Zuhaizpea, zumitzezko eserlekua, eta beltzezko neska bat eserita, atzean euskal paisaia idilikoaren arrastoak dituela. Osagai horiek ditu Verde Pratoren Kondaira eder hura diskoaren azalak, Ana Arsuagak berak pintatuak, eta margolan horrek eraman gaitu Tolosako Urkizu auzora, musikariak umetan asteburuak igarotzen zituen baserrira –han kokatuta baitago margolaneko eszena–. Asmo sendo bat genuen –margolanaren erreplika fotografikoa egitea–, baina bideak (eta lanbroak) eraman gaitzan utzi dugu, ezinbestean.
Haurtzaroko asteburuekin lotzen du Urkizu auzoa Ana Arsuagak (Tolosa, 1994), eta aitaren ortuarekin, eta bazkalondo amaigabeekin, eta mahai bueltako kantuekin. Oroitzapenak nahasten zaizkio argazki albumetan izoztutako irudiekin, nahiz eta antzerako kontuak agertzen diren bietan: patxada, familia, ospakizunak. Dena oso bukolikoa. Hara itzultzen saiatu gara udaberri amaierako goiz batez, eta orduko haren ordez beste Urkizu bat topatu dugu, ez oso bestelakoa ere –sagarrondoak loretan, bukolikotasunak bere horretan jarraitzen du–, baina lanbrotua, barea, eta ezinbestean, Arsuagak pinturetan irudikatzen duena baino tristeagoa.
Ez du lotura agerikorik ikusten bere margolanen eta musikaren artean, baina Urkizuko irudietan oinarritutako olio pinturekin kontrakoa pasa zaio: abestien estetikarekin bat egiten zutela irudituta, diskoaren azala eta kontrazala ilustratzeko baliatu ditu. “Euskal Herriari oso lotutako estetika dute abestiek. Doinu motak –abesti herrikoien oihartzunak dituztenak–, konposatzeko modua, euskaraz abeste hutsa bera… nahi nuen iruditeria ere horrekin bat etor zedin”. Kondaira eder hura (Lago/Crater - Plan B Rec) diskoko zazpi abestiek istorio modukoa osatzen dute, ikuspuntu desberdinetatik –ama, mutila, lagunak, haurra, aita, anaiak, neska– kontatuz nola mutil batek herritik partitzen duen, ingurukoengan hutsune handia utziz. Familiaren ideiak pisu handia du kontakizun horretan, eta hor da haurraren ahotsa ere, “metaforikoagoa, ez hain literala, kontakizun orokorretik ateratzen dena pixka bat, off-eko ahots bat balitz bezala”. Kutsu teatrala du diskoak, eta pertsonaia bakoitzak narrazioa osatzen du pixkanaka, opera batean bezala. “Henry Purcellen Dido eta Eneas-ek liluratu ninduen. Azken eszenan kontatzen da neskaren aiene zauritua –abesti zoragarria da–, oso modu tragikoan, neska kantuan eta suizidatzen ari da aldi berean. Nik ordurako hiru abesti eginda nituen, eta hitzei erreparatuta, konturatu nintzen errepikatzen zen gai bat zegoela hor, opera hartakoaren antzekoa: zu joan egin zara, eta ni hemen gelditu naiz”.
Arsuaga bera ere partitze moduko batean harrapatu dugu. Bilbon bizi izan da Arte Ederrak ikastera joan zenetik, eta jaioterrira bueltan da orain. Atzean uztera doa musikan asko eman dion aldi garrantzitsu bat: Mazmorra eta Serpiente taldeetako parte izan zen Bilbon, eta hangoa da Verde Pratoren hazia ere. Jon Mantzisidorrek hots egin zion behin, azalduz Le Larraskito Klubean kontzertu esperimental batzuk antolatzekoak zirela, eta ea ezer presta zezakeen egun hartarako. Proposamena onartu, eta lau abesti osatu zituen egun hartarako, “jolas moduan” –Neskaren kanta, Amaren kanta, Mutilaren kanta eta Neri deritzait Galtzaundi kantu tradizionalaren bertsio bat–. Pare bat astean egin zituen. “Ez da ohiko erritmoa”, dio barrez, “abestien lehen zirriborroa zen, gainera”. Larraskitoko emanaldi hartatik beste bi kontzertu atera zitzaizkionez, kantak egiten jarraitu zuen, gero eta ilusio handiagoz. Halako batean, Jon Agirrezabala soinu teknikariak aipatu zion abestiak grabatzen lagunduko ziola –zuzeneko baten modura–, eta saio hartako materiala sarean jarri zuen entzungai. Estudioko disko bat grabatzeko garaia iritsi zela erabakitakoan, hainbat zigilu aztertu eta Plan B-rekin ateratzea erabaki zuen. Eta horrela, gaurdaino.
Lanbroak planak moldarazi dizkigu: Verde Pratoren disko-azalaren erreplika atera nahi genuen, pintura argazkira eramanez, Arsuagaren umetako baserri idilikoaren parean. Atertu artean, autobus paradako markesinan –auzo guztian topatu dugun aterpe bakarrean– babestuta segi behar izan dugu hizketan. Ibilian mamitu da Verde Prato, harik eta bizitza propioa hartu duen arte. Zerikusirik ez Serpiente eta Mazmorra taldeetan bizitakoarekin, aipatzen duenez: “Talde batean besteen nahiak ere hor daude, ezin zara hain diktatoriala izan. Bakarka, aldiz, norberak jartzen du bere exijentzia maila”. Eta ez da kasualitatea berak xehetasun guztiak zaindu izana. “Ez zait txorakeria iruditzen lan artistiko bat egitea. Zerbait egiten duzunean, lan horrekin gauza asko esaten ari zara. Nik hori kontrolatu nahi dut: zer ematen diodan jendeari, zergatik, zer interes daukan… izugarri serio hartzen dut hori”.
Artistei egiten zaizkien elkarrizketetan-eta, diskurtsoaren inflazioa nabari du, tema modukoa gai batzuekiko duten posizioa hitzez azal dezaten. Harentzat, ordea, artista bat elkarrizketa ematen hasi aurretik ari da gauzak esaten. Kontua ez da obrak hitz egin behar duela: obrak de facto hitz egiten du. Arsuagarentzat, musikari batek hartzen dituen erabakiak ez dira ausazkoak: “Neska bat bakarrik jotzen, dena bakarrik konposatzen, euskaraz abesten, abesti oso minimalistak egiten… Nahi duenak galdetuko dit erabaki horiei buruz, baina nik ezin dut nire lanaren bidez baino hobeto erantzun. Horiek denak nire erabakiak izan dira, eta horrek jada asko esaten du. Zer gehiago nahi duzu esatea? Nire erabaki estetikoetan dago nire posizio politikoa”.
"Neska bat bakarrik jotzen, dena bakarrik konposatzen, euskaraz abesten, abesti oso minimalistak egiten… Nire erabaki estetikoetan dago nire posizio politikoa"
Horregatik aritu da diskoa osatzen duten alderdi guztien arteko koherentziaren bila. “Egia da sorkuntza prozesu batek norberaren kontzientzia gainditzen duela. Ezin dut hauteman egiten dudan guztia, ez naiz neure burua hain kanpotik ikusteko gauza. Hala ere, emaitzarik ezustekoenak ere bat etorri behar du adierazi nahi duzunarekin, edo adierazi nahi ez duzunarekin”. Abestien sorkuntza prozesuak alderdi kontzientea bezainbat du inkontzientea. Lehenik, alderdi inkontzientea identifikatzen du Arsuagak: “Bizipen bat edukitakoan lanean hasten zara, eta hor zure emozioak, gorputza eta kontroletik harago doazen ezagutzak ari dira lanean”. Behin hori igarotakoan, kontrolaren fasea hasten da: “Lehen zirriborro horretatik zer den aprobetxagarria eta zer ez erabaki behar duzun unea da hori. Pentsatzen duzu ea material hori nola eraman dezakezun une indartsuetara, edota une esentzial-oinarrizkoetara”. Bere lan egiteko jarreran etengabekoa da sortzen ari denaren gaineko gogoeta. Sorkuntza ziklo osoa betetzen du: sortu-distantzia hartu-gogoetatu-forma eman, eta berriz ere hastera. Norbere lanarekin autokritiko izatearekin lotzen du jarrera hori. “Ez dut edozer onartzen. Begiratzen diet beste ogibideei, eta, adibidez, ikusten dudanean nire aita batera eta bestera –etxeak pintatzen egiten du lan–, galdetzen diot neure buruari: zer eskubiderekin egingo dut nik “besterik gabeko” abesti bat? Edota: zergatik da garrantzitsua abestiak egitea? Nik ez ditut hondakinak sortu nahi”.
Abestiak egiterakoan jarrera “puru” batetik abiatzen saiatzen da Arsuaga, eta musika estilo jakinetara errazegi ez lerratzen. “Niretzat esperimentala izateak hori esan nahi du: saiatzea ahalik eta aurreiritzi gutxieneko jarreratik gerturatzen sorkuntza prozesura”. Behin hasierako materiala eskuartean duela, pentsatzen hasten da abestiaren egituran eta “fase kontziente” horretako beste auzi batzuetan. “Norbere ezagutzak agerikoagoak dira bigarren une horretan. Baina, hasieran, saiatzen naiz nire inertziek muga ez nazaten. Abesti bat egin nahi badut baserik gabe, eta gero une batean basea sartu, eta gero berriz ere kendu… zergatik ez? Zentzu horretan izan nahi dut purua edo inozentea”. Hor kokatzen du sorkuntzarekiko bere posizioa: konbentzioa besarkatuz ezin aseta, zalantzan –eta, beraz, esperimentazioan– topatu du bere eremua. “Ezinegona daukazu, gauzen zentzua topatzeko gogoa, zerbait benetakora iristekoa. Bizitzan bertan pasatzen den bezala. Galdera beti jakinmin batetik dator. Benetan gehiago ikasi nahi duenak beti egingo dizkio bere buruari galderak. Artista zarenean berdin: iristen zaizunarekiko kritikoa bazara, beti ariko zara jarrera esperimentaletik sortzen”.
"Iristen zaizunarekiko kritikoa bazara, beti ariko zara jarrera esperimentaletik sortzen"
Musika genero jakinetara gerturatzen denean ere, genero horiek dakartzaten patroiak auzitan jartzen saiatzen da beti. Klase guztietako etiketetan sailkatu izan diote bere apustua –euskal folklorea, neokostunbrismoa, kantu tradizionala–, lehengaitzat darabiltzan folklore elementuen jatorrizko esanahia auzitan jarri nahi ez balu bezala. Zenbaiten begietara, balirudike folk tradizionalaren olatu berria besarkatu duen artista bat gehiago dela. Kontrara, moda konbentzio bat gehiago bezala bizi duela dio Arsuagak, eta hortaz, beste konbentzio guztiak bezala baliatzen duela: kritikotasunez. “Elektronikako baseak modan badaude eta nik elektronikako baseak egiten baditut, bada oso ondo, ez dut horregatik saihestuko. Tradizioa oso bogan badago, eta baldin bada zerbait benetan interesatzen zaidana, ez naiz beste zerbait egiten hasiko. Baina saiatzen naiz kointzidentzia izan dadin, ez nahita bilatutako zerbait”. Orain gutxi, folk espainiar berriaren parametroetan sailkatu zuten elkarrizketa batean, Rodrigo Cuevas eta bestetzuen zaku berean. Alta, iruditzen zaio Euskal Herrian joera hori ez dela berria. Aipatzen ditu 60ko hamarkadako hainbat izen, Amaia Zubiria, Haizea, edota Mikel Laboa bera: “Hemen betidanik egon da tradizioari oso lotutako musika, eta ni hemengoa naizenez eta hemengo testuingurutik edaten dudanez, horri baietz esaten diot –beste gauza batzuei ezetz–. Edonola ere, ez dut ezer asmatu”. Laboaren lana miresten du, oroz gain: “Tipo izugarri interesgarria da, askotariko zirkuluetan miretsia. B alde izugarria dauka, baina era berean eskolan irakasten dizute. Horrek itxaropena ematen dit”.
Atertu du lanbroak, atera gara markesinatik, eta abiatu gara Arsuagaren umetako baserri ingurura. Apenas igarotzen da Urkizutik azkenaldian, “Hernioko bidean edo halako mendi-bueltaren batean ez bada”. Elkarrizketaren hondarrean, hizpidera ekarri du ahotsa dela Verde Pratoren funtsa, normalean abestiak abiatzen dituen tokia. Aldiz, korapilatsua zaio hitzak idaztea. “Hasten naiz lengoaiarekin jolasten, egunerokoan komunikatzeko gehien erabiltzen dudan tresnarekin, baina iritsi beharra daukat beste zerbait egitera. Oso eragiketa zaila iruditzen zait”. Hitzak idazterakoan bere bizipenetatik abiatuagatik erreparo handia ematen dio biluzteak, eta tentsioz bizi du ariketa. “Ez zait batere interesatzen jendeari nire bizitza kontatzea; hortik atera nahi dut, kosta ahala kosta. Arte plastikoetan nahiko zabalduta ikusten dut norbere biografia eta lana hertsiki lotzeko jarrera, baina niri zalantzak sortzen dizkit. Interesgarria izan daiteke, bai, baina gehienetan anekdotan gelditzen dela iruditzen zait. Eta nire bizitza izan daitekeen anekdota ez zait interesatzen, ez behintzat arterako, bere baitan amaitzen delako, eta ez delako interesgarria pentsatzeko, hausnartzeko. Aldiz, badira gai batzuk abesti herrikoietan ohikoak direnak – familia, herria, maitasuna, heriotza– eta sekula agortzen ez direnak, beti misterioa izango direlako. Hortik beti atera dezakezu zerbait. Nahiago dut auzi unibertsalago horietara hurbiltzen saiatu”.
Baserria parean daukagu, azkenik. Ate-leihoak berde, fatxadako zuria itzalixea. Haztamuka gerturatu gara, baina iruditurik inguru osoan inor ere ez dabilela, atarirainokoa egin dugu. Han da pinturan ageri den intxaurrondoa, azpian harrizko mahaia duela. Eseri da Arsuaga zuhaizpean, baina argazkilariak gogor ekinagatik, ez du zentzurik erreplika perfektuarekin tematzeak: umel dago ingurua, argiak ez du koadrokoarekin zerikusirik, atzeko paisaia gurdi handi batek estaltzen du. Mugitu dugu gurdia, baina alferrik da. Erretratu sesioa eginda, autoan sartu eta bagoaz Urkizutik. Lanbroa hasi du berriz, eta halako arindu batek hartu du hasierako etsiaren tokia.
'Tristan und Isolde' opera
Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]
Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]
Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------
Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren... [+]
Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zerrautsa
Olaia Inziarte
Panda, 2024
-------------------------------------------
Depresio garaian idatzitako hamalau kanta. Halaxe aurkeztu zuen Olaia Inziartek orain aipatu ezin den euskarazko lehenengo late night-ean. Diskoa irekitzen du Zerrautsa pieza bru-ta-lak... [+]
Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]
Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.
Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]
Euskal Herriko Gazte Orkestra. Neguko topaketa
Zuzendaria: Iker Sánchez.
Narratzailea: Kepa Errasti.
Egitaraua: Britten eta Beethovenen lanak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.
Eguna: urtarrilaren 2a.
Chulería, joder!
NOIZ: urtarrilaren 5ean.
NON: Bilboko Kafe Antzokian.
----------------------------------------------------
Aretoa betetzen ari dela, antzokiko goiko barandaren atzetik beherantz begira, ni baino gazteagorik topatuko ote dudan jolasten eman ditut... [+]
Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]
Urte berri goiza Joxe Ansorenak, gure aitona Isidroren anaiak, sortutako biribilketa baten izenburua da, urteberri goizean txistulariek kalez kale jo zezaten asmatua. Doinu horren airean, gaueko kondarrak bilduz joaten ginen, zabor kamioiak bezala. Behin, Sakito mozkor galanta... [+]
17 urteko musika ibilbideari itxiera emango dio Odolaren Mintzoak hilaren 25ean Usurbilen eskainiko duen kontzertuan. Amaiera kontzertuaren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute. Bidelagun izan dituzten herriko taldeek hartuko dute oholtza: Rukula, Ameba, Viafara edota... [+]
Alosia
Perlata
Autoekoizpena, 2024
----------------------------------------------------
Arrasateko Perlata taldeak lan berria kaleratu du. Hainbat disko ditu bizkarrean, eta azkeneko lana bere jaioterriko punk, Oi! eta rockaren zubi-lana egindako Jesusi Etxeberria... [+]