Aitortza eza, bigarren tortura hori

  • Iruñeko Alde Zaharrean bildu gara Gloria Bosque, Marilo Gorostiaga eta Ainara Gorostiagarekin, Nafarroako Torturatuen Sareko kideekin. Hurrenez hurren 1973an eta 1975ean, 1994an eta 2002an torturatu zituzten. Ondorengo urteetan torturak haien bizitzetan izandako eraginaz mintzatu gara, adituen esanetan “torturaren motxila bizitza osorako baita”. Torturatu egin dituztela, horren aitortza nahi dute bai ala bai.

Ezkerretik eskuinera: Naiara Gorostiaga, Marilo Gorostiaga eta Gloria Bosque. (Arg.: Dani Blanco)

Gloria Bosquek hartu du hitza eta zuzen jo du 1973ko atxiloketara. Orduan FRAP Espainiako Estatu mailako talde armatu iraultzaileko kidea zen. “Bost egunetan oso gogor torturatu ninduten, baina ni indartsu nengoen ideologikoki eta ez zidaten ezer atera. Hori harrotasunez bizi izan nuen, baina ez nintzen ohartu torturak ekarriko zidanaz. Bigarren aldian, 1975ean, okerrago eraman nuen”.

Iruñeko Udalak frankismoaren aurka jarritako kereilan parte hartu zuen Bosquek 2017ko martxoan: “Egindako guztia kontatu behar zen eta hustuta gelditu nintzen, oso ukitua utzi ninduen. Gero Nafarroako Legebiltzarrean hasi nintzen hitz egiten [2017ko apirilean] eta ezin nuen, ez nintzen ongi sentitzen, eta gainera, ez nintzen ba negarrez hasi! Eskerrak Mertxek [testigantza ematen zuen beste torturatu batek] eman zidan besarkadari!”.

Torturatik ziegara
Torturaren ondorenari espetxean ekin zioten hiru emakumeek. Bosque: “Espetxeko lehen 20 egunetan uste nuen zoratuko nintzela. Eta pentsatzen nuen: ‘Edo zoratuko zara edo zure buruaz beste egingo duzu’. Ideologikoki ez nengoen 1973an bezain gogor eta hori klabea da”. Marilo Gorostiagak une zehatz horren garrantzia nabarmentzen du: “Gogoan dut polizia-etxetik Carabanchelgo espetxera joan eta bertan harrera batzordeak emandako zaintza itzela izan zela niretzat, oso-oso garrantzitsua”. Eta Ainara Gorostiagak oso desberdin bizi izan zuen unea: “Polizia-etxetik Soto del Realera eraman nindutenean trauma ondorengo estresa nuen, baina ez nuen nire torturez hitz egin han ziren bi pertsonekin. Gainera, ni zoriontsu nintzen kartzelan egoteaz, hori paradisua zen”.

Eta geroago kalera
Kalean ere ekin behar dio bizitzari torturatuak, ustez libre, baina torturaren iraganera kateatua: “Bigarren aldian oso indartsu atera nintzen espetxetik –dio Bosquek–. Sozialki oso garai indartsua zen [Trantsizioa], uste genuen iraultza egingo genuela, gizartea bor-bor zegoen eta horrek ere laguntzen zuen tinko eusten. Hori bai, sumatzen nuen nire atzean pausoak entzunez gero larritzen nintzela. Psikiatra batek Rorschach testa ere egin zidan: ‘Nabari da une oso gogorra pasatu duzula, baina nik ongi ikusten zaitut’”.

“Zure ohiko bizitzan –gaineratzen du hunkituta Marilok– agian ez zara ohartzen, baina une zehatz batzuetan, hainbat arrazoi tartean, hortxe agertzen da tortura. Ziegan zinenean inkomunikatua, sarraila eta ate zarata handiak entzuten ziren, eta orain ere antzerako zerbait entzun eta beldurra sentitzen dut. Oraindik ere, uniforme berde bat ikusi eta, uf!, larritzen naiz, trafikoko guardia izanik ere”.

Beldurrak eta urduritasunak sarri jazarri dute Bosque ere: “Manifestazioetan polizia agertzen zenean alde egiten nuen, sekulako kakalarria sartzen zitzaidan eta ezin nuen nire burua kontrolatu. Gogoan dut pasaportea atera behar nuela Iruñeko Gobernu Zibilean, eta ezin nintzen hara sartu, hainbatetan joan eta atzera egin nuen, ezin beldurra kontrolatu. Azkenean aitarekin joan eta lortu nuen. Baina adinean aurrera egin ahala zaurgarriagoa ere bihurtzen zara. Lo egiteko noizean behin lasaigarriak hartzen hasi nintzen 70eko hamarkadan eta oraindik tarteka jarraitzen dut hartzen”.

Ia 50 urte geroago mamuak hor dira Bosqueren ingurumarian: “Duela bost urte, atariko telefonotik norbaitzuk txantxetan tinbrea jo eta “Polizia, ireki!”, esan zuten. Ez zen Polizia, baina nik ez nien ireki. Eta duela bi urte auzoko batek esan zidan nire solairuan Polizia ikusi zuela, eta ni neure artean larri, “nire bila etorriko ote dira?”. Etxeratu aurretik bi ordu pasatu nituen auzoan bueltaka, urduri. Gero jakin nuen tratu txarren kontu batengatik aritu zirela gure atarian”.

Ainara Gorostiagak ere badu zeresanik egunerokoaz eta hala adierazi zuen 2017ko emakume torturatuen legebiltzarreko agerraldian: “Ikasi dut horrekin bizitzen. Ikasi dut iluntasunak beldurra ematen didala, eta ikasi dut argiarekin lo egiten. Biolentzia zantzuak ikusi edo sentitzen ditudanean arnasa hartzen ikasi dut. Ikasi dut alabari esaten plastikozko poltsa batekin jolas egin eta buruan jartzen duenean oroimen txarra ekartzen didala. Eskuak begietan jartzen dizkidatenean, haiek aldentzera ikasi dut. Ikasi dut ez dudala gustuko lau hankatara jartzea, zergatik ez dudan gustuko urpean ibiltzea, buelta ematen dut ikusten ez dudan norbaitek atea irekitzen didanean...”. Eta irakurleak leitzen badu ondoko orrialdean dagoen bere tortura testigantza, zalantzarik gabe, hobeto ulertuko ditu Gorostiagak esandakoak.

Ainarak argi du: “Torturaren aurreko bizitza eta ondorengoa dago: hainbeste markatu gaitu! Nire kasuan kostatzen zait gutxiago egin zidatenaz hitz egitea, emozionalki horrek ekarri didanaz baino; niretzat alde emozionala da gogorrena. Torturaren inguruko gaiekin ari zarenean, haserrekorrago sumatzen dut nire burua; eta hori ezagutzeko gai naizenean, lasaiago geratzen naiz”.

Ainara Gorostiaga, Marilo Gorostiaga eta Gloria Bosque Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. (Argazkia: Dani Blanco)

Itziarren semea...
...tinko ta isilik egoiten. Abesti ezagunaren itzala ere haien inguruan ari da jira-biran: “Gloriak lehen aipatu du –dio Ainarak– berak lehenengo atxiloaldian aguantatu zuela eta ez zuela ezer esan... baina hor ez zara inor, nahi dutena egiten duten zurekin. Niretzat, izen batzuk bota behar izatea eta horren ondorioz pertsona horiek kartzelarekin ordaindu behar izatea... hori izan da gogorrena”.

Sistemaren erantzukizuna azalera ekarri du Ainarak: “Torturaren auzian, ez dago polizia bakarrik, sistema oso batek babesten du hori, auzi-medikuak hor dira, epaileak... Espetxean, adibidez, sartu eta bi egunera mediku bat etorri zen isolamendu ziegara eta soilik atearen zirrikitutik begiratuta artatu ninduen: gazura edo sueroa eman zidan. Handik egun batzuetara, nire abokatuarekin egon ahal izan nintzenean, espetxeari zuzendutako eskaera egin nuen, miaketa zehatz batzuk egitea eskatu nuen, ea horrela jasandako tratu txarrak ikusten ziren. Ez nuen inoiz erantzunik izan”.

Normal bizi nahi dute, baina aitortzaren borrokan eta esperantzan bizi dira, bakoitza bere sentipenekin. Marilok argi du: “Nik ez dut biktima izan nahi, hori haiei garaipena ematea da eta. Ez dut nahi jasandako tortura haiek nire egungo bizitza eta etorkizuna baldintza dezaten. Bai, torturatuak izan ginen, baina ez dut bizitza osoa honekin gainean bizi nahi. Normal bizi nahi dut”.

Bosque sutsu mintzo da, barrutik, minez, ikerketa eta aitortza eske: “72 urte ditut eta torturarik handiena da ez zaigula aitortzen egin digutena, horrek txikitu egiten nau eta gero eta jasangaitzagoa egiten zait. Aitortuko dute noizbait tortura? Presioa badute gutxienez, zerbait mugituko dira”. Ainarak honakoa luzatu zuen Foru Legebiltzarreko oholtzatik: “Mina egina dago, baina gizarteak begiak zabal ditzala eskatzen dut eta onar dezala tortura hemen dagoela, ez dela bakarrik Guantanamoko kontua”.

Hondoko erreportaje hau ere honekin batera artiratu da:

Nafarroako torturatuen eskaera: ikertu eta aitortu

 

 

 

 

Nola torturatu ninduten

GLORIA BOSQUE

“1975eko azaroa, Valladolid. Hotz egiten du, baina hotzez dar-dar egitea gutxiena da. Biluzik nago hiru agenteren aurrean. Orain besoak gurutzean, orain oinak kanporantz jiratuta eta oinez biribilak egiten, orain belauniko eta kiribilduta, atzetik begiratu eta barre egiten duten bitartean. Kolpe jarioak azala erretzen du. Hitz egin, esaten dute, hitz egin. Baina bortxatutako aho honetatik soilik garrasiak ateratzen dira. Berriz gatza, aurpegi guztian, begietan, ahoan, eztarriraino. Erremintzen du, erretzen du, itolarria, gainetik kendu beharrean nago, mina erauzi. Baina eskuek atzean darraite, lotuak, sorgortuak.

Agian horrela hilko nahiz, agian gaur, gatzak erretako ahotsarekin eta gorputza kolpez josia. Jadanik ez naiz oihukatzen saiatzen. Aski dut airea biriketara iristen bazait. Gertukoak ditut buruan, eta Iruñea, mendia, lasterka egitean hartzen genuen aire hotz eta garbia... Zaplaztekoak begiak irekitzen dizkit.

Bera da berriz ere. Ez lokartzeko, oihu eginez. Bizitzea zer den ikasi behar dugula nagiek eta gaizkileek. Urrats batzuk urrundu eta trapu zikin batekin itzuli da. Tanta dariola. Belaunetaraino doan bero hezea sentitzen dut eta badakit berriz egin dudala pixa gainean. Irri egiten dute. Kexu dira, gaizki usaintzen dudala. Iraintzen naute, urde halakoa, ukitzen naute, popatik emateko ere ez duzu balio, nire pixarekin zipriztintzen naute, zerri zikina.

Ezin dut gehiago. Bukatu nahi dut. Buka bedi sufrimendu hau. Hil nahi dut. Handienak kokotsetik heldu eta ahoa zabaltzen dit zakar. Latza eta hezea den zerbait sartu dit. Uste dut trapua dela eta nire oihuak estaltzen ditu. Jarri iezaiozu baita ere eskuoihala, entzuten dut itzalak eta ilunak ziega irentsi aurretik. Buruan eskuoihal bustia dut, trapua ahoan sartuta, eskuak lotuta, gorputza kolpez txikitua, iraindua, ahitua, beldurrak jota. Zer dator orain?”.

Iruñeko Udalak 2017an frankismoaren aurka jarritako kereilan jasotako testigantzaren zati bat da honakoa. Bosque FRAPeko kidea izan zen eta Espainiako Poliziak 1973an ere atxilotu eta torturatu zuen. Honako hauek, 1975eko atxiloaldiaren tortura testigantzak dira. Bi urte egin zituen espetxean.

Argazki oina

AINARA GOROSTIAGA

“Begiak tapatzen zizkidan mozorroa izan zen polizia-etxeko lehen hiru egunetako nire jantzi ia bakarra. Lehen hiru egunetako galdeketa guztietan biluzik izan ninduten. Laugarrena jantzita, eta pixa egin nuen gainean. Falta zitzaidan egun eta erdi galtza bustiekin iragan behar izan nuen. Esan zidaten bi eta hamalau guardia zibil artean ari zirela galdeketetan, nik ezin nuen ikusi bakarra ere. Torturak zer ziren jakitea nire esku zegoela esan eta kolpeak hasi ziren, poltsa sesioak, sentadillak, oihuak, elektrodoak, postura behartuak, pistola, borra, sandwich-a, mehatxuak, lau hankatan... tarte txikiak egon nintzen ziegan, eta gainera ezin nintzen etzan. (...)

Nire gorputza anestesiatua bezala zegoen, bularretako ukituak sentitu ere ez nituen egiten. (...) Ezin nuen gehiago, ni hiltzeko esan nien, ez nekiela ezer. Ahulki batean jarri ninduten eta poltsarekin hasi berriz, asfixiatzen nintzen eta pultsua hartzen zidan guardia zibilak “hau badoakigu, badoakigu” oihukatzen zuen. Eta bai, nik hil nahi nuen. (...)

Beste tortura saio batean buruan ematen zidaten bildutako egunkari gisako batzuekin, eta kolpeak nik emateko esaten zidaten haiek nekatuta zirela, eta nik nire burua astintzen nuen, gogor, eta kolpatzean lasaitua sentitzen nuen. Bitxia da, antsietatearen ondorioz ezpainei hoska egiten nien, azazkaletako azala altxatzen nuen eta zauriak egiten nituen, eta esaten zidaten uzteko hori egiteari; beldur ziren markak gelditzearekin. (...)

Lau hankatara jartzen ninduten eta makil bat jarri ipurmasailen artean, esanez uzkitik sartuko zidatela, behin eta berriro guardia zibilaren semea izango nuela errepikatuz, edo inoiz ezingo nituela umeak izan. Berotzen nituela. Atzetik hurbiltzen zitzaizkidan sartze imintzioak eginez. Bularretako ukituak eta nire gorputzarekiko esanak etengabeak ziren. Lau alditan jarri zizkidaten elektrodoak, oinak balde batean sartu eta kableak bizkarrean, besoetan edo bularretan bilduz. Une batean piztu ere egin zuten sistema eta sortu zidan histeria sekulakoa izan zen, nahiz eta haien esanetan ez zioten indar handirik eman. Behin arrastaka eraman ninduten ziegara, ni ezin bainintzen mugitu. (...)

Kolpeak gogorrak izan ziren, tortura fisikoa oso gogorra, baina gogorrena, gainditzea gehien kosta zaidana, nik emandako izenekin beste bost pertsona atxilotuak izan zirela eta nik pasatakoa pasatu zutela; sei hilabeteko umeari ama kendu zioten hiru hilabeterako eta aita bi urterako”.

2002an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta Madrilen eduki zuten. Bi urte egin zituen espetxean.

Argazkia: Dani Blanco

MARILO GOROSTIAGA

"Nire lagunak entzunda ia pentsatzen dut ez naizela torturatua izan, ez ninduten biluztu, ezta bortxatu ere, baina beste gauza batzuk bai egin zizkidaten... kolpeak alde guztietan, buruan, ostikoak, poltsa, mehatxuak, irainak... Poltsa apurtzen nuen, baina orduan gogorrago ematen zidaten. Emakume batek parte hartu zuen galdeketetan eta hori egin zitzaidan gogorrenetakoa. Etengabe iraintzen ninduen, gizena eta itsusia nintzela, eta bere kideei eskatzen zien gogorrago jotzeko, gezurretan ari nintzela eta.

Abendua zen, baina atxiloaldi osoa mauka motzean pasatu behar izan nuen, gau eta egun. Eta denbora guztia zutik. Eta duzun errudun sentipena!, ziegetara etorri eta zu beharrean beste bat eraman eta zuk sekulako lasaitua hartu duzulako. Behin, paretari begira nindutela, kolpe handi bat eman zidaten buruarekin paretaren aurka, sudur-trenkadan fisura bat eraginez.
Hurrengo goizean furgoira, negua zen eta ni mauka motzean, baina hala ere, leihoak irekita zituzten. Beste emakume bat ere ekarri zuten, Juli Makuso, eta esan zidaten hari haluzinogenoak eman zizkiotela. Haluzinazioak ikusten zituen eta oso gaizki pasatu zuen; orduan ere, emakume guardia zibilak esaten zidan lagunak izan gintezkeela.

Nire burua nolabait babesteko, deklarazioa nire izen osoarekin sinatu nuen, nahiz eta hura ez zen nire sinadura. Gero Caranbanchelgo espetxera. Tratuaren seinaleak agerikoak ziren, oka egin nuen sartzean eta gibela handitua nuen. Auzi-medikuak berak jarri zuen tortura salaketa. Urtarrilaren 11n eraman ninduten epailearen aurrera, Madrilgo Castilla Plazako epaitegietara.

Epaileak salaketa hauen harira deitu zidanean, haren asmo bakarra zen nik esatea gertaera horiek Iruñean egin zizkidatela eta ez Madrilen, bestela bere eremukoa izango zen eta ikertu egin beharko zituen. Azkenean auzi-medikuak ez zuen salaketarekin aurrera jarraitu, esan zidan salaketak egin zituzten beste auzi-mediku batzuei gero bizitza asko zaildu zietela eta ez zuela aurrera jarraituko. Salaketa artxibatu egin zen”.

Guardia Zibilak atxilotu zuen Iruñean eta hamalau urte pasatu zituen espetxean. Ainara Gorostiaga eta Marilo Gorostiagaren testigantzak Nafarroako Legebiltzarrean 2017ko apirilaren 7an Foro Sozialak antolatutako ekitalditik jaso dira. Beste hainbat emakumeren testigantzak ere izan ziren eta lotura honetan ikus daitezke horietako batzuk.

Argazkia: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Errekonozimendurako bidean
Torturari buruzko III. Nazioarteko Konferentzia iragarri du Nafarroako Torturatuen Sareak

Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


ANALISIA |
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


KRONIKA | URRIAK 12, GASTEIZ
Guardia Zibilaren terrorearen apologia, plaza erdi huts batean

Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]


2024-10-09 | ARGIA
Zabalza auzia ez desklasifikatzeko, “segurtasun nazionala” argudiatu du Espainiako Justizia ministroak

Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina,... [+]


Estatuaren biktimen aitortzarako pauso gehiago emateko eskatu dio Egiari Zorrek Jaurlaritzari

Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Israelgo armadak sendagile palestinarrak torturatu izana salatu du Human Rights Watch erakundeak

Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]


2024-06-28 | Ahotsa.info
Sakanan torturak utzitako aztarna aitortzeko beste urrats bat eman dute ‘Arg(h)itzen’ dokumentalarekin

Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Tortura sistematikoa salatu dute Sde Teiman izeneko Israelen atxiloketa eremuan

Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.


Eguneraketa berriak daude