Andaluzian Conil de la Fronterako kostaldearen 65.000 hektarea uretan arrantza mugatu nahian ari dira arrantzaleak eta ekologistak, arrainik eta urpeko landarerik gabe geratzen ari den itsasoa berpizteko baina kontra dauzkate aisialdiko arrantzan aritzen diren yate eta ontzi txikien jabeak. Plana aurrera aterako balitz, Conilen errepika daiteke Ingalaterrako Lyme Bayen erakutsitakoa: ahitzeraino hustutako itsasoak aukera txiki bat aski duela bere bizi nahia erakusteko.
Ehundik gora autoz osatutako karabanak kolapsatu zuen Cadiz hiriko erdigunea martxoaren 21ean, Espainiako Gobernuak inguruan ezarri nahi duen Mar de Gades itsas erreserbaren kontrako protestan. Aisialdirako beren yate, kanoa eta txalupetatik arrantzan jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen zuten. Agi denean, flota industrialak ia desagertzeraino urritutako arrainei orain arerio berriok atera zaizkie.
Gades da erromatarrek gaur Cadiz denari ipinitako izena; aurretik feniziarrek Gadir deitua zuten. Eta Mar de Gades bataiatu dute urte luzez ekologistek eta arrantza artisanala egiten duten profesionalek, funtsean Conil de la Fronterako kofradian biltzen direnek, landutako erreserba proiektua: 35 kilometroko kosta Cadiz hiriburutik gertu Sancti Petritik hasita Trafalgarreko puntara arte, Espainiari dagozkion 12 milia zabal hartuta, 65.000 hektarea itsaso, non arrantza zorrotz arautua geratuko den. Barruko hiru eremu zehatzetan arrantza erabat debekatuta edukiko du.
Conilgo portuak 54 bapore profesional dauzka, 200 lanpostu ingururekin. Arrantzale txikiok ordezkatzen dituen kofradia 20o9an hasi zen lantzen erreserba asmoa, AEBetan eta Europan diren ereduetatik abiatuta. Ecologistas en Acción (Ekologistak Martxan, Hego Euskal Herrian) mugimenduak lagundu zien zehazten bai erreserbaren mugak eta bai hura kudeatzeko proposamenak. Asmoak, ordea, ez zuen aurrera egiten Espainiako Administrazioaren bulegoetan eta beharrezkoa izan zen Munduko Naturaren Funtsa (WWF ingelesezko sigletan) gobernuz kanpoko erakunde indartsuak esku hartzea politikari eta burokratek atera irekitzeko. Azkenean, joan den otsailean Madrilgo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioak sarbidea eman dio proiektuari eta interesa dutenek alegazioak egin ditzaten epea zabaldu.
Orduan mobilizatu dira aipatu aisialdiko arrantzale amateurrak, oso ugariak inguru hiper-turistifikatu honetan: Sancti Petri, Chiclana, Barbate, Conil… denbora-pasazko 1.670 ontzi, handi eta txiki. Erreserbaren kontrako elkartean 4.000 lagun daude, 20.000 sinadura bildu dituzte. Ez da jakin arrantza industrialean ari diren bapore handiek ezer esan dutenik, hauek ziurrena okupatuta daudelako Mediterraneoko beste arrantzagune aberatsagoetan Europar Batasunak aipatzen dituen babes neurriak borrokatzen.
Mar de Gades erreserbaren sustatzaileek uste dute arrantzarik gabeko eremu babestuek ahalbideratuko dutela berriro ugaltzea azken hamarkadetan urritutako arrainak eta hemendik inguru osora hedatuko dela oparotasuna. Arrain, itsaski eta moluskuez gain, itsas hondoko landare eta koralak suntsitzetik salbatu eta berriz indartzea ere espero dute, tartean Astroides calycularis koral laranja-kolorea. Horretarako, 65.000 hektarea horietatik urrundu nahi dituzte arrasteko bapore handiak baina zorrotz kontrolatu beharko dute aisialdiaren aitzakian egiten den arrantza ere, urpekari furtiboena barne.
Turismoaren industriak eta denbora-pasako sasi-arrantzaleen presioari eusteko gai izango dote da Madrilgo ministerioa? Honek Mar de Gadesen sustatzaileei aurreratu die erreserbaren aldeko babes gehiago bildu beharko dituztela: “Itsas erreserbak kontsentsuz erabakitzen dira”. Ez da seinarelik onena.
Biodibertsitatearen inguruko albisteen artean oihartzun txikia eduki ohi dute planetako itsasoen bizi gabetzeari buruzkoek. Balea eta gainerako ugaztunak batetik, arrainak bestetik, izugarri urritu dira kopuruz eta beste hainbeste txikiagotu tamainaz. Gizakiak –tartean balea espezie bat suntsiketara kondenatu genuen euskaldunok– aspalditik burututako ehiza eta arrantzaren ondorioak dira, Callum Robertsek The Unnatural History of the Sea liburu mardulean azaldu dituenak eta beste hainbat liburu eta filmetan erakutsiak..
Hondamendiaren pena kontsolatzeko balio dezake, baina baita borrokatzeko behar den itxaropenari eusteko ere, jabetzeak nola babes-lekuetan erakusten duen itsasoak bere biziberritzeko irrika eta indarra. Esate baterako Ingalaterrako Lyme Baykoa itsas parkean.
Ingalaterrako hego-mendebaldean, Plymouth inguruan, Jurassic Coast izenez ere ezagutzen dute Lyme Bay inguruko itsas-hegia, paleontologoek hor aurkitu dituzten arrasto bereziengatik. Biodibertsitate oso handiko gunea da, arrainez oso aberatsaz gain bere hondoan espezie oso bereziak dauzkana, landareak bezala koralak. Ekologistek 1990ko hamarkadan indartu zituzten inguru hori babesteko kanpainak.
Betidanik fama eduki dute Lyme Bayko maskorrek, tartean bieira edo erromes-maskorrek. Hauek itsas hondoa hondeatzen duten karramarroz –errestan eramandako salabardo metalikoz– biltzen dira, baina 1980 ingurua arte bertako arrantzaleek erabilitako ekipoek hondarra baizik arakatzeko indarrik ez zuten. Bieirak urritu eta teknologia aurreratu, 1990ko hamarkadarako badiako hondoa ez koral eta ez landare uzten ari ziren, ekologistek urpean hartutako irudiek erakutsi zutenez. 2005.erako, gainera, Ingalaterrako beste portuetako bapore handiak ere etorriak ziren bieiratara, Lyme Bayko hondoak are gehiago hondeatzera.
2008an, egoeraren larria ikusita, azkenean Londresko Gobernuak Lyme Bay area babestu deklaratu zuen, draga eta bestelako karramarro bidezko hondeatzeak debekatuz 16.000 hektareatan; gaur 23.000 hektarea dauzka zorrotz araututa. Baina errazagoa denez jarduera bat debekatzea haren ordezko kudeaketa antolatzea baino, tirabiraz betetako bidea egin behar izan dute Lyme Bayen inplikatutako jendeak, gaur daukan orekara iritsi arte.
Gobernuaz eta lekuko agintariez gain, Lyme Bayko Arrantza eta Kontserbazio erreserbaren martxa berria antolatzeko prozesuan hartu dute batetik Blue Marine Foundation erakunde ekologistak eta bestetik bertako arrantzale eta ofizialeek. Egindako bidea eta itsas hegi horren gaurko egoera erakusten du Lyme Bay: berreskurapena arteko bidea dokumentala. Bertan mintzo diren zientzialariek aitortzen dute erreserba abian jarri ondorengo urteetan oso ezkor zirela emaitzez, hilabeteak etorri eta hilabeteak joan itsas hondoak basamortu itxurako harritza jarraitzen zuelako, baina laugarren urtetik aurrera hasi zela aldaketa gauzatzen mirari baten gisa, landare eta koral berriak erne eta ugarituz estreina, ur horietan maskor, itsaski eta arrainak ugarituz gero eta azkenerako erreserbatik inguruko uretara bizi berria irradiatuz.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta! Eta halaxe da, bai.
Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea.
Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik ere, auskalo zer erosiko nuen bakarren batek "erle beltza izango da, ezta?" galdetu zidan... [+]
"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.
Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]
Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]
Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.
Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]
Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]
Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu dabilenean “miru-itzala” edo “miru-kerizpea” dagoela esatea, Felipe... [+]
Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta emea oso antzekoak dira, ia berdinak sexu-organoak alde batera utzita.