Nola eman klasea kanpoan?

  • Leku itxietan errazago kutsatzen garela jakitun, eskola asko klaseak aire zabalean ematera animatu dira pandemia garaiotan. Baina ikasgela kanpora ateratzea ez da ikasgelan egiten duguna errepikatzea edo naturan txango hutsa egitea. Behin kanpoaldea konkistatuta, nola atera etekina pedagogikoki? Nola landu curriculuma eta konpetentziak kanpo espazioetan eta aprobetxatu inguruak eskaintzen dizkigun baliabideak? Ez da erronka makala, baina ederra da emaitza.

Altzoko herri eskolako haurrak naturan klasean. SOS Larrialdi Klimatikoa proiektuaren bidez curriculumeko eduki asko kanpoan landu dituzte ikasturte honetan; datorren ikasturtean historia jorratuko dute, inguruko lekuak baliatuz.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Urtetako inertziak apurtzea zaila delako, edo ikastetxeetan borondaterik egon ez delako, edo administrazioak eta sistemak trabak jarri dituztelako... ez dira gutxi ikasturte honetan ere lau paretetara kondenatuta jarraitu duten ikasleak, baina pandemiak akuilaturiko joera bat ere nabarmendu da: kanpo espazioetara (gehiago) atera dira eskolak, eta aire zabalean aritzeko aterpez hornitu dituzte jolastoki eta inguruak. “Hezkuntza berrikusteko parada eman du pandemiak, eta aukera bezala planteatu da kanpora ateratzea; hainbat irakaslek esan digu ikastetxeak duen lorategi edo zelaira ateratzen zirela ume zirenean, eta orain ikastetxe berean irakasle direlarik, urte luzez ohitura galduta egon ostean, berreskuratu egin dutela irteteko joera”, kontatu digu Maialen Sistiagak. Teknikaria da Kutxa Ekoguneko baso-eskolan, eta eremu berdeetan klaseak emateko gakoen inguruan formakuntza ematen die hezitzaileei. Kanpora irteteko sortu den grinaren isla, irakasleez gain guraso talde batek ere parte hartu duela formazio horietan, Zaldibiako Lardizabal ikastetxean hezkuntza-komunitate osoak egin duelako bat natur eremuak eskola bihurtzeko apustuarekin.

Sistiagak dio egon daitezkeen beldurrak eta aurreiritziak uxatzeko baliagarria izaten ari dela mugimendu hau guztia. Azken finean, ikastetxe eta adin guztietako ikasleek egin dezakete kanporako eta natur guneetarako bidea, hirietan bizi arren beti dugulako eremu berderen bat ez oso urruti. Basora joan gabe ere, parkeak, lorategiak, plazak... baliabidez jositako espazioak dira, bertan zer eta nola egin jakinez gero.

Naturaren aldeko diskurtso “hutsal eta erromantikoarekin” kritiko agertu zaigu Dani Zuazagoitia, kanpora irtetea bere horretan ez baita ezeren berme, aurretik ez badago formakuntza eta lanketarik. Irakasle askok txangoa bera baino ez dute helburu

Zergatik atera?
Natura bertutez jositako eskola dela entzutera ohitu garen honetan, maiz nagusitzen den diskurtso “hutsal eta erromantikoarekin” kritiko agertu zaigu Dani Zuazagoitia, eta gogoratu du kanpora irtetea bere horretan ez dela ezeren berme, aurretik ez badago formakuntza eta lanketarik: basora txangoa egitera atera ziren hainbat irakasleri galdetuz egindako ikerketa bat aipatu digu, eta nola ondorioztatu zuten irakasle horietako gehienek ez zutela pentsatuta zer egin edo zer behatu basoan, txangoa bera zutela helburu, “baina txangoak ez dizu bermatuko ezagutzea baso baten ekosistema nolakoa den, ez dizu lagunduko pentsamendu holistikoa garatzen eta ez dizu baliabiderik emango jakiteko haritza ala eukaliptoa nahiago duzun, ez baduzu horren inguruko lanketarik egin”. Zuazagoitiak zientzia esperimentalen didaktika irakasten du Gasteizko Magisteritza Eskolan, eta eremu berdeak irakaskuntzan baliatzeko oinarriak ematen dizkie etorkizuneko hezitzaileei.

Kanpo espazioak ganoraz eta koherenteki erabiliz gero, orduan bai, hezkuntzarako altxorra direla dio Zuazagoitiak: “Egia da lana eta ahalegina eskatzen duela curriculuma kanpora ateratzeak, baina gure ikasleek ikastea bada helburu nagusietakoa, baloratu dezagun zer ari diren ikasten gaur egun eta hori hobetzea ote daukagun beste testuinguru batzuk baliatuz. Eta ebidentziek adierazten dute kanpo espazioetan ikaskuntza prozesua hobetzen dela: frogatuta dago kanpoan gaudenean jarrera ezberdina dela, baita gure arteko harremanak ere –ikasleen artean, baina baita irakasle eta ikasleen artean ere–, giroa hobea dela finean, umorea hobetu eta emozio positiboak sortzen direla, eta badakigu ikaskuntza prozesuak emozioetan oso errotuta daudela. Horrek guztiak atxikimendua handitzen du espazio horrekiko, eta bertan jaso dituzten esperientziak eta ezagutzak (kontzeptualak eta prozedurazkoak) hobeto berenganatzen dituzte ikasleek. Kimikaria naiz eta zientzia fakultatean lanean aritu naizenean, inoiz ez zait ikaslerik etorri galdetuz ea zer moduz dagoen laborategia; aldiz, ikasle askok galdetu digute zelan dagoen baratzea, edo urmaela, edo intsektuen hotela... eta horrek esan nahi du lotura emozional bat eraiki dutela, balio bat ematen diotela horri”. Gainera, azalpen abstraktuak baino hobeto ulertzen dira maiz kontzeptu eta eragiketak, ikusi, ukitu eta manipulatu ditzakegunean.

Kanpoan jardutearen balioa berretsi digute bide hori hautatu duten ikastetxeek. Errenteriako Orereta ikastolan pandemiak eman die azken bultzada, eta ingurura atera dira Lehen Hezkuntzako ikasleak, curriculuma errealitatean bizi, esperimentatu eta aztertzeko. “Proiektuka aritzea eta ikasitakoa errealitatera hurbiltzea da azken urteetako joera eta metodologia hori bete-betean dator kanpo espazioetan aritzearekin. Azken finean, konturatu gara errealitatearekiko lotura sustatuta paperean baino errazago ikasten dutela haurrek, eta gainera jardun hauek giroa hobetu dute”, kontatu du Jone Briñas irakasleak. Ahalegina izan dela aitortu digu, erosotasunetik atera eta “ikasgelako zementuak irakasleoi ematen zigun oreka desoreka bihurtu” behar izan dutela, baina pozik daudela, “ikusi dugulako ikasleentzat ekarpen handia izan dela kanpora irtetea”.

Pandemiaren aurretik jada irteten ziren Altzoko Imaz Bertsolaria herri eskolan, Haur nahiz Lehen Hezkuntzakoak, eta eurak ere konbentzituta daude hori dela bidea: ikasturte bakoitzean proiektu bat diseinatu, curriculuma proiektu horretara ekarri eta kanpo espazioetara egokitu. Esperientziak erakutsi die funtzionatzen duela.

María Mayorga: "Begirada aldatuz gero, konturatuko gara zenbat baliabide ditugun aire zabalean irakaskuntzarako, basoan daudelako proportzioak eta bolumenak, dagoelako historia, natur zientzietarako makina bat aukera, ikerketarako gaiak..."

Begirada eta maiztasuna
Altzoko eskolako irakasle Josebe Rezolak garbi du: begirada da kanpoan jarduteko gakoa, begirada aldatzea, zabaltzea. María Mayorgaren hitzetan, “begirada aldatuz gero, konturatuko gara zenbat baliabide ditugun aire zabalean irakaskuntzarako, makila bat ez delako bakarrik makila bat, erregela bat ere izan daiteke, adibidez. Kanpoan klasea ematea ez da testuliburua eskuetan dugula borobil bat eginez lurrean esertzea, natura bera da testuliburua, basoan daudelako proportzioak eta bolumenak, dagoelako historia, natur zientzietarako makina bat aukera, ikerketarako gaiak...”. In Natura proiektuaren sortzailea da Mayorga, eta ekaina bukaeran Donostian antolatu dituzten Naturan Hezi topaketetan hartuko du parte.

Maiztasunaren garrantzia ere jarri digu mahai gainean: kontua ez da noizean behin kanpora ateratzea edo berdeguneetan ordutxo bat egotea, “kontzeptua ez da natur gunea bisitatzea, natur gunea eskola bihurtzea baizik, eta horretarako orekatuagoa izan behar du kanpoan eta barruan pasatzen dugun denbora”.

Dani Zuazagoitiak beste bi zutabe nabarmendu ditu: irakasleen formakuntza batetik, eta irakasleen arteko aliantzak bestetik, ikastetxe berean egon daitezkeelako kanporako bidea hartzeko oso motibatuta dauden eta kontrako inertzian eroso dauden hezitzaileak. “Askok uste du naturarekin zuzenean lotuta dauden gaiak baino ezin direla landu kanpoan (landareen eta animalien zikloak eta gisakoak), baina ez da hala, beste arlo batzuk ere jorratu daitezke, landu nahi duguna espazio jakin horretara egokitzeko transposizio curricularra eginez”. Matematikak, historia edo soziologia nola egokitu kanpo espazioetara? Hainbat adibide bildu ditugu aurrerago.

Kanpoan, zer eta nola?
Kanpo espazioak ez dira zertan egunero erabili, eta curriculum guztia ere ez dago zertan kanpoan landu. Hori bai, espazio horretan zer eta nola landu nahi dugun prestatzea inportantea da. Horra Dani Zuazagoitiaren oharra. Bere hitzetan, abiapuntua galdera eragileak edo galdera motorrak dira, ikasleak harrapatuko dituzten galderak egitea eta erantzunaren bila bidea egiteko erremintak ematea. Lurzoruaren gaia jarri digu adibide gisa. Ikasle askok lurraz duen jakintza oso mugatua dela dio, galdetuz gero hainbatek esango dizula lurzorua dela zapaltzen dugun hori. Bada, gaia lantzeko, atera gaitezen kalera, eremu berderen batera, eta bota dezagun galdera: “Lur honetan zerbait landu al dezakegu?”. Eta behin ikasleen jakin-mina piztuta, hasiko dira ikusten lurzorua bizirik dagoela, eraldatzen dela, ura edota materia organikoa metatzeko gaitasuna duela, izaki bizidunak dituela... eta indikatzaile horiekin ikasleek ondorioztatu beharko dute aztertu duten lurraren kalitatea txarra, erdipurdikoa ala ona den, eta zer egin dezaketen kalitatea hobetzeko.

Zuazagoitiak gogoratu du zientzian irakasten direla kontzeptuak batetik, eta prozesu zientifikoak bestetik. Eta kanpo espazioetan prozesuak berdinak edo antzekoak izan daitezkeen bitartean (behatu, konparatu, aurreikusi, hipotesia egin, datuak bildu, aztertu, ondorioak atera...), kontzeptuak egokitu egin behar ditugula dugun espazioaren arabera. Esaterako, ekosistema baldin bada jorratu nahi dugun kontzeptua, ezberdin jorratuko dugu aurrean duguna urmaela, basoa, baratzea edo eskola ondoko parkea baldin bada, espazio horien araberako ekosistema izango baita abiapuntua.

Egokitzeko gaitasun hori eta kanpora ateratzeak hezitzaileari eskatzen dion sormena azpimarratu du María Mayorgak, besteak beste naturan beti dagoelako aukera, “edo are gehiago, betebeharra”, inprobisatzekoa. Klasea prestatu behar da, bai, baina inprobisazioari beti tarte bat utzi behar zaiola iritzi dio, proiektu berriak sortzeko atea izan daitekeelako. “Irakaslearen formazioaren parte izan behar luke jardueraren batean ari direlarik zerbait agertu edo ikusi eta ikasleek arreta han jarri dutenean, bulkada horri eusten jakitea, une hori aprobetxatzea, jakin-minetik eta emoziotik irakasten jarraitzeko”.

Hain juxtu, irakasleak formaziora iristen direnean errezetak eskatzen dizkiotela azaldu digu, hau eta hura nola egin jakin nahi dutela. “Eta adibide praktikoak ematen ditugu, jakina, baina argi utziz adibideak inspirazio iturri direla, gero norberak egin behar duela bere bidea, dituen ingurune, ikasle-talde, baliabide eta helburu curricularrak aintzat hartuz”.

Estatistika lantzeko, esaterako, ezkurrak hartu eta ikasleek ezberdin landu ditzakete (kotoian batzuek, lurrean besteek; eguzkitan, kaxoi barruan...) eta aldagaien arabera lortutako emaitzak alderatu

Historia, kimika, geografia, artea... kanpoan lantzen
Ez, barruan eta kanpoan ez da berdin irakasten, eta ikasi ere ezberdin ikasten da. Lurraren  eguzkiarekiko errotazioa orri batean azaldu daitekeela dio Zuazagoitiak, baina horren ordez makila bat kanpoan zutik jarri eta hilero eguerdiko hamabietan neurtu dezakegu haren itzala, eta luzera apuntatzen joan, ikusteko ikasturte hasieratik luzatzen joango dela itzala eta abendutik aurrera laburtzen. “Prozesua mantsoagoa da, eboluzioa ikusteko denbora behar da, baina beste proiektu batzuekin batera tartekatu dezakegu”.

Sagarrondoak aitzakia izan daitezke kontsumo ekologikoaz eta gertuko kontsumoaz eztabaidatzeko, eta klimaz ari bagara, gure klimograma propioa eraiki dezakegu: plubiometroarekin ura neurtzen joan eta aldi berean tenperatura hartu.

Teknologia arloan ere badago nondik jo. Ikastetxe inguruko txoriei jaten emango dien ontzia eraikiko al dugu? Eta nola sortu ontzirik egokiena, egunero jana jarri ordez autorregulatzeko gai izango dena? Ondoren, gainera, jatontzia zintzilikatu eta zein hegazti mota hurbiltzen den behatu dezakegu, urtaroaren arabera –kamera txiki bat jarrita, esaterako–. Biologiara egin dugu salto.

Intsektuen hotelak ere arrakasta izan ohi du teknologian: mailua eta daratulua hartu eta ekin. “Eskuekin ez dakite lan egiten Haur eta Lehen Hezkuntzan arituko diren irakasleek, nola da posible! –dio Zuazagoitiak– Sarri hori ere ematen dizute kanpo espazioek: eskuekin aritzeko beldurra galtzen dute ikasleek”.

Kimikan, konposta izanez gero materiaren eraldaketa prozesua jorratu daiteke: fase mesofilotik fase termofilorako trantsizioa ikus daiteke, tenperatura igo eta bakterioak nola hiltzen diren. “Plastiko zatiren bat beti agertu ohi da konpostan, eta hori ez da eraldatuko –gehitu du Zuazagoitiak–. Irakasleak jakin behar du horrelako esperientzia txikiak baliatzen; ‘zergatik ez da eraldatu plastiko zati hau?’. Eztabaida piztuko da, eta hori da zientzia, hori da pentsamendu kritikoa sustatzea”.

Urmaela bera altxorra da bai kimika lantzeko, bai gai ugariri heltzeko ere. Urmaelen Sareari eta Aranzadi Elkarteari esker gero eta gehiago dira ikastetxe inguruan putzua sortu eta baliatzen ari diren eskolak, habitat eta espezieak ikertzeko, uraren azterketa egiteko, protozooak eta mikroorganismoak bilatzeko edota laborategiko praktiketarako.

Dani Zuazagoitia: "Badaude ikasleak aktiboki asko inplikatzen direnak kanpoan lanketa praktikoan ari garenean, baina fisikoki bakarrik ez, kognitiboki ere inplikazioa eskatzen du prozesuak, liburuan datorrena eta kanpo espazioan egin duguna uztartuz"

Matematiketan eredu ugari bildu ditugu. Baratze-mahaia hartu eta galdera eragilea egingo du irakasleak: ‘Mahai hau erabili behar dugu, zenbat lur erosi behar dugu?’. Eta horretarako ikasleek kalkulatu beharko dute lurrak zein dentsitate duen, mahaiak duen bolumena nola kalkulatuko duten, kilogramotan saldu diguten lurra nola lotuko duten bolumenarekin... Angelu motak, bestalde, pila bat aurkituko ditugu naturan (angelu itsuak, kamutsak, konkaboak, konbexuak, lauak, osagarriak...). Zatikiak ulertzeko ere baliagarria da harriak, makilak edota inguruan duguna erabiltzea, dezimalak edo portzentajeak azaltzeko. Berdin irudi geometrikoak lantzeko: erlauntzetako hexagonoak, Fibonnaciren segida erakusten duten eguzkiloreak, naturak eskaintzen dituen irudi simetrikoak... aurkituko ditugu. Eta estatistikari eusteko ere moduak badira, buruari eraginez gero; esaterako, ezkurrak hartu eta ikasleek ezberdin landu ditzakete (kotoian batzuek, lurrean besteek; eguzkitan batzuek, kaxoi barruan besteek...) eta aldagaien arabera lortutako emaitzak alderatu ditzakete ondoren.

Orereta ikastolan arlo ugari naturara eraman dituztela kontatu digu Jone Briñasek: hala nola, kanpoko baliabideekin estanpazioak egin dituzte Artea ikasgaian, Musikan kanpora atera dira entseatzera, inguruko mendi, leku eta espezieak ezagutu dituzte Gizartean, eta Kirol Heziketan txangoek eurek bide eman dute motrizitatea naturan lantzeko. Zaldibiako Lardizabal eskolan, adibidez, herri inguruan egiteko ibilaldien bilduma osatu dute, ibilbide bakoitzean zer ikusi daitekeen jasoz.

Eta ez dezagun ahaztu, curriculumeko arlo ezberdinak proiektu beraren bueltan lantzea ere bada helburua, “proiektuak berak ematen baitio zentzua lantzen den guztiari”, dio Altzoko eskolako Josebe Rezolak. Eurek “SOS Larrialdi Klimatikoa” proiektua landu dute ikasturte honetan, eta kanpoan, besteak beste, eskulturak eta mandalak egin dituzte harriekin, txorientzako habiak eraiki dituzte aroztegia tailerrean, eta aztertu dituzte zuhaitzen bizi zikloa, basoko habitatak, hegaztien migrazioa, landareak eta polinizazioa, erleen garrantzia –erlauntzan aritu dira eta erlezain bat ere ekarri dute–, lehen sektorea, klima ezberdinak... Adinaren arabera, azalekoagoa edo sakonagoa izan da landutakoa, “baina funtsa bera da; landu nahi duzuna eta zailtasuna egokitzea da gakoa”.

Hurrengo ikasturterako proiektua prest dute: historia. Historia ere jorratu baitaiteke kanpoan, noski, eta inguruko kobazuloak, karobiak eta leku interesgarriak ezagutuko dituzte, ingurunetik abiatuta egiteko bidaia iraganera.

Eduki eta curriculumetik harago, “ez dezagun ahaztu jolasaren garrantzia –nabarmendu digu Mayorgak–. Kanpoan jolastea, hezkuntza orduetan nahiz aisialdi garaian, jolastea ez delako soilik umeen kontua, jolastu nerabeek ere egiten dute, beste mota bateko jolasak izan arren”.

Orereta Ikastolako haurrak. “Proiektuka aritzea eta ikasitakoa errealitatera hurbiltzea da azken urteetako joera eta metodologia hori bete-betean dator kanpo espazioetan aritzearekin”, azaldu digu Jone Briñas irakasleak.

Barrutik kanpora, eta kanpotik barrura
Ikasgelan eta ikasgelatik kanpo jorratu daiteke gai bera, eta batak bestearen osagarri eta segida izan behar du, kanpoan landutakoa gelan eztabaidatu, gelan barneratutako informazioa kanpoan kontrastatu... Hain juxtu, barruko eta kanpoko espazioen elkarrekintza izango da Naturan Hezi topaketen gaia, EHUren Uda Ikastaroen baitan. Topaketen zuzendari Maialen Sistiagak Danimarkako Danish Nature Approach egitasmoaren zuzendaria aipatu digu, topaketetan izango dena. Danimarkan baso-eskola asko dago, baina horrez gain Haur Hezkuntzako ikastetxe guztiak ateratzen dira egunero edo ia egunero kanpora –herri txiki nahiz handi, baita Kopenhage hiriburuan ere– eta egitasmoaren xedea da ikustea basoan haurrek ikasten dutena nola islatzen den gero ikasgelan –autonomia edo ulertzeko gaitasuna kasu–.

Kanpoan ikasle batzuk bereziki motibatzen direla-eta, ikuspegi osoa izatearen garrantzia azpimarratu du Dani Zuazagoitiak: “Badaude ikasleak aktiboki asko inplikatzen direnak kanpoan lanketa praktikoan ari garenean, baina fisikoki bakarrik ez, kognitiboki ere inplikazioa eskatzen du prozesuak, eta ikasgela barrura bueltatu eta eskatzen dugunean lurzoruaren edo materia organikoaren inguruan informazioa bilatzeko, ez badu halakorik egiten, hankamotz geratuko da ikasketa prozesua. Ideiak antolatzea eta eskema mentalak aldatzea ere beharrezkoa da, horretarako liburuan datorrena eta kanpo espazioan fisikoki egin duguna uztartuz”.

Tira, lezio horiek guztiak eta gehiago barneratzen joateko eta kanpo espazioetako jarduna handitzen eta hobetzen joateko astia izango da, eskola-orduetan ingurura irtetea pandemia sasoitik haraindiko mugimendua izango dela uste baitu askok. “Ikusten ari gara segida duela joerak. Datorren ikasturterako ikastetxe berri ugarik eman du izena baso-eskolaren formazioan, eta dagoeneko parte hartzen ari  diren ikastetxe batzuek ere zabaldu egin dute eskaintza etapa berrietara, ikasle eta adin gehiago hartuz”, baieztatu du Maialen Sistiagak.

Baratzea (irudian, Arabako campusean Zuazagoitiak erabiltzen duena) irakaskuntzarako baliabidez betetako eremua da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Maddi Agirre Epelde. Bertsolari matematikari kantari
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]


Injustizia epistemikoa eskoletan?

Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]


Koldo Rabadan Izagirre. 'Superbotereak' liburuaren egilea
“Zorionez haurrek ez dute heldurik euren barnean, errealitatera jaitsita leudeke bestela”

Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


2024-11-14 | Leire Ibar
10.000 bat ikaslek eskatu dute unibertsitateko matrikulak merkatzea eta bekak hobetzea

Doako unibertsitatea aldarrikatu eta EHUren erantzukizuna seinalatu dute 10.549 ikaslek, Unibertsitateko Indar Batasunak abiatutako sinadura bilketaren bidez.


Gorputz hotsak
“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


Eguneraketa berriak daude