Lurperaturiko 215 umeren gorpuzki atzeman zituzten maiatzean Kanadako Kamloopseko eskola batean. “Zibilizatu beharreko basati” batzuenak dira, hots, kolonoen etorrera aitzin haien lurrean eta haien lurretik bizi ziren autoktonoenak. Asimilatzeko helburuz, eskola eta barnetegi sistema behartu bat antolatu zuten eskuz-esku Elizak eta Kanadako Estatuak. 1831tik 1996ra iraun zuten barnategiek eta orotara 150.000 haur pasa ziren bertatik. Etxeratu zirenak eraso kultural, emozional, psikologiko, fisiko eta sexualek suntsiturik atera ziren kalbario honetatik. Beste milaka hil ziren: ofizialki 6.000 inguru –baina anitzez gehiago izan daitezke eta oraingoz ezin jakin zenbat diren lurpean gordetako zenbatu gabeak–.
Kanadako Kamloopseko (Columbia Britainiarra) eskola batean lurperaturiko 215 umeren gorpu atzeman zituzten maiatza hondarrean. Ez da edozein eskola ez eta edozein ume ere, eta zehaztapenak gutxitzen digu harridura, lekuak eta gorputzek azalpen logikadun bat emango baligute bezala: XIX. mende hastapenetik XX. mende bukaerara haur autoktonoentzako bideraturiko eskola batean aurkitu dituzte “zibilizatu beharreko basati” gisa kontsideraturiko 215 haurren hondarrak.
Ofizialki, “haien baitan duten indioa hiltzeko” helburuari segi ireki zituzten eskola hauek eskuz-esku Kanadako Estatuak eta Elizak. Zuria ez zen ume orok zuen bai ala bai bertan pasa behar haurtzaroa, hots, Lehen Naziokoek, Metiek eta Inuitek. Beren hizkuntza, kultura eta ondare aborigen guztia galaraztea zuten helburutzat Estatuak zein Elizak. Bata galdu, beste batek hartzeko lekua: balore mendebaldarrez eta kristianismoz bete behar ziren gorputz eta arima ttipi hauek.
Hiruzpalau urtetatik aitzina gurasoengandik banandu, ohiko jantziak erre, ileak moztu, ama-hizkuntza debekatu, sinesmenak gezurtatu, izen berri bat inposatu... asimilazioa bortizki bideratzeko lekuak ziren misiolarien esku ziren eskola hauek. Funtsean, eskola baino gehiago ziren, barnetegi ere zirelako: haurrak bahiturik zituzten eta kolonoen mundu inposatuan biziraun beharra zuten. 1892an ofizialki orokortu zituzten barnetegiak eta 1876ko Indian Act lege segregazionistaren 1920ko moldaketak zekarren autoktono guztiek zituztela zazpi eta hamasei urteen bitartean urtero hamar hilabete barnetegian iragan behar.
1831tik 1996ra iraun zuten eta orotara 150.000 ziren Kanada osoan zabaldutako 139 barnetegi hauetatik pasa. Gwenlaouen Le Gouilen Tuer l´indien dans le coeur de l´enfant (“Haurraren bihotzean dagoen indianoa hil”) dokumentala ikusi behar da gune hauetan burutu izugarrikeriez ohartzeko –www.arte.tv-n ikusgai duzue kitorik ekainaren 11 arte, frantsesezko zein gaztelerazko azpitituluekin–. “Suntsitu gaituzte. Gure lurra nahi zutelako zituzten haurrak suntsitu. Zer egin nuen hori pairatu behar izateko? Ezer ez, haur soil bat nintzen”, dio Fort Albanyko Saint Anne barnetegian haurtzaroa pasa behar izan zuen batek. 2015ean ondorio argia plazaratu zuen 2008an osaturiko Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordeak: eskola eta barnetegi hauetan “genozidio kulturala” gertatu zen.
Kontatzen du nola bi aldiz elektrokutatu zuten, zazpi urte zituela. “Ikaragarri zaila da guzti horretatik altxatzea... goiz batez esnatzen zara alkoholiko ala presondegian”. Ondoko lagunak kontatzen du gauak ikaran pasatzen zituela, edozein unetan apaiz bortxatzailea etortzen ahal zitzaiolako gainera. “Gehienok ez dugu suportatzen: suizidioa, droga gaindosia... Nik ere behin tiroa bota nion nire buruari, beste aldi batez dosi azkar bat hartu nuen inoiz ez esnatzeko esperantzarekin... izugarria da eta hitzez kontatzea ere zailegia zait”, dio barnetegietan behin eta berriz bortxatua izandako beste batek.
215 gorpu ttipi azaleratu zaizkigu beraz. Zein izan zen haien heriotzaren arrazoia? Elektrika deskarga azkarregi bat? Bortxaketa hiltzaile bat? Haien goitika jaterakoan ito izana –bai, ume bahitu izandakoen testigantzetan ageri da betebehar ohikoa zutela goitika berriz irenstearena–? Bizi-baldintza gogorregiek eritasunera eraman izana? Gosetea? Suizidioa? Guztiak dira balizko arrazoi, guztiak zirelako haien errealitatearen parte.
Barnetegi hauetan hilak egon zirela jakina da –aspalditik gainera: jada 1907an Peter Henderson Bryce medikuak jakinarazi zuen heriotz-tasa %25ekoa zela barnetegietan eta atera ondorengoa %69koa zela!–. Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordearen arabera, nekez jakin dezakegu zenbat diren hildakoak, baina ofizialki, gutxienez 4.100 dira –36 umero bat– eta 6.000 baino gehiago izan daitezkeela ere dio batzordeak. Seguruenik gehiago ere dira, ikusiz orain bezala lurgaineratzen direla noiztenka gorpuzkiak. Testigantzak biltzen dabil batzordea eta 6.500 dituela eskuartean, trumilka dira inoiz etxeratu ez zirenen kasuak.
Indioen Arazoen Ministeritzak heriotzak erroldatzera behartu zituzten 1935ean. Errolden zehaztugabetasunak argiki islatzen du gorpu hauek ez zutela baliorik eta azkenean, bizirik ala hilik berdintsu zitzaiela Eliza eta Estatuari: hildakoen herena izenik gabe agertzen da, laurdena generoa definitu gabe, eta erdia heriotzaren kausa zehaztu gabe. Bistan da, azkenik deskubrituriko 215 hauen gisara, gordeturikoak zenbat ote diren ezin jakin.
Identifikatu gabeko hobiak badirela ere jakina da eta hamarkadak darabiltzate Lehen Naziokoek bilaketa lanetan, agintariek jarritako oztopo eta debekuei aurre eginez. Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordeak berak aitortzen du gastuak ttipitzeko estakuruarekin maiz errefusatua izan zitzaiela senideei gorpuen berreskuratzea. Biktimek gogoan dute ere 2009an errefusatua izan zitzaiela bilaketa lanetarako dirulaguntza.
Barnetegietako izugarrikeriengatik barkamena luzatu zien hala ere Lehen Naziokoei Otawak 2008an, eta berradiskidetasunaren bidean poliki-poliki –polikiegi– urratsak bideratzen dabil estatu federala –2015az geroz Lehen Ministro den Justin Trudeauk abiadura azkartuz–.
Barnetegitik bizirik atera zirenak suntsiturik atera ziren. Guztiak ziren eraso fisiko, sexual, kultural, emozional eta psikologikoz markaturik itzuli haien famili, lur eta komunitateetara. Iragan hau isildu dute gehienek, gordetzeak ahanztea ekarriko lukeenaren esperantzarekin. Baina, gorde arren hor segitzen duenez, gaizki-izatea dute eguneroko ogi garaian ume eta gaur egun adindun direnek, baita hauen ondorengoek ere. Bi datu, belaunaldiz belaunaldi herentzian transmititzen den traumatismoaz: 15-17 urteko autoktonoen %58 dira alkoholismoaren ala toxikomaniaren menpe... eta suizidio tasa ere Kanadako zuriena baino bi aldiz handiagoa dute.
“Ene aitatxi eta amatxiek biziraun zuten, ez dut sekulan ulertu zergatik ez didaten sekulan ezer aipatu. Gaur egun, ene komunitateko umeen erdia Estatuak bideratu Umeentzako Laguntza Sozialaz segituak dira, gaizki gaude”, kontatzen dio gorpuen aurkikuntza eta pairatu genozidioa salatzeko Montrealeko elkarretaratzean egondako autoktono gazte batek pareko kazetariari. Bai, iragana eta egunerokoa beltzegia dute uros eta aske bizitzeko oraindik erreserbetan metaturik eta 1867ko Indian Act lege segregazionistaren menpe diren ume eta gaztetxoek.
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
Nobel Akademiak iragarri ditu Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen... [+]
Ez da kasualitatea Hispanitatearen eguna, Guardia Zibilarena eta Pilarreko amabirjinarena data berean izatea. Hirurek egitura zapaltzaileak irudikatzen dituzte (estatua, armada eta eliza). Bestalde, indigenen erresistentzia eta Espainiako Estatuak bere armada militar eta... [+]
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]
Kanadako Elkarte Medikoak (CMA) barkamena eskatu die herri indigenei, praktika medikoentagik edo haien gabeziagatik historikoki eragin dizkieten kalte fisiko eta psikologikoengatik. Barkamen-eskea egin duen ekitaldi berean txosten bat aurkeztu du, medikuen jarduera antietikoak... [+]