Epaiketarik gabeko kondena amaigabea

  • 1984. eta 1989. urteen artean Frantziak, Espainiarekin adostuta, 70 euskal herritar deportatu zituen Afrikako eta Hego eta Erdialdeko Amerikako hamar herrialdeetara. Euskal Herrian 60ko hamarkadan loratu zen pizkunde eta borroka zikloari estatuek emandako erantzun errepresiboaren aurpegietako bat da deportazioarena, ezaugarri berezituak dituena: deportatuei ez zitzaien delitu edo ekintza zehatzik leporatzen; ez zegoen inongo epaitegiren kondenarik haien aurka; zigorrak ez zuen amaiera data jakinik. Gure herriaren memoriaren itsasoan, deportatuen historia ur sakonetan hondoratzen joan da, eta ezezaguna da presoenarekin edo errefuxiatuenarekin alderatuta; ez ordea bidegabekeria, sufrikario zein erresistentzia gutxiagokoa. Eta itxi gabe dagoen kapitulua da oraindik ere: zortzi pertsona deportatuta jarraitzen dute, amaiera jakinik gabeko deserrian. Larrun honetan deportazioaren ezaugarriak, zergatiak eta ondorioak ur azalera ateratzen saiatuko gara.

Arriskutsutzat edo mespretxagarritzat dituzten herritarrak sorterritik urruntzea edo mugetatik kanporatzea praktika zaharra da estatuen historian. Espainia eta Frantzia ez dira salbuespena, eta neurri horiek euskal herritarren aurka ere erabili izan dituzte.

Aipa daitezke 1794an, Frantziako Errepublikaren aurka egotea eta Espainiaren konplize izatea leporatuta, Landetara kanporatu zituzten Sara, Ezpeleta, Senpere eta Azkaineko 3.000tik gora herritarrak. Aipa litezke Bigarren Gerra Karlistaren ondoren Kanariar Uharteetara eta Kubara bidali zituzten Hegoaldeko milaka euskal herritarrak. ETAren sortzaileen kanporatzeak 1960ko hamarkadan; talde armatuetako dozenaka kiderenak Trantsizioan.

80ko hamarkadatik aurrerako gertaeretara mugatuko gara, ordea: batetik, ordurako aurreko deportatu eta kanporatu guztiak bueltatuak zirelako, ‘kontagailua’ zeroan utziz; bestetik, epe ‘demokratiko’ betean irekitako deportazio zikloa gaur egunera arte luzatzen delako. Susana Paniselloren Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto liburu argitaratu berria erabili dugu nagusiki gertatuaz dokumentatzeko.

Espainia eta Frantzia, mesfidantzatik kolaborazio estura

Trantsizio urteetan areagotu bazen ere, 80ko hasieran Espainiaren eta Frantziaren arteko kolaborazioa Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka ez zen Espainiak nahiko lukeena. Espainia ez zen, artean, demokrazia homologatua frantsesen begietara, eta euskal erresistentziak zein talde armatuek zilegitasun handia zuten herritar askoren begietara. 1981ean François Mitterranden Frantziako Alderdi Sozialistak (PSF) hauteskundeak irabazi zituen. 1982an Felipe Gonzálezen PSOE izan zen garaile Espainian. Ezkerrak gobernatzea Espainiak diktadurarekin apurtu zuela frogatzen omen zuen, eta Madrilen zein Parisen alderdi sozialistak zeuden gobernuan: bi urtetan “Frantziaren eta Espainiaren arteko kolaborazioak 180 graduko norabide aldaketa” egin zuen.

"Espainiak Frantziari eskatzen zion errefuxiatuak eta iheslariak estraditatzea. Baina hori gehitxo zen euskal gatazka 'Espainiaren arazo' bezala ulertzen zuen Frantziarentzat"

Espainiak Frantziari eskatzen zion errefuxiatuak eta iheslariak estraditatzea. Baina hori gehitxo zen euskal gatazka “Espainiaren arazo” bezala ulertzen zuen Frantziarentzat. Espainiak presioa egin zuen. Diplomatikoa eta politikoa, lehenbizi. Militarra ere, ondoren: GAL Ipar Euskal Herrian atentatuak egiten hasi zen. Aldi berean, Iparraldeko euskal herritar zenbait ETAn militatzen hasiak ziren, eta Iparretarrak taldearen jardun armatua gora zihoan. Gero eta “arazo propioagoa” zuen Frantziak Ipar Euskal Herrian, eta errepresioan sakontzea erabaki zuen.

Abenduaren 20an Mitterrand eta Gonzálezek bilera egin zuten Parisen, eta hartatik irtetean Gonzálezek Joan Reventós Espainiak Frantzian zuen enbaxadoreari adierazi zion: “Hau aldatu egingo da, ikusiko duzu”. Hogei egun beranduago, 1984ko urtarrilaren 10ean, Jendarmeriak hamasei errefuxiatu atxilotu zituen, horietariko sei deportatzeko ondoren. Gaur egunera arte luzatzen den deportazio zikloaren hasiera zen.

Irudia: Maitane Gartziandia

 

Inprobisazioa eta irregulartasunak

Sarekadaren egun berean Fernando Morán Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak Panamarako hegaldia hartu zuen, herrialdeak deportatuak hartu zitzan eskatzeko. Deportazioaren hastapen inprobisatuaren erakusgarri da bidaia. Deportazioa urrats taktikoa izan zen, bederatzi hilabete geroago hasi ziren estradizioei bidea irekitzeko. Neurri trantsitorio moduan pentsatu zen, Espainiako Barne ministro Jaime Mayor Orejak 1997an onartuko zuenez: “Deportatuena une jakin batean inprobisatu zen figura bat da, konplexua, irregulartasunaren mugan”. Baina indarrean dirau 37 urteren ondoren.

Juridikoki salbuespenezko neurria zen deportazioa. Horrela definitu zuen deportatuetako batzuen abokatu izan zen Miguel Castellsek: “Zuzenbide garaikidean ohiz kanpokoa da figura hau: Estatu baten Gobernuaren esku-hartzea eta hitzarmen sekretuak direla eta, Estatu horretako hiritar bat deportatu egiten du beste Estatu bateko Gobernuak, eta hirugarren Estatu batean edukitzen dute, praktikan preso, zerbitzu sekretuen menpe”.

"Deportatuena une jakin batean inprobisatu zen figura bat da, konplexua, irregulartasunaren mugan". Jaime Mayor Oreja.

Frantziak, bere aldetik, pirueta judizial bat egin zuen delitu zehatzik leporatzen ez zitzaien edo kausa judizialik irekirik ez zuten herritarrak bere lurraldetik kanporatzeko. Are gehiago, deportatuetako asko errefuxiatu estatutuaren jabe ziren, Frantziak berak emana. 1954ko ordenantza batean oinarrituz, “Estatuarentzako edo segurtasun publikorako arrisku bat” izateagatik deportatu zituen Frantziak iheslari eta errefuxiatuak, froga zehatzik gabe. Neurri administratiboa zen, ez judiziala. Segurtasun irizpideak argudiatuta, azkenik, salbuespenezko bide bat gehiago erabili zuen Frantziak atxilotuak bermerik gabe eta administratiboki ahal bezain azkar deportatzeko: “erabateko presazko prozedura”. Atxilotuari kanporatze agindua jakinarazten zioten, asignazioa ezartzen zitzaion [eremu jakin batean bizitzeko agindua], eta abokatuekin edo senideekin kontaktua debekatu. Gehienez ere hilabeteren buruan, helmuga egun edo ordu gutxi batzuk lehenago jakinarazita eta inongo paperik gabe, hegazkinean sartzen zuten.

1984-1989: deportazioak

Panamako deportazioak kate luze baten lehen katebegia izan ziren. 1984an deportatu zituen Frantziak euskal herritar gehien, 28: Panamara (15, horietariko zazpi Kubara lekualdatu zituzten urte berean), Venezuelara (8), Dominikar Errepublika (1) eta Togora (4). 1985an bost: Cabo Verdera (3) eta Ekuadorrera (2). 1986an zazpi: Cabo Verdera (6) eta Gabonera (1). Urte horretatik aurrera, deportazio gehienak ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljeriako negoziazio prozesuarekin lotuta egon ziren. Hasiera batean, negoziazioak ahalbidetzeko asmoz. 1987an hamazazpi euskaldun deportatu zituzten: Aljeriara (14) eta Venezuelara (3). 1988an ez zen deportaturik gehitu zerrendara. 1989an mugimendua handia izan zen. Urte hasieran Patxi Hernández deportatu zuten Aljeriara, eta ondoren, negoziazioak hautsita, Aljeriatik 27 euskal herritar deportatu zituzten Venezuelara (11), Cabo Verdera (10) eta Dominikar Errepublika (6). Horietariko batzuk aurretik ziren deportatuak, baina hamabirentzat deportazioaren hasiera zen. 1989an hamahiru pertsona berrirekin loditu zen deportatuen zerrenda, hortaz. Orotara 70 deportatu, 62 gizon* eta 8 emakume*. 1989tik aurrera ez zen deportazio berririk gertatu –1990ean lau deportatu lekualdatu zituzten Panamatik Venezuelara–, Frantziak eta Espainiak estradizioen eta entregen alde egin baitzuten.

Kontuan hartu behar da mugimenduak gehiago izan zirela, deportatuetako asko hasierako herrialdetik lekualdatu zituztelako behin edo gehiagotan, arrazoi ezberdinak medio: deportazio herrialdearen ezegonkortasun politikoa, osasun arazoak, Espainiaren interes politikoak, ETA-estatua negoziazioen bilakaera...

Irudia: Maitane Gartziandia. Iturriak: Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto liburua; Sorturen Preso eta
Iheslarien Batzordea.
DEPORTATUAK GAUR EGUN

VEZENUELA:
Eugenio Barrutiabengoa Zabarte (Arrasate)

KUBA:
Josu Abrisketa Korta (Ugao)
José Ángel Urtiaga Martínez (Mamariga)
Iñaki Rodríguez (Orereta)

CABO VERDE:
Tomás Linaza (Lemoa)
José Antonio Olaizola Atxukarro (Zestoa)
Emilio Martínez de Marigorta (Gasteiz)
Félix Manzanos Martínez (Ugao)

 

Askotariko baldintzak, oinarri bera

Frantziak deportatzen zituen errefuxiatuak, baina deportaziorako hirugarren herrialdea lotzeaz eta gastuak ordaintzeaz Espainia arduratzen zen –Togo eta Gabon izan ziren salbuespenak, Frantziak lotu baitzituen zuzenean–. Deportatuen baldintzak ezberdinak ziren herrialdez herrialde. Venezuelan eta Kuban lan egiteko eta etxebizitzetan ‘bakarrik’ bizitzeko aukera izan zuten. Poliziak jarraipen estua egiten zien edonola ere. Togon, Gabonen, Dominikar Errepublikan eta Ekuadorren poliziarekin batera bizi ziren deportatuak, giro itogarrian. Ekuadorren, Espainiako Polizia Alfonso Etxegarai eta Miguél Ánjel Aldana bahitu eta torturatzera heldu zen. Cabo Verden lan egiteko eta komunikatzeko aukera zuten. Aljerian mugimendu askatasuna zuten baina segurtasun indarrek hurbiletik kontrolatzen zituzten. Sao Tomen 33 urte eman zituen bakarrik Alfonso Etxegaraik...

Ezberdintasunak ezberdintasun, denak bizi ziren linbo juridiko batean, ziurgabetasun erabatekoan eta sorterritik milaka kilometrora. Oinarrizko eskubideen urraketa egiturazkoa, Espainiako Estatuak “estatu barruan bertan lortu ezin izango lituzkeenak”, Castellsen esanetan.

Espainiak bi irizpide nagusi zituen herrialdeak aukeratzeko: afinitate politikoa edota pertsonala –deportatu gehien hartu dituen Venezuelako presidente Carlos Andrés Pérez Felipe Gonzálezen laguna eta Internazional Sozialistako kidea zen, esaterako–, eta behar ekonomikoa –deportatuen gastuez arduratzeaz gain, Espainiak kredituak eta diru-laguntzak bideratzen zizkien herrialde hartzaileei ‘mesedeen’ ordainketa ez-ofizial bezala, Panisellok bere liburuan zehaztasunez ikertu duen bezala–.

Euskal Herriratzeak

Deportatuen egoerak ez zuen izan aldaketarik 1990-1996 aldian. 1996ko maiatzean PPk hauteskundeak irabazi zituen Espainian. Ekainean, Cabo Verdetik eta Aljeriatik ihes egindako María Rosa Alkorta eta Patxi Hernández Bruselan agertu ziren, Deportatu Politikoen Kolektiboaren izenean “nazioarteko komunitateari eta euskal jendarteari” zuzendutako agiri bat irakurtzeko. Deportazioari “behin betiko” amaiera jartzeko erabakia iragarri zuten. Egun batzuk geroago, hamar deportatu izan ziren prentsaurrekoa eman zutenak, Donibane Lohitzunen, eta Ipar Euskal Herrian bizitzeko asmoa agertu zuten. Frantziak estraditatzeko mehatxua egin zien, eta taldeak itxialdia hasi zuen Baionako katedralean. Polizia katedralean sartu zen azkenik, bi deportatuk ihes egitea lortu zuten eta beste zortzietatik Frantziak sei estraditatu zituen Espainiara. Deportazioaren izaera ankerraren aurpegi berri bat azaleratu zen orduan: deportazio urteak ez dira kontutan hartzen kondena murriztu edo likidatzeko espetxe zigorra jasoz gero. Azaroan, Errefuxiatu Egunaren testuinguruan, beste bi deportatuk jakinarazi zuten deportazioa hautsi zutela.

"1996aren aurretik zein ondoren, herrialde batetik edo bestetik ihes egin dute deportatuek tantaka-tantaka"

Antolatuena eta kolektiboena bai, baina ez zen deportatuek deportazioa hausten zuten lehenbiziko aldia. 96aren aurretik zein ondoren, herrialde batetik edo bestetik ihes egin dute deportatuek tantaka-tantaka. Horietako batzuk Euskal Herrian borroka armatua egiteko, ekintza armatuen testuinguruan hildako Patxi Rementeria eta José Miguél Bustinza kasu.

PPren gobernuak ere egin zituen mugimenduak gobernura heltzean. Batetik, kausa irekirik ez zuten deportatuei bueltatzeko aukera eman zien; ez ordea gainontzekoei. Gehienek ez zuten irtenbide indibidual hori onartu. Bestetik, deportatuen aurkako estradizio eskaerak aurkeztu zituen hainbat herrialdetan. Herrialde askok ez zuten estradiziorik onartu, legez kanpokoa zela argudiatuta: deportatuak estatuen akordioen ondorioz zeuden bertan, ez ihesean. Baina batzuk bai onartu zuten eskaria.

Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto.
Susana Panisello Sabaté (Txertoa, 2021)
Bere tesi doktorala da Paniselloren liburuaren oinarria. Ondo eta sakon dokumentatutako lana, deportazioaren ertz ugari jorratzen dituena –historia, arlo juridikoa, testuinguru politikoa, herrialde hartzaileei egindako ordainketa ezkutuak, deportatuen bizi-baldintzak herrialdez herrialde...–. Ezinbesteko lana deportazioaren historia ezagutzeko.

 

Mendekua eta babesa

2011ko urrian, ETAk borroka armatua behin betikoz uzten zuela iragarri zuen. 2012ko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen pertsona baten estradizio eskaera aurkezteak bere delituen preskripzioa edo akusazioaren iraungitzea eteten duela. Hau da, terrorismo delituetarako ezarritako 20 urteen preskripzio epea zerotik hasten dela berriz ere. Estatuaren mendeku gosea agerian geratu zen. Kontrako noranzkoan, 2013ko ekainean Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak agerraldi masiboa egin zuen, “Euskal herritar errepresaliatu guztiak Euskal Herrira eta beren etxeetara bueltatzeko garaia” zela esateko. Deportatuei dagokienez, zortzi dira ordutik beren sorterrira bueltatu direnak, aurretik espetxeratze arriskurik ez dutela ziurtatu ostean.

"Gatazka armatua aspaldi amaitu bazen ere, haren zurrunbiloan jaiotako deportazioaren auziak irekirik jarraitzen du 37 urteren ondoren"

Gatazka armatua aspaldi amaitu bazen ere, haren zurrunbiloan jaiotako deportazioaren auziak irekirik jarraitzen du 37 urteren ondoren. Hamabi deportatu hil dira deportazio bitartean. Zortzik ezin dute bueltatu espetxearen mehatxuagatik, eta estatuak jarrera aldatu ezean litekeena da batzuk behintzat inoiz ez bueltatzea –antzeko egoeran daude beste 28 iheslari–. Herriratu direnetako askok behar material handiak dituzte, eta horiei aurre egiteko gainontzeko herritarrek ditugunak baino aukera gutxiago, urtetan ‘ez existitzearen’ ondorioz erretreta edo prestazio sozialak lortzea oso zaila zaielako. Behar emozionalak ez dira txikiagoak. Hamarkadak eman dituzte askok herritik kanpora, eta atzean utzi zuten Euskal Herria, senideak, lagunartea, denak aldatu dira.

Baina badute sostengurik ere. Herritarrena, Harrerarena, senideena, kide eta adiskideena. Ziurrenik ez da nahikoa, baina sostengu horietan sakontzean dago behar, zauri eta min horiek guztiak sendatzeko ukendua. Baita deportatuen historia ahaztuegia berreskuratzean ere: historia kolektiboa eta deportatu bakoitzarena; deportatuena eta beraiekin deportazioa sufritu duten lagun, senide eta seme-alabena. Bidean pilatu dituzten bizipen, galera, lorpen, min eta poz guztiak aintzat hartuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Deportatuak
20 urte bete ditu Ataramiñe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin

2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da... [+]


2022-09-15 | ARGIA
Hiru deportatu politiko itzuli dira Euskal Herrira Cabo Berdetik eta Kubatik

Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, uda honetan etxera itzuli dira Emilio Martinez de Marigorta eta Felix Manzanos Cabo Berdetik eta Iñaki Rodriguez Kubatik. Oraindik, baina, beste bost deportatu eta 24 erbesteratu politiko daude Euskal Herritik kanpo.


Miren Azkarate Badiola. Maletadun haurren kontakizuna
“Maletadun haur, nerabe eta heldu sentitu naiz”

Askotariko egoerak bizi izan dituzten euskal iheslari eta deportatu politikoen seme-alaben testigantzak biltzen ari da Miren Azkarate Badiola donostiarra, liburu batean argitaratzeko. Konparatzeko inolako asmorik gabe,  “ezberdinak baitira espetxeratuen eta atxilotuen... [+]


Juanjo Aristizabal eta José Miguel Arrugaeta
Bizitza oso bat deportatuta

Juanjo Aristizabal Kortajarena trintxerpearrak eta José Miguel Arrugaeta San Emeterio bilbotarrak ondo ezagutzen dute deportazioa. 1984an deportatu zituzten biak: Panamara eta ondoren Kubara Arrugaeta; Panamara eta ondoren Venezuelara Aristizabal. 2014an itzuli zen Euskal... [+]


Ione Idigoras Santana
“Aitortza egin behar diegu seme-alaba eta bikotekide guztiei, asko sufritu eta eman dute”

Ione Idigoras ez duzu deportatuen zerrendan aurkituko, baina 30 urtez sufritu du lehen pertsonan. Bere bizipen gordina beste askoren arteko bat dela dio, bereziki emakume eta seme-alaba askorena, eta ahaztutako errealitate horien aitortza aldarrikatzen du, minez bezain irmo.


Eugenio Barrutiabengoa Zabarte ‘Arbe’
“Etxera bueltatu nahi dut, hemen gauden guztiek bezala”

Eugenio Barrutiabengoa Arbe arrasatearra 1978an errefuxiatu zen Ipar Euskal Herrian. Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea 1981ean atxilotu zuten lehenbizikoz, eta asignazioa apurtu ostean Baionan bigarrengoz, 1984an. Venezuelara deportatu zuten orduan, María... [+]


2020-09-29 | Mikel Eizagirre
José Antonio Arbesú diplomatiko kubatarra zendu da

Diplomazialariak 80ko hamarkadan Euskal Herriko deportatuekiko adierazitako “elkartasuna eta konpromezua” azpimarratu dute erbesteratuek.


2020-04-03 | ARGIA
40 urteko ihesaren ostean hil da Txetxu Urteaga azkoitiarra

Jesus Ricardo Urteaga Txetxu azkoitiar deportatua zendu da ostegun honetan Venezuelan, minbiziaren ondorioz. 1979an egin zuen ihes Azkoititik eta 1984an atxilotu zuten Frantzian. Urte berean, maiatzean Venezuelara deportatu zuten. Han bizi izan da orain arte, minbiziak hil duen... [+]


“Bukaera urosera beti heltzen garen antiheroiak gara euskaldunak”

Gertakari gordinari kolorezko kontakizuna emateko gaitasuna du Etxegaraik. Are, genero jakina hautatu du horretarako: abentura. Bere deportazioaren 35 urteko abenturaren azken orria idaztekotan da: oro berria egiten zitzaion soldadu ohiarena.


2019-10-09 | ARGIA
Alfonso Etxegarairen itzulerari buruzko dokumentala egiteko herritarren laguntza ekonomikoa eskatu dute

Alfonso Etxegarai ETAko kide ohiak 33 urte eman ditu Afrikan deportatuta eta irailaren amaieran jakin zenez, Euskal Herrira itzuli berria da. Itzulera hori kontatu nahi du Caminho longe dokumentalak eta horretarako herritarren diru-ekarpenak jasotzen ari da.


Alfonso Etxegarai deportatua etxera itzuli da 5.000 kilometro egin ostean

1978an Plentzia utzi egin behar izan zuen Alfonso Etxegaraik, eta 1986tik Sao Tome eta Principe Afrikako herrialdean bizi behar izan du gaur arte.


2018-01-29 | Mikel Asurmendi
Orain 34 urte hasitako deportatuen egoera amaitzeko garaia da

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) legeria arrunta eta “errealitate printzipioa” eskatu du iragan asteburuan, Irunen egindako IV. Foro Sozialaren karietara. Kolektibo honen iritziz, iheslari eta deportatu andana etxera liteke “salbuespenezko... [+]


2017-06-16 | Topatu.eus
Preso, iheslari eta deportatuen aldeko martxa egingo dute uztailaren 20tik 27ra, Gernikatik Lakuntzara

'Kalera, kalera' dinamikak antolatuta egingo dute udako kalera martxa, festa giroan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa zeharkatuko ditu ibilbideak, eta jaia ere izango dela jakinarazi dute.


Eguneraketa berriak daude