“Neska askorentzat erakargarriagoa da manga, emakumezko protagonista gehiago dagoelako”

  • Lucio Urtubia Cascanteko anarkista ekintzailearen bizitza izugarria eleberri grafiko batean kontatzeagatik ospe handia lortu du azken hiru urteotan, baina ibilbide luzea du Belatz-ek marrazkigintzaren hainbat alorretan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mikel Santos Martínez, "Belatz"

Marrazkilari, gidoilari eta ilustratzailea Kukuxumusuren marrazkien lantegiko kidea izan zen 2008tik eta gaur egun Katuki Saguyaki, Mikel Urmenetaren sormen taldeko kidea da. Estatu mailan zein nazioartean, haurrentzako hainbat ipuin ilustratu ditu. Gainera, testuliburu, kanpaina instituzional eta iragarkietarako lanen egile edo egilekide da. Bere lanen artean Osasuna Fundazioarentzat eginiko 90 minutos en el Reyno eta Nafarroako Gobernuaren enkarguz sortutako Abentura bat hiru garaitan komikiak azpimarra daitezke. 2018an Txalapartarekin argitara emandako Gerezi garaia-El tesoro de Lucio, Lucio Urtubia anarkista nafarrari buruzko eleberri grafikoa, ziurrenik, orain arteko bere lanik onena da. Musikaria ere bada Belatz. Pianoa jotzen du eta Swingaraia taldeko kidea. Iazko otsailean lehen diskoa kaleratu zuten.

Marraztea zure betiko pasioa izan da?
Txikitan topiko guztiak betetzen nituen: liburu guztietan marrazten ibiltzen nintzen eta gero irakasleek errieta egiten zidaten. Beti gustatu izan zait, baina aitak ez zidan utzi Arte Ederrak edo diseinu grafikoa ikasten eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza egin nuen. Gero sorosle lanetan aritu nintzen, baina denbora aurrera joan ahala gero eta garbiago ikusten nuen marraztea zela benetan egin nahi nuena. Nire marrazkiak leku guztietara bidaltzeari ekin nion eta horrela lortu nuen, adibidez, ekonomia egunkari batean umore grafikoko atal bat egitea. Grazia handirik ez nuen, baina tira. Orain ez nuke halakorik egingo. Hasieran ikusgarritasuna edota dirua ematen zidan guztia hartzen nuen. Gainera, honetan lan egin ahal izateko, tematia izan behar duzu eta toki guztietara deitu lotsarik gabe. Egun, zorionez, zer lan egin erabaki dezaket. Honetatik bizitzea oso konplikatua da, baina lor daiteke.

Kukuxumuxun ibili zinen hainbat urtez. Nolako esperientzia izan zen?
Askatasun handiarekin aritzen ginen hor, gaur egun Katuki Saguyakin bezala. Oso giro ona genuen Kukuxumusuren lan taldean eta denon artean egiten genituen marrazkiak. Horretarako asko ikasi behar izan nuen, baina lehenbizi desikasi buruan nuena. Horren marrazki sinpleak eta sintetikoak egitea oso zaila da. Orain Iruñeko udaletxea egin dezaket lau lerrorekin, adibidez. Ni ilustraziotik nentorren eta ez nuen ulertzen, baina bikain etorri zait sintetizatzen ikasteko.

Katuki Saguyakin ari naiz orain lanean Mikel Urmenetarekin. Oso priektu interesgarria da, baina oraindik asko garatu behar da. Berriki autismoaren inguruko film labur bat egin du Bulit zezena protagonista duena eta Goya sarietara aurkeztuko da.

Azkenean epaileek erabaki behar izan zuten Urmenetaren pertsonaiak Urmenetarenak zirela… Zeinen bukaera tristea, ezta?
Bai, merkantzia egiten ari ginela zirudien. Transferitutako 8.000 marrazkiak ez ezik, pertsonaiak ere guk ez erabiltzea nahi zuen Ricardo Bermejo jabe berriak. Ezin nuen sinetsi nola egon gintezkeen akusatuen aulkian eserita epaiketa batean, pelikuletan bezala, marrazkiak egiteagatik.

Egiten duzunetik, zer da gehien gustatzen zaizuna?
Komikia, nobela grafikoa, zuk zeuk dena egin behar duzulako. Erronka handiagoa da eta adrenalina ere ikaragarria. Arlo honetako nire lehen esperientzia nahiko gogorra izan zen. Nafarroako Gobernuak [Yolanda] Barcinaren garaian enkargu bat egin zidan 1512ko V. mendeurrena zela eta, haurrentzako komiki bat egiteko ele biz. Abentura bat hiru garaitan izena zuen. Gidoia eta marrazkiak egin nituen, dena onartu zuten eta jada inprentan zegoelarik errotatiba geldiarazi zuten goiko norbaitek irizpide politikoekin irakurri bide zuelako. Zegoen bezala ez zela onargarria eta zuzenketa piloa egin behar zela esan zidaten. Hiru historialarirekin aritu nintzen lanean eta haiek ere ez zeuden batere ados zuzenketekin. Eztabaida gogorra izan genuen. Azkenean gauzatxo gutxi batzuk aldatu nituen eta haiek nahi izan zuten hitzaurrea erantsi zuten. 2011n inprimatu zuten, baina gero haren zabalkunderik ez zuten egin, haien gustukoa ez zelako izan. Ondoren Osasuna Fundazioak haurrentzako beste komiki baten enkargua egin zidan eta horrekin gusturago gelditu nintzen.

Argazkia: Dani Blanco

Gero Lucio Urtubia anarkistaren biografia ilustratu itzela egin zenuen. Pozik?
Bai, erabat. Gerezi garaia-El tesoro de Lucio du izena. Seigarren edizioa doa gaztelaniaz, laugarrena euskaraz eta, honetaz gain, frantsesez, katalanez, galegoz eta danieraz ere badago. Copenhagen izan nintzen honen aurkezpena egiten.

Egia esa, Lucioren lana bai izan dela gozokia. Ideia Txalapartarena izan zen. Luciok Durangon ikusi zituen antzeko lanak eta esan zuen berak ere nahi zuela bere bizitza kontatu “en dibujicos” eta argitaletxeak niri proposatu zidan hori egitea. Lehendik bere istorioa ezagutzen nuen pixka bat. Gero bere liburuak irakurri nituen, bere bizitzaren dokumentala ikusi eta gainera aukera izan nuen berarekin elkartzeko hainbat aldiz Cascanten eta Parisen. Niretzat benetako altxorra Lucio bera ezagutzea izan da. Bizitza aldatu dit. Pentsatzeko modua, egunerokoa… Orain argi ikusten dut ez dugula horrenbeste gauzarik behar bizitzeko. Lehen ere ez nintzen oso materialista, baina orain are gutxiago. Berarekin egon ondoren pilak kargaturik eta gauzak aldatzeko ilusioarekin itzultzen nintzen etxera. Laurogeitaka urte luze zituen eta ekintzaile suharra izan zen bukaerara arte. Bere eredua ikusita, ni ere gauzak esateko eta aldatzeko garaiz nabilela sinetsita nago.

"Niretzat benetako altxorra Lucio bera ezagutzea izan da. Bizitza aldatu dit. Pentsatzeko modua, egunerokoa…”

Berari gustatu zitzaion Gerezi garaia?
Bai, asko! 2018ko maiatzean irakurri nion Parisen, ordenagailuan. Hunkigarria izan zen. Negar egin zuen hainbatetan. Liburua egin bitartean berarekin borrokatzea oso kontu bitxia zen, baina jatorra zen oso eta azkenean familiakotzat hartzen genuen elkar. Berak ere bere baldintzak jartzen zizkidan aldi oro. Halako pertsonari buruz zerbait ez esateko bizirik zegoelako edo Cascanten ezaguna zelako. Jite honetako gauzak maiz esaten zizkidan.

Oso pertsona interesgarria zen. Berak zioen bezala, Cascanteko igeltsero xume bat, soilik parrokiako orria irakurria zuena. Esaten zuen bere zortea ezjakintasuna izan zela, horregatik sartu zela lapurreta eta faltsifikazio afera haietan. Parisen CGTko anarkistekin topo egin zuen, baina haiek musika entzun eta poesia irakurri eta idatzi besterik ez zuten egiten. Lucio ekintzaile hutsa zen eta horregatik anarkista izan zen anarkismoaren barruan. Ez zen inoiz afiliatu CNTn. Luciok lana goraipatzen zuen. Niri askotan galdetzen zidan ea bukatua ote nuen liburua, eta ezetz esatean alfer hutsa nintzela erantzun ohi zidan.

Berriki Gayarre antzokira eraman duzue Lucioren bizitza jazz musikaz lagunduta. Nolako nahasketa suertatu da?
Oso bitxia. Hau zen Luciori falta zitzaiona. Ikuskizunean Lucioren ahotsa entzuten da, nire marrazkiak ikusten dira… eta hori dena zuzeneko musikak lagunduta. Gainera, nire ustez jazza oso ongi uztartzen da Luciorekin, jazzean nolabaiteko anarkiarekin jo behar delako.

Orain zer duzu eskuartean?
Orain, Xabiroi Ikastolen Federazioaren komiki aldizkarirako ari naiz lan bat egiten, Ene Kantak telebistako saioaren fondo guztiak egiten ditut eta nobela grafiko berri batean ari naiz lanean.

Zertaz doa?
Gerra ondoko Galizian dago kokatua eta horregatik han izan naiz udan bi hilabetez. Egiazko gertaeretan oinarritua dagoen fikzioa izango da. Apaiz falangista guapoa da protagonista, pistola eta motorra dituena.

Komikigintza nola ikusten duzu, oro har?
Gero eta kalitate handiagoa dago. Baliabideak etengabe asmatzen dira. Paco Roca bezalako marrazkilaria hartu eta entziklopedia moduko bat dela ikusten duzu.

Komikien osasuna ona dela esan daiteke. Euskal Herrian, oro har, asko irakurtzen da. Durangon aski ongi ikusten da hori, adibidez. Astiberri, Harriet edo Txalaparta bezalako argitaletxeen lanak oso onak dira eta asko saltzen dira. Nik uste dut egunetik egunera irakurlegoa zabaltzen ari garela, baina honen aurrean esan behar da egileok oso posizio ahulean gaudela. Guk %10a besterik ez dugu irabazten. Ordua oso merke ateratzen zaigu eta batzuetan ez digu merezi lan batzuk egitea. Hori dela eta, orain hainbat mugimendu eta negoziaketa ari dira egiten han eta hemen, egoera hori aldatzeko asmoz.


"Artistak oso ergelak ginateke sistemaren aurka joango ez bagina, gehienok oso bizimodu prekarioa dugulako"
 

Eleberri grafikoa eta komikia gauza bera da?
Eleberri grafikoa hasi dira orain deitzen seriotasun gehiago emateko. Liburutegietara iritsi dira, ikasgeletan memoria historikoa kontatzeko balio dute, sari nazional bat eratu da eta orain jada ez da soilik haurrentzako denbora-pasa bat. Izan ere, gero eta jende gehiago dago 50 edo 60 urterekin komikiekin zaletzen hasi dena.

Harreman handia du komikiak zinemarekin, baina zeintzuk dira aldeak?
Harreman estua du zinemarekin bai, baina zineman egileak ezin du filma gelditu. Komikian, aldiz, zuk markatzen duzu erritmoa. Zuk erabakitzen duzu irakurleak azkar edo motel irakurri behar duen, eta alde batetik edo bestetik eramaten duzu. Hori da gehien gustatzen zaidan erronka.

Komikizaleak frikiak dira?
Bartzelonako komikiaren aretoan Supermanez janzten diren horiek komikiaren parte bat dira, baina besterik ez.

Baina alternatiboa bai badela komikiaren mundua, ezta?
Badira komiki komertzialak eta egurra ematen duten komiki eta fanzineak, TMEO, El jueves, Napartheid… Ni TMEO-n izan nintzen. Ez zuen dirurik ematen baina bada hasteko eta jendearengana iristeko modu bat eta, gainera, oso betegarria da nahi duzuna esatea. Artistak oso ergelak ginateke sistemaren aurka joango ez bagina, gehienok oso bizimodu prekarioa dugulako.

Eleberri grafikoak irakurle alferrentzat dira?
Ez pentsa, batzuetan komikia ere irensteko astuna egin daiteke. Ohiturarik ez baduzu zaila gerta daiteke komikia irakurtzea. Ezkerretik eskuinera joan behar izatea, zein ordenenean irakurri bokadiloak… hori dena ikasi behar da. Normalean irakurle txarrek zailtasunak izaten dituzte komikiak irakurtzean.

Nola doa kontsumoa euskarri digitalean?
Komikizaleari papera gustatu ohi zaio. Orrialdeak binaka irakurtzen dira eta tentsio uneak eskuineko orrialdeetan geratzen dira, baina haien amaiera beti ezkerrekoetan, begi bazterrez ez ikusteko. Hori euskarri digitalean galtzen da. Digitalean irakurri ditut batzuk, merkeago delako, baina jakinda ez nuela horren gustura irakurriko.

Zer moduz moldatzen zara ematen dituzun tailer eta hitzaldietan?
Gustura. Haurrak askotan harrituta gelditzen dira ikusita zeinen erraz egin daitezkeen marrazkiak. Ongi dago, gainera, ogibide hau ezagutzera emateko eta aldarrikatzeko. Eta ilusioa egiten du ikusteak zure klasetik pasa den batek marrazten jarraitzen duela. Hitzaldietan ere gozatzen dut. Psikiatrikoan eman izan ditut, Paris 365ean, gor-mutuen elkartean eta Iruñeko kartzelan, besteak beste.

"Emakumeen papera marrazki bizidunetan nazkagarria da. Disney ikaragarria da. Gizonezko batek salbatu behar ditu beti neskak"
Argazkia: Dani Blanco

Komikien mundua matxista da?
Hitzaldi bat eman nuen komikigintzan dagoen genero arrakalaz. Hasten bazara komikien izen ezagunen zerrenda egiten, egile ia guztiak gizonezkoak direla ateratzen zaizu eta emakumezko pertsonaia bat ateratzen denean zerbait txarra izango du edo norbaiten bikotekidea izango da.

Urtetan behartu dituzte neskak komikia gustukoa ez izatera. Beren esparrua ez zuten hor ikusten. Emakumeen papera marrazki bizidunetan nazkagarria da. Disney ikaragarria da. Gizonezko batek salbatu behar ditu beti neskak. Ilustrazioaren alorrean emakume gehiago ibiltzen da, baina komikigintzan oso gutxi. Orain hasi dira sartzen eta protagonistak ere badira. Argi dago neska askorentzat erakargarriagoak direla manga komikiak emakumezko protagonista gehiago dagoelako. Eta emakume egile gehiago ere bai. Marrazkigintzan nire ikaste prozesua hipermatxista izan da eta ikaragarri kosta zait gauza batzuk ikustea. Ez nintzen kontzientea.

Zergatik adin batean uzten diogu marrazteari?
Behartzen gaituztelako. Denbora galtzea bezala ikusten dute askok. Orain, aldiz, hasi dira ohartzen, hezkuntzan adibidez, oso egokia izan daitekeela memoria historikoa lantzeko. Arteak, oro har, laguntzen digu zoriontsuago izaten, sortzaileok beti ari gara zerbait pentsatzen.

Ni gehian kezkatzen nauena belaunaldi berrien salto handia da. Orain asko dira tresna digitalak erabiltzen hasten diren marrazkilariak. Oso ongi dago eta gehienok erabiltzen ditugu, baina modu analogikoan ere jakin behar da marrazten. Itzalaldi bat gertatuz gero, ez dugu ezer ere egiten jakingo!

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-03-20 | ARGIA
“Kateekin ateak hautsi” goiburupean ospatuko da Nafarroaren Eguna apirilaren 27an

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.


2025-03-19 | Bertsozale.eus
Maiatzean jokatuko da Udabarria Bertsotan

Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.


Eguzki beltza

Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Nagore Tamayo
“Dantza eszena zuritu edo edukiz hustu dela sentsazio orokorra da”

Azaroan estreinatu zuen bere lehenengo lana Nagore Tamayo dantzariak (Tolosa, 2000): Nondik abiatu inora izena du, eta Natalia Belén dantzariarekin batera gorpuztu du. Bere herrian egin dugu hitzordua, Zumardi Handian.


2025-03-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hirien jana

2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]


'Literatura Plazara'
“Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu”

Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]


Abeslari sorta ederra

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.

[+]


Etxea. Aitarena, amarena, ahizparena. Nirea

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Alberdania, 2024

-----------------------------------------------------

Gogotsu heldu diot irakurketari. Yolanda Arrietaren obra aski ezaguna zait eta iragan maiatzean argitaratu zuen proposamen honetan murgiltzeko tartea izan dut,... [+]


“Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio”

Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]


Itxaro Borda
“Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]


Eguneraketa berriak daude