Bukatzear da COVID-19 ikasturtea. Maskarekin, distantziekin, burbuilatan eta hamarraldiekin ikasi behar izan dute ikasleek curriculum berbera. Osasun neurriak konpentsatzeko neurri goxagarririk hartzea ez da kudeaketa planetan egon: irudi luke gorputzak eta egoera emozionalek ez dutela eraginik ikaskuntza prozesuan. Nola bizi izan da ikasturtea gela barruetan? Eskolaz eskola tailerrak ematen dituzten bi kide elkarrizketatu ditugu: bertsolaritza lantzen duen Estitxu Arozena eta sexualitatea jorratzen duen Jon Ziarsolo.
Ikastetxe askotako geletara sartzen diren bi kiderengana jo dugu, aurtengo ikasturteari tenperatura hartzeko asmoz. Harremanak Hezkuntza Elkarteak 25 urte inguru daramatza eskolaz eskola sexualitatea lantzen. Bertako kide den Jon Ziarsolok zortzi urte egin ditu jardun honetan: “Ikasturtean zehar 40-50 ikastetxe eta herri pasatzen ditugu, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik hasi eta batxilerreraino eta lanbide heziketaraino. Ikasleei, irakasleei eta gurasoei ematen dizkiegu tailerrak”, azaldu du. Gipuzkoan eta Bizkaian aritzen dira gehienbat, eta herri oso txikiak eta hiri handiak bisitatzen dituzte. Estitxu Arozena 1998tik ari da ikastetxeetan bertsolaritza tailerra ematen, eta Nafarroako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan ematen du 15 saioko programa hau. Ikasturtean zehar Baztan, Malerreka eta Bortzirietako 12 eskolatan izan da, batik bat herri txikietan.
Bakoitzak ikasturte honen oso deskribapen ezberdina egin digu. Nabari da pandemia bera erabat modu ezberdinetan bizitzen ari garela herri, ikastetxe eta etxe bakoitzean.
Arozenak azaldu du ikasturte bukaerara iritsi izana “garaipen” modura bizi dutela ikastetxeek: “Gogoratu behar da nondik heldu ginen: aurreko ikasturte bukaera presentziala izan gabe. Hasi ginenean neurrietara ohitu behar izan genuen baina ikasturteak behin martxa hartu duenean, ez da hain gaizki joan. Sinatuko genuke honelako ikasturtea iragan irailean”.
Ziarsolok ordea, bestelako emozio batzuk azaleratu ditu ikasturtearen errepasoa egiterakoan: “Aurtengo urtea berezia izan da, arau eta erabaki berriak hartu direlako eta horiek eragina izan dutelako. Ikasturte hasieran esaten zen musukoa erabiltzea, distantzia eta abar ‘anekdotikoak’ direla baina ikusi da ez direla anekdotikoak izan, benetan eragin zuzena ari direla izaten haur, nerabe eta orokorrean hezkuntza osatzen dugun eragile guztiengan. Gure tailerretan sexualitatea, emozioak, berdinen arteko harremanak lantzen ditugu. Harremanen inguruko gai pertsonalak lantzen ditugunez, betidanik azaleratzen dira emozioak, eta aurten emozio negatiboak gailentzen direla ikusi dugu. Haurrak triste daude, apatiko eta hori Lehen Hezkuntzako 1. mailan ikustea etsigarria da. Nerabeen artean gehien gailentzen ari den sentipena antsietatea da eta tristura ere asko agertzen da. Hau da, poza, alaitasuna, adin hauetan oso naturalak diren sentipenak, azaleratzea zaila da”.
Artikulu honetan zerrendatu nahi izan ditugu ikasgela barruetan aurten baldintza bereziek eraginda somatu diren gabeziak. Horiez kontziente izatea ezinbesteko urratsa baita ikasleen beharrak asetzen asmatzeko. Bada esanguratsua Ziarsolori hainbat ikastetxetan gertatu zaiona: “‘Zer moduz zaudete?’ galdetuz hasten dut sexualitate tailerra, eta ikastetxe batean baino gehiagotan erantzun didate ikasleek ‘lehena zara galdetu diguna’”.
Ziarsolok jarraitu du azaltzen zerk eragiten duen haurrengan ondoeza: “Lehen Hezkuntzan faltan dutena mugimendua da. Nabarmena da. Sexualitate tailerretan, gure lan egiteko modua oso dinamikoa da, arlo ezberdinak lantzeko eraginkorra hori delako: talde dinamikak egitea eta abar. Aurten ezin dugu horrela egin. Beraz, hitza erabiltzen dugu asko, bakoitza bere tokian egon behar da inora mugitu gabe... Oso indibidualak bihurtu dira tailerrak”. Metodologia aldetik, egoerak baldintza handiak jarri ditu aurtengoan, eta eskola gehienetan talde lanak “bakoitza bere ordenagailutik aritzea elkarrekin osatzen ari garen dokumentu baten gainean” esan nahi du. Arozenak adierazi du “distantziak, U formako gelarik ez egoteak eta denak banaka eserita egoteak ariketa batzuetan” eragiten duela bertsolaritza lantzerakoan ere.
Horrelako eskolak jaso ostean, jolasgaraira irteten dira ikasleak, eta han ere egoera aldatu dela azaldu du Ziarsolok: “Lehen Hezkuntzan ikusten dugu jolasgaraira joan ondoren, krispatuta itzultzen direla. Nabarmena da atseden tarte horretan ez direla askatu: patioa ikastetxe batzuetan zintekin mugatuta dago, gelaka banatuta, burbuilak direla... Ikasturte amaiera aldera ikusten da baloia edo jolasteko zenbait gailu uzten dizkietela baina ordura arte batere ez. Ezin dute kontakturik izan... horrek presioa eta ezinegona areagotzen du Lehen Hezkuntzan, zeren eta mugimendua behar dute: gelan eserita egoteak eskatzen du ondoren distentsiorako tarte bat izatea. Gelan egoera honek tentsio handia eragiten die, eta ondoren gorputzak naturalki distentsioa bilatzen du, hau da, plazera. Eta eskolak ez badio aukera hori ematen distentsiorako, liskarrak sortzen dira, batez ere jolasgaraitik bueltan, edo arratsaldetan, eguna luzatzen doanean. Nabarmena da”. Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1 eta 2 mailetan mugimendua bultzatu behar dela azpimarratu du Ziarsolok: “Ez dugu esaten kirol lehiakorra egin behar denik, baina kanpoko ekintza gehiago bultzatu behar dira”.
Arozenak ikusi dio alde onik aurtengo egoerak baldintzatutako patioaren berrantolaketari: “Lehenago baloia zen nagusi, aurten espazioa banatzeko modu desberdinak ikusi dira. Lehen gauza batzuk egiten zituzten ikasleek patioan, orain beste batzuk”.
Sexualitate tailerrean familiaren gaia lantzen dute ereduak anitzak direla ikusarazteko, bai sexu joeren aldetik, bai kide kopuru eta rolen aldetik... “Aurten oso zaila egin zaigu gai hori lantzea: batetik, banaketa asko egon dira; bestetik, hamarraldiak direla-eta zenbait familiatan ordu asko pasatu dituzte elkarrekin eta ez dakigu horietan zer egoera eman diren... Familia eremu pribatua da baina haurrek etxean bizi dutena eskolara eramaten dute eta gure tailerretan agertzen dira egoera horiek. Familia lantzerakoan oso kontuz ibili behar izan dugu, sentipen asko agertu baitira: negar asko egon da...”. Ikasturte hasieran eta erdialdean batez ere haurrek zituzten zailtasunak ikusita, Harremanak elkarteak erabaki zuen familiaren lanketa pixka bat alde batera uztea.
Ziarsolok, azken urteetako beste joera bat ere areagotu dela azaldu du: “Gorputz ereduen eta gorputzaren gaia lantzeko ezintasuna. Lehen oso kontuz aritu behar genuen, autoestimua eta autopertzepzioa oso ukituta dituzte-eta. Baina orain jada ezin da, gorputza gai bezala plazaratzen dugunean, ez dute landu nahi. Bakarrik egote honek, sozializazio falta honek, areagotu du gabezia”. Harremanak elkartean gai honen zergatiak ari dira aztertzen: “Arazo hori lehendik zetorren, eta orain ez gaude besteen aurrean hain ikusgarri. Eta orduan, orain zergatik ditugu gorputza onartzeko arazo gehiago? Pandemia garaian gorputzaren autoirudiarekiko presioa gehiago handitu da emakumeengan. Emakumeek beren gorputzaren inguruan hitz egiteko zailtasun asko dituzte”.
Arozenak oroitarazi du bigarren ikasturte bukaera honetan ere ikasleek ez dutela herritarren aurrean bertso emanaldirik, ez antzerkirik ez antzekorik egingo: “Bertsotan egiten dakienak eta 14-18 urte arteko Eskolarteko Txapelketan parte hartzen duenak, bada hantxe kantatuko du. Baina baditugu 12-13-14 urte betetzear diren ikasleak, bi urtez jendaurrean deus egin gabeak, ezta aurrez prestatutako agur bat ere! Horrek epe motz eta ertainera zer ondorio izango ditu? 14 urte betetakoan zuzenean Eskolartekora bidali behar al ditugu, aurreko prozesua egin gabe, jendaurreko konfiantza landu gabe? Bi urtez jaialditxo horiek egin gabe egoteak ekarri dezake zailtasunik. Ez diegu non kantaturik eman, horrek kezkatzen nau”.
Aisialdia eta batetik besterako mugimenduak murriztu izanak bere alde ona ere izan duela azpimarratu du Arozenak: “Ikastetxeetara bertso tailerra ematera sartzen garenean, ikasleek fresko hartzen gaituzte. Aurten, gainera, aktibitateak oso mugatuta izan dituzte, ez dute irteerarik ez deus izan, beraz, norbait berria ikastetxera etortzea inoiz baino eskertuagoa izan da. Konpetentziarik ezak badu bere alde ona, zerbait antolatzen baduzu beti izango da ona, ez dugulako beste ezer”.
Klaseko bizitzak balioa irabazi duela gehitu du: “Asteburua zozo joan bazait, astelehenean lagunekin eskolara joatea ez da hain txarra. Egiten ahal dena apreziatzen ikasi dugula iruditzen zait, eta bagenuen horren beharra”. Egoerak carpe diem jarrera bultzatu duela dio, “hemen eta orain” kontzientziaz bizi beharra: “Klase hau 11:00etan bukatzen da eta hau da nire azken bertsoa, edo orain egiten dut edo bukatzen da aukera”.
Pandemiaren kudeaketa honek ezaugarri gisa izan du arauak adin eta toki guztientzat izan direla berdinak, ez dela pertsona bakoitzaren egoerara egokitu. Horrek praktikan oso eragin ezberdinak izan dituela azaldu du Ziarsolok: “Herri txikietara joan garenetan, baserri ingurunera, eskola txikietara, malgutasun handiagoa eduki ahal izan dutenetara... hauetan Lehen Hezkuntzako haurrak ikusi ditugu askoz... ez dakit hitza ‘zoriontsuago’ den, baina bai, egokiago, aurreko urteekin alderatuta haurrak nahiko antzera aurkitu ditugu. Beraiekin gaiak landu ditugunean, ez da etsipena hainbeste azaldu. Zeren nabarmena da eskolaz kanpo ere aukera izan dutela jolas mota ezberdinak egiteko, kanpoan gehiago ibiltzeko, beraien artean gehiago harremantzeko”.
Arozena bat dator horretan: “Herri txikietan ondorioak gutxiago nabaritu dira. Izan ere, dentsitatea baldintza handia da. Hiri handi batean bizi bazara eta kalera irteteko ehun lagunek hartzen duten igogailua hartu behar baduzu eta kotxea hartu behar baduzu mendira joateko... arriskua biderkatu egiten da. Lesakan 2.000 lagun bizi gara hainbeste kilometrotan, kalera atera eta lehenbiziko aldapak jada mendira eramaten gaitu... Herrietan askatasun handiagoa bizi izan dugu eta jendeak harremanak izatea errazten du dentsitate gutxiago izateak, arriskurik gabe”.
Eskolaz eskola ari diren bi irakasle hauek onartu dute irakasleen jarduna askoz nekagarriagoa dela maskarekin. Ziarsolo: “Klaseak ematea ez da erraza: ez dugu elkar entzuten. Tailerretan ikasleek parte-hartzea bilatzen dugu eta ez dugu jakiten nor ari den hitz egiten”. Arozenak ere azaldu du ez dela trantze xamurra nor mintzo den ez jakitea: “Haur batek botatzen dizu punttu edo ateraldi bat, edo barrez ari da eta ez dakizu seguru nor izan den, ez duzulako ahoaren mugimendua ikusten. Tristea da komunikazio hori. Begiek komunikatzen dutela esaten da, eta bai, noski, komunikatzen dute, baina ez aurpegia bere osotasunean ikusita bezala. Ikasleek ni ez ikusteak ere kezkatzen nau, irakasle bezala. Txiste bat botatzen duzu eta aurpegia ikusi gabe beti ez da garbi geratzen txistea dela”.
Ziarsolok irakasleei ere ematen die sexualitate ikastaroa, eta ikasleekin gela barruan landutakoa klase ostean tutoreekin komentatzea gozagarri izan zaio beste urteetan. Aurten, ordea, ezinbestean irakasleen arteko harremana asko aldatu dela azaldu du: “Irakasle gelak lehen elkargune ziren, gainezka egoten ziren, kafe baten bueltan gauza askoz hitz egiten zen... Orain irakasle gelak erdi hutsik daude. Asko aldatu da ikastetxeetako jarduna. Beldurra oso pertsonala eta intimoa da eta irakasle asko klasea bukatutakoan beren gelan gelditzen dira, eta beraz ez dute beste irakasleekin hainbeste partekatzen. Ikasleekin ere jada ez dute kontaktua bilatzen, ezin dutelako, beldurragatik. Bilerarik ez dago... Askoz inpertsonalagoa bihurtu da hezkuntza sistema”.
Egun irakasleen begirada urrunagokoa dela dio Ziarsolok, “ezinbestean”: “Irakasleak ahal dutena egiten ari dira eta meritu handia daukate. Bere jardunaz gain, arau betetzaile ere bihurtu dira eta hori presio handia da beraientzat. Beldurra ez, tentsioa dago ikastetxeetan, ez da egoera normalizatu bat. Hezkuntza egoera goxo batek behar du begirada, behar du kontaktua, behar du gertutasuna. Eta hori da orain ez dagoena: orain distantzia dago”.
Inpertsonaltasuna ikasleen artean ere zabaldu dela azaldu du: “Haurrak ez, baina nerabeak hasi dira maskaraz gain txanoarekin tapatuta ere etortzen klasera. Orain lotsa ematen die aurkezpenak egiteko momentuan maskara kentzeak ere. Aurpegia estalita eroso sentitzen dira. Kezkagarria da. Estaltzeak zer dakar? Gehiago estaltzea, eta harremanak inpertsonalagoak izatea, eta sentitzen dudana ez esatea, eta uneoro da ‘ni’ sentitzea eta barnera irenstea. Eta anorexia kasuak areagotzen ari dira, nabarmen. Ezinegona ez konpartitzeak hori dakar. Eta esan beharra dago: antsietate eta depresio kasu asko ari gara ikusten. Eta suizidio gogoa, intentzioa. Bere buruaz beste egiteko gaia asko agertzen da nerabeen artean. Nerabeek beraiek esan egiten digute”.
Nerabeen egoera emozionalak gainezka egin duenaren adierazgarri da, besteak beste, DBHko hainbat ikastetxek Hezkuntza sailari eskatu izana psikologoren bat ikastetxean bertan edo oso hurbil egotea.
Ziarsolok argi du: “Haur eta nerabeek helduen begirada behar dute. Horregatik, egungo arauen barruan, irtenbidea ikasleak talde txikietan biltzea eta heldu baten begirada izatea da. Beharrezko dute sentitzen duten hori heldu batek jasotzea, zeren agian etxean ez daukate aukerarik. Presazkoa, larria da behar hau. Ez da anekdotikoa gertatzen ari dena. Ez da, eta ez da egia ‘haur eta nerabeek denarekin ahal dute!’. Pertsonak gara, laguntza behar dute eta behar dugu”.
Arreta deitzeko eta laguntza eskatzeko modu gisa ere ulertu daitezke sare sozialen bidez nerabeen artean zabaldu diren autolesio praktikak.
Bai Arozenak eta bai Ziarsolok azaldu dute urte eta erdi daramagula pandemian, eta urte eta erdi etaparen zati oso handi bat dela haur eta nerabeen bizitzetan. Horregatik, Ziarsoloren hitzetan, “ikasleekin dolu txikiak landu behar dira. Zeren bueltatuko ez diren hainbat egoera bizitzen ari dira. Haur eta nerabeek etapak gainditu behar dituzte eta etapa batzuk urte eta erdi honetan joan dira edo badoaz. Dolu txiki hauek, kode emozional hauek taldean landu behar dira, zeren bakarrik, dagoeneko askotan gaude. Talde handitan ezin bada, talde txikitan. Eta garrantzitsua da ikasleek heldu bat edukitzea ondoan, emozio hauek jasoko dituena, ulertuko dituena. Ez da terapia. Dolu txikiak lantzea da, dituzten sentipenak partekatzea... Ezinbestekoa da. Eta familiekin egitea ere garrantzitsua da: eskolak familien egonezinak ere jaso behar ditu”.
Ziarsolok hurrengo ikasturterako zera proposatu du: “Aurrerantzean horrelako osasun erabakiak hartu behar badira, etapaka hartu beharko dira. Ez da gauza bera haur bat etxeratzea edo nerabe bat etxeratzea. Baldintzak kontuan hartu beharko dira. Eta ezin bada, hau da, ezinbestean denentzat arau berak jarri behar badira, ondorioei aurre hartu beharko diegu. Eta batez ere, ikasleei galdetu egingo diegu”. Hainbat ikastetxek arauei buruzko iritzia galdetu izan diete ikasleei, baina Ziarsoloren ustez “hori ez da parte-hartzea”. Bere ustez, ikasleengan begirada jarri behar da: “Gazteok, ez dago besterik, erabaki hauek hartu behar dira. Zer behar dituzue? Zer proposatzen duzue? Egin behar den hori zuentzat ahalik eta erosoena izateko, zer egingo dugu? Zer alternatiba ikusten dituzue? Seguru horrela proposamenak aterako zirela. Hori ez da egin, eta gainera ez da tutoretza ordu bakarrean hitz egiteko kontua: ikasturte osoan zehar jarraipen bat egin behar da. Galdetu eta hitz egin”.
Etorkizunari begira jartzean, Arozenaren ustez gakoa da pentsatzea zein aldaketa etorri diren geratzeko, hau da, zein diren luze iraungo duten neurriak edo egoerak. Baldintza horietan pertsonek beren beharrak asetzeko zirrikituak bilatuko dituzten esperantza du: ez da “lehenago dena hobea zen” diskurtsoa hauspotu zalea.
Erreportaje honekin lotutako artikuluak:
Pantailen sozializazioa: "Zergatik ari zaigu gure seme edo alaba nerabea konfinamendua eskatzen?"
Sexualitatea pandemian: deskarga helburu, plazera baino gehiago?
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]
Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]
Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.
Amazon ondoren Glovo, Deliveroo eta Uber Eats-ek gure hiri eta auzoetako bizimodua hankaz gora jarri dutela uste baduzu, adi hurrengo uhinari: heldu dira Cajoo, Flink, Dija, Gorillas, PicNic , Everli... COVID-19 betean sortuta, tximista bezala zabaltzen ari diren banaketako... [+]
Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]
Nafarroako Gobernuak bart gauerditik aurrera indargabetu ditu COVID-19aren aurkako neurri murriztaile gehienak. Kalean eta ikastetxeetako patioetan ez da derrigorrean maskararik erabili beharko, gaueko aisialdiak eta ostalaritzak pandemia aurreko ordutegiak berreskuratuko... [+]
"Osasun Sailaren immobilismoaren eta konponbide ezaren aurrean", otsailaren 25ean greba deitu dute lehen arretan ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta otsailaren 28an Osakidetzako esparru guztietan. Horrez gain, otsailaren 26an manifestazioak egingo dituzte... [+]
Zizt! Hor dator berriz ere, bularraldean sentitu dut goizean goiz, arraroa da benetan ziztada hau.
Zizt! Jertsearen gainetik bihotzaldea igurtzi dut, emeki. Ea pasatzen den, esan dut baxu, inork ez entzuteko moduan. Gaur egun kontuz ibili behar da nork-zer entzungo duen... [+]
La Bogue da Frantziako Limousin (okzitanieraz Limosin) eskualdeko hedabide alternatiboa. Kolektibo autonomo batek kudeatua, boluntarioek egina eta militantea, bere burua kokatzen du mugimendu anti-autoritarioaren baitan. Bertan agerturiko artikulua itzuli dugu euskarara.
“Proba bat egin ostean, COVID-19an positibo eman dut. Ondo nago, sintoma arinekin. Hurrengo egunetarako aurreikusitako agenda publikoa atzeratu eta konfinamendutik lanean segituko dut”. Kendu agenda publikoaren zera hori erditik, eta edonorenak izan zitezkeen... [+]
Igande eguerdian milaka lagun atera dira Donostia, Bilbo eta Gasteizko kaleetara gehiengo sindikalak deituta, kalitatezko osasun publikoaren alde eta Lehen Arreta jasaten ari den kolapsoaren aurka. Oso gogor mintzatu dira Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritza osasun... [+]
Osakidetzaren azken protokoloak dio positibo baten kontaktu estua izanagatik COVID-19a azken 180 egunetan pasatu duenak, txertatuta egon edo ez, ez duela etxean berrogeialdirik egin beharrik, baldin eta ez badauka sintomarik.
Txertoaren hirugarren dosia abian da herrialde aberatsetan eta laugarren dosia ere ezarriko zaie arrisku taldekoei. Denborarekin txertoek eragindako antigorputzak galdu egiten dira, eta horiek gehitzeko errefortzu dosiak jartzea da gobernuen estrategia. Baina txertoen alde... [+]
Zientzia politika publiko bihurtzen den modua kalkulu politiko eta ekonomikoek gidatzen dute, baita politikariek, alderdiek eta aholkulariek dituzten konpromiso moral eta ideologikoek ere”. Hala zioen Jana Bacevic soziologoak 2020ko apirilean The Guardian-en.
Denok... [+]