Industrialak satisfos eta laborari ttipiak kezkaturik utzi ditu adosturiko NPBak

  • Eztabaida gogorren ondotik, ekainaren 25ean adostu dute 2023-2027 urteentzako Europako Nekazaritza Politika Bateratua, Europako Parlamentuaren, Laborantza Ministroen Kontseiluaren eta Europako Batzordearen artean. Klima larrialdiari aurre egiteko edo behintzat hau mugatzeko tresna izatea espero zuten anitzek, baina azkenean ez da horrelakoa izanen. Orain arteko logika berarekin segituko du Europar Batasunak, nagusiki nekazaritza industriala lagunduz, eta orain arte bezala, ingurumenaren eta laborarien alde dihoan laborantza herrikoia bigarren mailan utziz, sostengu eskasegiarekin.

Mobilizazioa Baionan: Bestelako NPB baten alde elkartu ziren suprefetura aitzinean, ELB sindikatuak eta BLE elkarteak deiturik.ELB

“Krisi aitzineko testu bat erditu digute hiru urteko eztabaidatik, orain arteko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) azal eta mami berekin. COVID-19 osagarri krisitik eta agerian utzi dizkigun nekazaritza dependentzietatik irakaspenik ez dute atera 27 estatuek. Zer arrakala alimalea Green Deal eta biharko NPBaren artean! Herritarrek hautaturiko instantzia bakarra den Parlamentuak pisu gutxi izan du erabakian”, irakurri dezakegu laborantza herrikoiaren alde dabilen Confédération Paysanne sindikatuak plazaraturiko agirian. 2023-2027 urteetarako NPBaren norabideak, helburuak eta bideak finkatzen dituen erreformaz ari da, Europako Laborantza Ministroen Kontseiluak, Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak ekainaren 25ean onartutakoaz.

Akordioa ez zen aitzinetik irabazia, Parlamentuaren eta Ministroen Kontseiluaren artean desadostasunak zirelako nagusi. Batak –Europako Parlamentuak– ingurumenaren errespetu handiagoan eta klima larrialdia mugatzeko helburuarekin osatu nahi zuen erreforma, eta besteak –Laborantza Ministroen Kontseiluak– ez zuen orain arteko logika industrialarekin mozteko gogo eta ausardia nahiko erakusten.

Hitzak berdez tindatzea erraza izanki, teorian denak dira ados errateko klima larrialdia mugatu beharra dela eta ingurumenaren errespetuan doan proiektu politiko batekin aitzina egin behar duela Europar Batasunak. Baina, hitzetatik haratago joan behar denean, hots, helburua betetzeko erabaki politikoak finkatzerakoan, uzkurdura da nagusi, berez, helburuak neurri ausartak eta aldaketak eskatzen dituelako. NPBaren erreformari dagokionez horretan zihoan soka-tira: edo orain artekoa baino ekologikoagoa izanen den laborantza proiektu bat marrazten zuten –sozialki ere, zuzenagoa izanen litzatekeena–, edo nagusiki nekazaritza industriala sostengatuko duen politika bateratuarekin segitzen zuten.

Iazko urrian adostu zuten NPBaren erreforma Europako 27 laborantza ministroek, zazpi urterako 336 bilioi euroko aurrekontuarekin, baina Europako Parlamentuarekin helburuak eta neurriak ezin adostuta zebiltzan. Hainbeste, zein eta maiatzaren 28an moztu zituzten negoziazioak, gainditu ezinezko puntuek horretara beharturik: “Funtsezko gai anitz ebatzi gabe ditugu oraindik, elkarrizketen atzeratzea erabaki dugu”. 27 estatuek esku artean dute 2019an aurkezturiko Green Deal edo Itun Berdea, zeinetan 2050erako karbono-neutralitatea lortzeko konpromisoa harturik duten. Green Deal-a greenwashing-a [“garbiketa berdea”] ez bihurtzeko gisan, bai ala bai NPBan txertatu behar dute helburua, hasteko, Europar Batasunaren berotegi efektuko gas isurketen %12 laborantzatik datorrelako. Hilabete baten buruan berriz bildurik, ados jarri dira azkenean.

Benoit Biteau eurodiputatu ekologistak honela baloratzen du akordioa: “Erreforma bidegabea, klimatikoki kaltegarria eta biodibertsitaterako arriskutsua” . Hain zuzen, testuak ez du laborantza eredu aldaketara behartzen, oraindik ere segitzen du nagusiki sistema industriala sostengatzen. 1957an abiatu zuten nekazaritzarentzako politika bateratua, garaiko erronkei erantzuteko gisan eredu produktibista bultzatuz, eta erreformaz erreforma, norabidez ez dute aldatu, alderantziz, logika intentsiboa akuilatu eta indartu besterik ez dute egin.

2021-2027 urteetarako aurrekontuko %75 –258 bilioi euro– dira zuzenean laborariei banatuko, eta banaketa bideratzeko irizpideei dagokionez, aldaketa drastikorik ez da gertatu. Orain arte bezala lur edo azienda kantitatearen arabera banatuko dituzte dirulaguntzak:  zenbat eta handiagoa izan, orduan eta dirulaguntza gehiago jasoko dira Europatik.
Horra hemen puntuz puntu 2027 arte adosturiko politikaren nondik-norakoak:

Logika berean segituz: tamainaren arabera jokatuz

“Zalantzan jarri behar da hektareako laguntzaren printzipioa (NPBren baitan, etxalde batek zenbat eta hektarea gehiago izan, orduan eta laguntza handiagoa jasotzen du) –dio Aurélie Catallo Bestelako NPB Baten Alde plataformako kideak–. Zeren izenean handitasunak ordainketa handiagoak justifikatuko lituzke? Jakinik ikerketek argi uzten digutela etxaldea zenbat eta handiagoa izan orduan eta kaltegarriagoa dela ingurumenarentzat, eta orduan eta lanpostu gutxiago sortzen dituela hektareako”. Kontua da adosturiko testuari segi, logika honekin ez duela moztu Europar Batasunak.
Badira ordea, berritasun zenbait, bestelako eredua sostengatzeko asmoz hartutakoak, baina ez dira nagusitzen.

Berritasuna: eko-erregimenak

Ingurumenaren errespetuan dabiltzan laborariei banaturiko primak dira “eko-erregimenak”, erreforma honek dakarren berritasun nagusia. Honi buruz izan dituzte eztabaidarik beroenak, zuzenean banatu laguntzetan eko-erregimenei bideraturiko proportzioa zenbatekoa izan behar zen ezin adostuz zebiltzala. Gutienez %30 ordezkatzea eskatzen zuten eurodiputatuek; estatuek aldiz %25eko muga eskatzen zuten, bi urteko trantsizio-epearekin, zeinetan ez liratekeen proportzio hau errespetatzera behartuak izanen. Estatuen nahiari segi finkatu dute neurria: aurrekontuaren %25 bideratuko zaie eko-erregimenei –horretarako eskaerarik ez baldin bada, %20 2023 eta 2024 urteetan–.

Baina zenbat bideratzen den bezain garrantzitsua da ikustea zertara bideratzen den... Laborantza ekologikoan dabiltzanek kezka adierazi zuten, testuaren arabera “ingurumenarentzako balio handiko” proiektuak direlako sostengatuko. Irizpide malgu batzuei segi banatuko dira eta ekoizpen ekologikoan ez direnek ere jasotzen ahalko dituzte, beste behin ere laguntza gutxien duena sostengu gutxirekin utziz. Adibidez, Frantziako Laborantza ministroak jakitera eman zuen Frantziako Estatuko laborarien %80-%85ak eskuratzen ahalko zituela eko-erregimenak. Eredu herrikoian eta iraunkorrean dabiltzanak Frantzian ez dira hainbeste... hori horrela, argi gelditzen da eredu intentsiboan dabiltzanei ere banatuko liratezkeela.

Landa-errotazioak

Eztabaidari hurbiletik begiratuz gero, ohartzen gara ingurumenaren alde doazen neurriek dutela erresistentzia gehien sortu. Hauen artean dugu erreformak eskatzen duen landa-errotazioena edo bioaniztasuna laguntzeko asmoz landa batzuk landu gabe uzteko betebeharrarena. Laborantzako lurren %4 eta %7 artean landu gabe atxiki beharko dituzte (salbuespenak izanki hamar hektarea baino gutxiagoko baserrientzat).

Bigarren zutabean %35 ingurumenaren alde

Bitan banatua da NPBa: batetik “lehen zutabea” laborariei bideratu dirulaguntzei dagokiona, eta bestetik, “bigarren zutabea” landa eremuaren garapenaren alde doana. Bigarren honi bideratua zaio aurrekontuaren %25, eta adosturiko testuan agertzen da dirutza honen %35 ingurumenaren aldeko egitasmoei bideratu beharko zaiela.
ñabardura: “bideratu” beharrean, “begiratu”

Green Deal edo Itun Berdea gauzatu ahal izateko tresna garrantzitsua izan behar luke NPBak. Tartean, itunean zerrendaturiko hainbat helburu sektore honi buruzkoak direlako: pestizidak eta antibiotikak 2030erako %50az gutxitzea eta ongailuak %20az, baita laborantza lurren %25 eredu biologikora bideratzea ere. Kontua da, ez dutela erronka hauek gainditzeko determinazioarekin osatu erreforma. Estatuen nekazaritza politikak helburu horien araberakoak ote diren “begiratu” beharko du Europar Batasunak, ezertara “behartu” gabe.

“Araudi-esparrua eta ingurumenaren alde doazen arauak ahulegiak izateak eta ingurumenari dagokionez helburu kuantitatiborik ez izateak dakar zuzeneko dirulaguntzen hiru laurdenak eredu intentsibora banatuko direla, inolako baldintza ekologikorik galdetu gabe”, Ingurumenaren Europako Bulegoa izeneko elkarteak gaitzesten duenez. Hots, orain arteko tendentziarekin segitzea dakar erreformak: “Akordio honek statu quo egoera atxikitzen du, eredu industrialari bideratu laguntza hondoragarriarekin segitzea dakar. Ez gaituzue engainatuko, greenwashing-az ohartzen gara”, dio bere aldetik Greenpeacek.
Dirulaguntzen banaketarako irizpideak ez direino kontrako zentzura bideratzen, ez da NPB “berderik” sortuko. “Laborantza industrial berdea” esamoldea oximoron bat delako... Baina ingurumenaz gain, sektorearen geroa ere da jokoan, laborari eta etxaldeak modu kezkagarrian desagertuz doazelako: hamar urtez 4,2 milioi etxalde ttipi desagertu dira Europan, zehazkiago baserrien %25a. Beste behin ere, erreforma honetan ez da arazo hau serioski hartua izan, handienak dituelako sostengatzen.
batasuna ahulduz, estatuei erabakimen geroz eta gehiago

Onerako ala txarrerako, 27 estatuek geroz eta erabakimen gehiago dute, eta nekazaritzarentzako politika bateratuak geroz eta gutxiago du batasunetik. Nahiz eta helburu orokorrak Europa mailan adostu, ondotik hauen gauzapenerako bideak finkatzeko erabakimena geroz eta gehiago estatuen esku uzten du Europako Batzarrak. Adibidez, eko-erregimenei buruzko irizpideak estatuka finkatuko dituzte. Ikusteke dugu beraz orain estatuka nola bideratuko duten NPBa. 

Jean-Paul Duhalde (ELBko kidea): "Finkatu koadroak ez du orain artekoa biziki aldatuko"

NPBaren erreforma honi buruzko ELBren irakurketa zein da?

Adostasun honekin koadroa markatu dute eta orain estatuei dagokie norabidea zehaztea. Maleruski, finkatu koadroak ez du orain artekoa biziki aldatuko. Egundaino erran duguna da ez dela bidezko diru banaketarik: bakar batzuengana doa dirulaguntzen alimaleko zama. Frantzian adibidez laguntzen %80a laborarien %20ak du errezibitzen. Ongi izanen zen Europak koadro justuago bat eman balu, dirulaguntzak hobeki banatuz, baina ez da halakorik gertatu. NPBak hiru ardatzetan beharko zuen hobetu: sozialki, laborantza biziarazten eta laborantzaz bizi direnak gehiago eta hobeki kontutan hartu; ekonomikoki, bestelako eredu bat garatu; eta bistan da, ingurumenari dagokionez ekologikoagoa bihurtu. Hiru ardatz horietan ez da aldaketarik sendi, kasik erran daiteke orain artekoaren jarraipena dela.

Bakar horiek handienak izanki.

Zenbat eta lur eta kabala gehiago ukan, orduan eta laguntza gehiago duzu. Hori horrela, NPB “berdeagorik” ez da posible. Laguntzak beste gisaz banatuak balira, anitz gauza egiten ahal lirateke! Europan, laborantza saila biziki sostengatua da, baina maleruski arrunt gaizki lagundua da. Horregatik ditugu gaur bizi ditugun kalte guztiak. Baina ez dezagun gorde: hau nahikeria politiko bat da.

Lobbyak ere hor direlako.

Bistan da. NPBaren lehen irabazlea agroindustria dela onarturik dute aspaldian begirale anitzek.

Orduan orain estatuka jokatuko da afera.

Laborantza Ministerioan presioa eginen dugu, lehenik eta behin etxalde ttipientzat laguntza hobeak lortzeko. “Ingurumenarentzat balio handiko” ziurtagiria ere hor da. Izen biziki ederra du, hori bai, baina maleruski edozer gauza sar dezakete barnean. Izuarazten gaitu, biziki kaltegarria izan daitekeelako eredu biologikoan dabiltzan laborarientzat, baina orokorkiago ingurumenarentzat eta jendarte osoarentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri

Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]


2025-01-09 | Julene Flamarique
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da

18 urterako plan estrategikoa garatzeko Europako diru-laguntzak jaso ditu Euskal Sagardoaren Jatorri Deiturako proiektuak. Iparraldea batu da jada, eta Nafarroa zein Trebiñu sartzeko urratsak ematen hasiak dira.


Laborantza bozen usaina

Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-16 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa
Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]


2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Ozaetako (barrundia) sagar zuku ekoizpena
8.000 sagar zuku litro ekoitziak, 900 biztanleko herrian

“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Idorrak dira munduko lurren %40, eta lehortze bidea egin dute lurren %75ek

Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.


2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]


2024-10-25 | Filipe Lascaray
Jaunttoak, lurra eta herritarrak

Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik.  Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]


Eguneraketa berriak daude