Munduko Bankuak kalkulatua du lurrari 3.000 milioi tona mineral atera beharko zaizkiola klima aldaketari aurre egiteko beharrezko diren energia eta teknologia ‘berdeak’ nagusitzeko trantsizioan. Mineral meta horren bilaketak Mendebalde aberatseko herritarroi ere badakarkigu nobedadea: orain hemen ere lehentasuna hartu du meatzaritzak. Irlandako urre meategiek erakusten digute nola datorren gatazka.
Ekonomia “desmaterializatzera” omen zihoan, software-ak hardware-rik behar ez balu bezala, eta meatzaritzak mundu osoan bizi duen boom-a heldu da gezurra zela erakustera. Meategi berriak edonon: ez soilik lehengo koloniak diren herrialde periferikoetan, baita Iparreko metropolietan bertan ere. Europan, Irlanda bilakatu da meatze-konpainia handien jomuga nagusietakoa. Irlanda osoan –Ipar eta Hego– lurzoruaren %25 baino gehiagotan baimendu diete mineral bila saiatzea. Moletarik, ordea, egin ezin bada arrautzarik hautsi gabe, ezin lurraldearen laurdena hondeatu bertako biztanleak astindu barik, Irlandako Sperrin [irlanderaz Speirín] mendien inguruetan urre meategi handi baten abiatzeak erakutsi duenez.
Kanadan jatorria duen Dalradian Gold Limitedek asmo handiak dauzka Ipar Irlandako Tyrone eskualderako. 2017an 10.000 orriko txosten batekin agintariei baimena eskatu zien urre meategi berri bat urratzeko Greencastle [irlanderaz An Caisleán Glas] inguruetan. Legez katalogatutako paisaia bereziaren jabe den eskualdean berehala martxan jarri nahi dituzte meategia, minerala prozesatzeko planta eta urrea kendutako hondakinentzako biltegia, hamazazpi solairuko eraikin bat adinakoa.
Proiektuaren kontra 37.000 alegazio aurkeztu dituzte bertako biztanleek, argudiatuz meategiak biodibertsitatea suntsituko duela, airea pozoituko, errekak zikinduko –tartean betirako galtze arriskuan den ur gezetako perla-muskuilua bizi den errekak–, hainbat kalte ekarriko dizkiela jendeen osasunari eta baserritarren ekonomiari, eta abar.
V’cenza Cireficek The Ecologist aldizkarian azaldu duenez, emakumeak dira nagusi multinazionalari aurre egiteko ekintzetan, planeta osoko beste borroka askotan bezala. Epaitegietako borrokak, bilkura publikoak, Dalradian Gold-ek hautatutako eremuaren okupazioa eta nazioarteko beste mugimenduekiko koordinazioa landu dituzte. Emakume horietako batek, Save Our Sperrins taldeko Fidelma O’Kanek bataila txiki bat irabazi zuen Auzitegi Nagusian, urrea garbitzean zikindutako urak erreketara zuzenean isurtzeko baimena eragoztea lortuz.
Alabaina, sententziak ezusteko itsusia ere ekarri zion O’Kaneri, Belfast Telegraph egunkariari aitortu zionez: zur eta lur geratu zen jakitean epaiak aurreko beste baimen bat utzi zuela indarrean eta baldintza zorrotzagoetan izanik ere Dalradian Goldek isuri ahalko dituela ur zikinak erreketan. Paperetan ondo josita zeuzkan bere interesak multinazionalak.
Joan den uztailaren 15ean Irish Times egunkariak publi-erreportaje zabala eskaini zion Dalradian Golden proiektuari, konpainiaren Community Relations Manager-ak sinatua: “Tyroni heldu zaio belaunaldi batean behin baizik agertzen ez den aukera eta probestu behar du”. Seme-alaben etorkizunean pentsatzen duten gurasoei ezezkorik eman ezinezko aukera eskaintzen die: “[COVID-19ak eragindako] konfinamenduaren amaierari esker, Tyronen eta Ipar Irlanda osoan aberastasuna zabaltzeko moduan gaude. Dalradian Goldek aukera hau egia bihurtu nahi du industria berri bat sortuz, ehunka lanposturekin eta familientzako bezala negozioentzako epe luzerako onurak ekarriz”.
MILITANTEAK MEHATXATURIK
Konpainiari sinestekotan, Sperrin mendien zorupean datza munduko urre, zilar eta kobre hobirik handiena. Hori bai, urre, zilar eta kobreok partikula mikroskopikotan daude harkaitzetan, eta luzaz errentagarriak ez ziren mineralok orain ustiatu ahal izango dituzte lurpeko meatzaritza metodo berriei esker. Konpainiak herritarrei oroitarazi die jada 130 milioi libra (152 milioi euro) inbertitu dituela eskualdean esplorazio, azterketa, ingeniaritza eta ingurumen ikerketetan. 15 milioi libra gehiago gastatuko omen ditu mineralok atera eta tratatzeko kontratatu behar dituen 1.000 langile berriak –350 meategi barruan ariko direnak– formatzen.
Etekin gehiago, kopurutan: meategiak beharko dituen hornidurek bertako komertzioei 750 milioi libra gehiago injektatuko omen dizkie, bertako udalaren proiektuetara gutxienez 4 milioi libra bideratuko ditu, meategia lanean ariko den 25 urteetan proiektuak Ipar Irlandako ekonomiari 750 milioi libra gehituko dizkio…
Urre meategiak ingurumenari ekarriko dizkion hobekuntzak ez dira txikiagoak izango. Zulatutako eremua leheneratuko da lanen hasieratik eta industria amaituta ere. Lurpetik erauzita metatutako hondakin mendiak lur onez estali eta bertako zuhaitzez landatuko dituzte, inguruko muinoen tankeran. Lurpeko urak eta inguruko errekak oso zorrotz zainduko dituzte eta ur zikinduak birziklatuko. Kamioien ordez zinta garraiatzaileak eta erabiliko diren ibilgailu guztiak edo biodieseldunak edo elektrikoak… dena izango omen da puntakoa zeren Dalradianek agintzen du izango dela Europako lehenbiziko meategi karbono-neutroa, karbono apaleko ekonomiari egokitua.
Ez du erraza izan behar hainbeste diru edukitzeaz gain horrelako promesak agintzen dituenari aurre egitea. Ingurumen gatazketan zigortutako militanteen defentsan ari den Frontline Defenders erakundeak aurreratu du adibide bat When Irish Environmental Defenders Receive Death Threats (“Ingurumenaren aldeko militante irlandarrak heriotzaz mehatxatuak”) artikuluan. Erakundean ohituta daude Afrika, Asia, Amerikak, Ekialde Hurbila edo Eki Europako ingurumen defendatzaileen kasuetan lan egitera, baina gutxiena espero zuten Dublingo bulegotik 150 kilometrora bizi diren militanteen laguntza eskea jasotzea. Fidelma O’Kanek, Dalradiani iaz auzia irabazi zionak, erasoak jaso ditu sare sozialetan, beste batzuek eraso informatikoak nozitu dituzte beren tresnetan eta O’Kanerekin Save Our Sperrins taldean ari den Cormac McAleer aurpegia mozorrotutako hiru gizonek bahitu eta jipoitu zuten. Berrikitan PSNI Ipar Irlandako poliziak taldeko hiru kideri jakinarazi die haien kontrako heriotza mehatxu bat jaso dutela eta zaintzapean jarri dituzte.
Muturreko eta bultzada horiek hasiera baino ez dira, pentsa lezake batek. Europar Batasunak Green Deal edo Itun Berdearekin erabakita baitauka etxean bertan indar handiz sustatzea meatzaritza.
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Nafarroako Gobernua ezustean harrapatu du Zangozako Muga meatze proiektuari Justiziaren arlotik emandako ostikadak. Hala onartu du Mikel Irujo Trantsizio Ekologikoko kontseilariak. Espainiako Meatzeen Legea aldatu beharko litzatekeela esan du eta ez du argitu Nafarroako Justizia... [+]
Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak Geoalcali enpresari potasa ustiatzeko emandako baimena, Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek jarritako helegitearen ondoren.
Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan modura (UGEP), eta horren ondorioz, Magnesitas Navarras SAk 25 urtez ustiatu ahal izango du Erdizen ireki nahi duen meatzea.
Ozeanoaren sakonean dauden mineralak ustiatzeko urrats garrantzitsua egin du Norvegiako Parlamentuak: baimena eman du meatzaritza enpresek itsas sakona esploratu eta komertzialki ustiatu dezaten, gizakiak ukitu gabe duen munduko azken tokia. Zientzialariak eta ekologistak... [+]
Azken hiru urteetan material arraroen ustiaketa industriaren ingurumen-eragina asko handitu dela adierazi du agentziak, uraren kontsumoa bikoiztu delako, hondakin kopuruak ugaritu direlako, eta berotegi-efektua ekartzen duten gasen isuriek " oso maila altuan"... [+]
Energiaren Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera energia berriztagarrien bidez planetaren berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburua lortzeko, kobrea, nikela, litioa eta kobaltoaren ekoizpena 2030 urtean ia lau aldiz handitu beharko litzateke.
Guatemalarra da Paolina Albani. 33 urte ditu, eta 2021etik Prensa Comunitaria hedabide digitalean kolaboratzen du. Buru-belarri dabil nazioarteko Mining Secrets azterlanarekin: 8 milioi dokumentuko filtrazio bati esker, herrialdeko lakurik handiena kutsatu zuen meatzaritza... [+]
Larunbata honetan Erdiz Bizirik plataformak manifestazioa egingo du Baztan Udalekoak diren Erdizeko larreetan Magnesitas de Navarra (Magna) enpresak eraiki nahi dituen magnesita meatzeen aurka. "Landa Eremuen Defentsan. Erdiz Bizirik" goiburupean aterako dira... [+]
Urte askotako gorabeheren ondoren, Zangozako Udalak meatze polemikoaren obrak hasteko baimena eman dio Geoalcali enpresa australiarrari. Meatze horretatik potasa aterako litzateke nagusiki eta baita gatz arrunta ere.
Brasilen, legez kanpoko ia meatzaritza operazio guztiak gerarazi ditu Lula da Silvaren gobernuak, Amazonian bizi den jatorrizko Yanomami herriaren lurretatik, eta egunotan enpresa gehiago kanporatzea espero da, Democracy Now gunean jaso dutenez.
Erdiz Bizirik plataformak salatu du babesgune natural bat ustiatzea “ilegala” dela eta erabakia “inposaketa”, baztandarren gehiengoa aurka duelako.
Pasa den abendutik Perun gertatzen ari diren istiluak, herrialdearen egoera politiko ahularekin lotu dituzte munduko hedabide nagusiek. Pedro Castillo presidente ezkertiarraren noraeza, haren kargugabetzea, Andeetako eskualdeetako herritarren altxamendua eta haien kontrako... [+]