Nola utzi bizkarra emateari

  • Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen ari dira gaur egun: Ongi etorri eskolara, kulturartekotasuna ardatz duen programa.

'Familia laguna' egitasmoko gurasoak eta haurrak ekitaldi berezi bat egin zuten egunean. Argazkia: 'Ongi etorri eskolara' programa.
'Familia laguna' egitasmoko gurasoak eta haurrak ekitaldi berezi bat egin zuten egunean. Argazkia: 'Ongi etorri eskolara' programa.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Arratsaldeko lau eta erdiak dira eta gurasoak haien haurrekin ikastetxeko jolastokian gelditu dira eskolak bukatu ondoren. Guraso euskaldunak euskaldunekin daude; Hego eta Erdialdeko Amerikakoek beste talde bat osatu dute; Asiatik etorritako familiak, mongoliarrak, indiarrak, txinatarrak... desagertu dira. Ez da irudi arrotza, makina bat ikastetxetako eta jolas parkeetako egunerokoa da. Donostiako Egia auzoan Aitor ikastola dago eta kontatu berri duguna gertatzen ari zitzaiela konturatu ziren han. Beste jatorri batzuetako familiak geroz eta gehiago ari ziren eskolan matrikulatzen eta harremanak deskribatutakoak bezalakoak ziren. Zerbait egiteko beharra sentitu zuten eta kulturaniztasuna landuko zuen batzordea sortu zuten gurasoek. 2014-2015 ikasturte hartan Familia laguna programa (ikus 36. orrialdean) jarri zuten abian. Dorleta Mikeo eta Lola Boluda gurasoak izan ziren bete-betean programa garatzen hasi zirenak, konturatu ziren arte modu boluntarioan aritzeko denbora asko eskatzen zuela.

Donostiako Udalari programa aurkeztu zioten, dirulaguntzaren bat lortzeko asmotan. Proposamena oso interesgarria iruditu zitzaion eta Mikeo eta Boludarekin harremanetan jarri zen.  Gurasoentzako programa izan behar zuena, hezkuntza komunitate osoak lantzekoa bihurtu zen 2016an (Ongi etorri eskolara) eta Udalak diruz babestuta Donostiako hainbat ikastetxetan abian jarri zen. Mikeok eta Boludak Elkarrekin kooperatiba sortu zuten hartutako bide berriari ekiteko. Ondoren, Donostiako hainbat ikastetxetan hasitako bidea beste hainbat udalerritara zabaldu da, Zarautzera, Ordizira eta Andoainera.  

Bi aldeen ahalegina

Ongi etorri eskolara egitasmoak hiru helburu ditu. Lehen helburua, ikastetxean izena eman duten familiei sostengua ematea da, harrera egokia egitea. Bigarren helburua eta nagusia, ikastetxeko kulturaniztasuna lantzea da. Denen kulturak ezagutu eta denei balioa eman. Programak Kanadako eredua du oinarrian eta hala azaldu digu Mikeok: "Kulturaniztasuna kudeatzeko eredu asko daude, apartheida ere bada eredu bat eta Frantziako eredu asimilazionista beste bat da". Kanadako ereduaren ezaugarri nagusia da etorri direnek eta lehendik hemen daudenek ahalegina egin behar dutela bizikidetzarako. Etortzen direnek nahitanahiez egiten dute ahalegina, baina gehienetan datorrenari baino ez zaio eskatzen saiatzea. Eredu honetan pertsonek elkar aurkitu behar dute, elkarrekin harremanak sortu, kontuan hartuta bakoitzak bere ibilbide kulturala duela. Batak bestea epaitzetik elkarrenganako enpatia eskatzen du. Mikeok gaur egungo egoera honela deskribatu du: "Koexistentzia egoeran gaude, bizilagunak izan gaitezke, seme-alabak eskola berera eraman ditzakegu, baina ez dugu elkar ezagutzen. Bata besteari bizkarra emanda bizi gara". Eredu horretan kulturak parez pare jartzen dira eta elkar ezagutzen hasten dira. Gero oztopoak etorriko dira, aurreiritziak, estereotipoak... eta horiek gainditzeko moduak aurkitu beharko dira.

Komunikazio hizkuntza euskara ez bada ere, familia laguna euskarara gerturatzeko hainbat praktika lantzen dituzte

Hirugarren helburua familiak euskarara eta euskal kulturara gerturatzea da. Haurrak D ereduan ari dira, baina familiek oso urrun dituzte hizkuntza eta euskal kultura. Mikeori galdetu diogu ea nola kudeatzen duten hizkuntzaren gaia, izan ere Familia laguna programak familia euskalduna eta beste jatorri bateko familia jartzen ditu harremanetan eta komunikazio hizkuntza ez da euskara: "Denok egin behar dugu ahalegina. Euskaldunok urte asko daramatzagu euskaraz bizi ahal izateko bidea jorratzen, baina aldi berean, ikusten genuen hori gauzatu daitekeen lagun esparruari baino eusten ez bagenion gure eremutik kanpo uzten genituela gainerakoak. Esaten badugu ez dugula parte hartuko Familia laguna programan euskara ez dagoelako bermatuta, besteak kanpoan utzi ditugu eta hala sentitzen badira ez dira gure hizkuntzara eta kulturara gerturatuko".  

Beraz, harremanak gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez izango dira, baina familia euskaldunek jabetu behar dute  harremanak egiteko modu hori helburu batzuk lortzeko estrategia dela. Komunikazio hizkuntza euskara ez bada ere, familia laguna euskarara gerturatzeko hainbat praktika lantzen dituzte. Adibidez, agurrak eta hitz solteak euskaraz erabiltzen hasten dira. Sarri kudeatu behar izan duten egoera ezaguna ere kontatu du Mikeok: guraso taldearen whatsappean mezuak euskara hutsean daudelako kexatu da guraso bat. Bada, ondoan duen guraso euskaldunaren lana izango da azaltzea zergatik eusten dioten euskarari, nola eremuz eremu euskarari eusten ez bazaio hizkuntza galduko den. Mikeok argi du halako arrazoiak azaltzeak duen garrantzia: "Horrelako egoeretan familiek sentitzen dute kanpoan utzi nahi dituztela. Horregatik, arrazoia azaltzea oso garrantzitsua da eta azaldutakoan oso ondo ulertzen dute. Baina norbaitek azaldu behar die! Bestela, aurreiritziak eta abar aktibatzen dira". Azalpenak ematea bezain garrantzitsua da euskaraz ulertu ez duenari itzultzen laguntzea edo itzultzaile neuronalaren berri ematea, adibidez.

Mikeok aitor du onena litzatekeela gurasoek euskara ikastea, eta batzuk hala egiten dute, baina bitartean pentsaera eta jarrera aldaketak antzematen dira gurasoengan. Euskararen inguruan jarrera positiboa baldin badute seme-alabei transmititzen diete. Mikeok lehen azpimarratu du zein garrantzi duen euskarari eusteko arrazoi sozial eta linguistikoak azaltzeak. Bada, bestelako argibideen berri ematea ere berebizikoa dela uste du, adibidez hainbat jatorritako familiak jabetu daitezela euskarak errazten duela haien seme-alaben aukera berdintasuna euskaldunen haurren parekoa izaten. Euskarak sozializazio prozesua erraztuko die, hizkuntza menperatzea ikasketetarako beharrezkoa da eta lan eremura jauzi egiteko balioko die.

Olatu Talka jaialdia Donostian 2017an. Kulturaniztasuna bistaratzea zuen helburu. 'Ongi etorri eskolara' programak halako jaialdiak ere baliatzen ditu familiek parte hartu dezaten. Argazkia: Jon Urbe / Foku.
Euskaldunak daude eroso

Mikeok behin baino gehiagotan entzun du halako komentariorik gurasoren baten ahotik: "Guraso denak hor egoten gara eta bera izkin batean geratzen da". Ongi etorri eskolara programako arduradunak erantzuna prest du: "Eman dezagun Txinara joan naizela bizitzera. Zer egingo dut eskolako lehenengo egunean, ezagutzen ez ditudan gurasoengana joan eta esan 'Iepa! Ni Dorleta naiz, nahi duzue nire lagun izatea?'. Ez, ezta?".  Lehendik bertan direnak ahaldunduta eta eremu erosoan jokatzen ari direla dio, gizarteak nola funtzionatzen duen badakite. Pertsona horri dagokio etorri berriarengana gerturatzea, hura ez da seguru sentitzen: "Haurrak ikastetxetik ateratakoan gurasoari esango diot 17:00etan plazan geratu garela. Hara etortzen bada taldea aurkeztuko diot. Gaztelania erabiliko dudala? Noski baietz, harengana heltzeko erabiliko dut eta euskaldunaren errealitatea ezagutarazteko. Malguak izan beharko dugu, gauza batzuetan amore eman beharko dugu , baina beti helburu batekin".

Mikeok uste du hainbat herrialdetan egoerak onera egiten ez badu jendeak hona etortzen jarraituko duela, haien seme-alabentzako etorkizun hobe baten bila. Gaia ez bada lantzen, gerora gatazka egoera konplexuak etorriko direla uste du eta saihestu nahi bada oraintxe lanean hastea beharrezkotzat du: "Elkarri begiratzen hasi behar dugu, elkarri kaixo esaten, elkar ezagutzen. Aurreiritziak puskatu behar ditugu, harremanetan jartzen garenean ez gara ari karitatea praktikatzen. Arratsalde pasa gaude gure etxean, txokolatea hartzen. Lagunak egiten ari gara".

 

Zer da Familia laguna programa?

2014-2015 ikasturtean jarri zuten abian Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolako gurasoek. Ordutik aurrera, Elkarrekin kooperatibak Ongi etorri eskolara programaren barruan eskaintzen du hainbat ikastetxetan. Gela bereko familia euskalduna beste jatorri bateko familiarekin harremanetan jartzen da, familia lagun bihurtzen dira modu boluntarioan. Familia euskaldunak ikastetxean eta ikastetxea dagoen inguruan egokitzen lagunduko dio, azalduko dio nola funtzionatzen duen eskolak, gurasoei bidalitako oharrak interpretatzen lagunduko dio eta auzoko liburutegia erakutsiko dio, besteak beste. Hasieran jakintzaren noranzkoa alde batekoa izango bada ere, helburua da nork bere kultura, modu informalean, elkarbanatzea. Hasierako konpainiaren ondotik, garrantzitsuena elkar ezagutzen hastea da. Hurrengo pausoa izango da familia euskaldunak bere sare soziala familia lagunarekin elkarbanatzea, gelako edo parkeko gurasoak aurkeztuz eta zenbait kasutan baita kuadrillako eta familia-sarerako ateak ere zabalduz.

Familia lagunak erreferente izan daitezke beste askorentzat eta aurreiritziak eta estereotipoak apurtzen lagundu dezake. Dorleta Mikeok gertaera bat kontatu du hobeto azaltzeko: familia euskaldun batek askotan jasotzen zuen familia lagunaren haurra eskolatik ateratakoan, gurasoak ezin zuelako iritsi. Bada, familia euskalduna konturatu zen berak behar bera zuenean inoiz ez ziola eskatzen familia lagunari. Hala egiten hasi zen. Behin familia lagunak familia euskaldunaren umea parkera eraman zuen. Familia euskaldunari laster egin zion galdera beste guraso batek: "Zure umea hegoamerikar itxurako pertsona batekin ikusi dut parkean, zaintzailea kontratatu duzue ala?". Familia euskaldunaren erantzuna: "Nik haien haurra zaindu izan dut eta ez duzu halakorik pentsatu nitaz. Ez, ez da zaintzailea, lagunak gara".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Euskaldunak

Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak lehenengo elkarrizketa Euskadi Irratiari eman zion. Solasaldian asmoez jardun zuen, kontu orokorrak adierazi zituen, ezinbestean, gobernua martxan jarri berri zegoelako. Adeitsua izan zen tonua kazetari eta eledunaren... [+]


Teknologia
Euskalgintza digital kritikoa

Euskara, eremu digitala den itsasoan ezagutzara eta harremanetara abiatzeko portua da. Adimen artifizialarekin, portu horretatik mundu osoarekin euskaraz harremanetan jartzeko aukera ematen dela dirudi. Euskararen automatizazioa laguntza ederra da belaunaldi berriekin euskal... [+]


2024-07-16 | Euskal Irratiak
Sébastien Castet
“Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira”

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.


Euskarabentura Araban barrena dabil, Zuberoa, Behe Nafarroa eta Nafarroan ibili ostean

Argantzonera (Araba) iritsiko da asteazkenean Euskarabentura espedizioa, Gesaltz-Añanatik pasa ostean aurreko egunean. Hamar egun dira espedizioa hasi zela Atharratzen (Zuberoa). 15-17 urte bitarteko 125 Jzioquitar (Euskarabenturako parte-hartzaileek jasotzen duten izena... [+]


Nola erabili da adimen artifiziala euskara zabaltzeko?

Asko dira teknologia euskaratik lantzen ari diren ikerlariak; horien artean, Naiara Perez EHUko HiTZ Hizkuntza Teknologiako Zentroko ikerlaria, Itziar Cortes Elhuyarreko ikerlaria eta Eli Pombo Iametzako kudeatzailea. Euskarak adimen artifizialean daukan lekuaz, aukerez,... [+]


2024-07-09 | Sustatu
PDF eta ePubak euskaraz entzun mugikorrean audioliburuen gisa

Alex Gabilondo software librearen zaletuaren gida batetik probatu dugu, eta ibili dabil: PDF eta ePubak euskaraz entzun mugikorrean (edo Android gailuetan zehatzago) audioliburuen gisa. Software libreko doako tresnekin, gainera.


2024-07-05 | Sustatu
Euskarazko 100 azpidatzi gehitu dituzte Filmin streaming plataformara

Pantailak Euskaraz ekimena eta Filmin streaming plataforma espainiarra lankidetzan aritu dira azken hilabetetan, eta horri esker euskarazko 100 azpititulutik gora gehitu ditu plataformak katalogoan bere katalogoan. Zenbait iturritako azpidatziak dira, tartean boluntarioek [+]


Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Hezkuntza Sailean, euskara eskubide?

Ekain amaieran, Hezkuntza Sailak ehunka irakasle funtzionario izendatu ditu: praktikaldia egitea falta dute, bai eta, irailetik aurrera, mediku-azterketa ere.

Azkeneko deialdian, mediku-azterketa azpikontratatu egin zuen Hezkuntza Sailak. Azpikontratatu zuenean,... [+]


Larrahe, eta elkarbizitza

Nire lagun M. paraje paregabean bizi da. Nafarroako herri batean,  Iruñerriatik gertu, jende bizizale anitzez betetakoan; bizi-bizia. Ez da herrian bertan bizi, talaiaren antza har dakiokeen muino moduko batean baizik, zeinetik, esan gabe doa, herria bera ez ezik... [+]


2024-07-03 | Sustatu
Torrealdai beka, bigarren edizioa, kultura ikerketarako

Joan Mari Torrealdai Beka kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko sortu zen, bereziki Joan Mari Torrealdaik jorratu izan dituen esparru nagusietan. 2024ko bigarren edizio honetan, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak deialdia berretsi dute eta euskal kulturaren azterketari... [+]


Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergotik kanpo gelditu dira, D ereduko gela bat murriztu dutelako

Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.


Eguneraketa berriak daude