Osasun izurriteak jada zailak ziren hainbat egoera okertu ditu, eta zaintzaren esparrua da horietako bat. Mendekotasun handiko pertsonen zaintzaz arduratzen diren emakumeen inguruan solastatu dugu Maite Elizondo psikologo irundarrarekin. Autozaintzaz arduratzeko gomendatzen die artatzen dituen pertsonei, eta jendartea sostengatzen duen zaintzari balioa eta baliabide ekonomikoak emateko, berriz, botere publikoei.
Zaintza erdigunean, ba ote?
Izurrite honekin muturrera egin dute lehenagotik zaintzaren bueltan zeuden zailtasunek. Batez ere ez delako baliabide gehiago jarri. Mendekotasuna duen norbaiten zaintzaz arduratzen den emakume ez profesional batek aurrez zituen arnasgune txikiak galdu ditu, esaterako. Zailtasun emozionalak eta estrukturalak areagotu dira. Zenbait egoera kudeatzea oso zaila bilakatu da. Halako egoerek inbertsio pertsonal handia eskatzen dute, prozesu luze eta gogorra izaten baita. Askotan, kanpokoen enpatia gutxirekin. “Tokatu egin zaizu”. Kexatzeko kasik aukerarik zein eskubiderik gabe sentitzen dira asko. Pandemiak, gainera, erruduntasun sentsazioa handitu egin du. Zaintzatik at hatsa hartzeko tarteren bat hartuz gero, kalera irten eta etxean utzi dutena kutsatzeko beldurra dute askok. Zurrunbilo toxikoa sor daiteke, eta zaintza prozesua asko luzatzen bada kalte psikologikoak ere jasan ditzake zaintzaileak: erruduntasuna, frustrazioa, antsietate krisiak, depresioak...
Nola lagun daiteke zaintzailea?
Enpatia oso garrantzitsua da. Senideetako bat izan ohi da ardura handiena hartzen duena eta beste batzuk inguruan gelditzen dira, bera bezainbeste inplikatu gabe. Komunikazioa eta enpatia oso garrantzitsuak dira halakoetan. Modu prebentiboan aritzea ezinbestekoa da. Bizi garen jendarte indibidualista eta azeleratuan ez dakigu gelditzen, hausnartzen eta ingurukoei begiratzen. Zinezko zaintzaz ari bagara, gizarteak modu kolektiboan antolatu behar du, gizarte osoari baitagokio eta ez etxeko bakoitzari soilik. Etengabe lan produktiboa egitera behartuta gaudela dirudi eta agintariek oso gutxitan edo ia inoiz ez dute aipatzen gelditzeko, gogoetatzeko, benetan elkar zaintzeko. Are, ez dute horretarako baliabiderik ematen! Sistema eusten duen faktore garrantzitsuena dela jakin arren. Hipokrisi handia dago.
Ba ote dakigu zer den zinezko zaintza?
Jaiotzen denetik hil arte behar du pertsonak zaindua izatea. Gaur egun sektore zehatz batzuekin identifikatzen da gehiago, umeekin eta adinekoekin. Gainera, norbera emaile gisa irudikatzen da gehienetan, ez hartzaile gisa. Autozaintzaz oso gutxi hitz egiten da eta ezinbestekoa da. Ingurukoak ongi zaintzeko norberak ongi egon behar du, eta gaur egun egoera oso desorekatuta dago. Geure burua baztertzen dugu, alboratu eta muturreko kasuetan baita ahaztu ere, hurkoa zaintzeko. Norbera ongi ez badago, ordea, bestea ez du ongi zainduko. Beti modu funtzionalean ari gara, emozionala alde batera utzita.
Zer da autozaintza?
Jaiotzen garenetik egin beharko genuke, bizitzeko modu bat da. Haurrei jokamolde osasuntsuak erakusten dizkiegu, baina eguneroko erritmoa dela-eta, helduaroan bazter uzten ditugu. Kontzientzia bera ukaitea ezinbestekoa da. Zailtasunak kudeatzen ikasten dugu ikastolan, zergatik ez dugu jarraitzen helduaroan? Senide bat zaintza tokatzen bazaigu geure burua ezagutzea ezinbestekoa da, bestea ongi zaintzeko.
Nola egiten da?
Geure mugak ezagutu behar ditugu, noraino eta zer egiteko gai garen eta prest gauden jakiteko. Zaindu behar dugun pertsonak duen eritasunaren araberako formakuntza jasotzea ere oso baliagarria izan daiteke. Ez da gauza bera minbizia duen norbaitekin egotea edo dementzia aurreratua duen norbaitekin. Barne elkarrizketak oso garrantzitsuak dira: “Zer esaten diot nire buruari? Nola sentitzen naiz egoera honetan?”. Erruduntasunaren auzia lantzea ere oso garrantzitsua da. Gehiegitan pentsatzen dugu gehiago egin dezakegula edo gaizki ari garela. Elementu kontrajarri askorekin topo egin dezake zaintzaileak. Eritasuna duena asko maite dugu eta ez diogu gure buruari “kokoteraino nago, ezin dut gehiago” onartzea baimentzen. Ez guk ezta jendarteak ere, gaizki ikusia dago. Oso sentimendu naturala da ordea, normala da. Dolua lantzea ere komeni da. Sarri eritasuna duena bizirik dagoela hasten da, autozaintzaren parte da.
Burnout sindromea ere hor dago.
Orokorrean gustuko ez ditugun profesioetan gertatu ohi da, baina zaintzaren kasuan ere ematen da. Azken batean behartuta eta beste aukerarik gabe sentitzen gara eta horrek areagotu egiten du burnout sindromea: zaintzaileari jada ez zaio deus axola, emozioak anestesiatuta ditu, zaintzen ari den pertsonari zakar hitz egiten dio… Azaleratzen den azken sindromea izan ohi da, baina hor dago.
Zaintza plazerez egitera hel gintezke sistema bestelakoa balitz?
Dudarik gabe. Sistema irauli beharko litzateke ordea. Instituzioek gaiari errotik heldu beharko liokete, formakuntza zein baliabideak eskaini zaintzaileei (izan ekonomikoak, psikologikoak, estrukturalak…), horiek kondena gisa hartu ordez, aukera libre gisa ere sentitzeko. Izatez polita baita maite duzun hori zaintzea. Eta plazerez edo hainbeste sufritu gabe egiten baduzu, egunerokotasuna bera eta ondorengo dolua ere errazago egiten dira.
Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]
Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.
Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.
Alberto Martínez Jaurlaritzarne osasun aholkulariak jakinarazi du erabakia, Gasteizeko Legebiltzarrean. Langile guztiak subrogatuko dituztela ere esan du.
Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]
Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.
Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.
Bost hilabete pasatxo beteko ditu Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak, eta martxorako bukatuta nahi zuten eztabaida prozesuaren helmuga bileraz bilera urruntzen doa. Ezarritako metodologiak, mahaira deitutako erakundeen zerrendak, kanpoan... [+]
Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.
Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.