Herriz herri, eskualdez eskualde, herritarrei galdetu diete ea euskarari hauspoa emateko zer beharko luketen. Denetariko erantzunak jaso dituzte: ludotekak, euskara planak, bertso eskolak, futbol taldea, euskara egunak eta abar luzea. Bi zifra esanguratsu: aurten hemezortzi ludoteka izango dira Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, eta 2023rako Errigora egitasmoko 25 ekoizleek euskara plana izango dute.
Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpaina 2013an abiatu zen eta egitasmoa AEK, Sortzen Elkartea eta Ikastolen Elkartea diruz laguntzen hasi zen. 2019an ordea, Agerraldia taldea sortu zen Errigora egitasmoaren barruan. Elkarteak bazuen kezka bat: euskararen aldeko kanpaina hura bertan behera geratuko balitz zer geldituko litzateke Nafarroako erdialdean eta hegoaldean? Ekimenen iraunkortasuna bermatzeko bideak ireki nahian, herriz herri hasi ziren galdezka, ondoren lehentasunei eta beharrei hobeto erantzun ahal izateko.
Mota guztietako nahiak azaldu dituzte nafar euskaldun eta euskaltzaleek. Eskaera batzuk oso zehatzak eta unean unekoak dira: euskara egunak, Errigoran parte hartzen duten ekoizleak ezagutzeko bisitak AEKren bidez, euskara astea, zonaldeko animaliak eta paisaia ezagutarazteko haurrentzat egindako album ilustratua... Beste batzuk arnas luzeagokoak dira edo izan nahi dute behintzat: ludotekak, bertso eskolak, euskara planak ekoizleen lantokietan, areto-futboleko taldeak, kaleak bi hizkuntzetan izendatzea eta 2022an euskararen normalizazioan ematen ari diren pausoez gogoeta egiteko topaketak.
Herritarrei entzutea izan da ariketa nagusia eta Errigoraren bidez jasotako ekarpen ekonomikoei esker eskaerei erantzuten ari dira. Zerrenda luzeko bi ekimen sakonago azalduko ditugu ondoren.
Errigora egitasmoan parte hartzen duten 25 ekoizleek badakite zer den Errigora eta badakite elikadura burujabetza bezala euskara ere ardatz duela. Gutxieneko baldintzak hasieran ezarri zituzten: ekoizleen produktuak euskaraz eta gaztelaniaz etiketatuta iritsiko ziren erosleen etxeetara eta webguneek ere gutxienez euskaraz egon beharko zuten. Bigarren helburua ez da oraindik lortu, baina bidean dira. Euskara planari heldu zion lehen enpresa Iturri Kontserbak izan zen. 2020an hasi ziren lanean eta proba horren ondoren beste hiruk estreinatu zuten plana 2021ean: Mendiko, Aristu eta Lezaun upategiek. Oso langile gutxiko enpresak dira, salbu eta uzta bilketa egokitzen denean. Langile finko horien artean euskara ikasi dutenak daude eta euren lanean geroz eta gehiago erabiltzeko ahalegina egiten ari dira. Erabileran ari dira egiten indarrik handiena. Horretarako Emun kooperatiba dute kontratatua. Bertako aholkulari diren Joseba Beltzak eta Leire Muxikak egin digute egitekoen zerrenda: errotulazioa, administrazioko inprimakiak, katalogoak, bisita txartelak, azoketan eta lantokian bertan bezeroei eskura ematen dizkieten eskuorriak... Ia dena gaztelaniaz zeukaten eta Emunen egitekoa izan da euskara hurbildu eta ekoizle bakoitzak dituen beharrei erantzuteko baliabideak eskaintzea.
Urriaren 1ean ekoizle guztiak bildu ziren. Euskara planez hitz egin zutenean Iturri Kontserbako arduradunak gainerakoei lasaitasun mezua zabaldu zien, alegia, urratsak ez direla konplexuak eta eguneroko lan martxari eutsi ahal izango diotela; helburuak lortu dituztela modu errazean. Muxikak hala dio: "Enpresa txikiak dira, uztari begira bizi dira eta kosta egiten zaie paperei begira jartzea. Planak erabakiak hartzeko tartea eskaini die, haiek pentsatu zer nahi duten eta guk lagundu".
Muxikak adierazi digu planaren bidez emaitzak zabalkunde handikoak direla eta epe motzean lortzen dituztela. Modu nahiko errazean lortzen da errotulazioak, webgunea, administrazioko paperak, eskuorriak... euskaraz jartzea. Bezeroa azkar konturatzen da horretaz, besteak beste ekoizleok zuzeneko salmentan asko aritzen direlako, direla azokak eta dela lantokian bertan egiten duten salmenta. Beltzak gogoratu du euskara planok non ari diren ezartzen eta horrek erosleengan duen erreakzioa: "Nafarroako erdialdetik beherako eremuaz ari gara, gaztelania erabat da nagusi. Eremu horretan, batzuk, euskarari bidea ematen ari dira. Arroitzera joan eta lantoki baten errotulazioak Iturri Kontserbak jartzen duela ikusten dute erosleek. Keinu txikiak izan daitezke, baina halako eremuan duten eragina handia da". Iturri Kontserbak ekoizlearen produktuak ehunka etxeetara iritsi dira Errigoraren bidez. Enpresakoek maiz aipatzen dute nola haien produktuak etxeko mahai gainean ezagutu dituzten batzuk lantokira gerturatu zaizkien produktuak erostera eta nola baloratzen duten harremana euskaraz izatea.
Emuneko aholkularien ustez, prozesu horrek eragin biderkatzailea izan dezake eta Euskal Herriko hainbat enpresari eragin diezaioke. Sektore berean ari diren Nafarroako ekoizleek edo Nafarroatik haragokoek erabaki dezakete haiek ere euskarari heldu behar diotela, balio erantsi moduan. Beltza eta Muxikaren iritziz, lan mundua euskalduntzen hastea euskara familiaren eta hezkuntzaren eremutik haratago joateko modu bat litzateke.
Lau ekoizlek dute euskara plana orain arte. Ikasturte honetan beste hamar bat hastekoak dira eta 2023rako Errigorako 25 ekoizleek izango dute plana. Planen sustatzaile nagusia da Errigora eta ekoizleek Euskarabideak emandako dirulaguntzak baliatzen dituzte euskararen normalizazioan pausoak emateko.
Herri ugaritan entzun dute Agerraldiako kideek tankera honetako esaldia: "Umeek euskara ikasten dute ikastetxean, baina gero ez daukate non erabili". Gurasoek ludotekak nahi zituzten, eta hala, joan den udaberrian hamaika abiatu zituzten. Dindaia Fundazioaren, Sortzen Elkartearen eta Tafallako Erbiñude aisialdi elkartearen laguntza izan zuten haiek dinamizatzeko. Hasi berri den ikasturtea beste modu batez antolatu dute, izan ere Agerraldiako kide den Haizea Lizarbek azaldu digu udaberriko lanak Agerraldiako boluntarioak buruz gain ibiltzea ekarri zuela. Gurasoekin hitz egin eta herri bakoitzerako ludotekak diseinatzea Sortzen eta Erbiñude elkarteen ardura izango da, baita haien kudeaketa ere. Udaberrian hamaika ludoteka antolatu bazituzten, urritik aurrera hemezortzi izango dira ondoko herrietan: Abarzuza, Andosilla, Antzin, Azkoien, Allo, Erriberri, Garinoain, Irunberri, Caparroso, Castejon, Lodosa, Oteiza, Sartaguda, Sesma, Viana, Tafalla, San Martin Unx eta Mendigorria.
Beste hainbat egitasmorekin uste duten bezala, ludotekak ere iraunkorrak izatea nahiko lukete, ez urte batetik bestera galduko diren ekimenak. Hori azaldu nahi diete ikastetxeei, gurasoei eta udalei, hau da, Agerraldiarik egongo ez balitz ere, ludotekek ateak ez ixtea. Esate baterako udaberrian umeak jaso dituen Tafallako ludotekak udalaren dirulaguntza izan du, kostuaren erdia bere gain hartu du.
3 eta 6 urte arteko haurrek hartu dute parte batik bat ludoteketan eta asmoa da hemendik aurrera adin gehiagoko umeek ere parte hartzea. Haizea Lizarbe Agerraldiako kidea ludoteken kudeaketan aritu da buru-belarri eta argi ikusten du umeentzako jolastokion egitekoa: "Euskara ez dadila eskolan gelditu, aisialdia euskaraz izateko aukera izan dezatela. Gaur egun eskolaz kanpoko oso oso gauza gutxi dago euskaraz zonalde honetan".
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Euskara hauspotzeko lan egiten duten eragileak ekonomikoki hornitzea da ekimenaren xedea. Ekarpena egiteko bertako produktuen saskiak erosteko aukera izango da urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean.
Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari' izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]
Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.
50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.
Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]
Iazko udan suteek panorama iluna utzi zuten Nafarroan, argazkiko San Martin Unxen lurren %95 kiskali zuten. Asko hitz egin zen hedabideetan suteek eragindako kalteez, baina nola aurre egin gero eta sute gehiago eman daitezken testuinguruari? Nafarroako Gobernuaren interes falta... [+]
Errigoraren baitan dauden ekoizleetatik zazpik parte hartzen dute jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginez. Ager eremuko baratzeetan dauden produktuak prestatzen dituzte. Produktu horiek jantokietan sartuz gero, euskal lurraldeen artean "harreman iraunkor... [+]
Osotara, 9.000 eskaera jaso ditu euskara eta elikadura burujabetzaren aldeko ekimenak 'Eskutik eskura' udaberriko kanpainan. Laster Euskal Herriko txoko guztietara iritsiko dira eskaerak.
Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatzea dira Errigoraren helburu garrantzitsuenak. Bost ekoizlerekin hasi ziren 2013an, baina gaur egun dagoeneko 23 dira, eta beraz, urrats bat gehiago eman beharra sentitu dute: Errigora identifikatzailea.
Ekainean Nafarroak inoiz jasan gabeko kalteak izan zituen suteen ondorioz. Errigora ekimenak diru bilketa abiatu zuen uztailean, ondorioak bideratu ahal izateko eta "lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak" sustatzeko. 85.000 euro bildu dituzte Euskal... [+]
“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]
Euskararen Foru Legeak nafarrak diskriminatzen ditu, eta hizkuntza eskubideak esleitzen zaizkie bizi diren eremuaren arabera. Bada, duela urte batzuk ereiten hasi ziren hamaika ekimen zonifikazioari aurre egiteko, eta udazken honetan inoiz baino indartsuago hasi dira euskarari... [+]