Mendizaletasuna: Moda berrien erritmoan

  • "Eseri lasai” idatzi du norbaitek, Larre eta Ipuliño artean dagoen egurrezko eserlekuan, Uzturreko mendilerroan. Intentzio-adierazpena. Duela hamar bat urtetik, eta gogotik estutu gaituen pandemia zerriaren erdian bereziki, mendia arnasgune bihurtu da geroz eta jende gehiagorentzat. Gazteak dira asko, sasoi puntu ederrean daudenak eta basahuntzen antzera korrika dabiltzanak “atletismo pista” bihurturiko bideetan, eskola zaharreko zenbaitek dioen moduan, ez hainbeste kritika gisa edo joandako garaiak autentikoagoak zirela aditzera emateko, mendizaletasunak bizi duen aldaketaren testigantza bezala baizik.

    Ez da erreportaje honen asmoa –gezurretan ariko ginateke gainera– mendizaletasunari lotuta dagoen filosofia –“kultura” ere dei diezaiokegu– erabat desagertu eta gaur egungo gizarteak ikurtzat dituen abiadurak, indibidualismoak eta lehiakortasunak bidezidor guztiak hartu dituztela demostratzea, ez bada teknologiak edota mendi lasterketek izan duten eragina aztertzea.

    Juanjo Garbizuk, Monterapia eta Slow Mountain liburuen egileak, mendian patxadaz ibiltzeak gorputz eta arimari dakarzkion onurez hitz egin digu. Tolosako Alpino-Uzturre, Azpeitiko Lagun Onak eta Zumarraga-Urretxuko Ostadar taldeetako kideekin ere izan gara, mendizaletasunak bizi duen eboluzioaren isla direlako urteotako bizipenak.

Ilustrazioa: Joseba Larratxe, 'Josevisky'
Ilustrazioa: Joseba Larratxe, 'Josevisky'
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azken 30 urteetan mendizaletasunak izan duen eboluzioa ulertzeko mugarri direnak xehe-xehe aipatu dizkigu Aitor Oiarbidek, Alpino-Uzturre klubeko presidenteak. 1990eko hamarkadan mendiari buruzko informazio gutxi zegoen –mapa eta liburu batzuk salbu–, eta paraje berriak ezagutu nahi zituenak herriko elkartera jotzen zuen. Internet heldu zen arte, 2000 inguruan. Apurka-apurka mendi txangoen inguruko geroz eta informazio gehiago eskura genezakeen etxetik atera ere egin gabe. Nahi beste argibide, argazkiak, mapak... Hamar bat urte geroago poltsikoan eraman genezakeen material hori guztia, hatz bakarrarekin kontrola dezakegun telefonoan, zeinak badaukan mendizaletasuna ere errotik aldatu duen zerbitzu iraultzaile bat: Kokapen Sistema Globala edo GPSa.

Denborarekin izugarri zabaldu ziren nork bere track edo ibilbideak –eta markak– sarera igotzeko aplikazioak, Wikiloc eta Strava esaterako. Jende askok erabiltzen ditu etxetik atera aurretik –ibilbidea planifikatzeko–, mendian doazenean –bide zuzena dela egiaztatzeko edota denborak neurtzeko– eta behin txangoa amaituta, sare sozialekin konbinaturik, informazio hori edonoren esku uzteko eta, batzuen kasuan, egindako balentria lau haizetara zabaltzeko, like sorta biltzea helburu. “Postureoa” deitzen diote.

Sare sozialekin oso lotuta dago 2010aren bueltako mendi lasterketen booma, gazte mordoa erakarri eta “lehia” mendian ere sartu zuena, Oiarbidek dioen moduan. Eta loraldi horrek ekarri du mendiko materiala izugarri eboluzionatzea arintasun eta segurtasunari dagokienez, mendizaletasunak bizi duen transformazioaren erakusleiho.

Bien bitartean, ia denok irabazten dugu autoa erosteko adina diru, ez bada furgoneta edo autokarabana. Eta eraiki dizkigute mendi magalera amen batean eramango gaituzten errepideak, garai batean ez zegoenean beste modurik garraio publikoan edo mendi taldeek antolatutako autobusetan bidaiatzea baino. Hiruzpalau egun behar ziren Pirinioetan tontor bakarra igo eta etxera bueltatzeko, eta horrek derrigor markatzen zituen mendizaleen erritmo eta filosofia.

Mendia, entrenamendu-pista

“Guk nahi bagenuen mendian ahalik eta denbora gehien eman, ahalik eta gutxien pasa nahi du orain jende askok”. Ostadar taldeko Juan Mari Gabilondo Txibis, Manuel Iraola, Joserra Lanberri eta Luis Albisua garai zaharrez ari dira. “1960-70 urteetan Aneto igotzeko lau edo bost egun behar genituen. Altsasu edo Iruñera trenez joaten ginen, zelai batean lo egin, hurrengo egunean Benasquerantz, biharamunean aterpera oinez, gero tontorrera... Orain ia denok dugu autoa, edo autokarabana bestela; eta kristoren errepideak daude. Jendeak mendi bat igo eta jaisten du egun berean, gaua furgonetan eman eta hurrengo egunean agian beste tontor bat igoko du. Nor kristok egiten ditu gaur egun 10-12 orduko ibilaldiak motxila handi bat bizkarrean duela? Guk apenas begiratzen genion ordulariari”. Ezin zuen bestela izan, gainera.

Abiatu aurretik etxeko-lanak zintzo egitea komeni zen: gidak eta mapak aztertu, ibilbidea erabaki... “Prestakuntzaren erotika”, Slow mountain (Diéresis, 2016) liburuaren egile Juanjo Garbizuk dioen moduan. “Orain ez dugu ez denbora ez gogorik horretarako. Mendia ukitu erromantikoa galtzen ari da eta pena ematen dit. Hura errespetatzen duen orok du eskubidea bertan nahi bezala ibiltzeko, baina harritu egiten naiz ikusten dudanean korrikalari batzuk tontorrera heltzearekin bat maldan behera abiatzen direla, hain gauza ederra izanik gailurrean lasai egotea. Iruditzen zait lasterka dabilen pertsona hori mendizalea baino atleta dela”.

“Mendia entrenamendu-zona bihurtu da”, dio Oiarbidek. “Ingurune erakargarria da eta normala da geroz eta jende gehiago ikustea korrika, azken urteotan sortu diren lasterketen abaroan. Ona da denetarik egotea”. Azken finean, pertsona beste arrazoi dago inor mendira bultzatzeko, zerbaiti ihesi eta zerbaiten bila denbora berean, nork bere burua egokitu behar du: ibilaldi luze ala motzagoak, bide erraz edo teknikoagoak, eskalada, eskia, korrika, bizikletan...

"Aldapan gora baldin bagoaz begiak bota beharrean, oker-oker eginda lurrera so eta gure arnas kolpeak besterik entzuten ez ditugula, inguruko paisaia, soinu eta usainik ez dugu xurgatuko". Juanjo Garbizu

Azken hamabost urteetan aldaketarik handienak heldu dira batetik teknologiaren eta bestetik korrikalari eta mendiko eskian dabiltzanen eskutik, Alpino-Uzturreko presidentearen hitzetan. “Lasterketek gazte ugari erakarri eta lehiakortasun puntu hori mendira ere eraman dute, orain gutxi arte hain agerikoa ez zenean”. Garai batean ere egiten ziren astakeriak, distantzia oso luzeko zeharkaldiak, artzainen arteko korrika apustuak... Eta gezurretan ariko ginateke goi-mendietan ego edo interes borrokarik gaur arte sekula izan ez dela esango bagenu. Baina joera berriek beste dimentsio batera eraman dute Citius, altius, fortius (Azkarrago, altuago, indartsuago) lema olinpikoak biltzen duen lehiakortasuna. Ostadar taldeko Luis Albisuak esan digu duela 20-30 urte bera ere aritzen zela korrika, baina entrenamendu moduan –“Pirinioetara fuerte joateko”–; berez ez zen hori helburua. “Beteranoagoentzat, mendian lasterka aritzea bekatu mortala zen”.

“Slow Mountain terminoarekin ez dut aditzera eman nahi dortoken moduan ibili behar dugunik, baizik eta gauza bakoitzari bere denbora eskaintzeak eragin terapeutiko positiboa duela”, dio Garbizuk. “Aldapan gora baldin bagoaz begiak bota beharrean, oker-oker eginda lurrera so eta gure arnas kolpeak besterik entzuten ez ditugula, inguruko paisaia, soinu eta usainik ez dugu xurgatuko. Ordulariaren menpe goazenean segundo edo minutuak lapurtzeak besterik ez gaitu asebeteko funtsean. Hirian geroz eta arinago gabiltza eta mendira goazenean ez gara gai barrenak lasaitu eta mantsoago joateko”.

“Kilian efektua”

Lehiakortasunak ekarri du materiala izugarri garatzea, fabrikatzaileek pagotxa topatu dutelako; eta hori mendizale guztientzat da ona, produktu berriek segurtasun aldetik ere asko eboluzionatu baitute: labain ez egiteko zoladun zapatilak, kranpoiak, pioletak, eskia praktikatzeko materiala... Urtetik urtera aurki ditzakegu produktu orduan eta hobeak. Eta arinagoak. “Oso jende gutxi ikusiko duzu gaur egun mendiko botekin”, diote Ostadarrekoek. “Minimalismora jotzen da. Zapatila bereziak, motxila txikia, zira nano bat... Eta berdin jatekoarekin, barra energetikoak eta beste”. Garbizuk alderatzen du gimnasio batean topatuko genukeenarekin: “Energia txute bat sartu eta aurrera”.

“Jendeak kristoren materiala du”, mintzo zaigu Lagun Onak klubeko kide Aitor Unanue: “Azpeitiar batek Erlotik argazkia bidali zidan neguan, elurretan, kranpoiak oinetan, pioleta, puntako materiala... Zer eta Erlora igotzeko?! Agian min hartzeko aukera handiagoa duzu horrela jantzita, bestela baino”. “Joxe Urbieta Takolo Everestera gutxiagorekin joan zen”, esan digu Josu Izagirrek, 1980ko espedizioa gogoan. Eta Unanuek gehitu: “Benantxiok ere serio-serio esaten zigun, Everesteko kanpaleku nagusian baino txamarra hobeak ikusten zituela tabernetan, txikiteoan zegoela. Material aldetik arazorik ez du jendeak; zuzen erabiltzea da kontua”. 2013an hil zen Benantxio Irureta, Aneton.

Garbizuren hitzetan, sare sozialak dira joera berrien aliatu nagusietakoak: “Kirolariek, material fabrikatzaileek eta hedabide espezializatuek igotzen dituzten bideoek tendentzia markatzen dute. Mendira hurbiltzeko modua eta baliatutako ekipamendua izugarri aldatu dira 1980ko hamarkadatik gaur arte. Trail zirkuituek eta kilometro bertikala deituek –lehiarekin lotutako modalitateek– jende berria erakarri dute; haientzat mendia da zirkuitu bat, zirkuitu eder bezain gogorra”. Slow Mountain liburuaren egileak “Kilian efektua” deitzen dio: “Hura idazten hasterako konturatua nintzen aldizkari espezializatuetan, Pyrenaica-n esaterako, ultra trail lasterketek espazio geroz eta zabalagoa betetzen zutela, bisualki indar handikoak direlako. Horrek, noski, izugarri erakartzen ditu material fabrikatzaileak. Promozio-bideo batean erakusten baduzu Kilian Jornet Mont Blanc-eko Innominata ertzean egurrean, dron batekin grabatua kamera geldoan... Irudi txundigarriak dira”.

Juanjo Garbizu Ausa Gaztelun (Aralar), atzean Txindoki duela. 'Monterapia' eta 'Slow Mountain' liburuen egileak, Euskal Mendizaleen Federazioak sustatzen duen ‘Ehun mendien lehiaketa’ du eredutzat. Bost eta hamar urteko epean 100 mendi igo behar dira, ibilaldi bakoitzean bakarra baino ez, eta urtean gehienez hogei. “Presarik gabe ibiltzea gonbidatzen gaitu”.

“Nik Kilian miretsi egiten dut!”, esan digu, kataluniarrari buruz galdetu diogunean. “Pertsona aparta da, eta kirolari itzela, bere modalitatean Nadal edo Messi baino hobea. Baina pertsonaiak pertsona akabatu duela iruditzen zait... Path to Everest dokumentalean kontatzen du nola une batean presio mediatikoagatik hondoa jo zuen, berak gustuko duena ez baita korrika egitea eta bake santuan laga dezatela besterik. Egungo gizarte kontsumista eta mediatikoaren isla da. Begira, duela gutxi arte bi arropa denboraldi zeuden: udaberri-uda eta udazken-negua. Eta orain sei ere badira! ‘Erabili eta bota’ kontsumoa da, eta mendizaletasunak horretara jo du hein batean”.

Kilian Jornetek idatzi du, hain justu, Iker Karrera. Bidea ipar (Unai Ugartemendia. Desnivel, 2020) elkarrizketa-liburuaren hitzaurrea. Amezketako mendi-korrikalaria zintzotasun handiarekin mintzo da urteotan bizi izandakoez. Pasarte batean halaxe dio Karrerak: “Beti iruditu izan zait mendiko lasterketak oso desorekatuta daudela beste kirolekin alderatuta; alegia, alde handia dagoela kirol honen inguruan mugitzen direnek eta korrikalariek irabazten dutenaren artean. Ingurukoak esaten dudanean, antolatzaileez, markez, aldizkariez edo sare sozialez ari naiz. Inguruan honetatik bizi den jende kopurua askoz handiagoa da korrikalariena baino, eta hori kirol baten osasunerako eta etorkizunerako arriskutsua iruditzen zait”. Eta apur bat aurreraxeago, Garbizuren hitzak berresten dituen aipua: “Inoiz ez naiz eroso sentitu sareetan, baina aitortu behar dut mendiko lasterketen hazkundea oso lotuta dagoela sare sozialekin. (...) Nire irudipena zen arduradunek ez ziotela gure egutegiari horrenbeste begiratzen, eta gehiago erreparatzen ziotela bakoitzak sareetan zuen jarraitzaile kopuruari”.

“Oraindik ere bitxia egiten zait inguruko parajeetan, Aralarren edota Aratz-Aizkorrin, trail estazio edo zirkuituak ikustea, konpetizio kirolekin lotzen ditudan neurrian”, jarraitu du Garbizuk hizketan. “Gisa horretako azpiegiturek tokiko ekonomia suspertzen lagun dezakete, baina... Korrikalarien kontra ez dut ezer, halere, ez bada mendian uzten dituzten orbainengatik, nahiago dutelako ‘zeta’ bat egin ordez lehen biderik ez zegoen lekuetatik zuzen-zuzen igotzea, segundorik ez galtzeko alferrik”. Nazioartean ere erreferentzia bilakatu den Zegama-Aizkorri lasterketa faktore inportantea da “korrikaren modari” dagokionean, solaskideen hitzetan.

Bilduma handitzea helburu

Ez dakigu gaztelaniazko tachacimas terminoak euskarazko baliokiderik ba ote duen. “Tontor ezabatzaile” datorkigu burura, mendiak igo ahala haien izenak zerrendatik kentzen dituen pertsona definitzeko. Garbizuk maiz baliatzen du termino hori: “Ahalik eta gailur gehien metatzea du helburu mendizale askok, tiraldi bakarrean bizpahiru kateatzea. Ez da soilik kalitate kontua, kantitateak ere balio handia du. Miquel Capdevilak badu liburu bat, Pirinioetako hiru milako guztiak 30 egunetan nola igo azaltzen duena. Belaunaldi gazteen artean hiru milakoak igotzeko (tresmilitis terminoa erabiltzen du berak) grina pizten dute horrelakoek, eta edertasun handiko mendi apalagoak bazterrean uzten dira”.

"Mendia entrenamendu-zona bihurtu da. Ingurune erakargarria da eta normala da geroz eta jende gehiago ikustea korrika, azken urteotan sortu diren lasterketen abaroan. Lasterketek gazte ugari erakarri eta lehiakortasun puntu hori mendira ere eraman dute”. Aitor Oiarbide, Alpino-Uzturre

“Noski sekula igo gabeko gailurretara joan nahi genuela, zenbat eta altuagoak hobeto, 2.000 metro, 3.000... eta inguruan lau milakoak baleude, hara joango ginateke”, kontatu digute Ostadarrekoek. “Perdido igo nahi genuen, Aneto... Baina esan dugu lehen, egunak behar genituen Pirinioetako tontor bat igotzeko”.

“Badirudi ‘mendia’ eta ‘tontorra’ banandu ezinak direla, zeharkaldi zirkular ederrak egin daitezkeenean gailurrik zapaldu gabe”, dio Garbizuk. “Jende bat, gainera, tontorrean geratu ere ez da egiten; igarobidea da, ez besterik, lasterketa bateko anoa-postua bailitzan. ‘Igoera metatua’, ‘desnibela orotara’... bezalakoek geroz eta garrantzia handiagoa dute, kirolariek hor aurkitzen dute plazera”. Askok plazera aurkitzen duen bezala sare sozialetan. Berak ere baliatzen du Facebook, irakurleengandik hurbilago egoteko; eta Youtube, mendian grabatzen dituen bideoak zabaltzeko. Baina nonon irakurri zuen esaldi bat du gogoan beti: “Ez ezazu mendia igo mundu osoak zu ikus zaitzan, zuk mundua ikus dezazun baizik”. Beste gomendio bat ere eman digu: mendiaz patxadaz gozatzeko trikimailuetako bat da tartean behin argazkiak atera eta bideoak grabatzeko geratzea.

Galduz ikasi

Mintzakide guztiak bat datoz esatean teknologiak, eta GPSak bereziki, sekulako aurrerapena ekarri duela, baita eguraldiaren nondik-norakoak kontsultatu eta sorospen-zerbitzuak ohartarazteko aplikazioek ere (112 SOS Deiak, Safe 365...), jendeak ingurunea eta kanpo-faktoreak gehiago kontrolatu ahal dituelako eta egoera beltz jartzen denean denbora gutxiago behar delako mendizalea lokalizatu eta erreskatatzeko. Lehen, lagunen bat zaurituz gero herio betean jaitsi beharra zegoen aterpe edo etxeren batetik telefonoz deitzeko, hura bertan utzita. “Eta zenbat bider galdu ote ginen!”, esan digu Unanuek: “Normaltzat genuen, halere. Etxetik irten orduko bagenekien punturen batean galduko ginela”. Sasi artean gora eta behera, mendia –eta norbera– hobeto ezagutzeko aukera ematen zuen bide zuzenetik aldentzeak, Garbizuren ustez: “Hura ere erritualaren parte zen. Miguel Anguloren liburuak zeneuzkan, baina ez dakit zein tontorrera igotzeko ibilbide osoa paragrafo bakarrean jasotzen zuen: hemendik abiatuko gara, aurrerago iturri bat dago, gero lepoa, ertza eta listo, heldu gara gailurrera. Tarteko bidegurutzeetan zer egin, aipatu ere ez. Inork lortzen bazuen tontorrera heltzea soilik liburuaren laguntzarekin, diploma bat merezi zuen. Horrela ikasten genuen, ordea. Formakuntzaren parte zen”.

Egia da garai bateko liburuek baino segurtasun handiagoa eskaintzen duela teknologiak, baina era berean gailu eta aplikazio berriekiko dependentzia handituz doa etengabe, arreta gehiago jartzeraino hamar zentimetroko pantailaren gainean, inguratzen gaituzten elementuengan baino. Segurtasun sentipen “faltsua” eman dezakete gainera, eta jendea bultzatu ausartegi jokatzera.

Ardiak bezala, artzainari men

“GR bat egiten ari ginen behin, arbola artean sigi-saga, orain ezkerrera, orain eskuinera, ni aurretik eta taldekide guztiak atzetik”, hasi zaigu kontatzen Unanue. “Basotik irtetean, bakarren batzuk hurbildu eta galdetu zidaten: ‘Nola zenekien nondik joan?’. Bidean geziak ez zeuden ba! Guri ere gertatu zaigu hori, ordea. Pirinioetara joaten ginenean, Benantxioren atzetik beti. Hura hiltzean bagindoazen berarekin igotako mendietara eta, ostia, askotan ez genekien bidegurutzeetan nondik jo. Haren emazteak esaten zigun: ‘Beste norbaitek gidatzea ohituta zaudete zuek!’. Jabetu ginen mendian arreta handiagoa jartzea komeni dela”. Josu Izagirrek ederki deskribatu du egoera: “Artaldeak bezala jarraitzen gaituzte”.

Alpino-Uzturre klubeko kideak Orhi mendian. Ezker partean, lurrean eserita, kamiseta urdina jantzita ageri da Aitor Oiarbide. Hilabeteotan txangorik ez dute antolatu, baina bazkide kopuruak gora egin du [600 baino gehiago dituzte orotara], eta Oiarbide ziur da orain batu diren batzuk pandemia amaitzean ere eutsiko diotela afizioari.

Artzain birtualak dauzkagu orain pantailatxo baten barruan gordeta, eta haiek agindutakoak zintzo betetzen ditugu, puntutxo urdin bat mapan. “Flipatu egiten dut”, esan digu Garbizuk. “Mendizale batzuk, ezagutu ere egiten ez dituzten pertsonek igotako track horiengan besterik ez dira fio. Aurreko batean Aratzetik behera nindoan lagun batekin, bat-batean ezkerrerantz egin zuenean. ‘Nora zoaz baina?’, galdetu nion. ‘Nire GPSak dio hemendik dela’. Nik ezetz, egiteko kasu, maiz ibilia nintzela paraje horietan. Egoskor eusten zion halere bereari, ditxosozko track-ak bestelakoa adierazten zuelako. ‘Ados, zure pantailako bideari jarraituko diogu’. Sasi artean ibili ginen atzera egitea erabaki zuen arte. Batzuetan itsu-itsuan jarraitzen ditugu gailu berrien aginduak, nahiz eta begiek esan beste zerbaitek behar duela hor. Teknologia baliatu behar dugu, noski, une larrietan izugarri lagun zaitzake, baina norberaren zentzumenak alfertu ere egin ditzake, orientazio-sena, intuizioa... Etengabe pantailari begira joaten bazara gauza askok egingo dizute ihes”.

Erreskate kopurua gora

Datuek erakusten digute ustez gure ekintzengan kontrol handiagoa dugun garaiotan, ezbehar gehiago gertatzen dela mendian. Azken urteetan eta pandemia garaian bereziki mendizaletasunak gora egin duen moduan, handitu da erreskate kopurua.

EAEn, esaterako, 1996an 78 erreskate egin ziren, 2016an 115, 2018an 267 eta 2019an 331. Halaber, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak (UVR) pasa den urtarrilaren 16an jakinarazi zuen 30 pertsona inguru erreskatatu zituztela hiru astetan. Datu horiek islatzen duten errealitateaz erreportajea plazaratu zuen Mikel Orbañanos kazetariak Gipuzkoako Hitza-n (2020-03-20). Hainbat adituren adierazpenak bildu zituen, tartean Igor Lasa Gipuzkoako Goi Mendi Eskolako zuzendariarenak. Istripu asko esperientzia faltarekin lotuta daudela zioen: “Ezbeharrak izaten dituzten mendizaleetatik soilik %15 dira federatuak. Behar besteko ezagupenik gabe joaten da pertsona ugari mendira eta, aldi berean, ausartegi”. Eta horrek lotura du teknologiarekin, jende askok uste duelako nahikoa dela ibilaldiaren track-a deskargatzea mendian arazorik gabe ibiltzeko. Uste osoa aplikazio birtualengan jartzen dugunean, utzi egiten diogu geure kabuz pentsatzeari, eta ahalmen hori galduz gero zailagoa izango da erabaki zuzenak hartzea, istripuen erdia baino gehiago “hautu okerren ondorioz” gertatzen denean.

“Mendian topatzen ditudan pertsona askok sekulako sasoi puntua du”, kontatu digu Garbizuk. “Ez dakit gimnasioetatik datozelako ote den baina ikusten dituzu eta ostia, lehenago mendira sekula joan gabeak izateko kabroiek nola igotzen duten. Mendiak ordea ezagutza bat behar du, eta hori esperientziak ematen du. Zeren eta pentsa dezakezu egun eguzkitsu batean arazorik ez duzula izango, baina behe-lainoa sar daiteke bat-batean, edo ekaitza lehertu. Mendia toki oldarkorra izan daiteke. Eta ikusten duzu jendea zapatila horiekin, motxilatxo bat bizkarrean... Dena ongi ateraz gero ez duzu besterik behar, baina badaezpada ere komeni da hobe ekipatua joatea, zer esanik ez Pirinioetan”.

"Benantxiok serio-serio esaten zigun, Everesteko kanpaleku nagusian baino txamarra hobeak ikusten zituela tabernetan, txikiteoan zegoela. Jendeak kristoren materiala du; zuzen erabiltzea da kontua”. Aitor Unanue, Lagun Onak

“Mendiaren fribolizazioa” aipatu digu, ezusteak gorde ditzakeen ingurunean arinkeriaz jokatzea. Eta hori lotzen du sare sozialen erabilerarekin: “Ikusi besterik ez dago nola deskribatzen diren Pirinioetako tontor ezagunetako asko. 25 kilometro eta 1.800 metroko desnibel positiboa duten ibilaldiak ‘paseoak’ dira, eta paretatzar konplikatuak ‘edonork eskalatzeko modukoak’. Estresa eragiten du horrek, ez da sanoa. Behin, Roya Kanalean (Pirinioak) behera nindoala, aparkalekutik hurbil topatu nituen gizon bat eta haren semea, hondartzarako txankletak jantzita. ‘Barkatu, asko falta al zaigu lakuetara iristeko?’, galdetu zidan aitak. ‘Inguruan ez dago lakurik’, nik. ‘Bai, Anayetekoak’. Anayeteko lakuetara joan nahi ez zuten ba! Erotu ote zen galdetu nion. Buelta emango zutela espero dut”.

Gredoseko ezbeharra gogoan

2013ko martxoaren 29an, Mungiako mendizale bat hil zen Gredoseko mendizerran (Espainia), nekeak eta hipotermiak jota. Alpino Bilbao taldeak antolatu zuen mendi irteerako kidea zen, eta klubeko presidenteari, balizko arduradun gisa, “nahi gabeko homizidioa” egotzi zioten. Borondate oneko gidariaren figura zuen akusazioak oinarritzat, taldearen gidaritza modu altruistan onartzen duen pertsonarena. Urtebete geroago haren aurkako auzia artxibatu egin zen, ordea, epailearen iritziz ezin zitzaiolako inolako ardurarik egotzi, ez baitzuen gidari bezala aitortuko lukeen kontraturik sinatu.

Ezbehar hark zalaparta handia eragin zuen instituzio, mendi federazio eta kluben artean, erantzukizun zibilari dagozkion betebeharrak zirela medio, eta ordura arte irteerak “lasai antzean” antolatzen bazituzten, guztiak beldurtu zituen apur bat. Ostadar taldekoek esaterako laga egin zioten Pirinioetara bidaiatzeari. “Midi d’Ossau-eta, orain berehala egingo genuke horrelakorik! Zer arrisku hartzen genuen... Taldekide guztiok ez genuen ez sasoi-puntu ez esperientzia maila bera eta...”.

“Ezagutzen ez genituen parajeetara joateko kontratatu izan ditugu gidari profesionalak”, azaldu digute Lagun Onak klubekoek: “Erantzukizuna azken finean zurea da eta badaezpada ere... Bestela, izan gidari profesionala edo ‘borondate onekoa’ ez dago alde handirik”. Kontua da derrigor bete behar duela norbaitek egiteko hori eta jende askok ez duela nahi, zer gerta ere arazorik ez izateko.

Autobus bidaietako irakaspenak

Erantzukizun zibilaren inguruko kontuek bide eman digute mendi elkarteen jardunaz eta etorkizunera begirako erronkez hitz egiteko. Taldean joatearen abantailetako bat da –edo zen– autobusez bidaiatzea, leku batean utzi eta beste nonbait jaso zaitzakeelako batetik, eta duen karga sozialagatik bestetik. Eskola onak dira klubak, adin desberdinetako jendeak ikasi baitezake zer edo zer besteengandik. Gehien dakienak albokoari erakusten dio eta hark beste bati, transmisio-sokari segida emanez.

Joxe Urbieta Takolo zenari buruzko erakusketa paratu du Lagun Onak klubak bere egoitzan, taldearen 75. urteurreneko ekitaldi sortaren barruan. Aitor Unanuek, Josu Izagirrek eta Arantxa Larrañaga presidenteak hainbatetan aipatu dizkigute Takolo eta Benantxio Irureta herriko mendizaleen izenak, haien borondate on eta lanerako grina, klubaren jarduna laburbiltzeko.

Zentzu horretan, ezkor xamar azaldu zaigu Ostadar taldeko Luis Albisua: “Gazteek aisialdi eskaintza hain zabala dute eskura... Haien adina banu ni ere agian ez nintzateke gurera etorriko. 1982tik naiz klubeko kide, baina izan nuen garai bat mendira pare bat lagunekin joaten nintzena, eta ez Ostadarrek antolatutako irteeretara. Zaharkituak geratu gara apur bat, badirudi federatu agiriak tramitatzeko besterik ez gaudela. Esaten diet gazteei anima daitezela, gu erretiratzera goazela-eta. Baina inork ez du ardurarik hartu nahi bere gain. Ez dago erreleborik”. Talde askok pandemia garaian ez du irteerarik antolatu. Salbuespen bakanetakoa da Azpeitiko Lagun Onak, Gipuzkoako handienetakoa (urteko lehen hiruhilekoan 1.000 bazkide inguru zituen, erdia federatuak). Garai ero hauetan ere bere jardunari eutsi dio, osasun-egoerari egokitutako ibilaldi eta lehiaketak antolatuz, #GazteErronka esaterako, herriko mendietara igotzeko bide ez hain ezagunak erakustea helburu duena. “Umeentzat oso aberasgarria da taldean ibiltzea. Egitasmoa sortzeko ideia eskola batetik heldu zitzaigun. Ilusioa egin zigun, inguruko mendiekiko interesa pizten duelako eta aukera ona delako orientazioaz adibidez oinarrizkoa ikasteko”.

Idatzi gabeko legeak

Azken finean, ingurunea ezagutzeak dakar hura zaintzeko borondate handiagoa izatea. Horrela beharko luke behintzat. Hainbeste lagun biltzen den lekuetan, ordea...

“Aita, horiek denak ezagutzen al dituzu?”, galdetu zion semeak aspaldi, zaharrak parez-pare topatzen zuten edonor agurtzen zuela ikusita. Berehala ikasi zuen badirela idatzi gabeko bi lege mendizale orok bete beharko lituzkeenak. Mundu guztia agurtzea eta beherantz doanak lekua utzi behar diola gorantz datorrenari. “Kultura” ikasgai oinarrizkoa. “Hori dena galtzen ari da. Nabari da ohiturarik ez zuen jende geroz eta gehiago dabilela mendian”, esan digu Garbizuk. “Askok, ezta aurpegira begiratu ere. Eta zaborrarena, zarata... Batzuek bereari baino ez diote begiratzen. Gizartean nagusi den indibidualismoa, naturaren erdian ere bai”. Mendia barruan daramanak ia beti agurtzen du, adeitasun keinu bezala eta, jende gutxi dabilen lekuetan, gainerako mendizaleek ikusi dutela ziurtatzeko, zer gerta ere. “Konplizitate puntu hori inportantea da”, diosku Oiarbidek, “niri gogorra egiten zait ez agurtzea”.

"Mendi talde batzuk zaharkituak geratu gara apur bat, badirudi federatu agiriak tramitatzeko besterik ez gaudela. Esaten diet gazteei anima daitezela, baina ez dago erreleborik”. Luis Albisua, Ostadar

Unanuek bidezain moduan egiten du lan Gipuzkoako Diputazioan, bazterrak garbitzen. Pasa den neguan Urrakira joan zen elurra kentzeko makinarekin. “Autoak zeuden alde bietan aparkaturik, bidea oztopatzen. Guk mugitzeko eskatu, anbulantzia batek-edo pasa behar bazuen lekurik ez zegoelako, eta jendea oilartu ez zitzaigun ba! Batzuek autoak sartzen dituzte baserrietako belardietan. Aizu, nekazariak simaurtzeko intentzioa badu zer? ‘Mendia guztiona da’ esaten dizute”.

Arazoak sortzen dira “guztiona” baino, jendeak pentsatzen duenean mendia “norberarena” dela, gizarteko beste esparru batzuetan gertatzen den bezalaxe. Azken finean, mendizaletasunaren eboluzioa ez dago ulertzerik jendartean ematen diren aldaketak aintzat hartu gabe, nahiz eta, hainbat lagunek defendatzen duen moduan, beharko genukeen mendiaz bareago gozatu, egunerokoak dakarren estres puntu hori alboratuta.

 

*          *          *          *          *          *          *          *          *          *          *

 

Aldaketa orok dakar mesfidantza

 

'Pyrenaica' aldizkariaren 144. zenbakiaren azala.

"Mendizaletasuna etengabe ari da aldatzen, eboluzionatzen. Modalitate batzuk zientzia fikziozkoak irudituko litzaizkiguke duela urte batzuk. Mendiko eskia, muturrekoa, bakarkako eskalada anbiziotsuak, bulderra, arroi jaitsiera, ala deltan hegaldiak… Eta 1985ean, Himalaiako maratoia, non parte-hartzaileetako asko mendiaren mundutik zetozen”.

Pyrenaica aldizkariaren 1986ko 144. zenbakian publikatutako erreportaje batetik hartu ditugu hitzok.  Casimiro Bengoetxea eta Jesús Mari Alquezarren sinadura zeraman, eta izenburutzat: Correr por el monte... ¿Por qué no? (Mendian korrika… Zergatik ez?).

“Mendian lasterka egin dizkiagun abenturak kontatzea, etzekiat ba, beldur apur bat ematen zidak”, zuzentzen zitzaion bata besteari. “Ez al haiz akordatzen Pyrenaica-ren azalaz, gizon bat galtza motzetan eskalatzen agertzen zuan hartaz? Mordoxka bat ‘zuzendariari gutun’ heldu zituan, hura ez zela mendizaletasuna, zirkuan hobe legokeela… Eta orain, zer eta mendian korrika aritzearen kontuarekin gatozek gu biok… Duela gutxi, ez al huen hik proposatu ibilaldien egutegiko mendi-irteeretako bat oinez eta korrika osatzea? Eta, zer pasa zuan? Antzarrak ferratzera bidali hinduten…”.

Juanjo Garbizu Monterapia eta Slow mountain liburuen egileak dioenez, “mendiaren mistizismo klasikoari desafio egin zion artikulu horrek”. Edonola ere, erakusten du lasterka aritzearena ez dela fenomeno berria, ezta jarduera horren inguruko ikuspuntu desberdinen plazaratzea ere, nahiz eta garai hartako korrikalariek bestelako filosofiarekin heltzen zioten erronkari, erreportajean irakurri daitekeenez: “Mentalizatu behar gara hau ez dela lasterketa herrikoi bat, ezta konpetizioa ere, eta helburua ez dela errekorrik haustea. Patxadaz hartu beharra dago. Gelditu egingo gara paisaiak merezi duenean, goizeko behe-lainoak gainditzean edota haran batetik bestera eramango gaituen lepora heltzean. Ez dugu presarik izango. Helburua ez da markak haustea, ordulariaren kontra aritzea”.

Dino Buzzatti kazetariaren hamaika kronika biltzen ditu 'los indómitos de la montaña' liburuak.

Egin dezagun orain denboran atzerago, 1950-60 urteetara, Dino Buzzati kazetari italiarrak idatzitakoak gogora ekartzeko. Gaztelaniaz ere aurki daitekeen I fuorilegge della montagna kronika-liburu ederrean jasotako artikuluak irakurrita, jabetuko gara jarduera berriekiko lilura eta era berean mesfidantza denboran errepikatzen diren osagaiak direla. Baita mendira bultzatzen gaituzten motiboen eta “berezkoa” duen filosofiaren ingurukoak ere.

"Osperik eta loriarik gabeko gailur haien gainean, zeintzuen izenak ez baitien zuen adiskideei ez harridura ez laudoriorik eragingo, ezein lehiaketak sekula kutsatu ez dituen gailur zaharren gainean, hantxe izango zarete ziur aski zoriontsu, jakin gabe ere". / 1948

"Milanen, hainbat jenderi entzun diogu esaten: ‘Noiz geratuko dira? Zergatik ez dituzte behingoagatik horrelakoak debekatzen? Zer ekarpen egiten die eskaladaren kontu ero honek? Onargarria al da bizpahiru pertsonaren kapritxo burugabe batengatik hainbeste sorospen-ekipo, helikoptero eta mediku mobilizatzea?'. Izan da gaiztoago mintzatu denik ere: ‘Ez hasi gero mendiarekiko pasioaz hitz egiten. Hau ez da handikeria besterik, jendeak norberaz hitz egiteko desioa, norberaren izena egunkarian ikusteko irrika’ (...) Onartu dezagun, ordea. Erronka geroz eta zailagoak bilatzen dituzten pertsonak behar ditugu. Gaixoak gu, existituko ez balira". / 1961

"Nahiago nuke nire bizitzako mendia ospetsuagoa balitz; erraldoietako bat, zer dakit nik: Civetta, Jorasses Handiak, Gaurishankar... Cervino ez: arruntegia litzateke. Schiara, egiari zor, apur bat probintzianoa da. Jendartean ez du erreakziorik eragiten. ‘Schiara-ko pareta eskalatu dut’. ‘Zer? Nola? Non? Inork ere ez zuen hari buruz deus entzun". / 1964

"Sufritu al du mendiak? Pentsa dezakeguna baino askoz ere gutxiago, egia esateko. Bai, paretak konkistatuak izan dira, baina... Hain handiak dira! (...) Bizpahiru kordada igarotzeak ez du ezer aldatu. Bitarteko artifizial gehiegi baliatzeagatik haserretzea neurri batean justifika daitekeen arren (azken urteetan, iltzeak sartzeko pitzaduratxorik ez zegoen lekuetan, zuloak egiten ziren punteroarekin), beste garai batzuetako estilo ‘garbiaren’ nostalgia, funtsean, gehiegizkoa da pentsatzen badugu muturreko funanbulistak erlatiboki gutxi garela". / 1950

"Egun on’. ‘Egun on’. Mendian topo egiten duen jendearen arteko ohiko agurra zen, kortesia keinua, gaur egun, auskalo zergatik, geroz eta gutxiago praktikatzen dena". / 1963

"Mendiek zergatik eragiten dute hainbesteko lilura? Zein ezaugarrik egiten dituzte hain berezi? Bi bereizten ditut nik, bere lur malkartsuak eta bere mugiezintasuna. Ezbairik gabe, bigarrena da garrantzitsuena. (...) Arrazoia, nire ustez, gizakiak erabateko baretasuna bilatzeko duen joera da. Zertan saiatzen da jendea gau eta egun? Zertarako egiten du lan, dirua egin, ospea eta boterea bilatu, ez bada egun batean hainbeste esfortzuren emaitzaz gozatu ahal izateko, hainbeste konpromiso eta loturetatik erabat libre egoteko eta atseden hartzeko? (...) Gizakiak, oharkabean, gelditasuna konkistatzeko joera du. Eta horregatik hain zuzen ere, mendiak, egoera horren eredu perfektuak, konplazentzia sentipena eragiten dio". / 1971

 

*          *          *          *          *          *          *          *          *          *          *

 

Bakarrik ala konpainian?

 

Mendira bakarrik ala lagun edo familiarekin joan, esperientzia erabat desberdina da. Biek dute beren alde ona. Taldean joatean giro berezia sortzen da, zaletasun bera partekatzen duten pertsonen arteko adiskidetasun aliantza. Bakarrik goazenean, aldiz, esperientzia askoz ere introspektiboagoa da, intentsuagoa, soilik geure buruarekin hizketan, auskalo zer konturi buruz pentsatzen. Geroz eta ibilaldi luzeagoak, bakarrizketa are sakonagoak, Juanjo Garbizuk dioen moduan. “Pirinioetan zortzi ordu daramatzazunean beste mendizalerik ikusi gabe... Autokontrol handia izan behar da. Mugikorra duzu, GPSa ere bai, baina egoerak gain hartu diezazuke uneren batean. Konfiantza denborarekin irabazten da. ‘Proba-akatsa’ da, ez dago besterik, bizitza bera bezala”. Dioenez, gaur egungo gizartearen gaitz handienetakoa da “geure buruarekin bakarrik egoteko dugun ezintasuna”, beldurra-edo emango baligu bezala, eta mendi txangoek aukera ematen dute “gabezia” hori hein batean betetzeko. “Taldean goazenean elkar egokitu behar dugu. Bakarrik gaudenean aldiz nahi duguna egin dezakegu; zu zara zeure ekintzen jabe. Inguruari arreta handiagoarekin erreparatzen diozu, eta taldean erraz antzean gainditu daitezkeen oztopo edo erronkek beste dimentsio bat hartzen dute. Harri batzuetatik igo beharra dagoenean, lagunekin baldin bagoaz di-da ausartuko gara agian, baina bakarrik gaudenean...”.

 

*          *          *          *          *          *          *          *          *          *          *

 

Oinez zein korrika, naturan aritzeak asebetetzen gaitu

 

Erreportaje hau idazten ari ginela, mendian oinez edota korrika aritzeko ohitura duten dozena bat pertsonari galdetegi txiki bat bidali genien, ez ikerketa soziologiko sakon bat egiteko helburuarekin, baizik eta detailetxo batzuetatik abiatuta, ondorio deigarriren bat ateratzeko esperantzan.

Blogean jaso ditugu erantzunak.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendiak
2024-11-06 | Jon Torner Zabala
Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?

Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon Olasagasti kazetariak argitu dizkigu zalantzak: "Alex Txikon alpinistaren... [+]


Popuerzakoa

Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]


Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


2024-06-19 | Reyes Ilintxeta
Elena Quispe Tincuta eta Cecilia Llusco Alaña
“Bizitzan dena ezin da gailurra izan”

Maiatzean Elena Quispe Tincuta (El Alto, La Paz, Bolivia, 1998) eta Cecilia Llusco Alaña (El Alto, La Paz, Bolivia, 1985) txolita eskalatzaileak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan ziren Cholitas dokumentala aurkezten Alboan, Entreculturas eta Oxfam GKEen ekimenez... [+]


2024-04-25 | Sustatu
‘Mendiurrena’: Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


2024-02-27 | Jon Torner Zabala
Mendi Federazioak 100 urte
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]


2024-01-18 | Jon Torner Zabala
‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]


Oihana Azkorbebeitia. Arineketan aske
“Mendiari errespetua eduki behar zaio, eta hori galtzen dabil gaur egun”

2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]


Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, Mendi Film jaialdian

57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.

 


2023-10-31 | Jon Torner Zabala
Sarenneko glaziar “hil berriari” azken agurra eman diote Alpeetan

Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.


2023-10-25 | Jon Torner Zabala
Iratiko eski estazioa itxiko dute, bero eta haizealdi handiengatik

Iratiko eski estazioa, 1968an inauguratua, iraupen eskia egiteko aukera eskaintzen duen Ipar Euskal Herriko bakarra, itxi egingo dute datorren denboraldian, larrialdi klimatikoa dela-eta.


Ibilbideak (I)
Azazeta: haizea lagun Arabako mendietan

Arabako toki ezezagun bezain ederrean kokaturik, Azazeta errepideko bortu baten izena delako etorriko zaio askori burura, irratian neguan kateak behar direlako bakarrik entzuten dugun toki bakarti horietakoa. Baina Azazeta hori baino gehiago da. Eta orain ezagun egin zaigu... [+]


Ibilbideak (II)
Oderitz: Aralarko lurpean ur natural egarriz

Aralarko goi mendietako paisaia zoragarrietan paseatzea maite dutenek –udaran larre eta neguan elur– edo mendizerrako basoak zaintzen dituzten abeltzain eta herritarrek, orban zarpail bat ikusiko diote hemendik ez gutxira, Nedgia Navarra SA enpresak gasbide bat... [+]


Felipe Uriarte
“Mendizaletasunarekin eta musikarekin herria josi nahi dugu”

Urmuga zeharkaldiak hirugarren edizioa izango du aurtengo udan, uztailaren 12tik 30era. Ekimenaren antolatzaileetako bat da Felipe Uriarte mendizale eta mendi gidaria (Pasai Donibane, 1944). Ur-mugaren ertzetik Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute aurten ere,... [+]


2023-04-14 | ARGIA
Agroekologiako Egurra Ta Kandela kolektiboak mendia eta landa-eremua defendatzeko deia egin du

Apirilaren 17 Nekazarien Borroken Nazioarteko Eguna dela baliatuz eta “Egurra ta Kandela” izenpean, Gipuzkoako baserri agroekologiko batzuek dekalogo bat plazaratu dute. Hemen dago irakurgai eta atxikimendua emateko aukera dago berau sinatuta edo... [+]


Eguneraketa berriak daude