“Musika etengabeko ikasketa da, beti ari naiz gauza berriak entzuten”

  • Hegoa Diskak zigilua sortu du Mikel Acostak Londresen, euskal musika esperimentaleko lanak argitaratu asmoz. Bederatzi urte dira hara bizitzera joan zela, eta distantziaren perspektibak balio izan dio Euskal Herriko musika panoramari bestelako begiratua botatzeko. Orain, begirada horretatik, iraganeko zein gaur egungo lanei erreparatzen die eta, aukerarik badu, gehien liluratzen dutenak argitaratzen ditu. Oraingoz bi disko atera ditu –Angel Katarainen bilduma bat eta Carcascara taldearen bigarrena–, baina bidean dira hurrengoak. Aurreko zenbakirako Katarain elkarrizketatu ondotik, haren lana berreskuratu duenak ere beste hainbeste merezi zuela iruditu zaigu.

Mikel Acosta, Angel Katarainen abestiekin argitaratutako bilduma eskuetan (Argazkia: Mikel Acosta)
Mikel Acosta, Angel Katarainen abestiekin argitaratutako bilduma eskuetan (Argazkia: Mikel Acosta)

Hiru hilabeteko konfinamendua bukatu berritan harrapatu dugu Mikel Acosta (Irun, 1986). Erosketetara eta pare bat orduz kirola egitera ateratzeko modua izan dute, baina gainontzean etxean egon behar izan dute. Berak, ordea, astean lautan adiskide baten ardo eta janari dendan lan egiten duenez, ingurukoek baino aukera gehiago izan du mugitzeko. Hiru pisukiderekin bizi da, “ezinbestean”. “Hemen alokairuak oso garestiak dira, eta ohikoa da hiru, lau edo bost lagunekin ere bizitzea”. Edonola ere, ez da kexatzen. Pantailaren beste aldetik sumatzen den bezala, etxean lorategi txiki bat daukate, eta barbakoa egitekoak dira eguerdian, aspaldiko partez giro ona egiten duela aprobetxatuz. Tarte bat lapurtu diogu aurrez.

Badira bederatzi urte Londresen bizi zarela. Hango zerk erakarri zintuen?

Musikak. Lagun batekin Interrailez egindako bidaia batean etorri nintzen aurrenekoz, eta flipatuta gelditu nintzen. Musika asko –eta askotarikoa– dago hemen. Mundu mailan, New Yorken ondotik Londres izango da ziur asko musika aukera zabalena daukan hiria: reggae, dub, musika afrikarra, asiarra… Horrek erakarri ninduen. Oso toki gutxitan sumatu dut hemen adinako grina musikaz ikasteko, eztabaidatzeko, lagunekin elkarbanatzeko, norbere ikuspuntua zabaltzeko. Hemen musika edonon dago. Urte arraro hau baino lehen egunero 200dik gora kontzertu egiten ziren, tamaina guztietako aretoetan. Lehenbizikoz etorri nintzenean izugarri aldatu zitzaidan musika entzuteko modua, eta urtez urte, gero eta gehiago.

Zein zentzutan?

Etorri nintzenean indie musika entzuten nuen batez ere. Arcade Fire eta halakoak. Euskal Herrira iristen dira talde horiek guztiak, baina hemen azkar aldatu zitzaidan belarria. Nire lagun minetako bat turkiarra da, eta haren bidez musika afrikar mordoa entzun dut: Fela Kuti, jazza, eta, tira, beste gauza asko. Txoko guztietako lagunak egiten dituzu, bakoitzak bere kultura dakar, eta egunero dastatzen duzu hori dena.

Kanal ofizialetatik datorrenaren espektroa zabaltzeko balio izan zizun Londresek, beraz.

Erabat. Hiria hain dago bizirik, zerorrek egiten baituzu zeure espektro propioa. Pitchfork eta halakoek beti markatzen dute ildo bat, baina hemen askok ez diote garrantzi handirik ematen horri, eta beren bidea egiten dute. Azken batean, musika aberastasun handia dagoen tokian kanal ofizialen eragina gutxitzen da.  

Soinu teknikari gisa aritzeko asmotan joan zinen.

Iruñeko eskola pribatu batean egin nuen soinuari buruzko ziklo bat, bi urtekoa. Asko gustatu zitzaidan, eta hura bukatuta Londresera etorri nintzen, pentsatuz agian soinu teknikari gisa lan egin nezakeela. Iritsi bezain pronto ohartu nintzen, ordea, lehentasuna ingelesa taxuz ikastea zela. Lehen urteak horretan eman nituen, ostalaritzan lanean, eta ingelesa pixka bat hobetuz. Poliki-poliki musika talde batzuetan baxua jotzen hasi nintzen, eta, handik gutxira, europarrontzat beka batzuk zeudela jakin eta unibertsitate gradu bat ikasi nuen, Bachelor of Science in Music Technology izenekoa. Musika eta teknologiari buruzkoa zen: produkzioa, zuzenekoak, eta beste. Hura bukatu eta lanean hasi nintzen. Zortea izan nuen: lauzpabost musika areto dituzten lagun batzuen bidez DJ egoiliar bezala ibili nintzen asteburuetan.

Eta soinu teknikari gisa?

Zertxobait bai, baina ibili naizen apurraren ondoren konturatu naiz ez dudala oso gustuko. Musikariak jende zaila dira [barrez]. Ego asko dago, batek bolumena altuago nahi duela, besteak… oso zailak dira manejatzeko. Zentzu horretan, rock tradizionalean baino gusturago sentitzen naiz elektronika giroan. Jarrera esperimentala gustatzen zait, gauzak nahasten diren une hori, hor beti sortzen da zerbait interesgarria. Sailkaezina interesatzen zait.

Noiz erne zitzaizun Hegoa Diskak sortzeko ideia?

Acostak argitaratu duen Angel Katarainen bildumaren kontrazala, Jon Zabaletak egina.

Musika bildumazalea naiz, eta topatu nituen pare bat disko euskaldun, nahiko bitxiak, sekula entzun gabeak: Haizea, Errobi, eta 70eko hamarkadako talde horiek, rock progresibotik gertu zeudenak. Nik entzuten nituen Kaotiko, Segismundo Toxicómano, Eskorbuto, geroago Lisabö, eta halakoak. Bestalde, hemen bada NTS izeneko irrati bat, aski ezaguna. Musikariak edo DJak aritzen dira abestiak ipintzen, eta zirkuitu komertzialetatik kanpoko edozer entzun daiteke. Batek euskal musika jarri zuen behin, Amaia Zubiriaren eta Pascal Gaigneren disko bat, 60ko hamarkadakoa. Jazza kantu tradizionalarekin nahasten zuten, saxofoia, sintetizadoreak, eta abar. Abesti itzelak dituzte. Hortik abiatuta, gauza gehiago deskubritu nituen, eta berriro Euskal Herriarekiko interesa piztu zitzaidan.

Zehazki zerk liluratu zintuen?

Nahasketarako grinak. Mila modutara nahas ditzakezu gauzak, baina zailena da naturalki egitea, inolako iruzurrik gabe, batere behartu gabe. Eta euskal musikari horien kasuan ez dago kalkulurik, naturalki ateratzen zaie. Hori nabaritu egiten da. Entzuten duzu Haizearen Hontz Gaua diskoa, bere kanpaiekin eta gitarra elektrikoekin, hamar minutuko abestiekin… gauza oso arraroa, eta ez batere salgarria. Benetan esperimentatu nahi zutelako egiten zuten.

Deigarria da nola talde horiek guztiak euskal musikaren “historia ofizialaren” B aldean gelditu diren…

Sentsazio hori daukat, bai. “Nola ez ditut disko hauek lehenago entzun?”. Nik orain gutxira arte entzun ez baditut, seinale hor hutsune handia dagoela. Rock erradikalak sekulako pisua izan du, Ez Dok Amairuk eta protesta kantuek ere bai, baina bien artean badira sekulako altxorrak. Kontua da horietara heltzeko pixka bat arakatu behar dela. Musika ona beti egon da, garai guztietan, leku guztietan. La Polla Records eta horiek ondo daude, baina garai bat izan zen hori, eta orain beste gauza batzuek ematen didate atentzioa. Niretzat musika etengabeko ikasketa da, beti ari naiz gauza berriak entzuten.

Eta orduan, 70eko hamarkadako artista haiek deskubritzetik erne zitzaizun zure zigilua sortzeko grina?

Aipatu dudan bezala, diskoak kolekzionatzen ditut. Bildumagileen giroan denetarik dago, jendeak dirutza ordaintzen du disko arraroengatik. 2007an Akauzazteko Rogelio Astigarragak Atanas Akerstra proiektu propioari ekin zion. Izugarrizko diskoa, bluesa eta psikodeliaren nahasketa, organoak ere bai tartean; kobazulo batean grabatua dirudi. Biniloan erosi nahi nuen, baina ez nuen topatzen. Azkenean, topatu nuen diskoa 250 eurotan salgai zeukan tipo bat. Irrigarria. Valentziakoa zen, eta horretan aritzen zen: disko baten ehun kopia ateratzen baziren, hark erdiak erosten zituen, gero garestiago saltzeko.

"Rock erradikalak sekulako pisua izan du, Ez Dok Amairuk eta protesta kantuek ere bai, baina bien artean badira sekulako altxorrak"

Musika esperimentalaren espekulatzaile bat?

Erabatekoa. Binilo bildumagileen munduan badira halakoak. Saiatu nintzen prezio zentzudunagoan erosten, baina ezetz, hark. Eta azkenerako pentsatu nuen: egunen batean neronek egingo dut zigilu bat, eta disko hori berrargitaratuko dut. Hori otu zitzaidan, erdi brometan. Handik gutxira, Irunen nenbilela, Karlos Osinagak Angel Katarainen abestiak erakutsi zizkidan, eta kolpetik gustatu zitzaizkidan. Eta pentsatu nuen: “Nire Londresko lagunei gustatuko zaie hau”. Uste dut gau hartan erabaki nuela zigilua egin beharra neukala. Hemengo lagun batzuek sortu izan dituzte zigilu txikiak, eta argitaratu nahi nituen hiruzpalau gauza edukitzean haiekin hizketan hasi nintzen. Halako zerbait nola egiten den arrastorik ez neukan. Non egin biniloak? Zenbat diru behar da? Hilabete batzuetan aritu nintzen halako kontuez ikasten.

Katarainen diskoko azala Jon Zabaleta ilustratzaileak egin du. Nolatan jo zenuen berarengana?

Luzaz aritu nintzen pentsatzen azala nork egin zezakeen, baina ez nuen inor topatzen. Madrilen banuen adiskide bat, diseinatzaile grafikoa, baina ez nuen azal tipikorik nahi. Nahiko garbi izaten dut zer ez zaidan gustatzen. Egun batez, Haizearen diskoa entzuten ari nintzen etxean, eta azalari erreparatu nion. Izugarri ederra da, eta Jon Zabaletak egin zuen. Gainera, azalaren barruan marrazki bat dago kasualitatez Irungo Jaizubia auzoan egina, justu nire aitonak lan egiten zuen tokian. Eta pentsatu nuen, “tipo hau bizirik dago?”. Facebook-en sartu, eta hantxe zegoen. Bideo-dei bidez hitz egin genuen azkenean, eta prest agertu zen. Askotariko zirriborroak bidali zizkidan, eta eskuartean eduki bezain pronto esan nuen, “hauxe da”. Egun nagusi diren azalen oso bestelakoa da. Denda batean disko hori ikusten baduzu, lehen kolpean ohartzen zara zerbait desberdina dela.

Garai bateko lanak berreskuratzeaz gain, egungo musikarienak ere argitaratuko dituzu.

Carcascara taldearen bigarren diskoa iritsi berri zait. Iñigo Ugarteburu eta bere bi lagunen proiektua da. Bera Londresen bizi da, eta lagunak Zumaian, oker ez banago. Duela hamabi urte grabatu zuten disko bat, ez besterik. Urtean behin soilik elkartzen dira, astebetez, eta orduan bakarrik egiten dute musika. Ez zuten disko berria argitaratzeko asmorik, baina erakutsi zidaten, asko gustatu zitzaidan, eta bildumara gehitzea pentsatu nuen.

"Zigilu hau ez dut diruagatik sortu. 300 binilo kopia saltzeak ekonomikoki ez du konpentsatzen sartzen dudan denbora"

Zerk batzen ditu zure zigiluko musikariak, ezerk batzen baldin baditu?

Boteprontoan, ezer gutxik. Katarainen ambient musika eta Carcascararena erabat desberdinak dira. Gitarra akustikoa jazzarekin nahasten dute haiek, modu introspektibo batean. Nire gustu pertsonalak batzen ditu denak, ezerk batzekotan. Eta gero, sekulako garrantzia daukate proiektu horien atzean dauden pertsonek. Zigilu hau ez dut diruagatik sortu. 300 binilo kopia saltzeak ekonomikoki ez du konpentsatzen sartzen dudan denbora. Musikari horiek ere ez dute musika diruaren truke egiten, gustuko proiektu batean daudelako baizik. Ildoren bat egotekotan, hor dago: proiektu bereziak dira, gauza desberdinak egiteko gogoz daudenak. Carcascararen diskoan, adibidez, karpetak banan-bana egingo ditugu. Eta ez dugu musika Spotify eta halakoetan jartzen, adibidez.

Zer martxatan hasteko asmoz zabiltza? Baduzu helbururik, urtean hainbeste disko ateratzea edo antzerakorik?

Helburu bakarra da hasi bezain pronto gauza asko ateratzea. Ideia asko ditut. Ez nuke nahi zerbait ona atera eta gero urte erdi bat egotea ezer atera gabe. Bi hilean behin atera nahi nuke zerbait, ahal dela. Ikusi dudanagatik, jendea interesatuta dago Euskal Herrian, eta baita hemen ere. Ideiarik ez zait falta. Duela gutxi artikulu bat idatzi nuen Haizea eta 60ko hamarkadako musikari buruz ingelesez, eta pentsatzen ari naiz fanzine moduko bat egitea ere. Zigilua irekita dago proiektu desberdinetan lan egiteko.

Noiz itzuliko zara hurrena?

Urtean bizpahiru aldiz joaten naiz normalean. Urtarrila aldera, eta udan zehar pare bat aldiz. Ostalaritzan nabil lanean, eta batzuetan zaila izaten da oporrak hartzea. Eta beste zenbaitetan beste norabait ere joan nahi izaten dut. Ea ekainean edo abuztuan hilabete baterako joaten naizen. Familia eta lagunak ikusi nahi ditut, eta Angel Katarain, eta Jon Zabaleta… Hurrengo proiektuetarako lotzeko gauza asko ditut han.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


2024-12-06 | Xalba Ramirez
No Nerbioi

Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022

-----------------------------------------------

Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]


Eguneraketa berriak daude