“Antzinako totem bat naiz”

  • 1969 urrun hartan abiarazi zuen Jorge Herraldek Anagrama, instituzio bat gaztelaniazko argitaletxeen artean. 2017an erretiroa hartuta, eta 85 urte beteta, gertutik jarraitzen du oraindik editorialaren egunerokoa, bere Bartzelonako etxean aitortu digun gisara.

(Argazkia: Oriol Clavera)
(Argazkia: Oriol Clavera)

Adintsu izan gabe dagoeneko adin bat daukagun irakurleontzat –hain ponposoki adin ertaina deitzen duten hori, ze kondena–, gaztelaniazko argitaletxe erreferenteetako bat da Anagrama, erreferenteena ez bada. Etxeko apalategiei egindako errepaso azkar batek hala ziurtatzen du. Izan ere, besteren etxera sartzen naizenean egiten dudan lehen gauza liburutegia begiratzea izaten da –eta badakit hau aitortuta gehiago gonbidatuko ez nauten arriskua dagoela–, liburu horixka, grisaxka, beltz gisakoak aurkituko ditudan esperantzarekin, etxean bezala sentiaraziko nautenak.

Euskal Herriko gehigarri kultural garrantzitsuenarentzat lanean jada -gaur egunean desagertua-, idazle sorta eder bat elkarrizketatzeko aukera izan nuen, ez dakit mundu mailakoa, bai behintzat nazioartekoa, klase ertain-altua, asko Anagrama taldekoak: Jonathan Coe, Jean Echenoz, Alan Pauls, Juan Villoro esaterako, gertuago Quim Monzó edota Sergi Pàmies katalanak -denak gizonezkoak, puntu negatiboa-. Horietako ez gutxik utzi zuten marka nire ibilbide, ez bakarrik profesionalean, baita segur aski pertsonalean ere. Honekin guztiarekin esan nahi dudana da nire irakurle bizitza, eta oro har bizitza, oso diferentea, uste dut okerragoa litzatekeela Anagrama existitu izan ez balitz.

Motxila pisutsu horrekin, beraz, jo dugu Jorge Herralde editorearen tinbrea, Bartzelona goialdeko etxe dotore batekoa, udaberriko eguerdi eguzkitsu batean. Lali Gubern emazte, laguntzaile, aholkulariak ireki digu atea –zeinak, izkina batetik gero, senar, lagundu, aholkatuari oharrak egingo dizkion etengabe, izen bat hemen, data bat han–. Gonbidatuentzako egongelara pasa, eta handik gutxira agertu da Herralde, patxadatsu –beste elkarrizketa bat!–, kopatxoa eskuan; hasieran pentsatu dut ardoz betea, baina orduagatik, eta likidoaren kolore uherragatik, lasai asko izan zitekeen Martinia.

(Argazkia: Oriol Clavera)

Eseri, kazetariari matrikula hartu, eta hizketaldia euskaraz ezin egitearen broma erortzen utzi ondoren, gaztelaniaz hasi du hitz aspertua, katalanera aise salto eginez, eta tartekatuz frantses, italiera edo ingelesezko esapideak, naturalki. “Maite dut hizkuntzaz aldatzea”. Momentu batez Frankfurteko liburu feriako edozein pasillotan gaudela ematen du. Kosta egiten zait aurrean 50 urte luzeko esperientzia pilatu duen pertsona daukadala irudikatzea, 4.000 titulu baino gehiago publikatu dituena, askorentzat dagoeneko ahaztezina den katalogoaren eraikitzailea.

Politikotik literaturara

Bost hamarkadako edizio-lana bizkar gainean, zaila da zer momentu atxikiko lukeen erabakitzea. Lehen hamarkada, argitaletxea sortu zenetik Espainiako trantsizio politikoak ekarri zuen desilusioraino doana, kurioski, “ilusio handiko garai izan zen, baina baita zartako ugarikoa ere, zentsurarekin talka etengabekoa” –guztira bederatzi liburu bahitu zizkioten Anagramari, horietako lau Franco hil ondotik–. “Eta halako batean lortzen duzu liburu bat ustekabean pasatzea, Sobre la psicología de la incompetencia militar (Gaitasun-eza militarraren psikologiari buruz), Francoren lagun-min Muñoz-Grandes Teniente Jeneralari bidali niona”. Argitaletxea garai hartan editorea baino gorriagoa eta erradikalagoa ote zen galdetuta, baietz erantzun du Herraldek, “baina editore hau zen liburu haiek ateratzen zituena, arrisku guztiak hartuta”. Gogoan du Manolo Sacristan, garaiko komunista katalanen popeak, bota zion lorea; haren esanetan “Espainiako argitaletxe ezkertiarrena” baitzen Anagrama.

Egoera politikoa aldatuta, argitaletxearen bizirautea bera arriskuan jarri zuen krisialdi handia ezagutu zuten: banatzailearekin arazo ekonomikoak izan zituzten, ultraeskuinak bulegoak erre zizkien eta batez ere liburu politikoaren salmenta jaisten hasi zen, 1977tik aurrera. “Liburu mota horren irakurleak desagertu egin ziren, egun batetik bestera ia, zer esanik ez PSOEk hauteskundeak irabazi ondotik: batzuk Indiara joan ziren, beste batzuk ziztatzen hasi, liburu politikoak biltegian hauts hartzen geratu zitzaizkigun”. Atzetik ere bazetorkion literaturarekiko joera, argitaratuak zituen Charles Bukowski, Tom Wolfe, baina liburu politikoak estalita geratzen ziren. Nolabaiteko liberazioa ezagutuko du literaturak urte haietan, eta editoreak ere bai neurri batean.

“Liburu mota horren irakurleak desagertu egin ziren, egun batetik bestera ia, zer esanik ez PSOEk hauteskundeak irabazi ondotik: batzuk Indiara joan ziren, beste batzuk ziztatzen hasi, liburu politikoak biltegian hauts hartzen geratu zitzaizkigun”

1981ean martxan jarriko duen Panorama de Narrativas, eta 1983an abiatu zen Narrativas Hispánicas bildumak dira horren adibide. Argitaletxeari egiazko bultzada eman, eta hurrengo lau hamarkadatan Espainiako literatur sisteman bete duen leku zentrala eskurarazi ziotenak. Lehena, “Gallimard argitaletxearen Du monde entier bildumaren gisako bat”, hau da, mundu mailako lehen lerroko idazleak emango dituena gaztelaniaz, azal hori koloreko identifikagarri horiekin –Planetako editoreak “sukar horia” deitzen zion–. Bertan argitaratu dira klasiko garaikide bilakatu diren obra eta autore ugari, hasieran erabat ezezagunak zirenak bazterrotan, adibidez British Dream Team horretakoak –Martin Amis, Julian Barnes, edota Kazuo Ishiguro Nobel sariduna–.

Bigarren bildumak azal grisaxkak baliatzen ditu, eta gaztelaniaz idazten duten autoreak agertzen. Bertan hazi dira, batzuk hasi ere, Carmen Martin Gaite, Alvaro Pombo, Soledad Puertolas edo Rafael Chirbes –“Bere hasierak zalantzagarriak izan ziren”, dio editoreak–, eta berrikiago Marta Sanz eta Sara Mesa. Baita idazle latinamerikarrak ere, besteen gainetik nabarmenduz Roberto Bolaño txiletarra. “Autoreek eman izan didate satisfazio gehien, horiek dira ediziogintzaren benetako protagonista, eta saiatu izan naiz gertuko harremana edukitzen, ez bakarrik profesionala; lasai asko joan naiteke haiekin koparen bat hartzera”. Horrela lortu du Anagramak Espainiako irakurketaren panorama garaikidea aldatzea, eta finkatzea, azken 40 urteotan.

(Argazkia: Oriol Clavera)
Euskal idazleak

Segur aski gaztelaniazko argitaletxe garrantzitsuena izan dena, aldiz, katalanezko liburu batekin abiatu zen. “Kasualitatez”, bilduma bakoitzeko bina liburu baitzeuden aurreikusita, baina Cesare Paveseren L’ofici de viure (Bizitzearen ofizioa) eta Claude Levi-Straussen Tristos tròpics (Tropiko tristeak) iritsi ziren lehenengo, “bi liburu izugarri”, 1969ko apirilaren 23rako. Katalanezko bildumak ez zuen arrakastarik izan ordea, liburuko 300 ale saltzera ere ez ziren iritsi, “maisulanak izanik”. Bost titulurekin eten zen bilduma. “Badirudi katalanera itzulitako liburuak irakurtzeko jenderik ez zegoela urte haietan”. 2014an Llibres Anagrama bilduma abiarazi zuten, katalanez, autore original –Irene Solà, Mercè Ibarz– eta itzuliekin. Orain balegoke itzulpenak ere katalanez irakurtzeko prest dagoen jendea, antza.

Literatura periferiko deituen meloia irekita, euskaraz idatzi duten autoreen erabateko absentzia aipatu diot. “Urte haietan Bernardo Atxaga zen entzuten genuen izen bakarra. Eta hartuta zegoen, noski”. Badira euskaraz idazten ez duten euskal autoreak Anagramaren katalogoan, esaterako Marie Darrieussecq edo Miguel Sánchez-Ostiz –“hainbat liburu publikatu dizkiot, bikainak”–. Momentuan ez dut gogoratu Hasier Etxeberriak ere harreman estua zuela argitaletxearekin, ETBko Sautrela literatura saioan Paul Auster elkarrizketatzeraino –“Jorge Herralde editore handia da zinez, ez dago dudarik”, idatzi zuen Etxeberriak–. Eta ez naiz ausartu esatera euskal idazle garrantzitsu eta hala ere adiskide denak beti izan duela amets Anagraman argitaratzea; tapa horixkak dituen Panorama de Narrativas-en, noski.

Orain arte Herralde editoreaz aritu gara, baina izen propioz hiru liburu argitaratu ditu jada, editorea idazle zapuztua dela konfirmatzera baino, 50 urteotako lanaren testigantza uzteko borondatea duela erakustera datozenak. “Tira, editorea ere idazlea da, neurri batean: gure liburuak lirateke idazlearen hitzak, eta katalogoa nobela”. Beste liburu bat argitaratu berri du orain, Los papeles de Herralde (Herralderen paperak), modu ez-zuzen batean berak idatzitakoa: Jordi Gràcia saiogileak egin duen Anagramaren historiaren alboan, Herraldek berak idatzi eta bidalitako hamarnaka eskutitz irakur baitaitezke, hartzaileak izanik idazle, beste editore, agente literario, literatura kritikariak. “Badirudi interesa piztu dutela eskutitzek, ez da izango oso ohikoa editore bat ikustea literatur jendearekin borrokan”.

"Liburu txarrak? Ze ozarkeria! Interesatu izan zaidan bakarra da liburu ez bakarrik onak, baizik eta pertinenteak ere publikatzea. Uste dut ez dudala liburu onik pasatzen utzi"

Ez da oso ohikoa, ez, eta are gutxiago sistema editorialaren hermetismoa ezagututa, barne liskarrak, zenbaki kontuak, ezinikusi pertsonalak modu horretan haizatzea. Ez da oso ohikoa Herraldek Rafael Conte literatur kritikariari bidali zion eskutitzaren modukoak deskubritzea: “Irakurri berri dut, pentsa dezakezun bozkarioarekin, El Paíseko zure pope-pulpitutik nire editore lana hala definitzen duzula: ‘Anagramak literatura arinaren aldeko apustua egin du’”. Eskutitz batzuen gogortasuna gorabehera, “ez zait sekula pasa burutik inori agurra ukatzea, edo ateren bat ixtea kritika negatiboengatik”. Kontrakoa gertatuko zen, eta baten batek emango zion Herralderekiko harremanari ate-kolpea, Javier Marias idazleak esaterako, hain nabarmena izan baita bien arteko etsaigo publikoa.

Editore baten eginbeharra

Markaketa lan hori, alabaina, editore baten eginbeharra ote da? Idazle bati eskatzen zaion bezala kritikaren gainetik egotea, itsusia gertatzen bada sortzaile batek kritikariaren lana itsustea, lokatz horietara jaitsi behar al du editoreak? Herralderen gaineko mito negatiboak ere existitzen dira, noski: kontratu bidegabeak, tratu eramangaitzak, aurrerapenen xuhurkeria. Eta badago Anagramaren historia Herralderen etsaien arabera kontatzen duenik ere: lehenengo etapan, Franco eta desilusioa izan ziren; bigarrenean, El País eta Carme Balcells agentea. Editore bat definitzen bada gehiago, argitaratu dituen liburuengatik baino, argitaratu ez dituenengatik, eskutitz hauen benetako balioa egon daiteke erakusten ez duten horretan.

Baina, zerk damutzen du editorea gehiago, argitaratu ez dituen liburu onak, edo argitaratu dituen liburu txarrak? “Liburu txarrak? Ze ozarkeria! Interesatu izan zaidan bakarra da liburu ez bakarrik onak, baizik eta pertinenteak ere publikatzea. Uste dut ez dudala liburu onik pasatzen utzi. Egon dira publikatu ezin izan ditudan liburu onak, hori bai, eskuarki talde editorial handiek lekuz kanpoko eskaintzak egin dituztelako”. Hain zuzen, paradigma aldaketa ekarri zuen 80ko hamarkadako azken urteetan enpresa-talde handiak edizioaren munduan sartu izanak. “Telebista kate, liburu denda eta abarretakoak izan ditzakete talde horiek beren baitan, eta idazle batengatik astakeria ordaintzeak ez die minik ematen ekonomian. Baina hori ere gainditu genuen”.

(Argazkia: Oriol Clavera)

Baten batek ikus dezake Anagrama argitaletxe handi gisa, are orain, 2014an Herraldek saldu zizkionetik bere akzioak Italiako Feltrinelli taldeari. “Jabez aldatu bai, baina independente jarraitzen duen argitaletxea da Anagrama; beti bezala, baina zuzendaritza berri batekin”. Argitaletxearen politika izan omen da txikiagoengana arrantzan ez joatea: “Editore txiki bakar batek ere ezin izango du esan autore bat kendu diodanik”. Jarraitzen du, beraz, editore txiki, fakturazio ertain eta argitaletxe literario handi izateko bokazioarekin. Nahiz editorea bera ere aldatu den, erretiroa hartu baitzuen Herraldek 2017an. “Silvia Sesé nik aukeratu ahal izan nuen, eta oso pozik nago. Harreman ezin hobea dugu, asko hitz egiten dugu, gauzak komentatzen dizkit, nik hari. Antzinako totem bat naiz orain Anagraman”.

Azken urte honetan batez ere irakurri egin duela aitortu digu, asko, “agian inoiz baino gehiago”. Memoria liburuak, oroitzapenak, editore, argitaletxe, idazleenak; “kuxkuxero aseezina naiz”. Anagramako liburuak ere bai, noski. Ez du haria galtzen. Batzuek diote argitaletxea ez dela jada lehen zena. Garai bateko influentzia eta izpiritua galdu dituela. Gaur egunean errespetagarri, zuzen eta neurritsua denaren erdigunean dagoela, garai bateko izpiritu kritiko, zirikatzaile, bide-urratzailea galduta. Beste argitaletxe batzuek betetzen dutela orain Anagramak hamarkada luzez bete izan duen leku hori. “Auskalo. 50 urte betetzea eta dagoen bezala egotea jadanik sekulako arrakasta iruditzen zait, argitaletxea bihar bertan pikutara joango balitz ere”. Elkarrizketa bukatutzat eman eta Herralderen etxea utzi aurretik, hitz egin dugunaren emaitza gaztelaniaz bidaliko diodala esan diot. “Ez duzu zertan. Fidatzen naiz. Hitz egingo dugu gero, beharrik balego”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Greenpeace-k Guggenheim museoan Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-02-03 | Euskal Irratiak
Antton Luku
“Egiazko urtats da inauterien momentua”

Duela hemeretzi urte berpiztu zen libertimenduen usadioa Donibane Garazin. Antton Lukuk abiatu zuen mugimendu hori, eta bi hamarkadetan, Ipar Euskal Herriko herri desberdinetara ez ezik, Hegoaldera ere hedatu da.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


Itsasoak ere baditu mila aurpegi

Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022

--------------------------------------------

Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]


2025-01-30 | Gorka Intxausti
Zenbat dira 30 urte?

Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------

Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


2025-01-27 | Bertsozale.eus
Bertsozalez bete da Lesaka Bertso Egunean
Bortzirietako Bertso Eskolarekin elkarlanean, egun osorako egitaraua prest geneukan Bertso Eguna ospatzeko; eta bertsozaleek ere ez dute hutsik egin: giro ederra izan da Lesakan goizetik hasita.

'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


2025-01-24 | Xalba Ramirez
Olaia Inziarte, edo esateko asko duenak asko esaten du (eta eskerrak)

Zerrautsa
Olaia Inziarte
Panda, 2024

-------------------------------------------

Depresio garaian idatzitako hamalau kanta. Halaxe aurkeztu zuen Olaia Inziartek orain aipatu ezin den euskarazko lehenengo late night-ean. Diskoa irekitzen du Zerrautsa pieza bru-ta-lak... [+]


Eguneraketa berriak daude