Sugearen dantza, katanak eta hegazkin bahituak

  • Valentziako Antipersona argitaletxeak Japón Salvaje. Radicales, proscritos y violencia (Japonia basatia. Erradikalak, legegabeak eta indarkeria) izenburuko saiakera laburra, ehun orrialde pasatxokoa, argitaratu berri du. Liburuak bost autoreren testuak jasotzen ditu: Alvaro Arbones, Andrea Peñalver, Javi Sanchez, Frutos Salas eta Paula Garcia. XX. mendean Japonian loratutako suminaldi iraultzaileak ezagutzeko abiapuntu interesgarria da; tartean, Zengakuren ikasle mugimendua, Japoniako Liga Komunista Iraultzailea, Japoniako Armada Gorria eta Japoniaren Aurkako Asiako Ekialdeko Fronte Armatua. Matxinadarako ekosistema horren hazia 1945ean erein zen, Japoniak gerra galdu zuenean AEBen aurrean –1951. urtean bi arerioek bakea sinatu zuten, San Frantziskoko Bake Itunarekin batera–. Gero, 1960. urtean, AEBen eta Japoniaren Arteko Lankidetza eta Segurtasun Ituna (ANPO akronimoarekin ezagutzen da) adostu zuten. Hitzarmenaren klausulek AEBen erabateko esku-hartzea bermatzen zuten defentsa alorrean; besteak beste, Japoniako lurraldean armada estatubatuarraren baseak jartzeko eskubidea. “Testua iraingarria zen. (…) Japonia, herrialde menderatua zen”.

Horiekin batera, azken hamarkadetako bestelako biolentziak eta eragile erradikalak ere jasotzen dira liburuan, besteak beste, Yakuza mafia garaikidearen eragin politikoa eta ekonomikoa, Yukio Mishima idazleak diseinatutako estatu kolpea, eskuin muturreko nazionalismoa edo irlako herri indigenek (Ainu herria), etorkinek (korearrak) eta gutxiengo sozialek (burakumin) jasandako jazarpena. “Japoniako kultura gertukoa iruditzen zaigu bertako anime filmekin eta manga komikiekin hazi garelako, baina bere historia politikoa eta errealitate soziala ezezaguna da gutariko gehiengoarentzat”. Bada, historia misteriotsu horren baitan erreboltariak, kondenatuak eta odol-ibaiak ezkutatzen dira. Finean, Japón Salvaje abiapuntu iradokitzailea da Ekialde Urruneko Inperioaren arrakaletan arakatzeko.

Kaskoak eta makilak

Zengakuren edo Ikasleen Gobernu Guztien Batasuna, 1948an sortu zen. Mugimendu marxista zen, baina Ezker Berriko anarkismoaren trazak ere antzematen zitzaizkion. Eratze-urte horretan, 300.000 ikaslek 116 unibertsitate geldiarazi zituzten irakasleen babesaz. Zengakuren ikasleen protesten abangoardia bihurtu zen, eta bere itzala 1960ko hamarkadan mundu osoan loratuko ziren ikasle mugimendu iraultzaileentzako erreferentzia bilakatu zen, batez ere hiri-gerrillako taktiketan oso aurreratuta baitzeuden. Horrekin batera, sekulako jendetza batzen zuten manifestaldietan, langileekin elkarlanean. Bere jarduna ANPO tratatuaren aurkako ekintzetan ardaztu zen, alegia, AEBetako esku-hartze inperialistaren eta bi gobernuen arteko lankidetzaren kontra.

Jardun hori, gainera, nabarmen erradikalizatu zen mugimendua hazi zen heinean. Hala, 1953. urtean, inperioko jauregia hartzeko ahalegina egin zuten Japoniako Alderdi Komunistarekin batera. Errepresioa eta sarraskia alimalekoak izan ziren. Ondorioz, zenbait sektore sortu ziren mugimenduaren baitan: tradizio maoistaren eta trotskistaren jarraitzaileek kaleak hartu zituzten, eta ezkerreko alderdien dinamiketatik at aritzen hasi ziren. Muturreko ikuspegi horri jarraituz, alderdi politikoak alboratu, eta proletalgoaren laguntza eskatuko zuten gobernuari aurre egiteko.

1959. urteko azaroan, halaber, Nobusuke Kishi lehen ministroak AEBen eta Japoniaren arteko Lankidetza eta Segurtasun Itunaren zirriborroa proposatu zuen. Bandera gorriak zeramatzaten 80.000 ikasle eta langile inguruk osatutako protesta-mobilizazio handia sartu zen Dietako Eraikinean (Japoniako botere organo gorena). Bilkura horretan akordioa lortu nahi zen, eta ikasleek 5.000 polizia ingururi egin behar izan zieten aurre. Lehen ministroa eraikinetik atera behar izan zuten, eta hegazkin bat hartzen saiatu ziren ituna aireportuan sinatzeko asmoz. Tokioko Nazioarteko Aireportuan, baina, milaka manifestari bildu ziren. Gauez, poliziak indarrez atera zituen ikasleak eta dozena batzuk ere atxilotu zituen. Hartara, manifestazio handiak antolatzen hasi ziren, eta ikasleen, langileen eta intelektualen arteko aliantzak sendotu zituzten. AEBetako Sunagawako base militarraren inguruan sortutako gatazkan ere parte hartu zuen Zengakurenek. Base hura eraikitzeko, 100 langile-familia beren etxeetatik kanporatu zituzten. Horren aurrean, Zengakurenek kanpaleku bat eraiki zuen base militarraren ondoan, langile-familiekin batera erresistentzia antolatzeko. Hala, 1956. urteko urrian 500 eta 3.000 pertsona artean joan ziren barrikadak jartzera.

 [Zengakureneko kideak] hiri-gerrillako estrategietan oso aurreratuta zeuden. Hamarkadak geroago globalizazioaren aurkako protestetan erabili ziren taktiken aurrekaria izan zen sugearen dantza.

Oso ezaguna da Zengakuren mugimenduko kideen kaleko uniformea: kaskoak buruan eta makil luzeak eskuetan. Hiri-gerrillako estrategietan oso aurreratuta zeuden. Horren erakusle “sugearen dantza”. 1960. urtean, ANPOren kontrako protestetan erabili zuten estreinakoz maniobra sigi-sagatsu hori: kaskoak soinean zituztela, aktibista-zutabe handi bat osatu ondoren, alde batetik bestera bizkor eta sigi-saga egiten zuen manifestazioak. Aurrean, polizia-hesiek ez zekiten manifestariek zein lekutan erasotuko zuten. Hamarkadak geroago globalizazioaren aurkako protestetan erabili ziren taktiken aurrekaria izan zen sugearen dantza. Piztia narrasten hasi zen urtean, sei milioi langile eta ikasle bildu ziren ANPOren berritzearen kontrako ekintzetan; hain zuzen ere, Hanedako Aireportuko batailan parte hartu zuten. Borroka latzaren eraginez, Eisenhower presidente estatubatuarraren hegazkinak ezin izan zuen lurrik hartu.

Hurrengo urteetan, Vietnamgo gerraren aurkako hainbat ekintza zuzendu zituen Zengakurenek. Haatik, mugimendua ahultzen hasia zen; esaterako, 1968. urtean, erakundearen autoritarismoaren kontrako Zenkyoto eratu zen. Mugimenduaren azken egunetan, jarraitzaile sutsuenak bakarrik gelditu zirenean, elkar hil zuten. Prentsa horiaren arabera, kideak nihilista hutsak ziren.

Bereizketak hasi ziren urte horretan, halaber, Zengakurenek Yukio Mishima idazle eskuindar tradizionalista gonbidatu zuen Tokioko Unibertsitatera solasaldi batean parte har zezan. Topaketa horren harira, hauxe idatzi zuen Mishimak: “Tokioko unibertsitateko Yasuda hitzaldi-aretoan egindako erasoan Zengakurenek agerian utzi zuen estrategia militarrari buruz ezer gutxi zekiela, ihesbide guztiak itxita utzi baitzituzten, eta horrek esan nahi zuen hiltzeko prest zeudela, baina ez zeuden horretarako prest, inondik ere”. Ikasle gazte erradikalak epelegiak iruditu zitzaizkion idazleari, –gogoratu Mishimak bere buruaz beste egin zuela seppuku erritualaren bidetik–. Testu berean, terrorismoaren aldeko aldarria jaso zuen: “ (…) Orduan ulertuko zuten [ikasleek] ez dagoela terrorismoa baino ekintza eraginkorragorik”.

Zengakuren taldeko ikasleak protestan, Tokion, 1971n.
Gorri armatua

Liga Komunistako barneko istiluak tarteko sortu zen, 1969. urtean, Armada Gorriko Zatiketa (AGZ). 400 kide bildu zituen eta gerra deklaratu zion Japoniako Inperioari. Gobernuak, kikilduta, kasik militantzia guztia espetxeratu zuen. Kanpoan gelditu zirenek, baina, gogor erantzun zioten: hegazkin bat bahitu zuten katanak eta jostailuzko armak baliatuta. Azkenik, hegazkina Pyongyangen lurreratu zen. Gerra odoltsua etortzear zen.

AGZko hondakinak Libanora joan ziren, ondoan Armada Gorri Batuko (AGB) zenbait kide zeramatzatela. AGBko kideak militante bihozgabeak ziren: elkar hiltzen zuten autokritikako saio basatietan; kide zalantzatienak jipoitzen zituzten eta biluzik uzten zituzten zuhaitzetara lotuta, izoztuta hil arte.

Hala, Palestinaren Askapenerako Fronte Popularraren (PAFP) laguntzaz, Japoniako Armada Gorria (JAG) eratu zuten. Bekako bailaran arte terrorista guztiak ikasi zituzten: komunikatuak idatzi, mota guztietako jaurtigaiak bota, lehergailuak egin, estatu eta enpresetako ordezkariak limurtzeko teknikak, eta abar. Masao Adachi eta Koji Wakamjutsu zinegileek pelikula bat filmatu zuten Libanoko entrenamendu-zelai horietan, zeina Interneten ikus daitekeen: Japanese Red Army/PFLP: Declaration of World War (1971) (Japoniako Armada Gorria/PAFP: Mundu Gerraren Deklarazioa).

Bada, entrenamenduen eta filmaketaren ondotik ekintzarako unea etorri zen. PAFPen operazio buru  Wadi Habbab-en aginduz, hiru aktibista japoniar Erromara joan ziren, Israelera zihoan hegaldi bat hartzeko. Biolinak gordetzeko kutxatiletan UZI 58 armak eta granadak gorde zituzten. Lodeko aireportura iritsi zirenean, tiroka hasi ziren. 26 lagun hil zituzten. Erasotzaileetako bat immolatu egin zen, bigarren bat lagunen tiroen ondorioz hil zen, eta hirugarren bati lehergailuak huts egin zion. XX. mendeko bigarren erdiko atentaturik garrantzitsuena egin zuten. Mossad aho bete hortz gelditu zen. “Gertakizun batzuetarako prestatuta geunden, baina ez arma berri honetarako, japoniarrak”, esan zuen Israelgo lehen ministro Shimon Peresek.

Armada Gorri Batuko (AGB) kideak militante bihozgabeak ziren: elkar hiltzen zuten autokritikako saio basatietan; kide zalantzatienak jipoitzen zituzten eta biluzik uzten zituzten zuhaitzetara lotuta, izoztuta hil arte.

1973. urtean lehenengo hegazkina bahitu zuten, eta 1977. urtean beste bi hegazkin hartu zituzten. Tarteka, enbaxaden aurkako atentatuak ere burutu zituzten. Kideen egoera gero eta itogarriagoa izanagatik ere, 1980ko hamarkadan ere beren jardunarekin jarraitu zuten, otso bakartien erara; esaterako, 1987. urtean, Venezian egindako G7ren bileratik gertu lehergailurik gabeko mina flotagarri bat jarri zuten, baita erabateko panikoa sortu ere. 1990. hamarkadarekin batera, erakundearen gainbehera iritsi zen. Libanok herrialdetik bota zituen, eta poliziak zelula bat desegin zuen Liman, zeina Sendero Luminoso erakundearekin zebilen lanean. Ordurako, JAG oso ahulduta zegoen eta aholkulari lana egiten zuen munduko hamaika txokotan, besteak beste, Errumanian, Filipinetan eta Txinan.

JAGaren sortzaile Fusako Shigenobu emakumea Osakatik gertu zegoen herri batean atzeman zuten 2000. urtean. Operatibo zegoen lider bakarra zen, bai eta erakundearen kiderik karismatikoena ere. Japonian bizi zen, hoteletan ezkutatuta, baina harreragile batek deskubritu zuen erretzeko zuen modu bitxiagatik. Hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta kartzelan erakundea desegiteko komunikatua idatzi zuen, hogeita hamar urteko ibilbide beldurgarria erein ostean. Bere sorkuntzaz geroztik Italiako Brigada Gorriak, Frantziako Action Directe erakunde armatua eta RAFeko hiru belaunaldi igaro ondoren ezereztu zen Japoniako Armada Gorria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


2024-10-21 | Garazi Zabaleta
"Haziak" liburua
“Liburuarekin jendea animatu nahi dugu haziak ekoizten hastera”

Hazien munduan buru-belarri ari dira urte askotatik Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal, Haziak liburuaren egileak. Hazien ugalketari buruzko azalpen praktikoez gain, elementu historiko, ekonomiko, politiko eta kulturalak jaso dituzte; beraz, baratzerik ez dutenentzat ere... [+]


Eztizen Artola Iturrate
“Horrenbeste erromantizatu dugunez auzia, ez gara kontziente espetxeak sor ditzakeen ondorioez”

Heldu da eguna: espetxetik aterako dute Ihintzaren aita. Une horixe du irekiera Eztizen Artolaren (Bilbo, 1999) Gurpilak eleberriak (Txalaparta, 2024). Hortik egingo du atzera, aita bisitatzeko kartzelara egiten dituen joan-etorrietan haur motxiladuna hazten, egoeraz jabetzen... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


2024-09-16 | Estitxu Eizagirre
‘Haziak’ liburua irailaren 20an aurkeztuko da, Azpeitiko Elikagunean

Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria. Egileen azalpenak... [+]


Euskal Herriko kartografia historikoa
Mapen lorratza herri baten historian

Kartografiak herri edo lurralde baten ezaugarriak baino askoz gauza gehiago adierazten dituela jakina da. Mapak eskuan konkistatu dira kontinenteak eta eraiki dira inperioak historian zehar, eta eskoadra zein kartaboiez definitu dira identitate kultural eta politikoak. Euskal... [+]


Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak

Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
“Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei”

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude