Ultraeskuina erretiran: Lilleko paradoxa

  • Urrun da jada Trumpen jarraitzaileek Washingtongo kapitolioari eginiko erasoa, zenbait aspektutan eskuin muturraren erretira ideologiko planifikatua ari gara bizitzen. Frantzian Bilgune Nazionalak edo Italian Legak martxan jarritako estrategia berritua horren lekuko. Helburua: eskuin tradizionala irenstea.
Marine Le Pen. Argazkia: Thomas Coex, Getty

2021eko uztailaren 28an - 09:20
Azken eguneraketa: 11:24

Frantziako Bilgune Nazionala: oldarralditik barealdira

2018ko martxoa. Lilleko kiroldegira joandakoen artean erabateko isiltasuna. Beren liderra, hauteskunde presidentzialetako galtzailea, Marine Le Pen noiz entzungo zain ziren. Frente Nazionalaren XVI. kongresua ari ziren ospatzen, porrotaren osteko hitzartze indartsua eman zuen liderrak segidan, Emmanuel Macronen En Marche mugimenduaren aurrean galdu izanaren zergatiak azaldu eta alderdia berregituratzearen beharra azpimarratu zuen.

Aurretiaz bere aita Jean-Marie Le Pen edo bere iloba Marion Maréchal Le Penek defendatutako tesietara itzultzeko bidaiari ekin zion horrela. Esan liteke Marineren Lilleko hitzartzea izan zela Europako eskuin muturraren zati batean gaur egun izaten ari den estrategia aldaketaren hasiera. Aldaketak garaipena ekarriko duela sinetsita, mugimendu ultraeskuindarraren oinarriek berriro ere izendatu dute Le Pen hautagai aurtengo uztailean Perpignanen ospaturiko XVII. kongresuan.

Lillen ezarritako eraldaketa hori aski ongi aztertu du Guillermo Fernández Vázquezek Qué hacer con la extrema derecha europea: el caso del frente nacional en Francia liburuan, tartean mugimenduak atxiki duen izen berria, Rassemblement National du izena orain Frantziako Bilgune Nazionalak. Vázquezen esanetan, estrategia aldaketa atzera-egitea besterik ez da izan, Le Pen aitak defendatzen zituen aspaldiko kontsigna erreakzionario eta neoliberaletara erretiratzea besterik ez da izan, horietako gehienak inoiz desagertu ez badira ere. 2017ko kanpainan erabilitako  Au nom du peuple (herriaren izenean) esloganaren ardatzak ziren Europar Batasunaren aurkako jarrera eta langileen aldeko aldarri populistak lurperatzeko ere balio izan zuen Lilleko kongresuak.

Norabide aldaketaren jakitun, alderdia uzten lehena Florian Philippot izan zen, liderraren eskukoa, ordura arte Marine Le Pen Eliseora eraman behar zuen estrategia nazional-subiranistaren arkitektoa. Bilgune Nazionala utzi ostean, Frantziako Gobernuaren aginduz desegin berri duten Génération Identitaire talde ultraeskuindarraren zenbait ekimenetan parte hartu izan du.

2022ko presidentzialak: Lilleko paradoxa

Formula berria betiko xenofobiaz eta neoliberalismoz makilatua da. Etorkinak jomugan jarrita, baina klase ertainaren aurrean beste aurpegi batekin agertu nahi du alderdiak. Norabide aldaketak eskuin klasikoa ordezkatzen duen Les Republicans alderdiaren oinarri sozialera gerturatu du mugimendua.

Hori berretsi zuen Electograph etxeak maiatzean argitaratu duen azken inkestak. Bigarren bueltan Macron gailenduko litzateke bozken %53 jasota, eta Le Penek %47 jasoko luke. Maiatzean beraz ultraeskuina inoiz baino gertuago zen Eliseotik. Estrategia berriarekin aita indartsurik gabe zegoen errepublikanismoa bereganatzeko ekimenean ziharduten. Udarekin batera baina, jokalekua berriz aldatu da beren kalterako. Paradoxa badirudi ere, Le Penek irentsi nahi zuen eskuin klasikoa (Les Republicans alderdiaren babesa duten zerrendak) gailendu da Frantzia metropolitanoko zazpi erregiotan ekaineko hauteskunde departamentaletan.

Abstentzioak baldintzatutakoak izan badira ere (ia %70 erregio guztietan), pandemia eta jaka horien moduko protestak tarteko, argi geratu da Emmanuel Macron elektoralki jada ez dela hain indartsua. Orain arteko kalkulu guztiak aldatu ditzakeen jazoera baina, Lille hiriburu duen Frantziako Altuetako departamentuan gertatu da. Batasun Nazionalak oso emaitza onak espero bazituen ere, Xavier Bertrand errepublikarrak ukan du garaipena.

Xavier Bertrand, Lille hiriburu duen Frantziako Altuetako departamentuan irabazle. Hurrengo urteko hauteskunde presidentzialetarako errepublikanoen hautagai bihur liteke. Argazkia: Reuters

Garaipenak hurrengo urteko hauteskunde presidentzialetan errepublikarren hautagai bihurtzera katapulta dezake Bertrand. Alderdiaren primarioetan zer gertatuko den jakin gabe, errepublikarrak bigarren bueltan sartzeko aukera ireki du horrek. Albiste txarra mezua birkokatu duen Le Penentzat, ez du gobernuaren aurkako ezinegona kapitalizatzerik lortu, ezta historikoki bere gotorlekuak izan diren esparru askotan ere.

Ahul zen errepublikanismoa fenixa bezala birsortu daitekeen honetan, ez ote da Marine Le Penen erretirada gehiegizkoa izan? Bertranden mamuak hautsak harrotuko ditu, Paris konkistatzeko eskuin muturraren enegarren saiakera zapuztu baitezake. Europa Elects etxeak ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean eginiko inkestan, Bertrand oso indartsu ageri da.

Salvini eta Berlusconiren amodioa: Legaren erretirada neurtua

Frantziako Bilgune Nazionalaren antzera ari da aldatzen Italiako Lega. 2020an Toscana eta Emilia Romagnako (ezkerraren gotorlekuak) hauteskunde erregionaletan langileen aldeko eta Europaren aurkako esloganek, gutxigatik izanik ere, ez zioten garaipena lortzeko balio izan. Bi porrot horien ostean hasi zen Salviniren alderdiaren ihesaldia.

Humberto Bossi mugimenduaren sortzaile karismatikoaren postulatu naturaletara ari da itzultzen alderdia. Europaren aurkako bandera alboratu du eta tesi liberalak are gehiago indartzeaz gain, beti presente izan duten xenofobia zabaltzen jarraitzen dute. Egungo diskurtso arrazistekin Italia hegoaldeko herritarrak seinalatu beharrean, migratzaile eta errefuxiatuak dituzte jo muga.  

Badirudi Italiako Barne ministro ohia jarrera posibilistagotara bultzatu dutela Italiako egoerak eta estatuko lobbyek, Mario Draghi buru duen batasun nazionaleko gobernuari emandako babesa lekuko. Zentrorako estrategia aldaketak baina lehiakide historiko bat indartzea ekarri du: Giorgia Meloni buru duen Fratelli d'Italia alderdia, faxismoaren nostalgikoen alderdia Erroman eta hegoaldean.

Meloniren mehatxuaren aurrean Salvinik urruntzeko erabakia hartu du eta Berlusconiren atea jo. Milango bi buruzagien amodio istorioa denbora gutxiren buruan publiko egin daitekeela idatzi du Ismael Monzon kazetari espainiarrak Erromatik. Emmanuele Lauria kazetari italiarraren esanetan, ForzaLega izena hartuko luke esperimentuak. Le Penek bezala, erroetarako bidea hartu dute 1990. hamarkadan anaia bikia izan zenarekin elkartuz eta, posible den heinean, berau irentsiz.

Helburu bera: eskuin tradizionalaren lekua hartzea

Mugimendu hauek iradokitzen dute Lillen martxan jarritako erretirada planifikatuaren helburua dela oposizioan higatuta eta erreferente ideologiko argirik gabe dagoen eskuin klasiko europarra irenstea. Aurretik, hori ezinezko ikusten zenean, globalizazioaren eta establishment-aren aurkako diskurtso faltsua garatu zuten. Azken gertakarien gainetik, helburu hori lortzeko Erromarako martxa propioa egingo du bakoitzak.

Horretarako ezinbestekoak dira Marion Marechal Le Penek zuzentzen duen eta Madrilen egoitza duen Institut De Sciences Sociales Économiques gisako espazioak. Elkarrekin konspiratzen dute han eskuin muturraren askotariko adarren harrobiek, pandemiak eragindako krisi sozialaren aurrean alternatiba kontserbadore bakar gisa aurkezteko desira horretan.

Alemania eskuin muturraren porrotaren sinbolo

Angela Merkelen agurra badator Alemaniara. Bera ordezkatzeko urtarrilean CDU alderdiak ospaturiko hauteskunde primarioetan Armin Laschet gailendu zen eta berarekin batera Merkelen pragmatismoa eta zentrorako joera. Garaipenaren ostean, CDUk mugimendu ultraeskuindarra ordezkatzen duen AFD alderditik urruntzen jarraitu du, primarioak galdu zituen Friedrich Merzen asmoen aurka.  

Irailean egingo diren hauteskundeetan Armin Lascheten balizko garaipena, erreferente faltan den Europako eskuin liberalarentzat inspirazio iturri izan daiteke. Bitartean Merkelek, Annegret Kramp-Karrenbauerren laguntzarekin, AFDri ezarritako hesia emaitzak ematen ari da. Frantzian eta Italian ez bezala, hauteskundeak gerturatzen diren heinean ari da ahultzen AFD.

Egun Laschetentzat gainditu beharreko arerioa inkestetan oso indartsu ageri den alderdi berde liberala litzateke. Iraileko emaitzen ostean koalizio handiaren figura errepikatuta, alderdi berdearekin batasun gobernua sor liteke, Merkelek SPDko sozialdemokratekin egin zuen bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Ustezko ezkerra migratzaileen sarekadak egiten (eta harro) Erresuma Batuan: 4.000 atxilotu sei hilabetetan

Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.


Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


ANALISIA
Trumpismoa Espainian

Proces-aren aurkako epai gogorra 2019ko urrian atera zen eta horrek Bartzelona sutan jarri zuen. Testuinguru horretan, Espainiako Estatuan bolo-bolo irakurri zen eskuineko prentsan jaregindako esaldi hau: “Espainiaren on beharrez, 50 urtero Bartzelona bonbardatu beharko... [+]


2025-02-03 | ARGIA
160.000 pertsona baino gehiago irten dira kalera Berlinen, eskuin muturrari “suhesia” jartzea aldarrikatzeko

Larunbatean hamarnaka milaka herritar manifestatu dira Berlinen eta Alemania osoan. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, gainontzeko alderdiei eta bereziki CDU alderdi kontserbadoreari exijitu diete AfD eskuin muturreko alderdiarekin harreman oro eteteko.


2025-02-03 | Ahotsa.info
Arrotxapeak aurre egin dio ultraeskuinaren probokazioari

Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere... [+]


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Aljerko Kasbahko sastakaia: Jean-Marie Le Penen iragan torturatzailearen froga

96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko... [+]


Jean-Marie Le Pen: nazismoa eta “arrazen mailakatzea” asumitzen zituen politikaria

96 urterekin hil da Jean-Marie Le Pen, eskuin-muturreko aurpegi ezaguna, Frantziako Estatuan urtez urte indartu egin den Fronte Nazionalaren sortzailea. Ahoan bilorik gabe aritu izan da beti eta beti bere ideia arrazistak zabaltzen. Ideia arrazistak ereiten, eta uztak jasotzen:... [+]


Ultraeskuinari proposatu diote gobernua osatzeko Austrian, hesia ezarri ziezaioketen arren

Irailean egin ziren hauteskundeak eta aise nagusitu zen FPÖ alderdia, botoen ia %30 eskuratuta. Bazen aukera ultraeskuinari hesia ipintzeko, baina ez dira ados ipini demokristauak eta sozialdemokratak.


2024-12-20 | Gedar
Eraso faxista Irungo Lakaxita Gaztetxearen aurka

 Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


Eguneraketa berriak daude