Eta Antigoneren hitzak irudi bilakatu ziren

  • Tabakalerako zineman eskaini zuten orain aste batzuk Sophie Deraspen Antigone (2019). Sofoklesek idatzitako tragedia greziarra oinarri hartuta, 109 minutuko lana gauzatu zuen Québeceko zuzendariak, orijinaletik modu ausartean urruntzen den bertsio librean. Abiapuntu gisa aurreko obra bat duten egokitzapenak egiteari buruz ari dira ondorengo lerroak.

"Antigone" filmaren fotograma.

Absurdoak egiten zaizkit “liburua filma baino hobea zen” edo “filmak liburuak adina arrakasta izan du” bezalako komentarioak. Absurdoagoak, ordea, oinarri hartu dugunaren kopia edo hura gainditzeko asmoak. Film bat ez da inoiz izango liburu bat, erreferentzia gisa hitz batzuk hartu dituen ikus-entzunezko lana baizik. Disziplina bakoitzak badu bere potentziala istorioak kontatzeko, eta, era berean, ezin dira hitzak eta irudiak parekatu, hizkuntza propioa baitu bakoitzak. Hitzek adina gozamen, plazer edo arbuio sor dezakete irudiek; irudiek bezainbesteko fikzioa eraiki, hitzek. Baina, nola ikusi Cortázarren kronopioak hauen ikusezintasunaren magia hautsi gabe? Nola irakurri David Lynchen espazialitatea hondoa jo gabe? Bakoitzaren kodigoak ulertu eta baliatzean datza egokitzapenak. Eta akaso, orijinaletik urruntzeko lizentzia eskatzen du hori egiteak.

Obra guztiak mintzo dira aurretik egindako lanei buruz, nahigabean bada ere; artearen historiaren zama ekidinezina da. Antzerkian eta musikan ohikoa da behin eta berriro besteen lanen bertsioak sortzea, oinarri dutenaren melodia edo hitzak gorde, eta handik aterata beste zerbait proposatzea. Zinemaren kasuan ere, askotan gertatzen da liburu bat oinarri duen gidoia idaztea. Batzuetan, liburua oso ezaguna ez bada, oharkabean pasatzen da film adaptatuaren oinarria; besteetan, filmaren arrakastak puztu egiten du liburua, edo alderantziz. Harry Potter-en saga edo Eraztunen jauna izan daitezke horren adibiderik ezagunenak. Gogoan dut, baita ere, orain dela bi urte ikusitako Greta Gerwigen Emakumetxoak (2019) filma, zeinak izen bereko liburu eta filmak zituen aurrekari eta oinarri gisa. Bertsioen kontua, halere, artearen sorreran kokatu beharko genuke, edo haratago joanda, gizateriaren funtsean: asmakizun on batek beti izango du hura garatzeko potentziala. Denboraren igarotzearekin, obra batzuk ahanzturan gelditzen dira, eta beste batzuk, ordea, iraun egiten dute; bertsioak badira gauzak iraunarazteko gako.

Harrigarria da gatazken luzapena denboran barrena, baita tramen errepikapena ere. Oso existentzial jarrita, esango genuke ez dugula ezer ikasi, eta harri berarekin estropezuka segitzen dugula lehengo garaietatik gaur egunera arte; ikusi besterik ez dago nola erretrata dezaketen aktualitatea orain dela hainbat mende sortutako kondairek. Mitoak, sarri, gizakiaren ahuldadeen inguruan mintzo dira, eta, akaso, hori da eternalki gazte izateko beren elixirra. Mitologiak beti du hanka bat fikzioan eta beste bat errealitatean, beraz finkoa den ardatza bada kondaira edo morala, aldatzen dena testuingurua da. Agian ez da gauza bera moldaketa literala egitea eta zerbait oinarri hartuta bertsio askea egitea. Oinarriaren fideltasuna baino garrantzitsuagoa da, nire ustetan, beragandik urruntzea. Oreka ez da erraza. Halere, nago espekulatzaileak izateko konplexuak gainetik kenduta emaitza interesgarriagoak sor daitezkeela.

"Agian ez da gauza bera moldaketa literala egitea eta zerbait oinarri hartuta bertsio askea egitea. Oinarriaren fideltasuna baino garrantzitsuagoa da, nire ustetan, beragandik urruntzea. Oreka ez da erraza".

Sophie Deraspen filmean, Antigone familiarekin Québecen errefuxiatuta bizi den gazte algeriarra da. Pelikula hasterako, gurasoak ihesean galdu dituzte jada, eta Étéocle, Ismène eta Polynice anai-arrebek, hauen amonarekin, Montréalen lortu dute asilo politikoa. Drama hasia dago jada; Polynice anaia trafikatzailea atxilotzerako orduan, Étéocle erailko du Poliziak. Eztanda horren erdian, familiaren ezbeharren zerrenda luzatzen joango da, Sofoklesen tragediaren interpretazioan. Antigonek, bere buruari ilea moztuta, anaia ordezkatzen du espetxean hark ihes egin dezan; deportazioa heriotza bera dela argi utzita, suizidioaren marka darama ekintzak. Gizarteak, familiagatiko sakrifizioa egiten duen heroitzat hartuta, bere aldeko kanpaina erraldoia abiatuko du sare sozialetan eta herri mugimenduetan. Deraspek ez du zalantza egiten egokitzapenerako lizentzia askea hartzean: esaterako, Creonte, mitoan Tebasko agintari dena, Estatuak berak errepresentatzen du filmean. Hura da burua galtzen duena, botereak galbideratzen duena, eta Antigoneren heriotza eskatzen duena. Horrela, pertsonaiak metaforikoki islatzeko baimena hartuta, Antigonerengan protagonismoa eta fokua jarrita, eta arbitrarioki hautatutako pasarteen pisua erabakita, oinarri bat duen baina horrek baldintzatua ez dagoen obra sortu du zuzendariak. Kasu honetan, hariak ez du jarraitzeko beharra inposatzen, baizik eta zerbait kontatzeko erramintak sortzen ditu.

Egokitzapenetan kontuan hartu beharreko gauza da garaiak beti baldintzatuko duela obra. Esan nahi da: beste aro batera joan izanaren ilusioak gainean darama bere iraungitze-data. Ezin kontrola daiteke filmak aurrera egin ahala ikusleak poltsikoan duen mugikorrak egiten duen bibrazioa, eta kanpo munduaren ohartzea. Eta ondorioz, liluraz ikuslegoa harrapatu eta segituan galtzeari beldurrik gabe, Deraspek mundu hori ere integratzen du obran. Errealitatearekiko zubia istripuz gertatu beharrean, filmak eraikitzea da gakoa. Honek ez du esan nahi lan guztiak orainaldian kokatu behar direnik, baina bai azpimarra liteke, akaso, ikusleari keinu egiteko beharra, eta distantziak apurtzearen garrantzia. Ikusleak bila ditzan erramintak bizi den munduaren inguruan pentsatzeko; finean, filmak koadroz kanpokoan eragiten uzteko. Munduarekin hitz egiteko gaitasuna behar du filmak, zein ordutan bizi den jakin. Antigonek Québecen errefuxiatuta bizi diren algeriarren bizitza kontatzea proposa lezake.

"Beste aro batera joan izanaren ilusioak gainean darama bere iraungitze-data. Ezin kontrola daiteke filmak aurrera egin ahala ikusleak poltsikoan duen mugikorrak egiten duen bibrazioa, eta kanpo munduaren ohartzea".

Emakume indartsuak protagonista gisa ezartzeak ez gaitu ezustean harrapatu. Aspaldi da feminismoak gizarteari presio egiten diola gai hauek mahaigaineratzeko. Hortaz gain, Antigone botereari men egiten ez dion eta ezezkoa esaten dionaren ikur bihurtu da mugimendu feministan, nahia eta beharra legearen gainetik jarrita. Legeari ezetz esaten dion lehen emakumea, Eva bat, gizartearen babesa lortzen duena. Pelikulan eskaintzen duen migrazioaren inguruko zentzu komunak ultraeskuindar gobernu-politikei erantzuna eman nahi die. Forman ere ausarta da filma; sare-sozialen estetika erabiliz eta Facebook eta Instagrameko fotograma bidez eraikitzen dira pasarte batzuk, une batez fikzioa ere kolokan jartzen dutenak. Étéocleren heriotzean, adibidez, ingurukoek igotako instagram-istorioak eta WhatsAppeko argazkiak ageri dira, eta zalantzan jartzera garamatzate ez ote den gidoia benetan jazotako zerbaitetan oinarritu. Eta hala izan gabe ere, segidan lortzen du aferak ezagunak ditugun iruditeriak pizten. Mitoaren aktualizazioa harago doa, gainera. Hainbat kondairatan ageri dira ardi larrua jantzita nortasuna ezkutatzea lortzen duten heroiak. Istorioa ezagun dugu euskal mitologian, Tartalo kasu, baita Bibliako Esaú eta Jakoben pasartean. Azken horretan, anaia batek lenteja plater batengatik saltzen dio besteari premutasuna; gero, gaixo dagoela, anaia gazteenak ardi larrua jantzita engainatzen du aita trukea bete dadin, anaia zaharrena (eta handiena) dela antzeztuta artileari esker. Ikonografia hau guztia bizkarrean, Antigonek begietako lentilak eta tatuajeak erabilita engainatzen du kontrol poliziala anaia kartzelatik ateratzeko, mitoen eguneratze distiratsuan.

Epaiketa gainean duela eta adingabeentzako zentroan itxita dagoela, Antigonek irudipenak ditu. Tiresias azaltzen zaio, Tebaseko igarle itsua, psikiatraren paperean. Horrek laburtzen du filmaren mezua: ausarta dena, beti biziko da gizarteak behartzen duen zurruntasunaren eta barruak eskatzen dion eromenaren artean. Hori da kondena. Kondairaren izenburuak ere gauza bera zioen lehendik; Anti, ukazioa edo aurkakotasuna; Gone, malgutasuna. Beraz, Antigone malguezin da, eta horrek darama tragediara. Zilegitasunaren inguruko obra honen egokitzapenak egungo gatazkak pentsatzera garamatza, hitzetatik irudietarako bilakaeran. Urrunera joateko bisarik eskatu gabe eginiko bidaian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Nolakoa zatekeen sekula eraso gabeko Palestina?

Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]


2025-01-14 | Sustatu
“Dragoi Bola” maratoia, atalak Makusin ikusgai jarriko dituztela ospatzeko

"Dragoi Bola" maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan datorren larunbatean urtarrilak 18; 16:00etatik 21:00etara. Motiboa da Dragoi Bola euskaraz bikoiztuaren atalak Makusi plataformara iritsiko direla, euskaraz eta doan, ostiralero atalen batzuk gehituz joango... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


Eguneraketa berriak daude