Besarkadarik gabeko urtea Renneseko presoontzat

  • Renneseko (Bretainia, Frantziako Estatua) kartzelan preso gaituzten emakumeak hainbat dibisiotan bananduta gauzkate. Dibisio bakoitzean 20 ziega daude. Egunotan, gurean, A3 dibisioan, hamazortzi emakume gaude: hamazortzi adin, hamazortzi jatorri, hamazortzi kolore, erlijio eta bizitza ulertzeko modu; ezberdinak bai, baina denak galére honetan bat eginda, harresi hauen artean gatibu, ohikeriazko elkarbizitzan, ez-ohiko garai pandemiko distopiko honetan.

Ilustrazioa: Shu Otero.
Ilustrazioa: Shu Otero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Soniak –bere benetako izena ez den arren, egiazko gertaera da, zoritxarrez–, hemezortzi horietako batek, bere burua urkatu du gaur. Kable luzagarri batekin lepoa inguratu eta bizitzan zintzilik geratu da, dilin-dalan, heriotza noiz etorriko. Hemezortziotako beste batek ireki du bere ziegako atea eta, hari esker, balantza makabro horretan, bizitzak irabazi du gaurkoan. Ez da beti horrela gertatzen, besteak beste, gaur bezala, kartzelari eta kartzela-medikuek denbora gehiegi hartzen dutelako ziegaraino heldu eta presoa artatzeko.

Zerk bultzatu du Sonia muturreko erabaki hori hartzera? Egoeraren ezinegonean, ohartu naiz ez dudala Soniarekin apenas hitz egin. Badakit etxetik urrunegi dagoela eta ama gaixorik duela, baina gure dibisiora duela gutxi heldutakoa denez, politesse esaldi bakar batzuk baino ez ditugu trukatu. Horrek, nola ez, zer pentsatu eman dit. Elkar entzun, elkar ulertu, elkar zaindu eta laguntzea, gaur eta hemen, inoiz baino gehiago, bizirik irauteko ezinbesteko tresnak ditugu!

Azken kate-begien ahotsak

Pandemia garaia kartzelan nola bizi (izan) dugun kontatzeko galdegin didazue. Pandemiarik gabe ere, presoak jendartearen azken kate-begia izan ohi gara –edo azkenetakoa, zoritxarrez, beti baitago okerragorik–: sistemaren biktimak edota aurkariak, jendarteak berak ahaztuak. Zer esanik ez, larrialdi garai honetan. Agerikoa da, ontsalaz, presoak eta presondegiak ez daudela gobernuen lehentasunean artean; bada, azkentasunen artean gaudela egiaztatu dugu orain.
Gaixotasunaren aurrean biderik errazena erabili dute gurekin, kartzelak itxiz eta aurretiaz eskasak ziren eskubideak guztiz ukatuz –biderik interesatuena aldi berean. Kanpoan bezalatsu, herritarrak nola presoak hala, gu gehiago kontrolatzeko eta estutzeko–. Aitzitik, euskal presook, errepresio berezitua pairatzen dugun honetan, gure herriaren elkartasunaren lastairaz goza dezakegu zorionez. Horregatik, gaurkoan ahaztuetan ahaztuei, albistegi eta egunkarietan ahotsik ez dutenei, alegia gainontzeko emakume presoei hitza ematea deliberatu dut.

"Presoak eta presondegiak ez daude gobernuen lehentasunean artean; bada, 'azkentasunen' artean gaudela egiaztatu dugu orain”

Egun hauetan dibisioan, patioan… gurutzatu ditudan emakumeei hurrengo galderak luzatu dizkiet: zelan bizi izan duzu pandemia garai hau kartzelan? Ezberdintasunik antzeman duzu orain arteko kartzelaldiarekiko? Zeintzuk dira zure sentimenduak azken urte honekiko? Zer daukazu esateko, kritikatzaileko, salatzeko, aldarrikatzeko...?

Isolamenduari isolamendu erantsia

Euren erantzunen aurretik, ostera, hona hainbat argipen. Frantziako kartzeletan, pandemia hasi zenean, hiru hilabetez egon ginen bisitarik gabe –muga zeharkatu behar zuten senideentzako, aldiz, lau hilabete izan ziren–. Geroztik, aurretiaz baino bisitari askoz gutxiago etortzen dira preso dauden emakumeak ikustera, bidaien ohiko zailtasunei larrialdi neurrien ondorioak gehitzen zaizkie: etxeratze-aginduaren ordutegiak, garraio murrizketak, kaleratzeen/egoera ekonomikoaren ondoriozko diru galerak, muga zeharkatzeko PCR bat egin behar izatea… Senidea kutsatzeko edota norbera kutsatua izateko beldurra hor dago. Kartzelak berak jartzen ditu zailtasun erantsiak: bisita eta bisitari kopuruaren murrizketa, bisita-gelaren banaketa sistema, tarte luze batean ume bakar bat sartu ahal izatea –amak seme-alaba gehiago eduki arren– edota umeek euren amak ezin ukitzea/besarkatzea… Horrek guztiak eragiten du pandemia aurretik ikustaldi egunetan beteta edo ia beteta egoten ziren lokutorioak (dozena inguru dira Rennesen), gaur egun ia hutsik egotea.
Aldiro bi edo hiru preso baino ez gara joaten bisita geletara eta, maiz, ni bakarrik noa... ia 200 emakume gauden kartzelan! Nire senide eta lagunek ere zailtasunak izan dituzte hainbatetan bisitara heltzeko aipatu arrazoiengatik eta, kartzelan bete berri ditudan hamar urte hauetan estreinakoz, asteburu bat baino gehiago bisitarik gabe igaro dut. Udan bi UVF (Estatu Frantseseko kartzeletan egiten diren aurrez aurreko bisita luzeak) egiteko aukera izan nuen, baina bestela urtebete daramat senideak eta lagunak besarkatu barik: bateko, bisita geletan banaketa sistema ezarri dutelako –Espainian ez bezala, Frantziako lokutorioetan bisita arruntetan ez dago etxekoengandik banatzen gaituen kristalik–; besteko, udaz geroztik ez baititugu berreskuratu delako UVF horiek.

Itziar Morenoren ilustrazioa

Eskubide murriztuei murrizketa

Kartzelan berez urriak diren eskubideak mehaztu dizkigute azken urtean, bestalde: lan egiten duten emakumeak hiruzpalau hilabetez egon ziren lan egiteko aukerarik gabe, horrek eragiten dien diru galerarekin: ezin oinarrizko produktuak erosi, ezin etxera dirua bidali, eta abar. Urte oso bat daramagu aktibitaterik gabe, udako parentesia salbu. Formakuntzak (etenekin) edo lanak baino ez dituzte baimentzen. Eskola ez, ordea, eta ez dago lanik preso guztientzat, urrundik ere. Kiroldegiaren eta liburutegiaren erabilera asko mugatu digute, eta maiz ez dugu joateko aukerarik ere. Aktibitate kulturalik ez dugu, patio ordutegiak erdira laburtu dizkigute urtebetetik hona…

Zigorrak gehitzen dizkigute osasun krisiaren aitzakiarekin; hala nola, UVF bakan horien edota kanpora ateratzeko baimenen ostean hamalau eguneko konfinamendua ezartzea. Konfinamendua zigor baldintzetan betetzen dugu, bakarrik eta inolako aktibitaterik edo hartu-eman sozialik gabe. Aldiz, kartzelariak egunero etortzen dira kaletik kartzela barrura eta nekez betetzen dituzte segurtasun neurri gutxienekoak ere. Zigortu egiten gaituzte baina ez digute inoiz testik egin, isolamendu luzeak ekiditeko edota kartzela honetan birusa sartu denetz frogatzeko, behin eta berriz eskatu eta salatu badugu ere.

Gauzak horrela, hona Renneseko kartzelako hainbat emakumeren lekukotzak:

"Kontakturik gabeko bisitak oso deserosoak dira, benetan etsigarria suertatzen zait kontakturik eza, ezin senideak besarkatzea”

"Beldurra ematen dit etxekoekin ezin egoteak, zerbait gertatuko balitzaie euren ondoan ezin egoteak”

"Hemen ez dago ezer egiteko, ez aktibitaterik ez deus; denbora ohi baino geldoago igarotzen da, etsigarria da oso”

"Psikologikoki asko eragiten digu; hemen, biderkatu egiten da jendarteak kanpoan duen pandemiarekiko sentipena, itxialdia jasangaitza bilakatzen da, aktibitate eta bisitarik gabe… Hori da pandemiaren alde negatiboa, eta positiboa…? Ez dago”

"Hamalau konfinamendu egun horiek oso gogorrak egiten zaizkit: lan egin barik, inor gurutzatu barik… Ziegan erabat deprimitu egiten naiz. Emakume presoon arazo psikologikoak ugaritu egin dira pandemiaz geroztik”

"Bitxia da hau esatea baina ni babestua sentitzen naiz, erabat itxita gaudenez, sentipena daukat birusa ezin dela sartu. Aldiz, kontraesan gehiegi ikusten ditut: kartzelariek maskara nahi dutenean kentzen dute, ez dute inoiz eskularrurik erabiltzen… Ospitalean, COVID-19a lehenesten dutenez, gure gainontzeko gaixotasunak ez dituzte behar beste artatzen”

"Pertsona nagusientzat are zailagoa da egoera”

"Jendarteari oihukatzeko gogoa daukat: existitzen gara! Presoak, pandemia honetan, ahaztuetan ahaztuenak gara”

"Ez dudanez bisitarik inoiz niretzat, zentzu horretan, egoera ez da asko aldatu” [Salagarria da egoera: emakume gehienek ez dute inoiz bisitarik jasotzen]

"Jendarteari oihukatzeko gogoa daukat: existitzen gara! Presoak, pandemia honetan, ahaztuetan ahaztuenak gara”

"Egun osoa maskara jarrita eraman behar izatea oso nekagarria suertatzen zait. Badakit, kanpoan ere jendeak eraman behar du, baina… kontxo, etxera heltzean kentzen dute! Guk uneoro jantzi behar dugu, eta kentzekotan  zigortu egiten gaituzte. Kanpoan isun soil bat dena, guretzat zigorra eta askatasun egunak galtzea dakar”
 
"Gero eta itxiago gaude, gure eskubideak murrizteko profitatzen dute. Kartzelan askatasuna galtzen da, orain gure oinarrizko eskubideak ere ukatzen dizkigute”

"Nik pandemia aurretik baino bisita gutxiago dut orain”

"Ostra baten moduan sentitzen naiz, egoerak nire baitan ixtera eraman nau. Ez daukat nire familiaren berririk; ez dut entzun nahi etxeko norbait  gaixotu denik. Aurretiaz nituen ilusioak galdu ditudala sentitzen dut. Horrela babesten dut nire burua: lehen mundu guztiarekiko enpatia nuen bitartean, orain nire baitan itxi eta babestu egiten naiz”

"Lotsagarria da kanpora ateratzeko baimenen ostean hamalau egun isolatuta igaro behar izatea, apenas ordu pare baterako ateratzen bagara ere”

"Lehen baino itxiago gaude, jadanik ez daukat baimenean ateratzeko gogorik hamalau eguneko isolamenduaren eraginez. Horrez gain, sekulako ezinegona sentitzen dut, ez diet nire seme-alabei gaixotasuna eraman nahi!”

"Nik larritasuna sentitzen dut uneoro. Adibidez, nire ziegatik ateratzerakoan ez dut ezer ukitzen, oihal bat erabiltzen dut ateak-eta irekitzeko…”

"Entzun behar ditugunak, gainera. Kanpoan dagoen jendeak diosku: zuek itxita egotera ohituta zaudete… Ez ba! Lehen baino itxiago gaude, ez da onargarria”

"Kartzelarien komentarioak ere pairatu behar ditugu, hala nola, ezin garela kexatu kirola egiteko aukera dugulako eta eurek kanpoan ezin dutela gimnasiora joan… entzutekoak jaio gara! Ni ez naiz pertsona bortitza baina, batzuetan… zaplada galanta emango nieke, bai!”

"Aktibitaterik gabe erabat galduta nago; asko-asko aspertzen naiz”

"Kultura faltan daukagu!”

"Zapalkuntza gehigarria pairatzen dugu, lehen baino itxiago gaude”

"Ustel hauek ederki profitatu dute, zanpatzen gaituzten torlojuak hamar bider gehiago estutzeko. Beldur naiz, pandemia amaitzean gure ohiko eskubideak berreskuratuko ez ote ditugun”

"Egoera honek apnean jarri gaitu, kanpoko haizea faltan baitugu; denborarekiko insomniora bultzatu gaitu, giza anemian gaude”

"Egoera honek agerian utzi du –aurretiaz baino era latzagoan, bederen– idazteko eta irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek lehen baino aukera gehiago dutela paranoian erortzeko: egun osoa telebistari begira, etengabe neurriz gaineko datu dramatikoak errepikatzen dituzten programei so eta, aldi berean, datu kontraesankorrak esaten dituztenez, ezin norbere iritzia finkatu”

"Emakume presoak, ohikoan, haurren gisa tratatzen gaituzte; bada, orain… kartzela erabateko haurtzaindegia bilakatu da”

""Emakume presoak, ohikoan, haurren gisa tratatzen gaituzte; bada, orain… kartzela erabateko haurtzaindegia bilakatu da”

"Iruditzen zait bazkariak lehen baino urriagoak direla, agian gastuekin kontu gehiago egiten dutelako… auskalo”

"Inoiz baino behar handiagoa daukagu ukitzeko, besarkatzeko, musukatzeko… aldiz, bizitza artifizial batekin gu erosten saiatzen dira: telefonoan diru apurrak sartzen –atzerrira deitzen dugunontzat hutsaren urrena dena–, aldiro arazoak ematen dituzten bideo-deiekin, telebista dohainik eskaintzen… Horrela nahi gaituzte: egun osoa telebistara begira, tontotuta! Telebista, beti bezala, kartzelak baliatzen duen arma da, gure askatasun apurrak murriztu edota kontrolatzeko”

"Gizakiarekin harremana eta kontaktua galtzen dugun honetan, ez gara salbaiak bilakatzen ere, baina… baina!”

"Hamalau eguneko konfinamendua erabat eskandalagarria da: ez digute testa egiten edota tenperatura hartzen… giltzapetu eta kito!”

"Ez digute aukeratzen uzten zerekin arriskatzen garen. Kartzelariak kanpotik datoz, maskara kendu eta ukitzen gaituzte… hori halabeharrez pairatu behar dugu eta, aldiz, ezin ditugu gure senideak ukitu”

"Kartzelariak, zuzendariak eta abarrek erositako edo etxean egindako musukoak erabiltzen dituzten bitartean guri hori bera debekatzen digute: konfinamenduaren ostean bisitak hasi zirenean, paketean musukoak sartzea debekatu ziguten; jarraian, zuzendariak baimendu zuen  gureak josi edo paketean oihalezko musukoak sartzea; azkenik, baimendutako hauek janzteagatik zigortzen gaituzte” [Kartzelak banatzen dizkigu egunero hartu-eta-botatzeko musukoak eta, horiek erabili ezean zigortzen gaituzte]

"Kartzela sektoreetan banatu izanak preso gehiagorekin harremana izateko aukera kentzen digu, bakardade sentimendua areagotzen duena”

"Patioak gehiegi murriztu dizkigute, kanpora gehiago ateratzeko beharra daukat”

"Murrizketa hauek guztiak presoen ezkortasuna bultzatzen dute: haserreago gaude, beldurtuago…”

"Kartzelarien jarrera salatu nahi dut: bisitetan senideak mehatxatzen dituzte musukoa, une baterako bada ere, kentzen badute, berdin nagusiak edo umeak badira. Eurek, nahi dutenean kentzen dute beraien musukoa ordea! Hamaika batzen dira beraien gela eta bulegoetan eta guri eskola bera ere debekatzen digute bospasei bildu ez gaitezen… eskandalagarria!”

"Kartzelek estatu baten demokrazia eta askatasun maila erakusten dutela esan ohi da… pandemiarekin ederki ikusi dugu zein den frantziar estatuaren demokrazia maila”

"Administrazioak ez du onartzen ez daukala gaitasunik gure segurtasuna bermatzeko”

Rennes espetxea

 

Lekukotzekin bat nator, oro har. Batzuk berdin-berdin sentitzen ez baditut ere, ederto ulertzen ditut burutapen horiek guztiak. Ideia parea gehituko nituzke nire aldetik. Bateko, Frantzian gauden euskal emakume presoak urrunduta eta isolatuta mantentzen gaituztela –eta, ematen duenez, epe ertainera ez dago zantzurik/borondaterik egoera hau konpontzeko–. Lorentxa, Saioa eta ni neu bakarrik gauzkate, etxetik 800 kilometrora, eta Parisen dauden hiru kideak ere, elkarrekin egonagatik, Euskal Herritik 900 kilometrora daude. Ni kartzela honetan urrun eta bakarrik egoteak nire senideei galera handiak eragiten dizkie, bidaia luzea eta beste senideen laguntzarik gabe burutu behar baitute. Bidaiaren arriskua, nekea eta gastua biderkatu egiten dira. Zer esanik ez orain, muga zeharkatzeko PCR test garestiak ordaindu behar dituztenean. Gasolina, hotela, errepideko ordainsariak eta abarrez gain, pertsona bakoitzeko 80 euro gehigarri opari. Esan gabe doa, gure senideek kilometro gutxiago egiteko modurik eraginkorrena gu etxean egotea da, hortaz… presoak kalera!

Besteko, esango nuke kontaktu ezak, plastifikatutako bisitek, teknologia berrien harreman-bitarteko artifizialek (bideo-deiak kasu) eta abarrek areagotu egiten didatela arrainontzi erraldoi batean nagoenaren sentipena. Zuek besarkatu ezinik, halaxe sentitzen naiz. Nemo gisa, plastikozko burbuila baten barruan. Ohartu naiz, bai, bisita galerak eta kontaktu faltak uste baino gehiago eragiten digutela. Euskaldunok, bisitei dagokionean behintzat, “pribilegiatu” batzuk gara kartzelan, esan nahi dut, inork gutxik duela, guk bezala, astebururo-astebururo bisita. Eta noski, jakin badakigu bisitek zenbat ematen diguten: maila guztietako sostengua, maitasun dosi erraldoiak, alaitasuna barra-barra, aurrera jotzeko indarra, informatuta egotea, gozotasun eta sexu beharren asetzea, eztabaida eta ekinbide politikorako aukera… kalea barrura ekartzen diguzue edo, hobe, barrukoak kalera ateratzen gaituzue! Gutunekin, deiekin, bisitekin… zuek zarete gure kanpora begiratzeko leihoak!

"Lehen baino aukera gutxiago dugun honetan, trikimailuak biderkatzeko gai gara; pertsonok, emakumeok, presook... beti topatzen dugu bidea!”
Amatxi preso bat

Zailtasunak aukera bilakatu

Pandemia egoera honek erakutsi dit –batez ere bisitarik gabe egon ginen lau hilabete horietan– presoak gure baitara barnebiltzen garela leiho horiek ixten zaizkigunean. Orain ohartzen naiz, ni neu ere nire baitara kiribildu nintzela… Aldiz, Sarrik idatzi zuen bezala, “okerrenean ere, askatasun apur bat gordetzen da gizabanakoaren gogoan. (…) Harresia zulatzea ezinezkoa denean, askatasuna kanpotik helduko litzatekeen zerbait ez dela, presoak barruan bilatzen du, norbere baitan, eta lagunengan”. Lagunengan, etxekoengan eta gure baitan bilatu eta topatzen dugu askatasun hori, bai horixe!
Azken ideia hori era politean laburbildu zuen 65 urteko amatxi preso batek, nire galderei emaniko erantzunean. Bere hitzekin amaituko dut, hortaz, gaurko gutuna: “Nik zerbait positiboa esateko gogoa daukat: lehen baino aukera gutxiago dugun honetan, trikimailuak biderkatzeko gai gara; pertsonok, emakumeok, presook… beti topatzen dugu bidea!”. Balio beza ideia horrek, bada, pandemiaren krisiari aurre egiteko. Kapitalismorik basatienaren, giza-kontrol itogarriaren eta konplexurik gabeko errepresio militarraren bizkortzearen gainetik, zailtasunak aukera bilakatzeko: orain inoiz baino gehiago, borroka da bidea! Zaindu eta ekin!

-----

** artikuluaren egilea, Itziar Moreno Martínez (Bilbo)

2011ko apirilean atxilotu zuen Poliziak Creusen (Frantziako Estatua) tiroketa baten ostean, Oier Gómez gasteiztarrarekin batera jendarmeen errepideko kontrol batetik ihes egiten saiatzean. 2016an 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Parisko epaitegiek. Dijon, Seysses, Fresnes, Fleury eta Renneseko espetxeak ezagutu ditu bere espetxealdian. 2022 amaieran edo 2023 hasieran beteko du bere zigorra Frantziako Estatuan, baina Espainiako Estatuak bere aurkako euroagindua eskatua du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den seigarren presoa... [+]


“Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du”

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
“Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan”

Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]


2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


Espetxeko azken heriotza “izebergaren punta” besterik ez dela dio Salhaketak

Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]


Preso bat topatu dute hilik berriro ere Zaballa espetxean

Salhaketa Arabak eman du heriotzaren berri. Elkartearen arabera, 47 urteko jatorri hegoamerikarreko gizonezkoa da hildakoa, eta bere burua urkatu du. Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik Arabako espetxean hiltzen den bigarren presoa da.


Amaitutzat eman dute gose greba preso politiko maputxeek, 100 egun igaro ostean

Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Gutxienez 41 emakume hil dira espetxe batean Hondurasen

Presoen arteko liskar batek eragin ditu hilketak, polizia iturrien arabera. Azken urteetan Honduraseko espetxe batean gertatu den ezbehar handienetarikoa da.


Presoen suizidioa: zer gertatzen da kartzela barruan?

Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]


Frantziako presondegi guztiek giza-eskubideak urratzen dituzte

Iragan urteko Frantziako Estatuko presondegien bilanak egoera gordina utzi du agerian. Dominique Simonnot txostenaren arduradunak azpimarratu du kartzelak jendez gainezka direla, beren edukieraren %200eraino batzuetan. Gain populakuntza horri lotzen dizkiete baldintza oker... [+]


Eguneraketa berriak daude