Euskara urtez urte ontzen Arabako Errioxan

  • Arabako Errioxako bost lagun elkartu dira mahaiaren bueltan euskararen inguruan eztabaidatzeko. Bastidatik ibiltzen hasi eta Moredaraino, upategi handi batzuk eta turisten gorakada gorabehera, ez da paisaia gehiegi aldatu azken berrogei urtetan. Hizkuntza paisaiari begira jarriz gero, ordea, aldaketa ugari izan dira; hala ere, konformagaitzak dira Esti Besa Sanchez, Andoni Landa Arozena, Dani de Ayala Castaño, Idoia Marauri Bernedo eta Edurne Azkarate Sobrino. Dabilen ardoari muzinik ez.

Ezkerretik eskuinera atzean: Dani de Ayala, Andoni Landa, Esti Besa eta Idoia Marauri; makurtuta Edurne Azkarate. Argazkia: Ruben Sánchez.
Ezkerretik eskuinera atzean: Dani de Ayala, Andoni Landa, Esti Besa eta Idoia Marauri; makurtuta Edurne Azkarate. Argazkia: Ruben Sánchez.

Andoni Landak, Azpeitiko Nuarbe auzoan euskara hutsean sortua, eskolan ikasi zuen gaztelania, gaztaroan; hala ere, hizkuntza kontzientzia itzalia izan zuen, buruak solasaldian maiz errepikatu den “klik” egin zion arte, Iruñean lehenik, eta, batez ere, Arabako Errioxan.

Esti Besa Villabuenakoa da, haurtzaroan, ardo bila joaten ziren los vascos ziren; 11 urte zituela, familia Gipuzkoako Aretxabaletara aldatu zen; euskararekin hiru “klik” egin ditu: lehenik, euskara euskaltegian ikasi; gero, lagunekin euskaraz egin (eta eginarazi); eta azkena, Lorentxo bikotekideak eta biek hika egin.

Dani de Ayala guraso erdaldunek bidali zuten ikastolara; Gasteizera unibertsitatera joan zenean, hainbeste euskaldun eta euskalkirekin, Ekorakoa zela esateko eta bere euskararekin lotsaturik, lehen hiru hilabeteak isilik eman zituen. “Klik”.

Idoia Marauriren gurasoak, bera jaio zelarik, euskara ikasten ari ziren, eta euskaraz hitz egiten zioten. Lehen Hezkuntzan zela eten zen etxe barruko komunikazioa euskaraz. Gaztaroan, Leioan ikasi zuen: lehen urtean pisuan Villabuenako bat eta Lizarrako beste batekin, bere euskara “berdina” zen; bigarrenean, ordea, Oñatiko bat tokatu zitzaion, ez zion ezer ulertzen, eta egun batean zera bota zion: “Mesedez hitz egin polikiago”. Eta ezpainak irakurtzen saiatu zen. “Klik”.

Edurne Azkareteren familia erdia euskalduna eta erdia erdalduna izaki, aldi berean ikasi zituen biak; Maraurik moduan, pasatu zuen bere ukazio aroa, eta euskaraz bizitzen urtean aste bat besterik ez zuen ematen: bertso udalekuetan. Nahi gabe ere ligatu zuen umetan, deus ulertu gabe denari bai erantzuten zion lapurtar batekin. Txantxak alde batera utzita, joan-etorri asko izan ditu euskararekin azken “klika” izan zuen arte.

Dena den, denek aitortu dute behin euskaraz hasiz gero, belarria berehala egin zitzaiela euskalkietara ere, eta gainera, besteek beraiek gaztelaniaz entzutean, are barre gehiago egiten dutela, daukaten azentuagatik.

Arabako Errioxako izaera

Esti Besa Iruñean 13 urtez bizi eta euskara irakasten jardun zen; Arabako Errioxan zailago egin zitzaion euskararen aldeko borroka. Iruñean ghettoak zeuden, bakoitzak berea, eta Arabako Errioxan, herrian, zailago. Dani de Ayalak Arabako Errioxako herrien izaera bereizi du: Araba gehienean ez bezala, aski handiak dira bata bestearen beharra ez izateko, eta orduan kuadrillak herrika sortu eta harreman gutxi izaten da ondoko herrietakoekin, topaguneak izan badira ere: Guardia, Viana, Oion... Landaren aburuz, euskararen kontra-kontrako jarrerak leundu dira, baina hor dirau euskararekiko errezeloak, inoiz botikan edo Olentzerorekin edo udaletxean.

Azkaratek gertatu den aldaketaren erakusle Bendimia Eguna jarri du: Maialen Lujanbiok euskara hutsean bota zuen pregoia bertsotan. Ez zen egunik errazena: batzuk ardoa saltzera, beste batzuk mozkortzera, guraso batzuk beren umeak saskia eraman behar zutelako asalduraz... Jendeak oso ondo hartu zuen, andre zaharrek, Lujanbiorekin hunkiturik, opari pila bat egin zizkioten, Errepublika sasoian ikasitako euskarazko kantu bat kantatu eta, “no he entendido nada, pero me he emocionado muchísimo!” zioten. Eztabaidak ere badira De Ayalaren etxean: “Ondo, baina plazan ginen gehienok ez diogu ulertu!” edo “Ados, aita, berak bertso bat bota du, eta bertsoak euskaraz botatzen ditu, zenbat aldiz izan da pregoia erdara hutsean?”, eta jarraian, “Egia, bai! Bada, orduan urte pila bat beharko ditugu erdara hutsean izan direnak berdintzeko!”.

Bat datoz esatean falta dela euskaraz ikasi duen 40 urtetik beherako masa, irakaskuntzatik harago, euren lanbideetan euskaraz jardun daitezen planifikatzea

Azken koxka, Azkaratek jarri du: Arabako Errioxan beste leku batzuetan dagoen antolatzeko eta borrokatzeko grina badago edo apalagoa da? Herriz herri eta belaunaldiz belaunaldi aldeak daude, baina Maraurik aipatu ditu azken urteetako Lurrikara jaialdia eta gaztetxea, edo fracking-aren kontrako borroka, ikasle eguna, Korrika alternatiboa. Festak antolatzeko elkartu ohi dira errazen. Landak eta Besak diote beraiek etorri zirenean baino saltsa gehiago dagoela egun. Denak bat datoz Arabako Errioxan herrien arteko distantziengatik-eta euren arteko sareak jostearen garrantzian.

Euskara ikastea, atzo eta gaur

Azken bi hauek gogorarazi dute garai batean “gozatu” zela hitza, eta gaur egun “esfortzua” entzuten dela, lana, titulua... garaiak aldatu dira. Ikastolan euskara ezagutu dutenek ez dute hizkuntzara heldutan euren gogoz salto egin, ikastolan ikasi bai, baina erabili ez. Azkaratek dioen gisan, aurreko belaunaldiak euskara errebeldiarekin lotu zuen, baina beraiei euskara diziplina eskatzen zien irakasle baten aldetik etorri zaie, fitxak egin bai, baina kultura gutxi, eta euskara bai, baina “zertarako” bat erantsi behar zaio ikasketa horri. Gogoan ditu ikastolan erdaraz irakurritako liburuak, baina euskarazkoak? “Euskaraz motza, arina, erraza behar zuen, eta gero hain da motza, arina eta erraza, ez zaizu interesatzen; zergatik dakit Cien cañones por banda eta ez Mendian gora haritza?”, hausnartu du. Irakasle aldaketa asko ere izaten dira, batzuk oso denbora laburrez geratzen dira “erbestean”, De Ayalak baditu, hala ere, garunean geratutako euskara-momentu ederrak.

Maraurik matematikekin egin du alderaketa: “Maiz matematikak ere zertarako diren galdetzen da eta erantzun behar zaio horri, euskara zeharka sartu behar da, emakumeen bisualizazioa zeharka sartzen saiatzen garen bezala, ez bakarrik euskara eta literatura liburu banarekin”. Landak 60 urteko euskaldun berri baten adibidea jarri du: “Nik euskara ikasi nuenean irakaslea ederra zen, maitemindu ginen euskararekin eta berarekin: musika, kultura... baina gaur egungo euskara irakasleak kabroi hutsak dira, ikasleak suspenditu egiten dituzte”. “Klik” horren bila jardun beharra dago: Historia, kultura, musika, bertsolaritza, unibertsitatea...

Maraurik “klik” egin zuen DBH2n bi lagunekin euskaraz egiteko, egun erdizka betetzen dute; gero unibertsitaterako Logroño beharrean Leioa aukeratu zuen, besteak beste, bigarrenez “klik” egiteko. Azken “klika” irakurketarekin egin zuen: Berria hasieran oso nekeza egiten zitzaion, baina behin ohitura hartuta, ederki moldatu da. Azken aldian, literaturarekin egin du “klik” Arabako Errioxako irakurle taldean: “Irakurtzen ere ikasi behar da, hor beste ‘klik’ bat dago”. Landak, berriz: “Azpeitian ahozko erabilera %90 izango da, baina irakurtzen ez, e! Tabernan han dago Berria, ez dakit zenbatek ukituko duen, eta liburu bat euskaraz... bueeeno!”.

Dinamikak apurtzeko zailtasuna

Hizkuntza-ohiturak norbere herrian aldatzea ez da erraza aurrean daukazuna halakoren izeba-osaba, senar-emaztea edo betiko ezaguna denean. Gainera, udal-langile bat, adibidez, euskaraz jakin ez eta euskaraz egiten badiozu, mindu liteke: “Berak badaki ez dakidala, zergatik etortzen zait euskaraz?”. Maraurik aipatu du gaztetxean saiatu zela harreman berriekin euskaraz egiten, hizkuntza-ohitura euskaraz hasteko. Baina, kasu: ondoko herrira joan, botikan zerbait erdaraz eskatu, botikariak bira eman, eta Euskaraldiko txapa ikustea Arabako Errioxan ere #gertatzenarida. Bat datoz esatean falta dela euskaraz ikasi duen 40 urtetik beherako masa, irakaskuntzatik harago, euren lanbideetan euskaraz jardun daitezen planifikatzea.

Andoni Landak eta Esti Besak gogorarazi dute garai batean “gozatu” zela hitza, eta gaur egun “esfortzua” entzuten dela, lana, titulua... Garaiak aldatu dira

Apurka-apurka aldatu da egoera, baina Kuadrillan Euskara eta Berdintasun teknikariak jartzeko urte mordo bat joan eta gero, behin egonda horrekin arazoak konpondutzat ematen badira ere, “gainean egon behar da” beti kartelak ele biz ateratzeko edo kultura euskaraz programatzeko. Andoni Landaren arabera, “administrazioak inposatu ere, pixka bat inposatu beharko luke: ez erretzeko debekuak etorri zirenean, adibidez, ez zen sumatzen gizartea hori aldarrikatzen, gero debekatu, eta kitto, bada, ekarri monitoreak, musika taldeak, antzerkia euskaraz”.

Bestalde, gazte askok ikasteko kanpora jotzen dute, eta orduan, kuadrilla batzuk desegiten dira. Azkarateren ustetan, euskaraz bizi nahi duenari, bere mea culpa eta guzti, beharbada, erakargarriagoa egiten zaio herritik ateratzea.

Periferia

“Arabako Errioxakoa eta euskaraz!”, “Euskal Herrian gaude bai, hegoaldean, mugan, baina Euskal Herrian”, “bai, oiondar-oiondarra eta euskaraz, eta prentsa ere euskaraz irakurtzen dut”, “Bai, zu oiondarra, baina zure ama edo aita, edo aiton-amona?”, “Euskaldun berri zaharra naiz”...

Euskaldun askoren begietatik at sentitzen dira oraindik ere, batuaz egiteagatik gutxietsiak. Azkaratek: “Zuk egin zure euskalkiaren alde, oso ondo iruditzen zait, baina nire borroka ez da hori, eta gustatzen zait zu entzutea, zeren nik ez daukat euskalkiaren aingura, gustuko hitzak itsasten zaizkit, atxiki ahal dut iparraldeko bat edo edonongoa, nire borroka da euskara eklektikoa. Oso interesgarriak iruditzen zaizkit garatzen ari diren periferietako euskal nortasun batzuk: onartzen duzunean ezin zarela eredu den horretara iritsi, ez zarelako han jaio, ez zarelako euskaldun genetiko bat, gainditu behar duzu bigarren mailako euskaldun sentitzearena eta zure euskalduntasuna, nortasun hori garatu, gero gure euskalduntasuna eta berea nola elkartuko diren ikusteko dago”. De Ayalak: “Historia bakarraren arriskua hor dago oraindik: euskaldunak izan dira balea harrapatzaileak edo baserritarrak, txistua edo trikitia jotzen dutenak, bada, orduan, agian, ni ez naiz euskalduna sentituko, mahastietan lan egiten duena eta gaita jotzen duena ere bada euskalduna”. Landak: “Ttiki-ttaka elkartean ekimen guztiak gure filtrotik pasatu izan ditugu beti”. Besak: “Euskal munduko hedabideek gure gaineko albisteak gutxitan ematen dituzte, El Correo-n askoz gehiagotan, baina txarrerako”. Arabako Alea-ri ere begi batekin keinua eta beste begiarekin bekaina altxatuta begiratu diote.

Azkenik, eskaera bat euskal munduari: “Mesedez, hona etortzen zaretenean ez egin erdaraz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]


Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du apirilaren 6rako Baionan

Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Judimendi: A ereduko ikastetxe estigmatizatua D ereduko auzo-eskola bilakatzen

Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]


2025-02-04 | Euskal Irratiak
Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran

Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


2025-01-29 | ARGIA
Bi hamarkadatan euskarazko eta elebitako ikastetxeek gain hartu diete frantsesezkoei Ipar Euskal Herrian

Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.


2025-01-27 | Aritz Arrieta
Euskaldun harrera herria?

Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]


Eguneraketa berriak daude