Bikote harreman toxikoak azaleratzen dituen eskailera

  • Genero Indarkeriaren Eskaileran, zaplaztekoa edo bortxaketa azkar asko identifikatzen dugu, baina bikotekideak mugikorra kontrolatzea, haren erruz lagun eta zaletasunetatik aldentzea, edo janzkeran eta bestelakoetan beti amore ematea onargarri –are gehiago, maitasunaren izenean logiko– iruditzen zaio hainbat neraberi. Indarkeriaren Eskailerako lehen maila horiez eztabaidatzea inportantea da ikasleekin, lantzen dutenean ohikoa delako eskaileran kateatuta dagoen ikaskideren bat agertzea, neskek adierazten dituzten beldurrekin mutilak harritzea, harremana ez moztearen ardura biktimarengan zamatzea edota bikote kontuetan besteek ez dutela zertan sartu pentsatzea, Irungo Toki Alai ikastetxean kontatu digutenez.

Paula Estévez

Carmen Ruiz Repullo soziologoak garbi azaltzen du bideo batean zer den Indarkeriaren Eskailera, nola hasten den bikotekidea bestea non eta zertan ari den uneoro jakin nahian, pixkanaka pertsona hori gainerako guztitik bakartzen eta isolatzen, bere janzteko modua eta jokaera baldintzatzen… konturatzerako gutxiespena, umiliazioa, mehatxua, beldurra eta baita indarkeria fisikoa ere baliatzen dituen arte. Indarkeria fisikoa agertu aurreko urrats horiek guztiak ikasleek identifikatu ditzatela eta atzean dagoen errealitateaz jabetu daitezela dute helburu Toki Alai eskola publikoan. Horretarako, gaia gradualki eta sakontasun maila gero eta handiagoarekin lantzen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lehenengo mailan hasi (12-13 urte inguruko ikasleak) eta laugarren mailara arte (15-16 urte ingurukoak).

Ikastetxeko Hezkidetza arduradun Beatriz Rubio Peralesek argitu digu ariketaren bidez zein errealitate azaleratzen den ikasleen artean. Oso orokortuta dagoen joera aipatu digu: mugikor bidezko kontrola, bikotekidearen mugikorraren pasahitza jakiteraino; eta kontrolari lotuta, jeloskorkeria. Kontrol puntu bat positiboki baloratu ohi dute neskek, maitasun erromantikoaren mitotik hala barneratuta. Sarri, maitasunarekin lotzen dute norbera besteari “erabat ematea”; alegia, gardentasun osoz jokatu beharra, inongo sekreturik gabe. “Zergatik jakin behar du bikotekideak dena zutaz? Zergatik ezin duzu izan zure intimitatean gorde nahi duzun arlorik, zuretzat izatea nahi duzun emozio eta barne-pentsamendurik?”, planteatzen die Rubiok. Ikasleak harritu egiten dira, baina hezitzaileak adierazi nahi die ez dagoela zertan erabat biluztu bikote harreman batean egonagatik, hori ere kontrola dela, nolabait.

Kontrol puntu bat positiboki baloratu ohi dute neskek, maitasun erromantikoaren mitotik hala barneratuta. Sarri, maitasunarekin lotzen dute norbera besteari “erabat ematea”, inongo sekreturik gabe

Mutil askoren erreakzioa zein da? Bada, salatzea eurekin ere antzera jokatzen dutela neskek, bikote harreman heterosexualetan, kontrolatzen dituztela edota lagunengandik urrundu. Eta hala da, baina ikerketek diote hasierako urratsetatik harago ez duela eskaileran gora jarraitzen mutilak, nekatu eta moztu egiten duela, eskailerako maila larrietara iritsi aurretik. Neskek, orduan, zergatik segitzen dute goraka? “Genero eraikuntzak batzuei eta besteei eskatzen diena ezberdina delako, eta neskei jasaten erakutsi digute; eta maitasun erromantikoaren mitoa ere barneratuta dugu, pentsatzen dugu mutila aldatuko dugula, maitasunak gure bikotekidea aldatuko duela denborarekin”, dio Rubiok. Azken finean, gazte hauentzat lehenengo bikote harremanak dira, eta jaso duten eredua, ikasi dituzten jarrerak baino ez dira ari errepikatzen. Nesken kasuan jokaera ugariren abiapuntuan maitasun erromantikoaren mitoa dagoela garbi du irakasleak; mutilen kasuan, sexua izan ohi da abiapuntua: matxo alfa irudikatu beharra, itxura hori eman, pornografiaren bidez jasotzen duten eredua errepikatu eta kontrola eurek dutela adierazi beharra. “Pentsa, sexualitate klasean mutil batek galdetu zion irakasleari ea gaizki ote zegoen sexua praktikatu bitartean neska-lagunari eztarria estutu nahi ez izatea”.

Mutilek salatzen dute eurekin ere antzera jokatzen dutela neskek. Eta hala da, baina ikerketek diote hasierako urratsetatik harago ez duela eskaileran gora jarraitzen mutilak, nekatu eta moztu egiten duela

Ur beroan dagoen igelaren metafora
Neska askoren erreakzioa zein da? Bada, onartzea harremanetan beti beraiek direla egoera ezberdinen aurrean amore ematen dutenak. Eta hori, beti amore ematen aritzea, Indarkeriaren Eskailera dela azaltzen zaie. Nesken artean ohiko beste erreakzio bat da biktima den neskari berari leporatzea zergatik ez duen harremana mozten, zergatik ez den eskaileratik ateratzen. “Ados, ez du harremana utzi, baina inork ez dio esan utzi behar duenik eta agian barruan dagoenak ez du egoera kanpokoak bezain argi ikusten –azaltzen die Rubiok, eta igelaren metafora kontatzen die–. Igela lapikoan sartzen baduzu ura irakiten dagoela, salto egingo du; igela ur epelean sartzen baduzu eta poliki-poliki ura berotzen bazoaz, igela ez da konturatuko eta azkenerako ez du gaitasunik izango ateratzeko; norbaitek eskua sartzea eta ateratzea behar du. Eta besteok izan behar dugu esku hori, laguntza hori”.

Indarkeriaren Eskailera gaur egungo gazteen artean bizi dagoen seinale, gaiaz hitz egiten ari direlarik klasean ikus daitezkeen ikasleen arteko begiradak, keinuak eta txutxu-mutxuak. Eta denen aurrean ez, baina klasea bukatu eta irakaslearengana gerturatu ohi da bat edo beste, normalean neskak, ingurukoren batek –ez norberak– antzeko kasuren bat bizi duela kontatzera, uneoro kontrolatuta dagoela, kuadrillatik aldendu dela. “Kuadrillan arazoak dituela iristen zaigu guri, apur bat arakatzen duzu eta atzean bikote harreman toxiko bat agertzen da maiz”.

Zuk zer egingo zenuke?
Bikote harreman toxikotik kanpo daudenen rola aztertzeko hainbat egoera planteatzen dituzte klasean. Lagunak elkarrekin zaudete eta Ikerrek bere neska-lagunari esan dio horrela jantzita ez doala inora berarekin; Laura zure laguna aspaldi ez da zuekin ateratzen, beti aitzakiak jartzen ditu; Iratirekin oso deseroso sentitzen zara, denbora guztian mugikorrari begira dagoelako, mutilarekin whatsapeatzen… Zuk zer egingo zenuke? Irakaslearen esanetan, ikasle ia guztiak konturatzen dira egoera horietan gertatzen dena ez dela egokia, baina hortik esku hartzera (zerbait esatera, laguntzera) ausartzen direnak oso gutxi dira. “Sarri entzuten duguna da ‘ez dira nire gauzak, nola sartuko naiz bikote harreman batean?’, eta gu saiatzen gara ulertarazten zerbait desegokia ikusiz gero horri aurre egiteko esku har dezaketela, edo bestela konfiantzazko helduren bati kontatu”.

Ariketaren azken urratsa da bikote harreman osasuntsu batek nolakoa izan behar duen pentsatzea eta ezaugarriak izendatzea, modu eraikitzailean. Maitagarria, alaia, ez jeloskorra eta fidela dira zerrendatzen dituzten ezaugarrietako batzuk. “Bitxia da, fideltasunari garrantzi handia ematen diote, gauza batzuetarako oso aurrerakoi dira eta beste batzuetarako oso tradizionalak”, aipatu du Beatriz Rubiok.

Beatriz Rubio: “Neskek kontatzen dute gauean etxera heltzean lagunei mezua bidaltzen dietela, mutil kuadrilla handi baten aurretik pasatzea deserosoa dela… eta mutil ugariri entzuten diezu hori guztia berria dela beraientzat”

Neska-mutilen arteko eztabaida aberasgarriak
Hezkidetza arduradunak kontatu digunez, beti ikasle guztiek elkarrekin landu dute gaia, baina duela gutxitik neskak neskekin eta mutilak mutilekin bananduta egiteko dinamikak tartekatu dituzte. Lanketa berezitua egiteko eta hainbat gauzaz sakonago solastatzeko aukera ematen dute tailer hauek; mutilekin aritzen den gidaria gizona da, neskekin biltzen dena emakumea: adibidez neskekin ahizpatasuna lantzeko baliatzen dituzte dinamika hauek eta mutilekin maskulinitate ereduaz gogoetatzeko.

Hori bai, hausnarketa elkarrekin egitea eta elkarri entzutea ere funtsezkoa dela deritzo Rubiok. Esaterako, mutilek eta neskek beti ez dute egoera bera berdin interpretatzen, eta eztabaida interesgarriak sortzen dira. Ikusi berri duten bideoan Anderrek Lorenari eskua kamiseta azpitik sartu diola eta Anderren ikuspegia (pozik) eta Lorenarena (deseroso) kontrajarriak direla-eta, “baina ez dio ez egiteko esan”, dio mutil ugarik; eta neskek, gaur egun sarri helarazten den mezua barneratuta, erantzuten diete: “Baietz ere ez dio esan ordea, ez dio baimenik eman”.

Gainera, albokoaren bizipenak eta beldurrak entzutea argigarria dela dio irakasleak. Neskek aipatzen dituztenean generoari lotuta entzun behar izaten dituzten esaldiak –“horrela jarraituz gero ez duzu mutilik botako”, “arropa oso gutxi daramazu gainean”…–, mutil batzuk harrituta geratzen dira; berdin beldurrez mintzo direnean. Adin hauetan, mutilen beldurrak minari, istripuei, heriotzari… lotuta daude gehienbat, akzioari eta arriskuari lotuta. Neskenak berriz, edo irudi fisikoan edo genero indarkerian daude fokalizatuta: “Kontatzen dute gauean etxera heltzean lagunei mezua bidaltzen dietela esateko etxera heldu direla, giltzak eramaten dituztela eskuetan etxera bidean, mutil kuadrilla handi baten aurretik pasatzea zergatik den deserosoa, tabernan bakarrik geratzeak zergatik beldurtzen dituen… eta mutil ugariri entzuten diezu hori guztia ez zekitela beraiek, berriak direla kontu horiek haientzat, horregatik da inportantea mutilek hori guztia entzutea, ez baitira urruneko estatistika baten datuak, ikasgelan ondoan esertzen zaizun neskaren bizipenak baizik”. Mutil batzuek begiak zabaltzeko balio duela dio Hezkidetza arduradunak, “eta azkenerako entzuten diezu ‘kuadrillan gaudenean guk ez dugu nahita inor izutzen, baina ulertzen dugu builaka eta taldean bagaude, gure aurretik oinez bakarrik pasatzen den neskak beldurra sentitu ahal izatea’, eta hori jada lorpen handia da niretzat”, onartu digu Rubiok.

Neskentzat ere ariketa baliagarria da, “halakoak partekatzerakoan ikusten dutelako ez direla tuntunak edo ahulak beldur horiek sentitzeagatik, egiturazko arazo batek eraman gaituela horrelakoak sentitzera: ez zara beldurtia, mutila ez da zu baino ausartagoa, ez da zuregatik, gizartean errotuta dugun errealitateagatik baizik”. Hori partekatzea ere ahalduntzea da, egoerak ulertzeko tresnak ematea, azaldu du irakasleak.

Youtuber korronte batek genero indarkeria ukatzen du eta ikasleak diskurtso horiek errepikatuz doaz eskolara. Internetek duen burbuila efektuagatik gainera interpretatzen dute ikuspegi hori dela nagusia

Nola landu gaia mutilekin?
Neskak ahalduntzea eta tresnak ematea du helburu Indarkeriaren Eskailerak, baina mutilen ardura da indarkeria matxistarik ez eragitea eta lanketa behar-beharrezkoa da haiekin ere. Hezkidetza arduradunaren hitzetan, mutil talde handi bat dago ulertzen duena azaldutako egoerak ez direla normalak, baina eskolan gaia jorratzen denean eraso egiten zaiela sentitzen dute batzuek, nekatuta daude biktima eta erasotzailearen diskurtsoaz. “Horiekin lan handia egitea dagokigu, maskulinitate berriez, bestelako eredu eta aukerez… eta modu eraikitzailean egiten saiatzen gara, mezua ez dadin izan ‘hau gertatzen da ni mutila naizelako’, baizik ‘zer egin dezaket nik mutil gisa, hau ez gertatzeko’, baina gauza bat argi dago: indarkeria matxista da gizonak eragindako indarkeria, eta mezu hori ezin da saihestu”.

Gakoa, Beatriz Rubiorentzat, curriculuma da, txikitatik ohitu daitezen ikasgaia dena dela ere maitasun erromantikoa sustatzen ez duten testuekin edo generoaren araberako estereotipoak indartuko ez dituzten ariketekin lan egitera. Ekintza ikusgarriak ongi daudela dio, “martxoaren 8ko ekaitz egun hori behar dugu, baina baita eguneroko zirimiria ere, ez dadin izan nik tarteka egiten dudan zerbait, ‘badator hezkidetzakoa matraka ematera’, egunerokoan zipriztinduko dituen ikuspegia baizik”. Bi adibide aipatu dizkigu: gimnasia erritmikoa egiten duen mutil bizkaitar bati buruzko testua landu berri dute Euskara ikasgaian, eta eurentzat hezkidetzarekin lotuta ez dagoen arren, bestelako erreferenteak jaso ditzaten balio izan du. Bigarren adibidea Historia ikasgaikoa da: “Industria Iraultza eta Lehenengo Mundu Gerra ikasten dituzte, baina boto eskubidea lortzeko ehun urtez emakumeek egindako borroka ez; hori aldatzeko, Historiako irakaslearekin batera materiala eta apunteak prestatu eta sufragismoa jorratu dute”.

Gainera, emakume irakasle gazteak, hezkuntza sisteman orain sartzen ari direnak, feminismoan oso jantzita ikusten dituela dio Rubiok, eta aliatu lagungarriak zaizkiola eskolan. Gizon irakasle gazteen artean ere, maskulinitate hegemonikotik aldentzen direnak ugari dira, eta erreferente horiek oso positiboak dira ikasleentzat. 

Erresistentzia antolatuak
Mutil askok begiak zabaldu ohi dituela esan dugu, baina badira beste mutil batzuk errealitatea ikusi nahi ez dutenak, eta erresistentziak gero eta handiagoak direla, gero eta sarriago gertatzen direla eta gero eta intentsitate altuagoa dutela ohartarazi du irakasleak. “Gelan aurre egitea ez da kezkatzekoa, batzuetan aurre egitea bera da helburua, nerabezaroan daude, baina azaroaren 25ean zintzilikatutako pankarta erre ziguten, suhiltzaileek etorri behar izan zuten, eta martxoaren 8an ere, emakume esanguratsuekin jarri genituen argazkiak erre eta suntsitu zizkiguten. Eta orduan pentsatzen dut mutilekin gaia ez garela ongi lantzen ari, ez garela ari asmatzen eta gehiago eta hobeto egin behar dugula. Aldi berean, nire buruari esaten diot agian feminismotik ongi egiten ari garen seinale ere badela; azken finean, errealitatea da desboteretze prozesu bat egin behar dutela gizonek eta bere lekua kolokan sentitzen du hainbatek, horregatik jokatzen dute horrela”.

Erresistentziek indarra hartzeko beste faktore bat nabarmendu du Hezkidetza arduradunak. Belaunaldi berriek apenas kontsumitzen duten telebista, nahiago dute Youtube, eta bada youtuber korronte bat genero indarkeria ukatzen duena, genero indarkeriaren negazionistak direnak. Bada, ikasleak, mutilak gehienbat, youtuber hauek ikusi eta diskurtso horiek errepikatuz joaten dira eskolara. Adibide praktiko bat egin dute klasean: Beatriz Rubioren ordenagailuan “genero indarkeria” hitzak sartu dituzte Google bilatzailean, eta gauza bera egin dute youtuber horietako bat ikusi duen ikaslearen ordenagailuan. Bati eta besteari bilatzaileak eskaintzen dizkion edukiak erabat ezberdinak dira: “Sareak diskurtso bera elikatu egiten du behin eta berriz, eduki bat ikusi eta antzeko beste lau erakutsiko dizkizulako Googlek, eta ikasleek sarri interpretatzen dutena da ikuspegi hori dela nagusia. Internetek burbuila efektua sor dezakeela ulertzeko erremintak eskaintzea inportantea da”.

Aurrera egin al dugu?
Erresistentziak erresistentzia, belaunaldi gazteak oro har begiak zabaltzen ari direla uste du Beatriz Rubiok. “Sexualitatearen esparruan adibidez keinuak ikusten dira, askatasun handiagoa nabari da nesken artean, eta pentsatu nahi dut maitasun erromantikoaren mitoa ere gaindituko dutela”. Azken finean, DBHko ikasleen adina adin konplikatua dela dio, nerabezaroa bor-bor dago, errebelde izateko grina hori… “Batxilergoan ikusten da neskak ahaldunduago daudela jada, eta kapazago dira aipaturiko jokamoldeen atzealdea ikusteko, azkarrago identifikatzen dituzte tratu desegokiak eta mugak azkarrago jartzen dituzte. Paradoxikoki, bikote harreman toxikoen kopurua handiagoa da, harreman gehiago dituztelako adin honetan, DBHn baino”. Horregatik jarraitzen du izaten inportantea Indarkeriaren Eskailera lantzea, inork ez dezan min ematen digun harremana maitasunarekin nahastu.

Lehenengo argazkian, Beldur Barik lehiaketarako bideoa egin duten eta Irungo lehenengo saria irabazi duten Toki Alai ikastetxeko ikasleak, senide eta irakasleekin; bideoan Indarkeriaren Eskailera antzeztu dute. Behekoan, Indarkeriaren Eskaileraz hitz egiteko erabiltzen duten ikus-entzunezkoetako bat: “Egunon printzesa!” film laburra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


2025-04-09 | Garazi Zabaleta
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera

Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


Diskurtso militaristaren aurrean, eskoletan gerraz modu kritikoan gogoetatzeko materiala kaleratu dute

“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


Hezkuntza saila eta sindikatuak ostiralean bilduko dira, eta akordio bat lortzeko nahia adierazi du Jaurlaritzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu eta biharamunean deitu du bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi du "akordio bat lortzeko nahia"... [+]


Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta

Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]


Eguneraketa berriak daude