Lorenza Mazetti: Barrura begiratu memoria egiteko

  • Urte batzuk pasa dira Durangoko azokan Igela argitaletxeko standera begiek salto egin zidatenetik. Belen Lucasen liburu azal deigarri eta erakargarria ikusi eta gehiegi pentsatu eta ezer ere irakurri gabe erosi nuen. Denbora luzez egon zen etxe desberdinetako apalategietan hautsa hartzen italiar literaturan murgildu nintzen arte. Eta, orduan, Lorenza Mazzettiren Zerua gainbehera dator liburuak eskura egin zidan salto.

Argazkia: BFI National Archive
Argazkia: BFI National Archive

Mazzetti artista italiarra izan zen (Florentzia, 1927 – Erroma, 2020);  idazlea, margolaria eta zinegilea besteak beste. Umezurtz geratu ziren bere ahizpa bikia Paola eta biak. Horregatik aitaren familiarekin bizi izan ziren urte batzuk 1944an SS-ak izeba, osaba eta lehengusinak juduak izatearren akatu zituzten arte. Hala, bi aldiz geratu ziren umezurtz.

Esperientzia gogor eta traumatiko horren ostean unibertsitate garaia Londresen egitea hautatu zuen, nolabait oroitzapenak eta mina atzean uzteko asmoz. Espazioan urrunduta bihotza berarekin eramango ez balu bezala. Pinturaren eta artearen historia ikasten hasi zen, baina bikien tutore zen senideak ondasun guztiak xahutu  zituenaren jakinarazpena iritsi zitzaion Mazzettiri. Familiarik eta dirurik gabe, bere ikasketak kafetegi batean zerbitzari lanak egitearekin uztartu behar izan zituen.

1956an K filma grabatu zuen Slade School of Fine Art eskolako diruarekin eta erdi ezkutuan. Fakturak iritsi zirenean, salatu beharrean filma ikusi zuen zuzendariak, eta zorrak ordaintzeaz gain eskolak ekoitzi zuen lehenengo filma bihurtu zen. Horrek ateak ireki zizkion, eta British Film Institute-k finantziatuta eta beste hiru zinemagilerekin batera (Lindsay Anderson, Tony Richardson eta Karel Reisz) abangoardia izango zen Free Cinema mugimendua sortu zuen. Garaiko Europak bizi izan zituen gerra eta sarraskien ostean munduari begiratzeko modu berri bat eskaintzeko saiakera izan zen, 60ko hamarkadara arte luzatu zena. Zineman, antzerkian, literaturan eta artean oro har aldaketa eragin zuen mugimendua izan zen. Mazzettik zuzendu zuen Together (Elkarrekin) filmak gerraosteko Londresen kokatzen gaitu eta bi gormutu ditu protagonista. Ikuskera propioa duten eta kanpoko mundutik erdi isolatuta bizi diren pertsonaia horiek hiriko haur eta gazteen burlak jasotzen dituzte. Berezia eta ausarta da Mazzettik egin zuen proposamena. 1956an Cannesen aurkeztu zuten eta abangoardiako palmares saria jaso zuen.

Horren ostean Florentziara itzuli eta depresio sakon batean murgildu zen, bere ahizparen babesa zuen arren. Hainbat terapiatan bilatu zuen gertatzen ari zitzaionari erantzuna eta, azkenik, Gestaltak ireki zion bidea. Gauetan loak hartzea kostatzen zitzaion eta lortzen zuenean amesgaiztoek hartzen zuten. Horien jatorria haurtzaroko gertakizunetan kokatu zuen terapeutak: bizipenek inpaktu eta sufrimendu handia eragin zioten eta  minari ihes egiten saiatu zen. Baina mina deserosoa bada ere, aurre egin besterik ez dago berau gainditu eta berriz bizi ahal izateko. Barnean zeramana askatu eta osatu ahal izateko gomendio bat eman zion terapeutak: idazteko.

Gauetan loak hartzea kostatzen zitzaion eta lortzen zuenean amesgaiztoek hartzen zuten. Horien jatorria haurtzaroko gertakizunetan kokatu zuen terapeutak (...) Barnean zeramana askatu eta osatu ahal izateko gomendio bat eman zion terapeutak: idazteko.

Momentu horretan jaio zen artikuluaren hasieran aipatu dugun liburua: Zerua gainbehera dator. Hainbat argitaletxetara bidali ostean, 1961an argitaratu zioten. Itzelezko arrakasta izan zuen eta hamabi hizkuntzatara itzulia izan zen. 1993an berrargitaratu zenean jakin zen liburua bere bizitzan oinarrituta zegoela, osabari egindako eskertzari esker. Euskaraz Igelak argitaratuta aurkitu dezakegu, Xabier Olarrak eta Fernando Reyk itzulita. Liburuaren berezitasun nagusia ahots narratiboa da: haur batena. Esango nuke bizipenen krudelari eta gordintasunari aurre egiteko estrategia literarioa dela. Gaira distantzia emozional pixka batekin hurbiltzeko modua. Oso ondo jasotzen da haurraren begirada eta bere ahotsa. Testuinguru osoa ez duen eta munduaren (i)logika oraindik ulertu ez duen izaki xaloa da protagonista. Bere begietatik eta bere ahotsean arriskua nabaritzen da. Osaba galtzeko arriskuari beldurra ere ikusiko dugu. Izan ere, ez dugu Bigarren Mundu Gerrako kontakizun lineal eta analitikorik aurkituko. Liburuaren irakurraldi desberdinetan harritu nauena zera da: haurren jolas eta elkarrizketen bidez elizaren boterea, nazien biolentzia eta horrek sortutako beldurra nola gorpuzten diren bikain azaltzen duela. Azalpen teorikorik gabe mezuak eta sineskerak erraietan iltzatzen dituzte pertsonaiek. Txiki- txikitatik. Horren guztiaren kritika da liburua. Eta baita memoria ariketa ere: Mazzettiren oroitzapenak ordenatzeko balio izan zuena alde batetik; eta familiari bere lekua egiteko modua izan zen beste alde batetik. Azkenik, zauri kolektibo baten akta jasotzea ere bada. Memoria eta osatze ariketa bat. 2000 urtean izen bereko filma egin zuten Frazzi anaiek.

Euskaraz irakur dezakegun bere liburu bakarra da hizpide hartu duguna, baina bere ibilbide literarioa oparoa izan zen. 1963an Con rabbia (Amorruz) liburua argitaratu zuen. Aurreko liburuko bi ahizpak dira protagonista hemen ere, baina kasu honetan ahotsa nerabeena da. Izenburuak pista ederra ematen digu; izan ere, tonua da liburu honetatik azpimarratuko nukeena: amorrua eta haserrea. Umetatik munduak kale egin dien pertsonaiak dira. Biolentziak eta gerrak ia dena kendu die eta ondorengo urteetan hipokrisia nagusi da Italian: elizaren boterea nagusitzen da oraindik, eta egitura patriarkala hertsia da oso hain azkarrak eta biziak diren, eta jakinminez beterik dauden, buruentzat. Aurrerakoia, ausarta eta feminista da liburuan egiten den aldarria. Erreferentzia literarioz, artistikoz eta politikoz beteriko liburua da.

Liburuaren irakurraldi desberdinetan harritu nauena zera da: haurren jolas eta elkarrizketen bidez elizaren boterea, nazien biolentzia eta horrek sortutako beldurra nola gorpuzten diren bikain azaltzen duela.

Beste liburu batzuk ere idatzi eta argitaratu zituen, Diario londinense (Londresko egunerokoa) eta Mi puo prestare la sua pistola per favore? (Utz diezadakezu zure pistola, arren?), besteak beste. Haurrentzat antzerkiak sortu eta txotxongiloen mundua ere ezagutu eta ezagutarazi zuen. Puppet Theatre sortu zuen nahiz eta hori den bere alderdirik ezezagunena. PCIko (Italiako Alderdi Komunista) kide izan zen eta Vie nuove aldizkarian astero idazten zuen.

Bukatu aurretik, Mazzetti pintorea ere aipatu nahi nuke. 2010an Erroman Album di famiglia. Storia di una famiglia sotto il fascismo (Familia albuma: Faxismoaren menpeko familia baten historia) erakusketa aurkeztu zuen. 80 bat margolanetan bere txikitako historia jasotzen zen. Irudi oso bereziak iruditzen zaizkit niri: naif itxura dute baina sinboloz eta esanahiez beteta daude. Ordenan ikusita erritmoa hartzen doaz eta kontakizuna bikain eginda dago. Koloreen erabilera magikoa da. Edertu eta indartu egiten dute kontakizuna. Hipnotikoak dira. Erakusketarekin batera margolanak, testuak, argazkiak eta analisiak jasotzen zituen liburua argitaratu zuen, urte askoan deskatalogatuta egon dena. 2020an, Lorenza Mazzettiren heriotzarekin batera berrargitaratu  da liburua. Altxor bat da, zin dagizuet.

Lagun batek esan zidan behin memoria historikoa egiten dugunean atzera begiratzeko joera dugula, baina barrura begiratu beharko genukeela eta erraietatik oroitu. Artista handia zen Mazzetti, harribitxi bat. Letrak, margolanak, irudiak, mugimendua... dena baliatu zuen bere minak loa ez lapurtzeko. Bizi izandakoari aurrez aurre begiratu eta ahotsa jarri zion. Haur batena, gazte batena eta heldu batena. Eta zorionez euskaraz irakur dezakegu bere lanaren lagin bat. Uda amaierako opari gisa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-12-30 | Behe Banda
Barra warroak |
Urte berriari

Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?

Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


Umore zoroa

Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024

----------------------------------------------

Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


Amore eman, ala ez

Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024

----------------------------------------------------

Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


Marigorringoak Afrikan

Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024

---------------------------------------------

Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


2024-12-04 | Aitor Aspuru Saez
Craig Thompson
“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]


Nire neure

Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020

-------------------------------------------------------

Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Eguneraketa berriak daude