Berandu izan baino lehen, hil edo bizikoak ditugun hezeguneen desagerpena mugatu behar dugu

  • Garrantzia handiko ekosistemak dira hezeguneak. Jendartean eta herritarron iruditegian inportantzia gutxikoak izanik, hauen aldeko pedagogia lana egin behar dela diote aditu gero eta gehiagok. Hain zuzen, bioaniztasuna bermatzeko, herritarron egunerokoa segurtatzeko, baita klima larrialdia murrizteko ere ezinbesteko ekosistemak dira. Maleruski, abiadura kezkagarrian desagertuz doaz: 1970az geroztik hezeguneen %35 desagertu da. Klima aldaketak agortzeak areagotzen baditu ere, usu gizakion aktibitateak dira laku, lokaztu, erreka, zein mangladien desagerpenen oinarrian.

Poopó lakua bolivian. 2015eko abenduaren 16an desagertu zen boliviako bigarren lakurik handiena. idortzearen ondorioz, bizitzekorik ez gehiago ukanki, lekutu behar izan zuten bertako herritarrek, boliviako lehen errefuxiatu klimatikoak bihurtuz.
Poopó lakua bolivian. 2015eko abenduaren 16an desagertu zen boliviako bigarren lakurik handiena. idortzearen ondorioz, bizitzekorik ez gehiago ukanki, lekutu behar izan zuten bertako herritarrek, boliviako lehen errefuxiatu klimatikoak bihurtuz.

Antropozentrismoa dela eta abiadura handian desagertuz doaz animalia eta landare espezieak, gizakioi traba eta axola gehiegi eragin gabe, maleruski. Nature Right Gobernuz Kanpoko Erakundeak dio: hogei minuturo fauna ala flora espezie bat desagertzen da, urtero 26.280. Baina badira isiltasunean, inolako arrabotsik egin gabe desagertzen diren beste elementu batzuk ere: hezeguneak –izan lokaztiak, lakuak, mangladiak, zingirak ala padurak–. 1970az geroztik mundu mailako hezeguneen %35 desagertu da. Azken aldi hauetan, urtean %0,85 eta %1,6 artekoa da horien itzaltze tasa –konparatzeko, oihanak baino hiru aldiz gehiago–.  Handi zein ttipi denak dira hunkiak. Handietan handienen artean duguna, Asia Erdialdeko Aral itsasoa 68.000 km2-koa izatetik 17.160 km2koa izatera pasa zaigu azken 60 urteetan.

Betidanik egon badira ere idortzeak, 2000 urteaz geroztik bizkortu egin da erritmoa eta beroketa klimatikoaren ondorio zuzena dela argi gelditzen ari da: tenperaturen emendioak uraren lurrunketa handiagoa ondorioztatzen du. Fenomenoari ez zaionez behar heineko arretarik bideratzen, kezkaturik dira hainbat zientzialari, tartean Herbehereetako eta Alemaniako batzuk, iaz Communications Earth and Environment aldizkarian The other side of sea level change (“Itsas mailaren aldaketaren beste aldea”) iritzi-artikuluaren egileak. “Nahiz eta barrualde kontinentalen lehortzea arazo garrantzitsutzat jotzen den ur gezaren eskasiari dagokionez, aintziren mailan duen eraginak beste ondorio sakon asko izanen ditu, gutxietsi egiten direnak; alta milioika pertsonaren biziraupenari eta ekonomiei eragiten die”. Nazio Batuen Erakundeari zein IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeari eskatzen diete gaurdanik bideratzea fenomenoa mugatzeko estrategiak. Adibiderik esanguratsu bat haritzat dute haien artikuluan, fenomenoak bioaniztasunaren gain, herritarren gain eta lekuko ekonomiaren gain dituen ondorio konkretuak azaltzeko: Kaspiar itsasoarena, munduko lakurik handienarena. Hogei urtez 1,5 metroz ttipitu zaio sakontasuna, eta ondoko 75 urteetan hoberenean bederatzi metroz eta txarrenean hemezortzi metroz apalduko da, bere zabalera %23 edo %34 murriztuz.

Fenomeno hau erabaki politikoetan integratu beharra dela argi du Martha Rojas Urrego Ramsarko hitzarmenaren idazkari nagusiak ere: “Legegileek programa politikoetan integratu behar dute errealitate hau, hezeguneen biziraupenaren alde inbertitu behar dute. Oso azkar desagertzen doan ekosistema honen garrantziari buruzko heziketa bideratu behar dugu, hezegunerik gabe denok gaudelako arriskuan”. 1975an sartu zen indarrean hezeguneei buruzko akordio hau eta babestu beharreko garrantzia handiko espazioen zerrenda osatzen dabiltza –%15 dira zerrendan sarturik–, tartean Mundaka-Gernikako itsasadarra, Salburuako hezegunea eta Pitillasko aintzira ditugula, besteak beste.

Duda gabe, “gune babestu” gisa sailkatzea dugu aterabideen artean, besterik ezean desagertuz doazelako. Euskal Herriko daturik ez atzemanik, demagun Frantziako Estatuan hezeguneen bi herenak dira desagertu XX. mendean eta azken urte hauetan tendentzia bera sendi da. Laborantzaren modernizazioak zein urbanizazioak irentsirikoak dira hauek.

Aberastasun handia, fama txarraren gibelean
Ekoizpenerako oztopo, joan-etorrientzako traba, bakterientzako ohantze eta eritasun iturri, fama txarra dute hezeguneek eta hauen desagerraraztea izan da urte luzeetako logika. Alta, fama txarra ukanik ere “ezinbestekoak” dira.

Hasteko, bioaniztasunaren altxor-gune direlako. Izan ur geza zein elikagai iturri, gizakion biziraupenerako beharrezkoak izateaz gain, munduko espezien %40 ditu bizitzeko eta ugaltzeko behar, eta espezie hauen %25 da desagertzeko arriskuan.

Klima aldaketa murrizteko ere dira beharrezkoak –nahiz eta metano igorle ere izan–. Zenbaki esanguratsua: munduko azalaren %3 diren zohikaztegiek munduko CO2 kantitatearen %30 atxikitzen dute. Gainera, klima larrialdiaren ondorioez babesteko ere ditugu beharrezkoak –izan uholdeen kasuan ura atxikitzen dutelako, edota idorteen kasuan, lurzoruan dituzten erreserbak poliki-poliki askatzen dituztelako, bizidunok ezinbestekoa dugun ura eskaintzeko–.

Gizakion aktibitateen albo-kalteak
Baina Aral zein Kaspiar itsasoa kasu, handien desagerpenak ezin dira klima aldaketaren testuinguruan kokatuz bakarrik ulertu. Reporterre komunikabideak plazaraturiko En Bolivie, les orphelins du Poopó pleurent leur lac disparu (Bolivian, Poopóko umezurtzak negarretan, haien lakuaren desagerpenagatik) erreportajean argiki azaltzen da aldaketa klimatikoaz gain, bestelako arrazoiak ere badirela, parte handi batean gizakion aktibitateei loturikoak. Ureztatzeko kanalek ura desbideratu izana dugu idortzeen oinarrietariko bat. Kontua da eskala ttipian, baserri pare baten beharrei erantzuteko desbideraketa ez bada kaltegarria, eskala handian burutzea dela suntsigarri. Tamalez hori gertatu zitzaion Boliviako bigarren aintzira handiena zenari: azken urteetan osasuna zaintzeko eta haragi gutiago jateko xedez, munduaren beste puntakook  quinoa zereala kontsumitzen gabiltzala, honi erantzuteko ekoizpena bultzatu dute modu industrialean, ur kantitate ikaragarriak xurgatuz.

Bestalde, nikel, kobre, kadmio, plomu, zink ala beste, metalen mehategiak ere ditugu arazoaren oinarrian –hor ere gure ordenagailu, telefono ala bestelako teknologia berrietarako erabiliak–. Ur kutsatuaz gain, ondorioztatu zaborrak sekulakoak dira: “Sedimentuen arazoa ere hor dago, zabor horiek errekak blokeatzen dituzte, landaretza itotzen, fauna, flora eta ureko bizia suntsitzen. Lakuaren zolan metatzen dira, sakontasuna itsuski ttipituz, eta uraren berotasuna eta beraz lurrunketa bideratuz”, irakurri daiteke erreportajean. 2014ko agorrileko datuen arabera, egunean 2.000 tona hondarkin isurtzen ziren Poopó lakura, industria gunea trabeskatzen duen Desaguadero errekak isuririk.

Eta Poopó desagertzearekin batera, desagertu ziren inguruko herritarrak; arrantzaz bizitzeko eta egarriari erantzuteko manerarik ez zutela, lekutu behar izan zuten. Izena izanaren memoria, bertakoak “ureko herritar” izendatuak ziren ordura arte. Boliviako lehen errefuxiatu klimatiko gisa ezagunak dira orain.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezeguneak
Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote

Hainbat herritar eta elkarte –Eguzki eta Usurbilgo Aranerreka talde ekologistak, esaterako- alegazioak aurkezten ari dira Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri duen eta alegazio-epean dagoen proiektua... [+]


“Guggenheimen sukurtsal bat eraikitzea arriskutsua izan daiteke Urdaibaiko erreserbarentzat”

Edorta Unamuno (Ermua, 1970) Urdaibai Bird Center behaketa zentroko biologoa da. Urdaibaiko bisofera erreserba zaindu ahal izateko arriskuez, eta etorkizunean egin nahi dituzten proiektuek ekar ditzaketen eraginez hitz egin du CTXT hedabidearekin. 


Eguneraketa berriak daude