“Galtzaile bihurtzen gara bizitzan aurrera egin ahala”

  • Gogoan dut argitaratu du Aritz Galarragak, pertsonalki irakurria izaterik nahi ez duen liburu autobiografikoa. Joe Brainardek I remember (Oroitzen dut) liburuan darabilen formula bere eginda, bizi oroitzapenak katigatu ditu errenkada luze batean, memoriaren mekanismo kapritxosoari bide emanez. Esaldi soilak zenbaitetan, irudi osoagoak beste batzuetan, asmo literarioz onduak, eta orrialdez orrialde pertsonaia bat eraikitzen dutenak. Hitz egin dugu ni-aren literaturaz, aberriaz, Kataluniaz, eta liburuan agertzen diren beste hainbat gairi buruz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Biriatuko hilerrian pasa nahiko luke eternitatea Aritz Galarragak (Hondarribia, 1980): “Ez zait lekurik txarrena iruditzen, nahiz eta badakidan gero nahi dutena egingo dutela”. Betiko atsedenaldirako ez ezik, elkarrizketarako –eta batez ere argazkietarako– iruditzen zaio toki paregabea, zer esanik ez ilunabarrean: “Han urrunean eguzkia oso modu ederrean desagertzen da”. Behin posatzera jarrita, ordea, 1915ean Galipoliko batailan hildako Joseph Eyheramendyren hilobia hautatu du eszenatokitzat. Pozik dabil, eta erruaren zati handi bat liburuari egozten dio: “Ez neukan itxaropen handirik, eta jasotzen ari naizena ederra izaten ari da. Uste dut liburuak lortzen duela konektatzea moduren batera edo bestera irakurlearen memoriarekin, zerbait aktibatzen dio, eta jartzen da gogoratzera”. Euria hasi digu, baina jasarik botako ez duen esperantzan zuhaizpe batean babestu eta solasari ekin diogu.

Hauxe duzu bakarkako lehen liburua, baina literaturaren bueltan ibili zara aspalditik: idazle kolektibo, kritikari, zutabegile… egiten duzunaren atzean ia beti sumatzen da asmo literarioa.

Bai, saiatzen naiz gauzak beste modu batera begiratzen. Zutabegintzan –eta kazetaritzan, oro har– jendea aktualitateari oso lotuta sumatzen dut, eta niri aktualitatea ez zait interesatzen, ez behintzat idazteko gai bezala: oso efimeroa da, gaur berebiziko interesekoa dirudiena bihar agian ez zaigu batere interesatuko. Beraz, bai, saiatzen naiz begirada pixka bat altxatzen eta bihar edo etzi ere irakurtzekoa izan daitekeen zerbait idazten. Azkenean, gai literarioak, hunkitzen gaituztenak, ez dira asko. Egiaz, zerbait atenporalagoa egitea oso erraza da: eskatzen du literatura hartzea ezagutza eta esperientzia iturri oso garrantzitsu gisa, hau da, aurrez jendeak idatzi duen hori, eta, batez ere, idatzitako horretatik gaur egunera arte iraun duena. Uste dut hor oso material interesgarria dagoela, eta balia daitekeela gaur egunetik hitz egiteko.

Eta orain, 40 urte bete berritan, zer eta memoria liburu bat argitaratu duzu –nolabait esatearren–. Bizitzako ziklo baten amaieran egin ohi dira memoria ariketak, batek atzera begiratu eta zer kontatua duenean. Une horretan zauden seinale al da?

Bai, nik uste horretatik ere baduela. Edonola ere, iruditzen zait memoria liburu bat edozein unetan idatzi beharko litzatekeela, hasteko eta behin ez dakigulako 80 urteetara iritsiko garen memoria liburu konbentzional bat idatzi ahal izateko. Baina liburua bada zerbaiten itxiera edo dolua. 40 urteak sinbolikoki badira zerbait –bizitzaren erdia, estatistiken arabera–. Stefan Zweigek zioen bezala bizitzaren erdia da igoera moduko bat, eta bigarren erdia, aldiz, jaitsiera.

Aipu hori lehenago ere entzun dizut.

Bai, baina elkarrizketa honetarako propio ekarri nahi izan dudan aipu bat botako dut, edozein unetan, ea harrapatzen duzun [barreak]. Hariarekin segiz, beraz, oraintxe nengoke erdi puntu horretan –askok bizitzaren floria deitu izan dutena–; hau da, oraindik nahiko gazte zahartasunaren keriak ez nabaritzeko, eta jada aski zahar gaztetasunaren inozentzian ez erortzeko. Dantek esaten zuen [barrez]: Nel mezzo del cammin di nostra vita. Bada hori, bizitzaren erdian gaude, dena ondo badoa. Eta badago horren dolua, gauzak ixteko gogoa: zein da balantzea? Lehen erdi horri negar egingo diogu, eta ikusi igoera horretan zer izan garen.

Argazkia: Dani Blanco

Materiala pilatzeko hasi zinen memoria ariketok idazten, gerora zutabeetan edo auskalo non erabiltzeko. Noiz eta zergatik pentsatu zenuen hemen liburu bat egon zitekeela?

Hasieran, oroitzapenak etorri ahala apuntatzen nituen koaderno batean. Ordurako irakurria nuen Joe Brainarden I remember liburua. Zirrara modukoa eragin zidan: memoria liburua zen, bai, baina ez batere konbentzionala, eta bere mekanikak harrapatzen zintuen uholde batean, eta eramaten zintuen. Formula ona iruditu zitzaidan zutabeetarako materiala pilatzeko, inolako asmo handiagorik gabe. Halako batean kontuak bolumen pixka bat hartu zuen, ehunka oroitzapen bildu nituen, eta ohartu nintzen bildumak bazeuzkala literaturari egotzi ohi zaizkion ezaugarriak: pertsonaia baten osaketa, peripezia modukoak, eta tonu bat. Oroitzapenen bilaketa aktiboago bat egiten hasi nintzen, argazkiak begiratuz, pelikulak ikusiz, lekuak berriz bisitatuz… Ez da oso bilaketa sakona izan, memoriari utzi nahi izan diodalako bere lan kapritxosoa egiten. Azkenik, lana borobildu nahi izan dut literaturaren elementuak erabiliz, emaitza lan literario gisa identifika zedin, eta ez oroitzapen bilduma soil bat bezala.

Ni-aren literaturaren barruan sartu behar ote dugu, bada?

Gai horrek eman dit zer pentsatua azkenaldian. Kontxo, 20 urte daramatzat jada idazten, prentsan gauzak argitaratzen, eta maiz samar hitz egiten dut nitaz, edo sartzen dut nire itxura daukan pertsonaia bat. Nik, neure burua oharkabean igaro nahi duen pertsona ezdeustzat dudan honek, ustez inolako anbiziorik eta goranahirik gabea naizen honek, zergatik hitz egiten dut hainbeste nitaz? Bada uste dut dela, gaizki ezagututa ere, ondoen ezagutzen dudan gauza ni neu naizelako. Bestalde, ez daukat batere fantasiarik, fikziozko nobela bat idazten hasiz gero agian egingo nuke, baina zientzia fikziozkoa –edo mundu niretzat oso arrotz bat asmatzea eskatzen duena– ez behintzat. Beraz, bizitakoa, sentitutakoa, kontatu didatena, dira nire erregaia. Eta ni-ra jotzen dut, pentsatuz hortik arituz jende gehiagorengana irits naitekela, eta hitz egin dezakedala, finean, gutaz eta inguratzen gaituenaz. Ni-aren literatura egoarekin lotzen da, baina niri ez zait batere interesatzen atzo gertatu zitzaidana besterik gabe kontatzea. Niri gertatuak irakurketa unibertsalagoa baldin badu soilik erabiltzen dut.

"Niri gertatuak irakurketa unibertsalagoa baldin badu soilik erabiltzen dut”

Ana Arsuagak aipatu zidan halako zerbait elkarrizketa batean: bere bizitza izan daitekeen anekdota ez zaiola arterako interesatzen. Izan duzu kezka hori liburua idazterakoan –anekdotan geratzekoa–?

Bai. Eta, batez ere, ez zedila irakurria izan gauza pertsonal bat bezala –nahiz eta hala irakurria izango den, ezinbestean–. Ez dut liburu hau publikatu nire bizitza oso berezia dela uste dudalako, baizik eta kode literarioan moldatuta irakurketa unibertsalago bat izan zezakeelako. Nire egoa beste modu batzuetara asetzen dut, baina ez literaturaren bidez: ez dut ulertzen literatura terapia bezala, are gutxiago idazlearentzako terapia bezala –irakurlearentzako ere ez–. Liburu hau ez dut idatzi ez dakit zer trauma gainditzeko –horretarako psikologo batengana joango nintzateke–. Egia da liburu autobiografiko gisa aurkeztu dudala. Baina Flaubertek esaten zuen… [barrez].

Esango nuke orain datorrela aipu madarikatua…

Asmatu duzu [barrez]. Tira, orain ondo bota behar dut: Flaubertek esaten zuen genero autobiografikoa dela genero guztietan faltsuena, hain zuzen ere, zintzotasun irudi bat eman nahi duelako. Horretaz kontziente izanda, eta liburua autobiografikotzat aurkeztuta, irakurketa pertsonala gainditzea nahiko nuke, eta ez geratzea xehetasunean: ez da kontu kitatze bat –bakean nago jendearekin, nik dakidala behintzat–.

Argazkia: Dani Blanco

Liburua irakurri ahala, bereizi ditut bi ahots mota: oroitzapen soilak, alde batetik, eta oroitzapenen gaur egungo komentarioak, bestetik –gehienetan tonu ironikoan ematen direnak–. Ez al dago tonu ironiko horretan errekurtso kontserbadore bat, oroitzapenen jaulkitze hutsa bere horretan aski ez balitz bezala?

Kuriosoa da, ez dit inork galdetu, baina liburua publikatu aurretik irakurri zutenetako batek komentario baloratibo horiek seinalatu zituen, esanez agian ez zetozela bat liburuaren izpirituarekin. Aipu madarikatua harrapatu duzu, baina hara Julian Barnesek zer esaten zuen: berari oroitzapenak etortzen zitzaizkiola, baina oroitzapen horiei lotutako emozioak ez. Niri bietarik gertatu zait: oroitzapena besterik ez etortzea, baina baita momentuan oroitzapen horri lotutako emozioren bat sentitzea ere –batzuetan garaiko emozioak, eta besteetan orainaldian sortu direnak–. Eta horregatik daude liburuan komentario baloratibo horiek, denboraren perspektibatik oroitzapenak distantzia ironiko batekin ikusten ditudalako batzuetan. Edonola ere, zaila izan da neurria aurkitzea: ez nuen beti gauza bat egin nahi, ez beti bestea ere.

Esan daiteke zeu ohartzerako lumak zaramatzala ironiara?

Bai, zalantzarik gabe. Eta hain zuzen ere hori frenatu behar izan dut liburua norabide horretan gehiegi karga ez zedin. Pasatzen zait zutabeetan, eta edozein giza jardunetan –ahoz zein idatziz–. Interlokutorearen arabera, neure burua frenatu behar izaten dut pisutsuegia ez izateko. Askotan pentsatu izan dut umorea, eta zehatzago ironia, bi ahoko labana dela: zerbait konplikatua desataskatzeko balio duen bezala, balio dezake zerbaiti ez aurre egiteko ere. Saiatzen naiz neurria hartzen. Edonola ere, ezer ez da hain garrantzitsua. Hasteko, gu geu. Norbere burua serioegi hartzen duenak arazo handi bat dauka. Eta hortik hasita, dena: ideologia gotorren edo identitate oso sendoen aro bat baldin badator… beldur handia ematen dit eszenatoki horrek. Zenbat eta identitate gogorragoak defendatu, orduan eta tarte txikiagoa dago askatasunarentzat. Gertatzen da identitate nazionalarekin, sexualarekin… denarekin.

"Edonola ere, ezer ez da hain garrantzitsua. Hasteko, gu geu. Norbere burua serioegi hartzen duenak arazo handi bat dauka"

Liburuan maskulinitate hegemonikoa arbuiatzen da, besteak beste.

Nolako gizon izatera behartu gaituzten, ireki gabeko atea dela uste dut. Espainian badago jendea –Antonio J. Rodriguez adibidez–, edo Frantzian ere bai –Ivan Jablonka–, besteontzat interesgarri izan daitezkeen bideak irekitzen ari direnak. Auziarekin nola edo halako gatazka bat dugunok kontuaz hitz egin beharko genuke.

“Gogoan dut euskalduntasuna arazo bat izatera iritsi dela”, diozu beste une batean.

Oroitzapen horrek lotura dauka munduaren aurrean beti euskaldun gisara aurkeztu beharrarekin. Batez ere kanpoan, ikusten duzu jendeak euskaldunez daukan irudia noraino den estereotipatua eta klixez betea. Orduan, une batean irits zaitezke nahi izatera zerbait neutroagoa. “Nongoa zara?” galderari erantzutea “X-koa”, eta “X” horrek ez bereziki ezer eragitea –oro har, nahiago dut indiferentzia eragin, lilura txoro eta batere funtsik gabekoa baino–. Baina gero iruditzen zait euskaldunok badugula erruaren parte bat, beti gabiltzalako, adibidez, euskara gora eta euskara behera, hizkuntzaren polizia horiekin guztiekin, gauzak zuzenki nola esan behar diren kezkatuago beste ezerekin baino. Oso modu agonikoan bizi dugu gure izatea, bihar bertan desagertuko bagina bezala. Tira, agian bai… eta zer? Denbora eta energia gehiegi galtzen dugu txikikerietan, eta jarrera agoniko horrek ez dakit ez ote duen areagotzen balizko desagertze prozesua. Aldiz, jarrera lasaiagoa bagenu, dramarik gabea, modu naturalagoan biziko bagina, ez dut ezer ziurtatzen, baina akaso…

Aberriaren ideiarekiko ere neke modukoa sumatzen da.

Argazkia: Dani Blanco

Bai, eta garai batean, aspaldi samar, atxikipena ere bai. Aberria da ideia horietako bat zure testuinguruagatik eta heziketagatik jasotzen duzuna –eta zure egiten duzuna, ematen duelako ez dagoela besterik munduan–, eta ez duzuna zalantzan jartzen kontzientzia helduagoa eta kritikoagoa duzun arte. Baina bai, nazionalismoa, bere horretan, nahiko kontu arriskutsua da. Esaten dute bidaiatzen sendatzen dela, baina zure etxeko sofan liburu batzuekin ere senda daiteke.

Herman Melvilleren Bartleby ere ageri da liburuan, eta iruditzen zait zeure bizitzarekiko jarreraren deskribatzaile egokia dela hark zioena: “Aukeran, nahiago ez”.

Bai, baina gero hala ere egin egiten dut. Kontraesan handi batean bizi naiz: energia oso gutxiko tipoa naiz, baina hala ere badago zerbait, barne indar bat, parte hartzera bultzatzen nauena. Borroka bat sortzen da zure egoera ustez naturalaren –sofan etzanda egotea– eta zerbaiten parte izateko nahiaren artean. Hala ere, parte hartzekotan, oso kanpotik, besteak beste sinetsita nagoelako kanpoko begirada dela pribilegiatua, eta ez zurrunbiloaren erdian dagoenarena. Askotan pasatzen zait Kataluniarekin: jendeak deitzen dit pentsatuz han bizi naizelako eduki dezakedala begirada pribilegiatua hangoarekiko, eta uste dut justu kontrakoa dela.

Hara, ekidistantziaren pribilejioa baimen dezakeen beste bat.

Fama txarra dauka ekidistantziak, batez ere polarizazio garaietan. Katalunian gatazka politikoak halako dimentsioa hartu zuen, jendea behartzen baitzuen posizio jakin bat hartzera. Noski, gatazka zenbat eta gordinagoa, posizioak gero eta muturrekoagoak: edo zuriago edo beltzago. Panorama horretan, izugarri eskertzen nituen ez batean ez bestean zeuden ahotsak, edo tarteko punturen batetik –edo zuzenean beste nonbaitetik– hitz egiten zutenak. Guillem Martinez, adibidez, une batean gatazkaz hitz egiten zuen bakarra zen, baina gero jende gehiago hasi zenean, berak jarraitzen zuen bestelako begirada bat eskaintzen, ez zegoelako inorekin batuta, eta gai zelako begirada panoramikoa eta kritikoa eskaintzeko.

"Fama txarra dauka ekidistantziak, batez ere polarizazio garaietan"

Sareko eztabaida askotan gertatzen da: bando talkak gertakari jakinei buruzko eztabaida estaltzen du, eta gertakaria bera baino garrantzitsuagoa bihurtzen da norberak gertakariarekiko egiten duen posizio kalkulua.

Are, bandoak ez ote dauden aurretik ondo zehaztuta. Afera edozein delarik ere, jendea identifikatzen dugu bandoekin. “Hau nire bandoan dago, beste hori ez”. Euskal literatur munduan oso argi dago hori: egongo dira beren kasa dabiltzan idazle outsider batzuk, baina idazle gehienak taldeka oso ondo egituratuta daude. Eta batek bere testuetan zerbaiten aurka egiten du, baina bere bandoko inork gauza hori egiten badu, orain kritikatu duena laudatuko du gero, bere lagunak egin duelako. Koadrila logika da, azken batean –instituzio hain euskaldun, atzerakoi eta antinatura hori–: babesa emango dizu, baina gauza asko galtzen ari zara. Mundua askoz ere zabalagoa eta ederragoa da zure kuadrilla hori baino.

Badago liburuan jende multzoekiko distantzia hartze bat ere.

Ziur asko ezintasuna da beste ezer baino gehiago. Ez da “ni berezia naiz eta ez dut hauekin zerikusirik izan nahi”. Zeren gero badut jendearekin egoteko beharra ere  ­–jende mota batekin, hori bai, horretan pixka bat selektiboa naiz–. Baina bai, taldeak eta korronteak ez naute erakartzen. Chirbesek esaten zuena –eta zin dagizut hau dela azken aipua–: jendearen gehiengoa gauza batera baldin badago, joera dut beste alde batera joateko. Gauza masiboekiko susmo modukoa da. Zerbait askoren gustukoa bada, nik susmopean jartzen dut –gero oker egon naiteke, noski–. Taldean oso manipulagarriak gara, eta iritsi gaitezke egin nahi ez genituzkeen gauzak egitera. Horretara bideratuta daude ideologia handiak: masak modu akritikoan hara eta hona mugitzera, gutxi batzuek nahi dutena egiteko. Eta tira, izaeratik ere asko du, segur aski.

Liburuak asmo literarioa duen neurrian, badu pertsonaiaren eraikuntza ere. Ez da euskaldun prototipikoa, baina otu zait identifikagarria dela literatur tradizio oso zabal batekin: gizon heldu, desapegatu, ironiko, galtzailea… Badago molde oso ezagun bat hor.

Bai, liburuan zehar osa daitekeen pertsonaiaren emaitza tradizio baten baitan koka daiteke–Thomas Bernhard etortzen zait kolpean burura–. Irakurle gisa, askoz gehiago erakartzen nau tradizio horrek heroien edo irabazleen narratibek baino. Ez zaizkit batere interesatzen, hasteko, ez dakidalako errealitatean parekorik ba ote duten. Nork ikus dezake bere burua garaile gisara bizitzaren kontrako borrokan? Pretentsio handikoa da, eta ez dator bat gehiengoaren bizitzarekin. Gehienok galtzaile bihurtzen gara bizitzan aurrera egin ahala, baita fisikoki ere. Eider Rodriguezek badauka ipuin oso polit bat: hagina usteltzen zaion emakume bati buruzkoa da, nola hil aurretik gorputzaren zatiak hiltzen doazkigun, nola galtzen dugun ilea, forma fisikoa… Galera pilaketa bat da bizitza, beste ezer baino gehiago. Hortaz, inspiragarriagoa zait bere zauriak erakusten dituenaren bizitza, bere garaipenak eta urrezko dominak erakusten dituenarena baino.

"Omenaldi modukoa egin nahi nien lagunei, lagun literarioei batez ere. Zorte handia daukat ingurune literario oso interesgarria edukitzeagatik"

Jende asko aipatzen duzu. Asko anonimoki, baina beste zenbait izen abizenez: Santi Leoné, Itxaro Borda, Patxi Larrion, Ibon Rodriguez, Gorka Bereziartua, Beñat Sarasola… Zergatik bereizketa hori?

Omenaldi modukoa egin nahi nien lagunei, lagun literarioei batez ere. Zorte handia daukat ingurune literario oso interesgarria edukitzeagatik, eta komentatu ahal ditudalako nik idatzitakoak, irakurritakoak, haiek idatzitakoak, eta abar. Egunero hitz egiten dugu, eta hori, etxekoekin salbu, ez zait beste inorekin gertatzen. Aukeratzen duzun unetik literatura bizibide –ezen ez ogibide- bezala, hau da, hautatzen duzunean, literaturatik ezin, baina literaturan bizitzea, bada, mundu horretako lagunak oso baliotsuak dira, eta haiekiko aitorpena ere bada liburua.

Argazkia: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Irribarrez irakurtzeko

PELLOKERIAK
Ruben Ruiz
Ilustrazioak: Joseba Beramendi, Exprai.
Elkar, 2022

-----------------------------------------------

Ruben Ruizek kontakizun laburrez osaturiko obra berri bat eskaini digu. Ez dira mikroipuinak, kontakizunek, modu independentean irakur badaitezke... [+]


Juana Dolores. Agitazioa eta propaganda
“Neure buruari galdetzen diot zer egiten genuen emakume langileok emakume burgesen ondoan manifestazio berean”

Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Nor da Memet?

Memet
Noemie Marsily eta Isabella Cieli
A fin de centos, 2022

--------------------------------------------------

Kolore gorriko kanpineko kremailera ireki eta atetxotik begira gaude Lucyrekin batera. Portada honekin hartzen du irakurlea Memet komikiak. Hitz gutxiko... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


Patxada

Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Elkar, 2024

-----------------------------------------------------

Gazte-egarri da euskal kultur sistema. Horixe zioen Leire Vargasek Berria-n idatzitako zutabean. Odol freskoa nahi du industriak: askotarikoa eta dibertsoa. Azkenean, baina,... [+]


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


Hauspoa

Duela zonbait egun, Bruno Retailleau Frantziako Barne ministro berria lotu da “migrazio nahasmendu” deitu duen arazo premiatsuari. Estatuko prefetei manu argiak helarazi dizkie: tolerantziarik ez etorkinekin eta haiei begira lazo edo konplize agertzen diren egitura... [+]


Zuhaitzak askatu du hosto hila

Ukapena, zalantzak eta beldurra ohikoak ditugu heriotzaz mintzo garenean. Ez da humanoa, ordea, heriori lotutako panikoa, baizik eta kulturala. Hemen eta orain ukatzen dugu heriotza. Hemen eta orain sortzen digu antsietatea, beldurra eta izua. Pentsamendu bitarrean eta... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude