Etxe kaleratze estrajudizialetatik harago doan arazoa

  • Azken hilabeteetan, zeresana eman du etxe kaleratze estrajudizialak egiten dituzten enpresen artetik ospetsuena den eta eskuin muturrarekin lotura duen Desokupak, Bizkaitik birritan kontratatu baitituzte beren zerbitzuak. Testuinguru horretan, faxismoari pauso bakarra aurrera egitea galarazteko irmotasuna agertu du hainbatek, eta egoera etxebizitza arazoaren eta faxismoaren arteko loturaz hausnarketa bultzatzeko baliatu duenik ere egon da. Zein dira etxebizitza arazoaren aurrean faxismoak dituen adierazpideak? Etxe kaleratze estrajudizialak gauzatzen dituzten enpresetara mugatzen da, edo azkoz harago doa? Okupazioaren kriminalizazioak zein lotura du horrekin guztiarekin? Gisako itaunei segi diegu, etxebizitza arazoak auzi antifaxistarekin duen loturaren gainean argi printza batzuk jaurtiki guran.

Desokupa enpresako jazarroiak,
Desokupa enpresako jazarroiak, "zuek denok etxe kaleratzeko gogoak" dioen beren publizitate panela atzean dutela (Argazkia: Desokupa)

Apirilak 15, ostegun goiza. Astegun buruzuri izanik, errutinazko espero zatekeen egunaren monotonia haustera datoz mugikorrera sartutako mezu parea: dirudienez, Desokupa enpresako hamar bat jazarroi Abadiñon daude, okupatutako etxe bat husteko asmotan. Asaldurarekin nahasirik azaleratu da harridura puntua ere, eskuin muturrarekin lotura duen enpresaren esku hartzeak ez baitira ohikoak Euskal Herrian. “Hemen ere hasi al dira etxejabeak faxisten zerbitzuak kontratatzen beren jabetzakoak diren etxeak husteko?”, galdegingo dio batek baino gehiagok bere buruari, halakorik normalizatzeak ekarriko lukeenaz arduraturik. Eguerdian datoz hurrengo berriak: azkenik, Alfredo Baeschlin kaleko etxebizitza hustu egin dute, Ertzaintza protestan bertaratutakoei oldartzen zitzaien bitartean. Abadiñoko Gaztetxeko kideek azalduko zutenez, atea indarrez bota ostean, Desokupako kideek etxeko bizilagunak “dokumentu bat sinatzera behartu” zituzten, bereizgarri duten jokaeraz: presio eta mehatxu bidez. Gaztetxeak helarazitakoaren arabera, inolako agindu judizialik gabe gauzatu zuten kaleratzea; ilegalki, alegia.

Behin kaleratzea burututa, Desokupako buru Daniel Estevek hustutako etxebizitza barruan grabatutako bideo bat igoko zuen sare sozialetara, Ertzaintzari helarazitako babesa eskertuz. Ez zen Jaurlaritzaren Poliziarekin zuten elkarlanaz mintzo zen lehen aldia, egun batzuk lehenago “okupazioa oso era berezian bizi den leku batean” esku hartuko zutela iragarriz publiko egindako bideo batean bertako Poliziarekin ondo koordinatuta zeudela adierazi baitzuen Estevek. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak, aldiz, gezurtatu egingo zuen Ertzaintzaren eta Desokuparen arteko loturarik: apirilaren 30eko Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko-bilkuran adierazi zuenez, batzuek eta besteek ez zuten izan “inongo kontakturik, ez desalojoaren aurretik, ez bitartean, ez ondoren”. Adierazpenok gezurtatu egiten dituzte Desokupak publiko egindako irudiek: bideoetako batean, Desokupako kide baten eta Ertzaintzaren patruila baten arteko elkarrizketa ageri da, zeinetan esku hartzearen gaineko informazioa trukatzen duten. Euskal Herritik kanpo, ezagun da enpresako kideek hainbat polizia agenterekin duten gertuko tratua; Blanca Todók La Directan argitaratutako El negoci dels desallotjaments extrajudicials (Huste estrajudizialen negozioa) erreportajean zehazten zuenez, “[Desokupa enpresako] zenbaitek Poliziarekin lotura egiten duten bizi edota lan ibilbideak dituzte”. Bistan denez gurera ere iristen dira adiskidantzok.  

Alerta antifaxista

Maiatza hasieran, Abadiñoko gertakariengatik hautsak oraindik harrotuak zirela eta probokazio gogoz, etxe kaleratzeak estrajudizialki eta legezkotasunaren mugetan gauzatzen dituen enpresak berriz ere Bizkaian esku hartzekoak zirela jakinarazi zuen sare sozialen bidez. Esleitu zieten lan berria Bilboko etxebizitza bat hustea zela adierazi zuen Estevek, zehaztapen gehiago eman gabe. Egun gutxiren buruan zehaztuko zituen etxe kaleratzearen egun zehatza, eta zein auzotan jardungo zuten: antza, maiatzaren 12ko asteazkenez Bilboko Alde Zaharrean ziren etxe bat hustekoak. Informazio hori ezagutu orduko jo zuen alerta antifaxistak auzoan antolakuntzara dei eginez, helburu argiarekin: Esteve eta konpainiari sarbidea eragoztea, eta horien balizko agerraldiaren aurrean etxetik kanporatua izan zitekeen auzotar orori nola jardun ezagutaraztea, etxe kaleratzea gauzatu zedin ekidin asmoz. Epe motzean hasi zen fruituak ematen auzotarren artean artikulatzen hasitako autodefentsa, albistea ezagutu eta egun gutxitara eskuz esku baitzebilen morroi koadrila batek etxe kaleratua izateko arriskuan egon zitekeenarentzat jarraibideak biltzen zituen protokoloa. Aurrea hartzea, aterik ez irekitzea, norbere defentsan zenbait mezu helarazteko soilik hitz egitea, grabatzea, gertakarien berri ematea eta Poliziari deitzea, horiek ziren gomendioak.

Jazarroi talde baten eskutik etxe kaleratua izateko arriskuan dagoenarentzat jarraibide sorta. Desokuparen esku hartze posiblearen aurrean auzokideek sortua.

Gertakariok Alde Zaharreko bihotzean Arrakala espazioa okupatu berri harrapatu zuten AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatua. Apirilaren 17an Etxebizitza ez da negozioa lelopean egindako manifestazioaren akaberan Etxebarrieta Anaien plazako pisu batez birjabetu zirela jakinarazi zutenetik bi aste eskas besterik igaro ez zirela, segurtasun neurriak areagotu beharrean aurkitu ziren. Izan ere, Arrakalak bazituen jazarroien jo puntu izateko aukerak. Hein batean, iragarpena bete egin zen: auzokideen agendetan gorriz markatutako egunaren bezperan, maiatzaren 11ko goizaldean, bota zuten Arrakalako atea. Hustea exekutatu zuena, baina, ez zen izan azken egunetan kezka iturri bilakatutako jazarroi koadrila, baizik eta “Bilboko Udalaren konplizitate osoarekin” aritutako Bilboko Udaltzaingoa. Kolpea jasan eta aurrera egitea beste aukerarik ez zuten izan ordea, kantoian buelta emanda segitzen baitzuen Desokuparen bisita posibleak, bai eta aste horretan bertan gauzatzekoak ziren sindikatuko bi kideren etxe kaleratzeek. Arrakalaren hustea salatzeko tartea galdu barik, faxistak auzotik kanporatzeko auzodefentsan segi zuten auzoko gainerako kolektiboekin batera.

Astearte arratsaldez, “Auzokideen etxebizitzan defentsan. Faxistak ez dira pasako! Gora Alde Zaharra antifa eta antikapia!” lelopean, ehunka lagunek zeharkatuko zuten Alde Zaharra, faxistei auzora sarbidea eragozteko prestu zirela adieraziz; eta asteazkenean, auzokideen egun osoko presentzia bermatzeko, gosari antifaxistarekin ekin zioten egunari, arratsaldean elkarretaratzera dei eginez. Eguerdirako, baina, garaipena zen albiste. Desokupak bideo batez jakinarazitakoaren arabera, beren zerbitzuak kontratatu zituen etxejabeak atzera egin zuen bere asmoetan, eta ez zuten Bilbon esku hartuko. Etxejabea kalean gerta zitezkeen istiluek beldurtu zutela adierazi zuen enpresak. El Correo egunkariak, aldiz, jabeek balizko errepresalien beldur zirelako egin zutela atzera zioen. Herritarrek emandako erantzunari esker, lortu zen kanpotik zetozen faxistei Bilbora sarbidea moztea eta etxe kaleratzea ekiditea; han eta hemen, aldarri bera entzun zatekeen: “Ez dira pasako!”.

Faxismoak baditu milaka aurpegi

Garaipentzat du AZETek Desokupari bidea moztu izana, horretan ez dute zalantzarik. Alabaina, faxismoari modu zabalagoan aurre egiteko begirada ireki beharraz ohartarazi zuten egun mugitu haietan. Izan ere, Esteve eta haren lagunek buelta erdi eman bazuten ere, beraiek segitzen zuten aste horretan bertan beste bi etxe kaleratzeri aurre egin beharrean; eta horiek gauzatuko zituztenak neonazi piurako koadrila ez izan arren, arazoaren funtsak berbera izaten jarraitzen zuen. Gertatutakoaren bueltan, hala mintzo zen egun haietan Inurri Gorria erabiltzailea Twitter bidez: “Desokupa hiltzear dagoen faxismo zahar baten karikatura besterik ez da –esbastikena eta larru-arras moztutako buruena–, zeinak aspaldi egin dion tokia askoz efizienteagoa den faxismo bati: jabetza pribatuaren eta merkantziaren diktadurarenari. Desokupak estetikoki errepresentatzen du faxismoa, baina egiatan arriskutsua dena beronen funtzio soziala da”. Eta funtzio hori betetzen jarraituko zen, aipatu enpresa tarteko egon ala ez. Hargatik, etxebizitza sindikatutik beharrezkoa ikusi zuten herritarrek Desokupari erantzutean erakutsitako indarra etxebizitza arazora birbideratzea. Egitekoan asmatu zuten nonbait, aste bereko ostiralean lortu baitzuten sindikatuko kide Judithen etxe kaleratzea geratzea.

Desokuparen balizko bisitaren aurrean, Bilboko Alde Zaharrean egindako mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

Gatazka “faxismoa vs. antifaxismoa” antagonismoan kokatu ordez, “jabetza pribatua vs. desjabetzea” parametroetan kokatu beharraz mintzatu zen AZET egun haietan. “Erabaki politikoa izan zen diskurtsoa fokuz aldatzea”, diosku kideetako batek. “Argi dago afera antifaxistarekin lotura egin beharra dagoela. Ongi deritzogu ageriko egitea Euskal Herrian antigorputz antifaxistak izaten jarraitzen dugula, erakustea hemen badagoela herri bat faxismoaren aurrean altxatzen dena, baina hasi beharko ginateke barneratzen faxismoak hamaika aurpegi dituela eta etxebizitzaren desjabetzea, pobreen aurkako gerra, faxismoaren aurpegietako bat dela”, egin du irakurketa bigarren kide batek. Ildo berean, eta etxebizitza arazoari dagokionean ere faxismoak aurpegi askotarikoak izan ohi dituela bistaratu asmoz, ondoko itaunak airatu zituen Inurri Gorriak: zer ezberdintasun dago Desokuparen eta antzerako lana egiten duten gainontzeko enpresen artean? Zerk ezberdintzen ditu okupazio eta ez ordaintze kasuetan jazarroiak bidaltzean datzan higiezinen-agentzien mobbing praktiketatik? Jende txiroa eta gehienetan arrazializatua etxe kaleratzen duten okupen aurkako auzotarren mobilizazioak ez al ditu bulkada faxista berak bultzatzen? Zein da Desokuparen eta berauen zerbitzuak kontratatzen dituen jabearen arteko ezberdintasuna?

Inurri Gorria: "Desokupak estetikoki errepresentatzen du faxismoa, baina egiatan arriskutsua dena beronen funtzio soziala da"

Erantzukizunak eskatzerako orduan ertz ezberdinak inplikatzen hasiak dira batzuk. Horren adibide, Abadiñoko husteagatik Bilboko Okupazio Bulegoak (BOB) Desokupari ez ezik etxejabeari ere salaketa jarri izana; besteak beste, norbanakoaren eskubidea modu arbitrarioan egikaritzea leporatu diote. Salaketa jartzeko arrazoiak jakinarazi zizkion Iñaki Carro BOBeko abokatuak Anbotori: “Kasu honetan, delitu larri bat egon daitekeela uste dugu. Jabe bati etxea okupatu badiote, baditu bere bideak horri aurre egiteko; salaketa ipini behar du epaitegian, edo polizia-etxean. Bide bi ditu, bide penal edo zigorgilea eta bide zibila; jabe guztiek dute aukera bata edo bestea aukeratzeko, baina ezin ditu pertsona batzuk kontratatu inor botatzeko”.

Sintoma gaitzetik bereizten

“Gaur, atzo bezala, faxismoa ez da kapitalismoaren tresna besterik”, eta zentzu horretan, Desokupa eta antzerako enpresak “sintoma” besterik ez direla ere azpimarratu dute AZETeko kideek. Krisian dagoen kapitalismoaren zantzu argia. Historiak irakatsia baita sistema kapitalistak bere oinarriak zabukatzen ikusten dituenean, goi klaseak bere pribilegioak arriskuan daudela kontsideratzen duenean, faxismoaz baliatu ohi dela ordura arteko gauzen ordena irauli ez dadin.

Zentzu horretan, argigarria da etxe kaleratze estrajudizialak egiten dituzten enpresen eztanda testuinguruan jartzea. Blanca Todòk La Directan argitaratutako Licencia per a desokupar (Desokupatzeko lizentzia) erreportajean ñabartzen zuenez, enpresok aurrera eramaten dituzten praktikak aspalditik gauzatu izan dira “informaltasun gehiagorekin ala gutxiagorekin eta indarkeriazko izaera nabarmenarekin”, baina 2014an Desokupak agerpena egin zuenetik etxe kaleratze estrajudizialen sektore ekonomikoa bistaratuz eta normalizatuz joan da. Europan etxebizitza arazoa pairatzen duen populazioaren ehunekoa puztu bitartean joan dira ugaritzen gisako enpresak. Eskubide sozialen DESC Behategiko ikerlari David Hammouren hitzetan, “orokortutako larrialdi habitazionalak eta etxebizitza eskubidearen urraketak ezaugarritzen duten testuinguruan agertu dira enpresa horiek. Jendartearen zatirik zaurgarrienak ezin du etxebizitza duinera sarbiderik lortu merkatuaren bidez, eta modu prekarioan egiten du, okupazioaren bidez”. Koiuntura horretatik sortu dira etxe kaleratzeak gauzatzen dituzten enpresak, AZETeko kideen hitzetan “edozerren eta edozeinen gainetik jabetza pribatuaren defentsa egitea” xede dutenak. Merkatuan Desokupa marka erregistratua gailendu bada ere, dezente dira antzerakoak. Urrutira joan gabe, Desokupa Bilbon egitekoa zen balizko agerraldiaren aurrean herritarrak antolatzen ari ziren bitartean, enpresa horietako batek Basurtun etxe kaleratze ilegala gauzatu zuen.

AZET Etxebizitza Sindikatua: "Berdin zaigu etxe kaleratzea gauzatzen duena Desokupa izatea, Arrakalako kasuan bezala Udaltzaingoa izatea, edota Judith gure kidearen etxe kaleratzean bezala Udal Etxebizitzak eta Ertzaintza izatea. Ulertzen dugu denak direla arazo beraren aurpegi ezberdinak, krisian den kapitalismoarenak, eta denek defendatzen dituztela burgesiaren interesak; batzuk legezkotasunetik, eta beste batzuk legearen mugetan".

Sindikatuko kideek azpimarratu bezala, baina, etxe kaleratze estrajudizialak egiten dituzten enpresak etxebizitza problematikaren aurrean jabetza pribatuaren defentsari erantzuten dien ertz bat besterik ez dira, askoren artean. Sintomak badu hainbat adierazpide forma, alegia. “Horregatik genioen berdin zaigula etxe kaleratzea gauzatzen duena Desokupa izatea, Arrakalako kasuan bezala Udaltzaingoa izatea, edota Judith gure kidearen etxe kaleratzean bezala Udal Etxebizitzak eta Ertzaintza izatea. Ulertzen dugu denak direla arazo beraren aurpegi ezberdinak, krisian den kapitalismoarenak, eta denek defendatzen dituztela burgesiaren interesak; batzuk legezkotasunetik, eta beste batzuk legearen mugetan”, ebatzi dute. Horiekin batera, zerrenda osatuko lukete, besteak beste, higiezinen-agentziek burutzen duten mobbingak, edota jendea etxeetatik kanporatzeko batzen diren auzokide taldeek. Azken urte parean Ezkerraldean behin baino gehiagotan jazo den fenomenoa da zerrendatuetan azkena, eta bistaratu egin du hainbat hedabidek betetzen duten funtzioa jendea jabetza pribatuaren defentsara –eta ondorioz, etxebizitza eskubidearen aurka– lerratzerakoan. Gertuko adibideetara joz, ikusi dugu Vocento taldeak nola baliatu duen Victoria de Castroren kasua, okupazioarekin zerikusirik ez duten eta isolatuak diren bizilekuaren bortxatze kasuak okupazioarekin loturan eta zerbait orokortua bailiran aurkezteko, iritzi publikoaren zati esanguratsua okupazioaren aurka jarriz. Hainbat hedabideren bide beretik, etxe kaleratze oldearen aurrean, askorentzat aterpea izateko alternatiba bakarra izango dena deslegitimatu dute iritzi publikoaren begietara.

Okupazioaren kriminalizazioa, ikuspegi jakin baten haztegi

“Etxebizitza izango da klase borrokaren fronte nagusienetakoa”. Pairatzen ari garen krisialdia areagotu egingo dela eta nonbait emango bada gordin etxebizitzaren eremuan izango dela deritzote AZETeko kideek. Jakintzat jotzen dute goi klaseak ere jakin badakien zerbait dela, iritzirik “ez dela kasualitatea etxe kaleratze estrajudizialak egiten dituzten enpresek hainbeste publizitate eta etekin izatea”. Egiten ari den okupazioaren kriminalizazioak kasualitatea ez dirudien era berean. Are, eskutik doaz bata eta beste; DESC Behategiko Hammouk azaltzen duenez, zenbait “diskurtso politikok eta mediatikok sustatua” da “okupazioenganako etsaitasuna”, eta “mesedetu egin dituzte pobrezia eta emergentzia habitazionala kriminalizatzen eta merkantilizatzen –eta era berean sustatzen– dituzten enpresak”. El Salton argitaratutako El fantasma de la okupación, agítese antes de usar (Okupazioaren mamua, astindu erabili aurretik) erreportajean Bartzelonako Hipotekek Kaltetutakoen Plataformako (PAH) kide Lucía Delgadok seinalatzen duenez, okupazioaren aurkako kanpaina politiko eta mediatikoak piztu egiten du “txiroaren eta are txiroagoa denaren arteko gerra”.  Hots, ondoeza jendarteko azpirengo geruzetara birbideraturik, arazoaren erantzuleak eta haien interesak babesten dituzte. Okupazioa “etxebizitza alorrera bideratu ez diren politiken” eta “lege garantistak aplikatu ez izanaren” ondorio dela ulertu eta onartu beharrean, betikoak kriminalizatzen direla dio.

Hainbat hedabidetako saioen fotogramak, okupazioaren gaia ardatz.

Hedatzen ari den okupazioaren kontrako diskurtsoa desmuntatzera datoz datuak ordea. 2011koa da Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) azken biztanleriaren eta etxebizitzen errolda (Censos de Población y Viviendas), eta bertan jasotzen denez, EAEko 1.017.602 etxebizitzetatik 81.003 hutsik daude (etxebizitza hustzat jotzen dira lehen zein bigarren bizileku ez diren etxeak) eta Nafarroan 308.602 etxebizitzetatik 35.102 daude hutsik. Okupazioagatik jarritako salaketak, aldiz, 2021eko lehen hiruhilekoan 24 izan dira EAEn eta bakarra Nafarroan, eta 2020an 79 eta 17, hurrenez hurren. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Efecto de la Crisis en los órganos judiciales (Krisiak organo judizialetan izandako eragina) txostenetan jazotako datuen arabera, okupazioaren munta hainbatek irudikatzen dutenaren oso bestelakoa da. Muntaz gain, nolakotasunari dagokionean ere bada ezberdintasunik barra-barra dabilen diskurtsoaren eta errealitatearen artean: Espainiako Estatuan okupazioari buruzko ikerketa burutu zuen Insitut Cerdàko Miguel Hernándezek El Paísi egindako adierazpenen arabera, “gehienbat bankuen eta inbertsio funtsen jabetzakoak edo alokairuko parke publikokoak diren etxebizitzak” okupatzen dira. Eta etxebizitza hutsen segurtasun zerbitzua eskaintzen duen VPS Group enpresaren arabera, finantza erakundeenak dira okupatutako etxebizitzen %80. Hedabide, segurtasun enpresa eta bestek jaurtikitzen dituzten mezuek oporretan egon bitartean bizitokia okupatu diezazuketela ulertzera ematen duten bitartean, etxebizitza hutsen kopuruaren ondoan anekdotikoak dira okupazio kopuruak, eta kasuen gehiengoan etxebizitzak ez dira partikularren eta etxejabe txikien jabetzakoak izaten –eta are gutxiago lehen bizilekuak–. Joaquim Bosch epailearen hitzetan, “instrukzio-epaile gisa daramatzadan hamasei urteetan ez zait egokitu lehen bizileku baten okupazio kasurik. Denak izan dira pisu hutsak, gehienetan bankuenak eta bestelako entitateenak”. Eta lehen bizileku baten okupazioa gertatuko balitz, ez ginateke okupazio kasu batez ariko, baizik eta bizilekuaren bortxatze kasu batez, Alejandra Jacinto abokatuak ñabartzen duenez.

Enekuriko Lagunek beren azalean pairatu dituzte diskurtso hori indartzera zetozen jazarpen mediatikoa zein beronen ondorioak, iazko urrian Enekuriko Fatima kaleko 3. zenbakian sartu zirenetik jo puntuan jarri baitzituzten El Correo, Tele5 edota Cuatrok. Are, informatzera mugatzetik urruti, kazetarietako batek gertakizunetan esku hartu zuela jakinarazi dute: “Badakigu El Correoko kazetari batek auzokide batekin harremana egin zuela –ez dakigu konpentsazio ekonomiko bitartez ala ez– eta horrela sortu zutela show mediatikoa. Auzokide hura arduratu zen auzokide talde bat okupen aurka mobilizatzeaz, auzokideek argi izan gabe zein ziren okupak, etxejabeak kontratatutako jazarroi enpresa ala gu hirurok”. Hedabideetara jotzea bide judiziala hartzeari uko egin zion etxejabearen enegarren estrategia izan baitzen, eta ordurako jarriak baitzituen presioa egiteko hainbat mekanismo martxan, Desokuparen gisako jazarroi koadrila bat kontratatzea kasu. Enekuriko lagunak Monte Negro jatetxea izandakoaren bulegoetan bizi ziren, eta morroiek jatetxean hartu zuten aterpe hainbat egunez, okupatutako eraikinaren ingurumarietan topo egiten zuten oro jazarri eta mehatxatzeaz gain jatetxea barrutik birrinduz, auzoan zalaparta eraginez. “Nahastea sortu zuten, auzokideek ez zekiten zein ziren okupak”, seinalatu dute.

"Badakigu El Correoko kazetari batek auzokide batekin harremana egin zuela –ez dakigu konpentsazio ekonomiko bitartez ala ez– eta horrela sortu zutela show mediatikoa".

Bide judiziala hausnartu aurretik, justizia bere esku hartzen tematutako etxejabearen azken heldulekua izan ziren hedabideak. Enekuriko lagunek azaldu dutenez, jasotako aholkularitza juridikoa medio, lehenago ala geroago etxejabearekin gatazka izango zutela barneratua zeukaten, baina behin unea iritsi zenean gertakizunak aurreikusitakoaren oso bestelako bidea hartzen ari zirela ohartu ziren: etxejabeak ez zion deitu Poliziari, ez zuen salaketarik jarri, eta hortaz ez zen jazo prozedura judiziala irekitzen zuen identifikaziorik. Kontrara, “etxejabea zela zioen gizon bat bertaratu zen, ondoan salaketarik ez jartzeko aholkatu zion pertsona bat zuela, esanez bera arduratuko zela biharamunean zarraila aldatzeaz. Beraiekin hizketan aritu ginen, baina gu iraindu eta mehatxatu ostean alde egin zuten”. Jabearen bisita Madrilgo Carabanchel auzoko etxebizitza sindikatuko lagun bat bisitan zegoela jazo zen, eta hark gertatzen ari zitekeenaren susmoa hartu zuen: “Ohartarazi gintuen gerta zitekeena zela etxejabea saiatzea bere bitartekoekin gatazkari aterabidea ematen”. Hala izan zen, hurrengo egunean hasi baitzen hiru kideek “higiezinen mobbing” gisa identifikatu duten prozesua, erreferentzia egiten diona “etxetik alde egin genezan, etxejabeak martxan jarritako estrategia multzoari”. Mobbinga diruaren truk alde egiteko proposamarekin abiatu zen, eta ostean etorri ziren jazarroi koadrilaren presio eta jazarpena, hedabideen kriminalizazioa eta ondorioz zenbait auzokidek beren aurka egindako protesta.

Estrategia horiek guztiak baliatu ostean bide judiziala hartu zuen etxejabeak, “behingoagatik”. Alabaina, mobbingak jarraitu egin zuela diote: Erandioko Udalak erroldatzeko trabak jarri zizkiela azpimarratu dute, etxe kaleratzea jasoz gero oinarrizko zerbitzu sozialetara jotzea galaraziz; eta horrez gain, 3.000 euroko kauzioa ere eskatu zitzaiela gehitu dute. “Horrek epaiketara joatea eragotzi zigun, etxe kaleratze prozesua azkartuz”. Hainbat jirabiraren ostean, lortu zuten zaurgarritasun ekonomiko egoera aitortzen zien informea eta etxe kaleratze agindua atzeratzea, baina ekainarekin batera beste aldearen presioak berriz agertu ziren: batetik, jatetxea izandako eraikinean obrei ekin zieten, obretako langile baten bidez berriz dirua eskainiz alde egitearen truke; eta bestetik, bide formaletik ere egin zieten presioa, beren zaurgarritasun ekonomiko informeari helegitea jarriz eta etxe kaleratze data aurreratuz. “Obrak mobbingaren parte izan dira, jakitun baikara Katalunian adibidez erabili izan duten bidea dela, presioa egin eta kaleratzeak azkartzeko”, zehaztu nahi izan dute.

Hau guztia behin behineko aterpeetatik kontatu digute Enekuriko kideek, uztailaren 6an etxe kaleratu baitzituzten, hasiera batean aitortutako zaurgarritasun egoera aintzat hartu gabe eta hargatik bizitegi-alternatiba baten faltan. Nekaturik agertu dira, baina gogoz onartu dute beren esperientzia partekatzeko gonbita, sinetsirik baitaude beren bizipena eta bertatik ateratako irakaspenak beste batzuentzat argigarri izan daitezkeela. Izan ere, Enekuriko kasuak aukera luzatzen du etxebizitza arazoaren bueltan ororen gainetik jabetza pribatua defendatzen duten ertz askotarikoak eta horien arteko loturak begiztatzen hasteko, eta okupazioaren kriminalizazioak makinaria horren erregai funtzioa betetzen duela bistaratzeko. Enekuriko kideek garrantzitsua deritzote zentzu horretan informazioa pilatzeari eta ezagutzera ematen joateari, “geroz eta gehiago, desjabetua izan den eta bitartekorik ez duen jendearentzako aterabidea izango delako okupazioa, eta ez hainbeste konbikzio kontua”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
Iruzurra salatu duen eta bi haur txiki dituen familia bat etxetik bota dute Bilbon

Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


Ama baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea ekiditera deitu dute gaur Gasteizen

Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.


2024-11-12 | Leire Ibar
70 urteko emakume bat eta bere biloba etxegabetu dituzte Erandion eta Poliziak bi pertsona atxilotu ditu

Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]


2024-11-12 | Gedar
Asteartean etxegabetu nahi dute andre bat Astrabuduan, mailegu-enpresa bati 7.000 euro eskatzeagatik

Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: asteartean, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.


2024-11-04 | Leire Ibar
Hiru familia etxegabetu ditu Berakah-k, Gasteizko elizaren gizarte ekintzak, urtebetean

Berakah fundazioa “baliabiderik ez duten pertsonei laguntzeko” sortua bada ere, aurten familia bat baino gehiago kalean utzi du. Urriaren 31n izan da azken etxegabetzea, Gasteizko familia bat kaleratu dute parrokoak etxegabetze demanda firmatu ostean.


Ainhoa Mendiluze (Etxebizitza Sindikatua):
“Etxe kaleratzea behin behinean geldiarazi dute, baina gertutik segituko dugu kasua”

Etxea uzteko agindua zuen gaurko emakume batek Artikaberrin eta momentuz bertan behera gelditzen dela jakinarazi du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Emakumearen abokatuak atzo jaso zuen deia epaitegitik eta ebazpenaren berri eman zioten", azaldu du... [+]


Nafarroako Gobernuak etxebizitza publikoen eskariaren %3 baino ez du asetzen

Alfaro kontseilariak “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak” kritikatu ditu eta kolaborazio publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Foru Legebiltzarrean. Helburu gisa jarri du Europa erdialde eta iparraldeko datuetara heltzea. Etxebizitzaren esparruan lan... [+]


2024-09-25 | Gedar
Bilboko Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du etxegabetze batean

Poliziak hiru pertsona etxegabetu ditu asteartean Alde Zaharrean, eta protesta egiten ari zirenen kontra jo du.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Haur jaioberria duen familia bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu dute Gasteizen

Alokabidek gutxienez sei etxegabetze prozesu ireki dituela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. Horietako bat uztailaren 18an izanen da.


Auzoan Bizik salatu du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza batetik etxegabetu nahi dutela familia bat Gasteizen 

Alokabideri, Gasteizeko Udalari eta Gizarte Zerbitzuei konponbide bat bilatzeko exijitu die Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak. Eusko Jaurlaritzarena da etxebizitza.


2024-06-18 | Gedar
Errekaldeko eraikin batzuetan bizi diren pertsonak jazartzen ari dira desokupak eta Polizia

Fuera Okupas desokupazio-enpresa gutxienez bi aldiz joan da haiek jazartzera. Gaur Bilboko Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira, eta eraikinetako batean sartu dira: pertsona bat kanporatu eta atxilotu dute.


Eguneraketa berriak daude