“Irakasleak armairutik ateratzea inportantea da, eskola espazio seguru bilakatzeko bidean”

  • LGBT jendearen aurkako erasoen gorakada ohartarazi duten honetan, eskolan gaiak duen presentzia jakin nahi izan dugu. Ikastetxe barruko eraso homofoboez, horri aurre egiteko estrategiez eta hezitzaileek jokatu dezaketen rolaz mintzatu gara Kepa Blázquez eta Usua Martinez irakasle homosexualekin. Blázquezek Frantsesa eta Martinezek Hizkuntza eta Literatura ematen dute Bigarren Hezkuntzan, eta badakite LGBTfobiari aurre egiteko espazio inportantea dela eskola, baina kontuan hartuz “aldi berean eskola bera dela txikitatik barneratzen dugun heteronormaren transmisore handietako bat”.

Argazkilaria: Dani Blanco

Zenbateraino da “marikoia” ohiko iraina eskoletan, ikasleen artean? Zer zigortu nahi du irain horrek?
Kepa Blázquez: Eskola hein batean ere bada gizartearen isla eta beraz galdetu beharko genuke zenbat esaten den “marikoia” kalean, tabernan, gaztetxean… baina egia da eskolan ere erabiltzen dela irain hori. Ez du sexu praktika zigortzen, kaxetatik ateratzea baizik, zehazki mutil-kaxatik ateratzea, mutil ereduaren kaxatik. Dena den, eraso homofoboa ematen delarik, beti azpimarratzen dugu norbaitek erasoa jasan duela homosexuala delako, baina fokuak ez luke hori izan behar, baizik eta erasotzailea homofoboa dela: erasoaren iturburua ez da biktimaren homosexualitatea, erasotzailearen homofobia baizik. Aldi berean, beste norbait marikoi gisa seinalatzen duenari balio dio bere gizontasuna bermatzeko, kaxatik atera den hori seinalatuz bere burua kaxa barruan kokatzeko, arauaren barruan.
Usua Martinez: Nik ez dut ikusi ikasleak euren artean ari direnean “hura marikoia da” gisako solasaldirik; irain moduan aldiz, sarritan, adibidez mutilen batek bere gizontasunarekiko ahultasunen bat erakutsi badu. Espero ez nuena ere gertatu zait: klaseko lehenengo egunean 15 urteko gazteak euren burua aurkezten ari zirela, neska batek baino gehiagok adierazi zuen lesbiana edo bisexuala zela. Eta ez da kasualitatea, batetik neskak izatea hori adierazi zuten guztiak, eta bestetik gainerako ikasleekiko oso ahaldunduta zeuden neskak izatea. Askoz zailagoa ikusten dut mutil batek halako aurkezpen bat egitea, gay zarela esateak suposatzen duelako zure maskulinitatearen boteretik eskailera-maila asko jaistea.
Blázquez: Nik uste, feminismoaren borrokari esker bollera izateak ez dizula emakumetza kentzen besteen begiradaren aurrean. Aldiz, mutilok gure burua maritxu gisa aurkezten dugunean zalantzan jartzen da gure gizontasuna. Emakume izateko hainbat modu dagoen bezala, ez dut uste gizon izateko halako aniztasuna dagoenik.

Kepa Blázquez: "Gakoa da ikasleei oxigeno bolak jaurtitzea, eredu hegemonikoarekiko kontrakorrontean doazenak"

Esku hartzen al dute irakasleek halako irainak entzutean?
Blázquez: Lehengora bueltatuko naiz, esku hartzen al du familiak, auzoak… halakoak gertatzen direnean? Badirudielako hezkuntzaren ardura baino ez dela. Ikastetxeetan, normalean testuinguru ez-formaletan gertatzen dira halakoak, pasilloan-eta, ez ikasgela barruan, eta ez da hain erraza lanketa egitea. Biolentzia den heinean moztu egiten da, momentuan esku hartzen da, baina hortik harago epe luzeko estrategia botatzen dut faltan. Eta estrategia horrek denontzat izan beharko luke, sexu joera dena delakoa ere, ulertuta kaxen opresioa denok jasaten dugula, nahiz eta gu gehiago odolusten gaituen; “marikoia!” oihukatu duen horri planteatu behar zaio bere gizontasuna hersten ari dela. Homofobiaren kontrako mezu gehienen diskurtsoa da “utziezu nahi duten bezala maitatzen” eta gisakoak, baina diskurtsoa bideratu beharko litzateke norbere homofobia lantzera eta desaktibatzera, ulertuz norberarengan ere eragiten duela opresio horrek, gutxi gehiago.
Martinez: Momentuan esku hartzen duzu, bai, baina horrekin bakarrik ez goaz inora, diskurtsoa oso ikasia dugulako denok, baita ikasleek ere. Badakite marikoi deitzea ez dagoela ongi, eta segituan esango dizute txantxetan ari zirela edo aitzakiaren bat jarriko dute. Alegia, kontua ez da ikusaraztea ekintza hori ez dagoela ongi, jakin badakitelako, eta hala ere behin eta berriz errepikatzen dute biolentzia hori… Kepak zioen bidetik, bestelako estrategiak behar ditugu, hasteko ikastetxeak espazio seguru eta eroso bilakatuz, sexu identitate guztiak babestuko dituen espazioa, gaur egun ez delako hala, inondik inora. Norbaiti marikoi deitzeaz ari gara, baina heterosexual ez denarenganako biolentzia alde guztietatik dator eskolan, curriculumetik hasi eta irakasleok egiten ditugun iruzkinetaraino.
Blázquez: Estrategia premiari tiraka, nik beti izan dut harrikada bat: euskalgintzaren borrokari esker Irale formazioa lortu den moduan (irakasleentzako ikastaroak, euskara eta euskal kultura indartzeko), antzeko formazioa planteatuko nuke, hezkidetza oinarri, gai hauen kontzientzia hartzeko. Azken finean, ezer ez egitea da norma transmititzea eta egonkortzea, eta norma ez da naturala, propaganda eta zigor estrategiak ditu, eta ez dago horren kontzientzia nahikorik. Neska kuadrilla irtengo da luma duen mutilarekin batera patiora, eta hantxe joango zaio irakaslea “zeinen ongi akonpainatuta zauden” esatera mutikoari.

Zenbateraino iruditzen zaizue lagungarria irakasle ez heterosexualek euren identitate sexuala esplizitatzea? Armairutik ateratzen al dira irakasleak, ala bizitza pribatuaren esparrurako uzten dute gehienek?
Martinez: Ez dakit irakasleak armairutik atera ohi diren, baina niretzat bada inportantea egitea, “kaixo, hemen gaude, bollerak gara, marikak, transexualak, ez-binarioak, irakasleak gara eta lasai egon” mezua zabaltzea, eskola identitate sexual guztientzat espazio seguru bilakatzeko bide horretan. Heterosexualen artean hedatuta dagoen diskurtsoa da “ze behar duzu hori esateko?”, bada, hain juxtu, zuk ez daukazun beharra. Dena etiketatzeko beharrik ez dagoela esaten digute, baina ez dira konturatzen ezer esaten ez baduzu zuzenean duzun etiketa “heterosexuala” dela. “Ez du inporta zer zaren eta norekin oheratzen zaren, denok berdinak gara” ere badiote, eta ez da egia, heterosexual izateagatik besteok ez ditugun pribilegio batzuk dituztelako. Hori esanda, onartzen dut ikasleen aurrean “bollera naiz” esatea kostatu egiten zaidala. Batzuetan esan dut eta bestetan ez, taldeak berak batzuetan gai horretaz hitz egitera eramaten zaituelako eta bestetan ez. Azken azaroaren 25ean adibidez, aztoratuta sartu ziren ikasleak, indarkeria matxistaz hitz egin nahi zuten, eta gizon zisheterosexualez gain dauden beste identitateez hitz egiten amaitu genuen.
Blázquez: Gure barne-borroka eta zalantzak ditugu, eta ahal duguna egiten dugu. Batzuetan indartsuago zaude eta bestetan zaurgarriago, bolada batean kontraesanak izan ditzakezu… baina noski ikusgaitasuna oso inportantea dela, ez bakarrik ikasleentzat, baita neuretzat ere, neure prozesuarentzat. Erreferente garelarik erreferentzialtasun hori ez badut erabiltzen nire marikitismoa mahaiaren gainean jartzeko, norma gailenduko da eta etiketa jartzen ez badut beste etiketa aktibatuko da, Usuak dioen moduan. “Zertarako esan behar duzu?”, bada, esan gabe heteronormak egiten duelako bidea. Hain juxtu, bikotea izan dudan garaietan erosoago esan izan dut gay naizela, normara zenbat eta gehiago hurbildu orduan eta errazago irekitzen zaizulako atea. Orain ostadarraren poltsarekin hasi naiz eskolara joaten.

Usua Martinez: "Heterosexual ez denarenganako biolentzia alde guztietatik dator eskolan, curriculumetik hasi eta irakasleok egiten ditugun iruzkinetaraino"

Irakaslea armairutik ateratzeak laguntzen al die ikasleei bestelako ereduen eraikuntzan, aurreiritziak apurtzen?
Blázquez: Norma hegemonikora oso atxikita dagoen LGBT irakaslea bada, ez du zertan; horren aldean, lagungarriagoa litzateke adibidez gonarekin klasera etortzen den gizon irakasle heterosexuala. Edo luma duen gizon irakaslea, ez baita ohikoa luma erakustea autoritate posizioan dauden gizonengan, baina gogoa ere behar da luma azaleratzeko, gizon-kaxatik ateratzea delako, barreak eta biolentzia jasotzea dakarrelako, eta prest egon behar duzu horretarako, errazagoa da luma ezkutatu eta kaxaratzea. Kontuak kontu, gakoa da ikasleei oxigeno bolak jaurtitzea, eredu hegemonikoarekiko kontrakorrontean doazenak, dela ostadarraren poltsarekin agertuz, sintaxia emateko “ni eta nire mutila oporretara joan gara” esaldia erabiliz edo ikasleak Paris Saint Germain futbol taldeak irabazi duela eta hari buruzko lanketa egiteko eskatzen duenean nik ezetz erantzunez, Eurovisioko frantsesezko abestiak jorratuko ditugula.
Martinez: Kepak sintaxia aipatzen duen moduan, klasean erabili ohi diren eredu, adibide, curriculum eta abarrek hain dute ikuspegi zisheterosexuala, bestelako norabidean doan erreferentzia oro dela ongi etorria, seguru nagoelako asko eta asko direla ematen den materiarekin identifikatuta sentitzen ez diren ikasleak. Lehen urratsa da irakasleok kontziente izatea zer dagoen ematen dugun curriculum horren atzean, eta gero, dugun denboraren eta aukeren arabera jokatuko dugu, irakasleongan ardura handiak jartzen direlako, baina muga handiak ere baditugu, hezkuntza sistemak berak ezarriak. Dugun beste lan bat da klaseko botere harremanak kudeatzea, espazio guztia jaten dutenei espazio pixka bat kentzea, espaziorik ez duten ikasleei hartuaraztea… Ez dira oreka errazak, ardura handia dugu, eta oxigeno bola horiek lagungarriak dira halako dinamiketan.

Erreakzio txarrik jaso al duzue ikasleengandik, irakasleengandik, gurasoengandik? Zer esango zeniekete “gai horiek” ez direla ikasleekin hitz egitekoak pentsatzen dutenei?
Martinez: Ez dut inoiz jaso erreakzio txarrik…
Blázquez: Nik ere ez. Guraso batzuek pentsa dezaketela haurrei ez zaiela hitz egin behar identitate sexualez? Agian ez dira konturatu heterosexualitatearen iturritik etengabe ari direla edaten haur horiek eta guk nolabait hori orekatu baino ez dugula egiten.

Hartu al zaituzte ikasleren batek “konfidente” moduan?
Blázquez: Udalekuetan gertatu izan zait, baten batek bere identitatea azaltzeko behar hori agertzea, baina horretarako begiraleok asko jarri genuen guretik, egun osoan elkarrekin ginen espazio hori espazio seguru eta erosoa izan zedin; gauza handia da hori lortzea. Ikastetxean gertatuko balitzait eta ikasleak interbentzio beharra izango balu, orientazio departamentuarekin elkarlanean egingo nuke esku-hartzea.
Martinez: Armairutik ateratze prozesuan ikasle batek nigana joko balu, nik ez nuke orientazio sailera bideratuko, nigana jo badu delako nirekin nahi duela barnean duen hori partekatu eta ez nuelako eskolaren esku utziko pertsona horrekin egin beharreko esku-hartzea. Niri berez ez zait halakorik pasa, baina baditut lagun irakasle bollerak halako konfidentziak jaso dituztenak ikasleengandik, beraiekin armairutik atera diren ikasleak.

Kepa Blázquez: "Norma hegemonikora oso atxikita dagoen LGBT irakaslea baino lagungarriagoa litzateke gonarekin klasera etortzen den gizon irakasle heterosexuala. Edo luma duena"

LGBT irakaslearen begiradak errazago harrapatzen al du identitate gaietan galduta egon daitekeen ikasle hori, laguntza eta aholkua behar duena?
Blázquez: Zure biografiarekin bat egiten duen ikaslearekin konexio handiagoa duzu, hori hala da. Nire haurtzaroa nire barnean dago eta pieza horiek ukitzen baditu, ttak, zerbait aktibatzen da. Baina ikasle talde bakoitzarekin ordu askorik ez baduzu astean, eta curriculuma eman behar baduzu, gauza handirik ere ezin duzu egin, lehen esandako oxigeno bola ahalik eta gehien jaurti eta behar dituenak har ditzala, ikasle bakoitzak bere armairuarekin duen prozesua errespetatuz, jakina. Halakoak irakasle bakoitzaren prestutasunera mugatzea ez da zilegi, LGTBfobia arazo estrukturala izanik.
Martinez: Kasu bakoitzak zirkunstantzia ezberdinak ditu. Inportantea da inplizituki ikasleei transmititzea laguntza behar badute hor zaudela. Finean, eskolan ordu asko pasatzen dituzte haur eta gazteek, harreman asko dituzte bertan, eta beraz ikastetxea espazio inportantea da LGBTfobiari aurre egiteko, baina aintzat hartu behar dugu aldi berean eskola bera dela txikitatik barneratzen dugun heteronormaren transmisore handietako bat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


2025-01-16 | Leire Ibar
Haurrak generoaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak desagertuko dira Gipuzkoan datorren ikasturtean

2025eko irailarekin hasiko den ikasturtean ez da izango sexu bereizketarik Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Eskibel eta Erain ikastetxe kontzertatuak dira gaur egun ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten bi... [+]


2025-01-15 | Euskal Irratiak
Eric Etxart, Seaskako lehendakarikidea
“Seaskaren lizeo berria eraikitzeko hiru pista ditugu: Uztaritze, Donapaleu edo Itsasu”

Eric Etxartek Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hirurek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute.


Bermeon itunpeko eskolek “gain-eskaintza larria” egiten dutela salatu dute

Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute... [+]


Primaderako liliak

“Urte berri-berri, zer dakarrazu berri?” oihukantatzen genien, urteko lehen eguneko gaupasatik bueltan, bidean gurutzatzen genituen goiztiarrei. Eske puxken esperantzan gu, mozkor panparrotuok. Eta artean ez baitzen ez runner-ik ez eta selfie-rik ere,... [+]


2025-01-14 | ARGIA
Ikamak grebara deitu ditu ikasleak martxoaren 20an, “faxismoa borrokatuko duen olatua osatzea” helburu

Behar dugun hezkuntzarako, independentzia! lelopean deitu du grebara Ikamak unibertsitateetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Datozen asteetan iragarriko dituzte greba deialdiari lotutako mobilizazioak.
 


Hezkuntza politiken “noraeza” geldiaraztea helburu duen taldea sortu du hainbat irakaslek: “Burokrazia jasanezina da”

HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek. Hezkuntza politiken “noraeza” salatu nahi dute, politika horiek etengabeko metodologia berrietan, “burokrazia ikaragarrian” eta IKTen “erabilera zentzugabean”... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


2025-01-08 | Leire Ibar
Hazparneko Laborantza Lizeoan hiru irakasgai euskaraz irakatsiko dituzte datorren ikasturtetik aurrera

Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.


DBHn azterketa tradizionalen eskema apurtzea ez da utopia bat

Ikasgaia ba ote dakizun frogatzeko eta horren arabera nota jartzeko hiruhileko amaierako azterketarik ez dago Laskorain ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloan. Baina orduan, nola ebaluatzen dituzte ikasleak? Nondik ateratzen da azken kalifikazioa?... [+]


2025-01-08 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, besteren artean, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


Irakasle baten klaseetatik seme-alabak ateratzea erabaki dute Atarrabian: “Izuak jota ditu haurrak”

Irakasle hau egokitzen zaielarik, 6-9 urteko haurrengan beldurra, amesgaiztoak, antsietatea, negarra… orokortzen direla salatu dute Atarrabiako Atargi ikastetxeko gurasoek. Urtetako arazoa konpontzen ez dela-eta, haren klaseei planto egitea erabaki dute. Guraso elkarteko... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


Eguneraketa berriak daude