“Fabrikako lanak ekarri zuen kontrabandoaren azkena”

  • Nafarroa, 1983ko maiatza, udal hauteskundeak. Osatu dira alkatetzak, nagusitu dira batean batzuk, bertzean bertzeak. Etxalarren, errateko, independenteen kandidaturak lau zinegotzi ditu, eta hiru ditu Herri Batasunak (HB). Teresa Sarobe hautatu dute alkate, Franco ondoko lehen emakume alkatea da Nafarroan.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Teresa Sarobe Etxeberria. Etxalar, 1940

Teresa Sarobe Etxeberria (Etxalar, 1940), Franco hil ondoko lehen alkate andre izan genuen Nafarroan. Badu urguilu zuzen bat, hainbat sos bildu ahal izan baitzituen herrira. Ez zen dena gozo izan, ordea, gogotik estutu baitzuten ezkerretik, mehatxu, telefono dei eta bertze. Bertzalde, William Douglass antropologo amerikarrak Etxalarren egindako ibiliaren lekuko zuzena da, 1960ko hamarkadaren hasieran etxekoen Buxungoborda baserrian hartu baitzuten. Teresa Sarobek aunitz urte bizkarrean, historialari behar luke, unibertsitate doktore zailduaren almazena baitu bere barnean gordea.

1983an, udal hauteskundeak Nafarroan, eta berrien artean egunkari aunitzek azpimarratu zuten bat, emazte bat izanen zela Etxalarko alkate, erran nahi baita, zu, hautagaitza independente bateko buru. Nola heldu zen hura?
Etxalarko usategietan jatetxea zeukan emakume batek erran zidan lehenbizian: “Zer, ezarriko zaitugu zerrendan?”. Nik Antonio [Sansinena] senar defuntuari galdegin nion, hura alkate izana baitzen lehenago, 1973tik 1975era. Franco hil zelarik, bera zen alkate. Fabrikan lan egiten zuen, eta idazkariari ere exijitu zion lan egiteko, zeren eta etortzen baitzen goizeko hamaiketan-edo eta sartzen zen zuzenean ostaturat hartzera lehenbiziko kafea. Eta, noizbait etortzen zen emakume bat baserritik, bi oreneko bidea eginik, kasik Baztan gehiago baita Bortzirieta baino, jaiotza-agiria idazkari hari galdegitera, eta hark erraten zion etortzeko ondoko egun batean! Idazkari hark bazuen laguntzailerik, baina deus ez. Alfer-alferrik zen. Orduan, Antoniok erran zion ez zuela hura ametituko, lan eginarazi zion, eta, ondoko aldi batean, okasioa izan zuenean, idazkari hark bengantza hartu zuen gureak ziren lur-sail batzuen alderat, eta auzitara jo zuen Antonioren kontra. Hondarrean, senarrak dimisioa eman zuen.

Eta etxean esperientzia hori izanagatik ere, zuk baietz erran zenion emakume hari?
Etxean galdegin nuen, eta baietz erran zidaten, izanen zela bizi-esperientzia berri bat. Aurkeztu nintzen, eta irabazi genuen. Alkate hautatu ninduten, eta, denbora hartan, 300 milioi pezeta sartu ziren Etxalarren. Alkate emakume bakarra Nafarroan. Alkate nintzela, egin zen bilkura bat Santiago de Compostelan (Galizia), eta han ziren Frantzia, Belgika eta Espainiako eta Europako leku aunitzetatik etorritako emakumeak, udaletan-eta kargu politikoa zutenak. Baziren Iruñetik-eta joandako hiru zinegotzi, baina ni nintzen alkate bakarra. Han, laguntza galdegin nuen, uholdeak izanak baitziren 1983an, ez Bilbon bezain makurrak, baina Etxalarren ere aski makurkeria egin baitzuen urak.

Eta, zer gisa esperientzia?
Oroitzen naiz alkate hautatu ondotik bilkura egin genuela Beran, han izan zen [Luis] Roldan, Espainiako Gobernuaren ordezkaria Nafarroan sasoian, eta bertze bilkura bat izan zela Etxalarren, saneamendua hobekitu nahi baikenuen, euria zelarik ura beti eskapatzen baitzen erreka batetik eta bertzetik, estolderiatik eta toki guzietatik. Etxalarren bilkura izan zelarik, usategietara bazkaltzerat gomitatu nituen hango jendeak. Baziren arkitektoa, ur eta herri-lanetako teknikariak, ingeniariak… jende aunitz. Bazkaltzen ari ginelarik solastatu nintzen batzuekin eta bertzeekin, eta jakin nuen bazirela han eta hemen laguntzak, Nafarroako Gobernuarenak, ur partzuergoarenak, batarenak eta bertzearenak, eta guzira sartu ziren Etxalarrerat 300 milioi saneamendu guzia berritzeko. Etxalarrek ez baitzuen sosik gisako obratzar handi bat egiteko. Eta are gehiago, obra haren %100 egiteko bakarrik ez, kaleak zolatzeko dirua ere bildu genuen. Hondarrean, obraren %106 bildu genuen! Victor Manuel Arbeloa sozialistarekin ere izan nintzen. Beharko, sosa atera nahi banuen herriarendako!

Argazkia: Zaldi Ero

Hautagaitza independentean izan zinen, baina independenterik bada?
Nik ez dakit gauzak nola diren bertze herrietan. Ni independente nintzen, hori erraten ahal dut. Baina antieuskalduntzat tratatu ninduten, antivasca erraten zuten. Zertaz, ordea? Zerengatik ez nintzen eurek nahi zuten bezalako euskalduna! Nahi zuten aunitz gauza, baina niri ez zitzaidan posible iruditzen. Erraten nien: “Ni antivasca? Horregatik dituzte nire seme-alabak halako izenak! Lorea, Aitor eta Amagoia! Ezetz jakin zuek nondik heldu diren izen horiek!”, haiek ez baitzekiten Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII liburutik hartuak nituela. “Zuek ez zarete euskaldunak ez deus!”, erraten nien nik ere.


"Ama haurrekin etxerat etorri zelarik, senarrik gabe oraindik, etxean zituen sos guziak kendu zizkion poliziak. [Meliton] Manzanas zen”

Etxalarren bertan sortua zaitugu, baduzu familia istoriorik.
Jakin duzu zerbait ere! Jauregiberrian sortu nintzen ni, hori baita etxe bat, Agerretik pixka bat aitzinago. Etxe ederra, nahiz orain hondatua den. Lau senide izan ginen, ni laugarrena. Aita eta ama esposatu ziren 1929an, eta 32an sortu zen lehenbiziko anaia. Ez baitzuen soldadu egin nahi, joan zen Txilerat. Nahi izandu zuen Ipar Amerikarat joan, baina Bilboko kontsulatura joan, eta galdegin zioten ea ezagutzen zituen ardiak. Hain xuxen, etxean bagenituen behiak, bagenituen ahuntzak, bagenuen denetarik, baina ardirik ez! Ardirik ez genuen izandu behin ere. Galdegin zioten zenbat hortz zituen ardiak, ea noiz kanbiatzen zituen hortzak… Eta deus ez jakinki, kontsulatuan bota zuten gibelerat. Gehiago deus erran edo egin gabe, gibelerat.

Hori baino lehenago, zuen aitaren kontua ere bada…

Aitak, Anjel Sarobek, joan nahi izandu zuen Frantziarat, Espainiako gerra denboran. Ama ere igorri zuten hara, bi haurrekin eta haurdun, hirugarrenaren esperoan, eta hantxe gelditu behar izandu zuen familiak, Frantzian. Gero, nire esperoan zegoelarik, ama Etxalarrera etorri zen berriz. Handik pixka batera, gerra hasi zen Europan! Aita etorri zen berriz etxera, eta hemen sartu zuten preso, errefuxiatu izan zelakoz, edo iheslari. Beharrik, bazen jende ona ere Etxalarren, eta lagundu zuten gure familia.

Eta Meliton Manzanasen afera?
Bai, bada. Ama haurrekin etxerat etorri zelarik, senarrik gabe oraindik, etxean zituen sos guziak kendu zizkion poliziak. [Meliton] Manzanas zen. Gero hil zuten Irunen polizia hura. Etorri hona eta adio! Dirua kendu! Bi mila pezeta-edo omen zituen gure amak. Hemen bazen polizia bat, buru, eta igandero etortzen zen gure ostaturat, harekin ez zen aferarik, baina Manzanas etorri baitzen gailen, gure etxerat joan ziren eta han harrapatu zuen diru guzia eraman zuen. Akabo! Manzanasek bazituen eskubideak alde guzietan, errepidean, kaminoetan, baserrian, karrikan, bazter guzietan. Bertze poliziak, hemengo buruak, beti izandu zuen kezka, zerengatik dirua eraman zuen Manzanasek gure etxetik. Ni alkate nintzelarik oroitzen naiz nola eskribitu zidan gutuna hemengo polizia izandako hark, beti izandu zuela kezka bere barnean. Igandero etortzen zen gure ostaturat, lagunekin partida jokatzera. Eta kezka zuen bere barruan.

Guardia zibil, militar, karabinero… denetarik izan zen Etxalarren sasoi batean.
Bai, hemen bazen denetarik. Baziren soldaduak, guardia zibilak, poliziak, abiaziokoak, asaltokoak… denetarik bazen Etxalarren. 3.000 ere bai, hemen frontera baitzen! Eta guardia zibilak esposatzen ziren herriko neskekin. Baziren familiak, hiru neska, hiru guardia zibilekin esposaturik. Neska haien anaiak kontrabandista, eta hiru koinatuak guardia zibilak. Eta bizi ziren batzuk bertzeekin! Horrela zen orduko denboran. Gauza normala zen.

Barkatu, Teresa, euskaldun hutsa zara, baina hor zabiltza euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara...
Nola heltzen den nire bururat, solastatzen naiz batean edo bertzean… Gilermok dio hagitz euskara bizia dudala, aunitz balio duela, baina horrela nabil, batzuetan euskaraz eta bertzeetan gaztelaniaz.

Gilermo?
Nola erraten duzu zuk? William Douglass. Badakizu nor den, doike. Hemen Douglass Gilermo baitzen, ez William, ez Bill, Gilermo bertzerik ez. Etxalarrerat etorri zelarik, 1964an hor nonbait ere, sartu zen gure aitzineko ostatura, eta galdegin zuen ea non harrapatzen ahal zuen etxe bat. Ostatukoak gure izeba deitu zuen orduan, eta galdegin zion Agerrea etxea libre izanen ote zen Gilermorentzat. Eta baietz… Agerreakoak ez ziren nornahi, etxe hartakoak Amaiurren borrokatu ziren! Gilermo etxe horretan bizi izan zen lehenbizi, baina gero joan zen gure lehengusinaren baserrira, Buxungobordara.

"Baziren familiak, hiru neska, hiru guardia zibilekin esposaturik. Neska haien anaiak kontrabandista, eta hiru koinatuak guardia zibilak"

Etxalar eta Aulesti hartu zituen tesian ikergai Douglassek.
Bai, hemen izan genuen zenbait denbora, eta gero ere, etortzen zen aldiro. Oraino etortzen da. Oroitzen naiz erraten zuela Etxalarren zelarik jendeak sobera ongi tratatzen zuela, baina ez ziola deus kontatzen. Egin baitzuen ikerketa, baserri baterat joan eta galdegin eta galdegin zebilen beti. Eta jendeak, bada, ez zuen aise konprenitzen Gilermoren lana. “Errazu, baina amerikano honek zerengatik du hainbertze galdegin beharra? Berak ez baitu deus erraten!”. Eta, ondoko aldi batean, gauza bera: “Hemen izan da gizon hori, eta galdegin du gure etxean seme-alabak zenbat diren, ea herentzia nori emana zaion, eta ea baserriaren edo etxearen eskriturak bagenituen, ikusi nahi zituela, eta hau eta hori eta hura”. Aunitzetan ez genekien zer erantzun ere, eskriturak eta gauza horien gainean ez baitzen solasik egiten sasoi hartan. Eta Gilermo baserri batetik bertzera ibili baitzen, beti galdeka. Gizonak ematen zuen erreparo pixka bat, zerengatik hemen bazen kontrabandoa ere.

Argazkia: Zaldi Ero

1960ko hamarkadaren erdi aldera bazen oraino kontrabandoa…
Bai. Beti bazen zerbait, edo behiak edo zaldiak edo parpaila edo penizilina edo belusa… Edo jendea! Errateko, Buxungobordako leihotik ikusten ahal zenuen nola pasatzen ziren portugesak bidexkan barna… Hura zen hura, lastimagarria! Zapata takoidunak jantzirik, eta mendira! “Igo gain hori eta bertze aldean Frantzian zarete!”, erraten zieten portugesei, eta aunitzetan egia zen, baina aunitzetan gezurra!

Engainatzen zituzten?
Bai, bada! Beti ez zen engainua, batzuetan bazen istripua ere. Hemen gertatu zen mutiko bat, hogeita hiru urtekoa, kanalera erori eta hil zena. Erori zen, edo bota zuten. Inork ez daki. Erori ere, ez da estrainioa, orain kanala estalia dago baina orduan ez. Inork ez daki zer agitu zen. Mutiko portuges hori hemen enterratu zuten, eta bidali zitzaizkion familiari aldean zeramatzan sosak, diru-zorroak eta denak. Hemengo kanposantuan dago enterratua portuges mutiko hura. Ez du paratzen hor dagoela hila. Gilermo honat ailegatu zelarik gertatu zen hori. Portugesak orduan aunitz ibili ziren hemen! Gero, kontrabandoa finitu zen. Kontrabando-kontrabando handi hura, 1960an bukatu zen. 1962an ez zen hemen gehiago kontrabandorik.

Zerk ekarri zuen kontrabandoaren azkena?
Fabrikako lanak. Etxalarren kasuan, Lesakako ijesketa edo laminazio fabrikak. 1958an hasi ziren hura egiten, eta Beran, berriz, Palmadera zegoen, beste fabrika handia. Jendeak lanean hasi nahi zuelarik, fabrikara joan, lan egin nahi zenuela erran eta kontesta ematen zioten: “Etorri hadi bihar goizeko zortzietan!”. Eta jendea harritzen baitzen hori aditzean, erraten zioten: “Nahi baduk lanean hasi, ongi, etorri. Behar diagu jendea”. Enpresak goiti ari ziren hemen orduan. 1964 inguruan sekulako mugimendua izan zen. Baserritarrak, denak fabrikako lanera sartu ziren! Eta lehenago Bortzirietatik Amerikarat joaten zen jendea ez zen gehiago joan. Hemen dirua irabazten hasi zen jendea, eta kito Amerika.

 

                                                                                          *      *     *

PORTUGESAK
“Behin, 18 urtetan ni, bakarrik nintzen baserrian, gosaltzen. Sumatu nuen kanpoan solasa. Leihotik begiratu eta gizon batzuk, gure arboletatik piku jaten ari. Goseak. ‘Zer egin behar dut? Harrapatzen ahal naute hemen, ni bakarrik!’. Hartu eta zakua paratu nuen burutik, kakola bazka hartu bizkarrean eta joan nintzen belartegirat ziztuan! ‘Segitzen banaute ere, mendian beheiti ez naute harrapatuko!’. Izutzen ninduten portugesek. Ametsa ere egiten nuen haiekin”.

SOSA
“Jendea fabrikan hasi zelarik, dirua irabazten zuen, baina irabazi arabera gastatzen zen, ez zen dirurik altxatzen ahal. Amerikan bai, han artzaina mendian baitzen beti, eta altxatzen zen dirua. Nire senarra ere Kalifornian izandu zen hiru urtean, baina hemengo fabrikak ireki ondotik, ez zuen balio hara joatea".

JOHONNY TTIKIA
“Gilermo [William Douglass] Buxungobordan izan zelarik, hantxe izan zituen emaztea, Patrizia, eta urtebeteko haurra, Johnny. Gu euskaraz solastatzen ginen, eta haurrari ere euskaraz. Haren gurasoekin espainolez, baina Johnny ttikiari euskaraz, eta Buxungobordan egin zuen urtean, euskaraz erraten geniona aise konprenitzen zuen hark, eta solas batzuk ere egiten zituen”.

 

AZKEN HITZA

TRANPA, BEHIN
“Izan zen hemen bat, tranpa egiten zuena. Erraten zien portugesei: ‘Joan handik, gero hemendik, eta Frantzian izanen zarete bihar". Eta gezurra! Edo Belaten uzten zituen, edo Elizondon, edo bertze nonbait. Tranpa egiten zuen. Portugesek jakin dute, eta, behin, harrapatu dute tranpa egiten zuen hura, eta xehatu dute joka! Xehatu! Tranpa behin egiten ahal da, baina ez aunitzetan”.

 

       

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatuko dira oroimenaren aldeko elkarteak

Abuztuaren 5ean emango dio domina zentroari Gasteizko Udalak, eta abuztuaren 2rako elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu du Memoria Osoa plataformak. Martxoak 3 elkarteak salatu du “planteamendu diskriminatzailea” eta “irakurketa partziala” egiten... [+]


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Arabako diputatua zen Modesto Manuel Azkonaren hezurrak bere sorterrira itzuli dira, 88 urteren ostean

1936an fusilatu zuten frankistek, une horietan Arabako diputatua zela, eta herriko beste 42 fusilatuen hilobian bertan sartu zituzten Manuelen gorpuzkinak.


Bego Ariznabarreta Orbea. Gerrarik ez
“Gure aurrekoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik”

Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]


Aurreskua, bertsoak eta musika emanaldiak German Rodrigezen omenez

Aurten ere, uztailaren 8an, astelehenean gogoratuko dute German Rodrigez haren omenezko oroitarriaren alboan. 13:00etan izanen da: aurreskua lehenbizi, Mikel Lasarteren bertsoak gero eta La Furia eta Fermin Balentziaren emanaldiak bukatzeko. Iluntzean, Peñak, isilik eta... [+]


Angel Berrueta eta bere senitartekoak indarkeria polizialaren biktima moduan aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Naiz.eus-ek aurreratutakoaren arabera, 2004ko martxoan Espainiako polizia batek eta bere semeak erail zuten Angel Berrueta eta bere alargun zein seme alabek, Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala jasoko dute, indar polizialen indarkeriaren biktima moduan.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azkona Garaicoechea Arabako Diputatu eta Saratxoko bizilagunaren gorpua identifikatu dute

Alesbesekoa jaiotzez, Saratxon bizi zen Unión Republicana alderdiko kidea, bere emaztea hango maistra baitzen. 1936ko irailean erail zuten frankistek eta ostiralean lortu zuten bere gorpuzkinak identifikatzea.


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Eguneraketa berriak daude