Bizitzak gero eta digitalagoak dira, gero eta ikus-entzunezkoagoak. Kontsumo-ohiturak ere halakoak dira: Hego Euskal Herriko euskal hiztunen erdiak du plataforma digitalerako sarbidea. Gu egokitu gara, jendea egokitu da. Baina gure hizkuntza, egokitu al da?
EITB taldeko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin eta egun gutxira, ikus-entzunezkoen munduan aritu eta aditu diren hiru lagun mahaiaren bueltan hitzartzea gozoki bat da. Joko handia ematen duen gozokia. Hasi orduko lehen hitzak, laburpen xehea: “Nahiko harrigarria egin zitzaidan agerraldia. Beno, jada ez nau ezerk harritzen”.
Hainbat ikerketa-lerro barnebiltzen ditu Euskal Herriko Unibertsitatearen bueltan antolatzen den NOR ikerketa taldeak. Euskarazko ikus-entzunezkoak aztertzen dituzte, eta aterki horren azpian, nagusiki, hiru zehar-lerro bereiz daitezke: hizkuntza gutxituak, komunikazioa eta identitatea. Ikerketa taldeko kide dira Libe Mimenza, Katixa Agirre eta Miren Manias. Hirurak elkartu ditugu. Bakoitzak du bere esperientzia, ideia eta gustuko lan-lerroak, eta zerbaitek elkartzen baditu, euskarazko ikus-entzunezkoen errealitateari eta etorkizunari buruzko kezka da.
Mahaian lehen kolpea, hasi bezain pronto, Mimenzak eman du: “Noiz utzi behar diogu Netflix bezalakoei plataforma berri deitzeari?”. Berri-berriak ere ez direlako eta, gainera, CIESen inkestari erreparatuta, kontsumoa oso orokortua dagoela esan daitekeelako: Hego Euskal Herriko euskal hiztunen %47ak erabiltzen ditu. Horregatik, EiTBko zuzendari nagusiak Euskal Netflix delakoa aurrerakoi eta berritzaile gisa saltzea harriduraz hartu dute hirurek, izan ere, halako zerbaitek “duela hamar urte pentsatuta egon behar zuen” Agirreren ustez. Gainera zer eta multinazionalaren marka erabilita. “Eta finean, zer diferentzia dago EITB Nahieran plataformarekiko?”, partekatu dute galdera, eta zalantzan geratu dira. Edo hobe esanda: xehetasun faltan. Xehetasun eske. Zer egiteko asmoa dagoen zehaztu gabe utzi zen aipaturiko agerraldian.
Joan den udazkena euskal telesailen urtaroa izan da ETBn. Hiru telesail ekoiztu dituzte euskaraz, launa kapitulukoak. Elkarrizketatuek positibotzat jo dituzte produkzioak, “baina jarraikortasuna falta da”. Maniasek dio luzera begirako proiektu bat behar dela, estrategia bat, baina uste du lau urtean behin gidaritza-taldea aldatzeko aukera egotea oztopoa dela. “Zerbaitetan dabiltzala dirudi, tarteka zerbait potentea egiten da, baina benetan ez dut ezer ikusten horren atzean; oso mami gutxi du”. Eta Maniasekin ados egonagatik, jomuga orokortu du Mimenzak: “Bizi dugun ekosisteman lur hartu gabe gaude oraindik. Sentsazioa daukat etengabe begiratzen dugula betaurreko analogikoekin”.
“Egiteko modu berriak eskatzen ditu garai honek”, dio Mimenzak. Sarritan hitz egin eta kritikatu izan da EiTBren estrategia falta, eta euskarazko ekoizpenen erreferente izan behar duen heinean, batik bat diru publikoz finantzatua delako, aztertzen eta kritikatzen jarraitu behar dela uste dute hirurek, baina norbanako eta komunitate bezala perspektiba aldatu beharraz hitz egin dute: “Perspektiba tradizionala eta digitala dena nahastuta dauzkagu, sumendi bat bezala, baina aurretik jarrita dauzkagun hainbat ardatzek ez digute balio”. Gauzak honela, industria beste era batera antolatu beharra dagoela azpimarratu dute.
Telebista tradizionalaren eta plataforma berrien arteko mugak gero eta lausoagoak direla dio Mimenzak, eta bigarrenera gehiago jotzen denez, geroz eta gehiago gainera, fenomeno horretara egokitu behar da ikus-entzunezkoaren industria: “Lehen bageneukan ikus-entzunezko produkzio komun bat. Ideario bat. Lau telebista-kate. Gaur egun bakoitzak berea kontsumitzen du; algoritmoak ematen diguna eta lagunarekiko ezberdina. Esperientzia pertsonalizatua da, lehen zenaren kontrakoa”. Ikus-entzunezkoez inguratutako bizitzak ditugula jakitun izan, onartu, eta egungo errealitatetik eraikitzen hasi behar dela gehitu dute Maniasek eta Agirrek. Eta hiruren jomuga, bera: erakusleiho on bat, kontsumoa erraztuko duena eta euskarazko edukia ondo antolatuta izango duena.
Argi diote zein izan behar den ardatz nagusia: euskara. Euskararen bueltan ardaztuko den ikus-entzunezkoen industria. Horixe da hiruren ustez nagusiki falta dena eta bere osotasunean, kezkagarriena. “Telebista publikoa daukagu, baina ez da gure hizkuntzaren gainean ardazten eta Euskal Netflix esaten denean ere, ez da euskararen gainean ardaztuko. Oso zaila da itsaso honetan euskarak bere txokoa izatea”, adierazi du Mimenzak. Euskara ardatzean jarri ezean, “fartsa” bat izango da guztia; gure hizkuntza gutxiagotua are gutxiagotuko duena.
Nostalgia puntutik hitz egin dute iraganaz, duela bi eta hiru hamarkada, euskarazko eduki eskaintza –batez ere haurrena– oso handia zelako. “Kate gutxi zeuden, itsasoa ez zen hain handia, eta ez ginen galtzen”, dio Agirrek. Tragediaz bizi du oraingoa. Besteek aurrera egin dutenean, uste duelako euskarak hasierako lekuan geratu baino, atzerapausoa eman duela. Askoz gutxiago produzitzea, horren adibide. Borondate politikoari eta, batez ere, kontzientzia politikoari egotzi dio errua, politikariak ez direlako jakitun ikus-entzunezkoek zer inportantzia duten gaur egun gizartea eratzerako orduan.
“Baina nik uste dut jendeari oso gutxi axola zaiola hizkuntza, telesailak eta filmak kontsumitzerakoan”, azaldu du Maniasek. Alegia, hizkuntza bigarren planoan geratu dela, eta saritzen dena, gidoia dela. Mimenzaren ustez, fenomeno hori fikzioan ematen da eta ez, aldiz, informazio-saioetan. “Oraindik ere propioki bilatzen da hizkuntza, ideario baten bila edo, gertutasuna ematen duelako agian”. Dena den, hirurek argiki diote trantsizio garaiak bizi dituela ikus-entzunezkoen kontsumoak. Telebistan, akaso, mantentzen da hizkuntza aktiboki hautatzearen garrantzia, baina Agirrek uste du, telebistatik plataforma digitaletara ematen ari den trantsizioaz ez dela kezkatu behar. Trantsizio teknologiko naturala dela dio: “Zergatik egongo naiz 22:00ak heldu zain, eta tartean iragarki luzeak irentsi, nahi dudanean ikusi badezaket nire mugikorrean?”. Trantsizio horretan, fenomeno honek bere egin ditu hainbat ezaugarri, tartean askok oso gustuko ez zuena orain ez hainbeste urte: azpitituluak. Belaunaldi berriak oso ohituta daude azpitituluak irakurtzen. AEBetan arreta piztu zuen audientzia-ikerketa batek: inoiz ez denean ingelesez ez den beste ezer ikusi, orain hasi dira horretan, azpitituluekin.
Hizkuntzek inoiz baino errazago bidaiatzen dute orain. “Orduan, baldintzek hala diote, edozein hizkuntza sar liteke mundu horretan, eta ez da sekulako azpiegitura behar”, dio Agirrek. Baina hori bai: “Lehenengo sortu egin behar da, sortzeko baldintzak eman, eta gero zabaltzen jakin”. Horregatik jarri dute jopuntuan ETB, diru publikoaren muskulua delako eta, beraz, motorra izan beharko lukeelako.
“Gauza bat da erregulatzea eta bestea betetzea”, adierazi du Mimenzak, Europar Batasunaren ikus-entzunezkoen direktibaz galdetzean. Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra aztertzen ari dira Espainiar Estatuan eta Pantailak Euskaraz ekimenak legearen inguruan dituen ideiekin bat egin dute hirurek: legeak hizkuntza gutxituak babes ditzala, erregulatu dezala industria, baina gero legea bete dadila. Dena den, uste dute, Europa mailako mugimendu bat sortu ezean, edo domino efektu bat, txikitasunetik oso zaila litzatekeela emaitzak lortzea.
“Onartu behar dugu, hala ere, euskarak badaukala posizio bat mundu honetan”, esan du Mimenzak, eta bat etorri dira Manias eta Agirre. Geroz eta jende gehiagok daki euskara, baina sozializatzeko aukerarik ematen ez bada, kalean eta esparru digitalean, diluituta geratzeko arrisku larria dagoela uste dute. Hargatik, nahiko argi diote, lege-babesa beharrezkoa duela euskarak ingurune digitalean. Baina horrez gain, ekosistema digital honetan “behingoagatik lur hartu” eta hausnarketarako espazioak eman behar direla dio Mimenzak: “Pausoak eman ezean, noiz arte iraungo du euskarak? Diluituta geratzen garen arte. Eta gaur egun bizi dugun mundu oso digital hau, diluitzeko arrisku askoko ingurunea da”.
Pantailak euskaraz nahi dituzte, baina badirudi asko eskatzea dela. Multinazionalek ez dizkiote ateak irekiko herritar talde bati, baina legea betetzera behartuta daude. Lege babesa behar du euskarak streaming plataformetan, etorkizuna bermatu nahi badu.
Proiektua aurkezteko “une aproposa” zela esan zenuten.
Bai, hala uste dugu. Ikus-entzunezko plataforma digitalen kontsumoa horrenbeste hazi den garaiotan, gaur egungo gazteek euskararik gabe bizi dute aisialdia. Soziolinguistikako datuek diote euskararen erabilera egonkortu egin dela, eta hori, nolabait ere, erlazionatuta egon daiteke azken hamarkadan euskarazko telebistaren eskaintzaren beherakadarekin. Pentsa, 1990eko CIESen datuek zioten, EAEko haurren %70ak Euskal Telebistako marrazkiak ikusten zituela. Orain, hutsaren hurrengoa da.
Jada, belaunaldi txiki bat galdu dugu. Eta horregatik diogu une hau aprobetxatu behar dugula: edo euskara plataformetan indartsu sartzen da edo euskararen etorkizuna oso kolokan dago.
Disney Euskaraz ekimenarekin abiatu zen guztia, azaroan. Netflix Euskaraz batu zitzaion udaberrian.
Euskaraldiaren testuinguruan, kezka bera partekatzen genuen Donostiako guraso talde batek. Jakin berri zen, Katalunian, Disney+ plataforma katalanez jartzeko akordioa lortu zutela, 30.000 sinadura bildu ondoren. Hortik abiatu ginen, eta hasiera batean, Disney Euskaraz kanpainak arrakasta izan zuen. Ikusi genuen benetako kezka bazegoela jendartean. Urte berrirako 5.000 sinadura bildu genituen, eta gutun ofizialak bidali genizkien erakundeei. Iritsi zitzaigun erantzuna: Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean agerraldi bat egiteko proposamena. Egin genuen agerraldia, oihartzun dezente izan zuen komunikabideetan, eta egun batzuetara, Bizkaiko beste herritar batzuek Netflix Euskaraz sinadura kanpaina abiatu zuten. Biak elkartzetik dator Pantailak Euskaraz.
Erakundeen erantzuna, Kultura Batzordean agerraldia egiteko proposamenean geratu da?
Instituzioak ez dira gurekin harremanetan jarri.
Zein eskaera egin zenituzten?
Gure eskaera bikoitza zen. Batetik, Disney multinazionalari eskatzen genion hizkuntza eskubideak errespetatzeko; eta bestetik, hemengo erakundeei eskatzen genien harremanetan jar zitezela multinazionalarekin, plataforma horretan euskarazko edukiak ere sartzeko.
Bereziki, Eusko Jaurlaritzari egiten genion deia, jakin badakigulako EAEko ekoiztetxeak zinemetan haur filmak euskaraz ere estreinatzera derrigortzen dituztela. Beraz, atzerriko ekoiztetxeei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekeela uste dugu. Horretarako, behar den legezko babesa sortu beharko litzateke.
Ordutik, Eusko Jaurlaritzak zerbait egin al du?
Zeharka jakin dugu Disneyrekin harremanetan jarri eta euskara babestearen aldeko saiakeraren bat egin dela, baina ez omen du arrakasta handirik izan. Ez omen dute erantzun positiborik jaso.
Netflix multinazionalarekin ere bildu da, maiatzean.
Publiko egin zen notizia, baina ez besterik. Guk zeharka jakin duguna da “sintonia ona” izan zutela bi aldeek. Badirudi prestutasuna agertu zuela multinazionalak euskarazko edukiak bere plataforman txertatzeko. Ez dakigu ez zenbat, ez nola, ezta zein eduki ere.
EiTBk, berriz, Euskal Netflix delakoa badatorrela iragarri du. Guztia ez dela euskaraz izango, baina euskarak bere tartea izango duela esan dute.
Positiboa iruditzen zaigu Andoni Aldekoa zuzendari nagusiak gure diskurtsoa bere egin duela ikustea, agerraldi horretan esan zuenean streaming plataformetan “euskara indartsu egotea beharrezkoa dela euskararen etorkizuna ziurtatzeko”. Hori da guk defendatzen duguna. Baina noski, hori lortzeko tresna elebidun bat sortzen baduzu, eta ikusita EiTBren elebitasunak baliabide ekonomiko, pertsonal eta tekniko gehiena gaztelerazko kateetara bideratzen duela, oso arriskutsua izan daiteke. “Euskal” den plataforma batean euskara bigarren mailan gera daiteke.
Argi dago euskarazko ekoizpena sustatu egin behar dela, ezta?
Alde batetik, euskarazko eta bertako ekoizpenak katalogoan txertatu behar dira, eta horretan indarra egin beharra dago, bertako ekoizpenak sustatzeko. Baliabide gehiago jarriz eta laguntza gehiago emanaz. Zenbat euskarazko film ekoizten dira urtean? Hamar, asko jota? Horrekin nekez elikatu dezakezu plataforma bat. Edo nekez izango da euskarazko eskaintza nahikoa zabala egungo kontsumo ohiturentzako. Pentsa, urtean hamar film ekoizteak esan nahiko luke urtean 20 orduko edukia egotea. Egun gutxi batzuetan eskaintza guztia kontsumitu daiteke lasai asko. Eta Netflix plataforman, ia 6.000 eduki daude.
Euskararen presentzia halako plataforma erraldoi batean hutsaren hurrengoa da kopuru hauetan jarraitzen badugu. Horregatik iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela kanpoko eduki arrakastatsuenak euskarara ekartzea, bikoizketa eta azpidazketen bitartez.
Disneyri egin diozue eskaera hori.
Ez dugu eskatzen klasiko zaharrak orain bikoizten hastea. Eskatzen duguna da, jadanik bikoiztuta eta azpidatzita dauden filmak euskaraz eskaintzea plataforman. Jadanik egina dago euskarara ekartzeko lan hori, baina ez dira zabaltzen. Diru publikoz urteetan orduak eta orduak euskaratu dira. Teknikoki ez luke lan handirik eskatu beharko eginda dagoena plataformetan zintzilikatzeak. Ez egitearen arrazoi bakarra diskriminazio hutsa da.
Beste gauza bat da eduki guztiak bikoizten hastea. Gure eskaera da gutxienez estreinatzen diren pelikula guztiek euskarazko aukera izatea.
Hori Katalunian badaukate. Erreferente hartu duzue hainbat kasutan.
Urte batzuetako abantaila daukate gure aurrean. 2013 urtean hitzarmen bat egin zuten Disney multinazionalarekin eta, ordutik, zinemetan eskaintzen dituzten estreinaldi guztiak katalanez bikoiztuta ere eskaintzen dituzte. Orduan, egin behar izan duten bakarra da pelikula guzti horiek katalogora igotzea. Bazeukaten edukia egina, baina katalogoan soilik gazteleraz jarri zuten. Sinadura bilketari esker lortu dute falta zen urratsa egitea.
Madrilen, berriz, Ikus-Entzunezkoen Lege Orokorrarekin jira-biran dabiltza. Zer ekar dezake horrek?
2018ko Europako direktiba bat aplikatzera dator. Besteak beste dio, streaming plataformek bere edukien %30 europar proiektuei eskaini behar dietela. Atzeratzen doa Espainiako tramitazioa, baina zirriborroak dioena da, Europako proiektuen eduki horren erdia estatuko edukiak izan behar direla. Badago aukera bat %15 hori zein hizkuntzatan izango den zehazteko. Kataluniako Ikus-Entzunezkoen Kontseiluak emendakin bat egin zion legearen aurre-proiektuari, eskatuz Espainiar Estatuko edukien %15 horren erdia beste hizkuntzetan izateko. Guk bat egiten dugu horrekin.
EH Bilduk proposatu du Ikus-Entzunezkoen Kontseilua sortzea. Hau ere eragile bat litzateke prozesu horretan.
[Elkarrizketa hau egin eta gero Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ez duela kontseilurik sortuko]. Europan ia herrialde guztietan daukate kontseiluren bat, eta Espainiar Estatuan Andaluzian eta Katalunian badago. Ikus-entzunezkoen komunikabideen gardentasuna eta aniztasuna zaintzeaz gain, haurren babeserako legeak, publizitatearen arauketa eta hizkuntzari loturiko komunikabideen arauketaz arduratuko litzateke. Kontseilu bat eduki beharko genuke euskaraz, administrazioetan.
Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]
Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]
Horrela eman diogu amaiera deskolonizazioari buruzko lantaldeari, joan den azaroan Arraia-Maeztun (Araba) egin ziren “Euskal Herrian ekofeminismoak gorpuzten” topaketen baitan. Lurraldearen defentsaren hainbat espresioren babesleku izan zen, ideia emankorren hazitegi... [+]
Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]
Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]
Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]
Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]
Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.
"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.