu zitzaion 1997an, 1942tik 1944ra Girondako Prefekturako idazkari nagusi zela Auschwitzera ehunka judu deportatu izanagatik. Hamar urteko kartzela zigorra jaso arren, hiru urteren buruan libratu zuten, osasun arazoak zituelako. 2007an hil zen 97 urterekin, bakean, urriaren 17 horretako sarraskiaren arduradun nagusia izateagatik sekula epaitua izan gabe.
1990. hamarkada itxoin behar izan da gertakari beltz horri buruzko egiari zor zaion tokia bideratzeko.
Ordura arte, indarkeria eta hildakoen kopuruak isilduak ziren modu eskandalagarri batean. Ofizialki, hiru hildako eta 64 kolpatu izan ziren. “Aljeriako frantziar musulmanak pistola kargatzen” edota “Aljeriako frantziar musulmanak metrailetaz tirokatzen”... errealitate bat isildu eta beste bat irudikatzen aritu ziren komunikabideak. Jacques Panijelen Octobre à Paris dokumentala zein Colette Péju kazetariaren liburua: zentsura sistematikoa izan zen urte horietan. “Estatu gezurra eta zentsura hain dira handiak, non eta ezinezkoa zaigun hildakoen zenbaketa zuzena egitea”, Blancharden hitzetan. Gainera, 1962ko Aljeriaren independentziarekin bideraturiko amnistiak ekarri zuen salaketa guztien bazterketa.
Egun horretan jipoiturikoen umeen belaunaldiak du hitza hartu, bazterrak astinduz eta egia plazaren erdira eramanez. 1991an Jean-Luc Einaudi historialariak publikaturiko La Bataille de Paris mugarria izan zuten. Funtsean, Paponek berak salaketa jarri zuen Einaudiren kontra, difamazioa leporaturik –Justiziak errugabetu zuen historialaria–.
1961eko urriaren 17koa “errepresio kolonoa”, “sarraski kolonoa” izan zen Blancharden arabera. Frantziak bere ardurak aitortu eta “Estatu krimen” gisa ezagutzea nahi dute biktimek eta haien ondorengoek. Halakorik ez du egin 60. urtemuga honetan Emmanuel Macronek, nahiz eta lehen aldikoz ofizialki bideraturiko oroitzarrean egon den, “sarraski barkaezina” deitoratuz. Urrats garrantzitsua bada ere, ez da nahikoa mina arintzeko.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
Nobel Akademiak iragarri ditu Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen... [+]
Ez da kasualitatea Hispanitatearen eguna, Guardia Zibilarena eta Pilarreko amabirjinarena data berean izatea. Hirurek egitura zapaltzaileak irudikatzen dituzte (estatua, armada eta eliza). Bestalde, indigenen erresistentzia eta Espainiako Estatuak bere armada militar eta... [+]
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]
Kanadako Elkarte Medikoak (CMA) barkamena eskatu die herri indigenei, praktika medikoentagik edo haien gabeziagatik historikoki eragin dizkieten kalte fisiko eta psikologikoengatik. Barkamen-eskea egin duen ekitaldi berean txosten bat aurkeztu du, medikuen jarduera antietikoak... [+]