“Parisko teknokraziaren parean, demokraziaren eta lurraldeen garaipena da lege hau”

  • Diputatu bretoi hau dugu euskarari eta orokorki Frantziaren menpe ditugun hizkuntza gutxituei onura handiak ekarriko dizkien legearen oinarrian. "Historikotzat" jo dute askok 2021eko apirilaren 8an Frantziako Legebiltzarrak alde bozkatu izana, kontra bozkatzeko gobernuak eman manuari bizkarra erakutsiz gainera. "Errepublikaren hizkuntza frantsesa da" errepikatzen dabilen jakobinismoan arrakala historikoa da, duda gabe. Xanpain botila ireki zuten askok eskubide berri hauen ospatzeko.

Euskal Herrian momentu historiko eta garaipen gisa bizitu dugu hizkuntza gutxituen aldeko legearen bozketa. Bretainian nolako harrera ukan du?

Gisa berekoa: zoriontzeko ehunka mezu jaso nituen eta bi gaitzespen mezu bakarrik. Frantziak aspaldian ditu problemak bere baitako aniztasuna eta tokiko hizkuntzak eta kulturak onartzeko: asimilazio eredu batean da, “zarena ahantzi eta beste bat bilakatu zaitez; aldatu hizkuntzaz eta kulturaz, eta agian bilakatuko zara norbait interesgarri”. Tokiko hizkuntzei buruzko lege bat izan zen 1951n –Deixonne Legea– eta honen arabera, tokiko hizkuntzen irakaspena bideratzen ahal zen baldin eta frantsesa ikasteko balio bazuen… erabat gaiez kanpo zihoan kontua. Nonbait, lege hau dugu tokiko hizkuntzen alde doan lehena. Jakin behar da Frantziak ez duela gutxiengorik onartzen –ez eta ere gutxiengo linguistikorik–. Denak “parekideak” garela dio Frantziak, baina noski hori gezurra da, denentzat ez du balio parekidetasunak, batzuk besteak baino parekideago daude –demagun, batzuen kultura eta hizkuntza da eskolan irakatsia–. Hori perbertsoa da, erran nahi duelako frantses herritar izatea frantses hizkuntzakoa eta kulturakoa izatea dela; Errepublikaren nozioaren etnitizazio batean gara, ideal errepublikarraren perbertsio batean gara, berez errepublikar izatea eskubide politikoak ukatean datzalako, eta hiritartasuna horretan datza. Ikuspegi honetatik atera behar du Frantziak, lekuko hizkuntzen desagerpena dakarrelako axolarik gabeko postura honek.

Zuk nola atxikitzen duzu gogoan bozketa hau?

Parisko teknokraziaren parean demokraziaren eta lurraldeen garaipen gisa oroitzen dut bozketa. Oraindik aitzina gauzatu beharko dugu, legea biziarazi beharko dugu eta aztertu beharko dugu nola baliatu dezakegun beti ere urrunago joateko.

Gobernuak kontra bozkatzea galdetu arren, diputatuek alde egin dute. Aitzinetik pedagogia handiz egin izan duzuen aurkezpen eta azalpen lanaren emaitza dugu bozketa.

Bozketa argia da, 247 dira alde agertu eta 76 aurka. Uste dut hastapen batean elkarteek ere ez zutela sinesten legea pasatzearen aukeran: iazko otsaileko lehen irakurketan zati baten alde egin zuen Legebiltzarrak –irakaskuntzari buruzko artikuluak baztertuz–, baina ikustearekin iazko abenduan Senatuak testuari berriz gehitzen zizkiola irakaskuntzari buruzkoak, orduan ikusi zuten egingarritasuna. Itxaropentsu, azkarki mobilizatu dira denetan –Bretainian, Alsazian, Okzitanian, Euskal Herrian, Korsikan, Katalunian, baita Pikardian ere–. Tokian toki, diputatuen ikustera joan dira, legea aurkezteko eta murgiltze eredua azaltzeko. Eskerrak eskualdeetako diputatuek honen berri badutela, nahiz eta kontzientzia ukatea besterik den… Parisko diputatu batzuk ez dute sekula murgiltze ereduan ibilitako umerik gurutzatu eta mesfidantzaz begiratzen zaituzte: "Nola da posible? Frantsesa ez dute menperatuko!". Oharra entzun eta azaltze lanari lotzen zara. Legebiltzarrean ere aritu naiz azalpen lanetan; esplikazio gose zirenei erantzuten aritu naiz eta banan-banan talde politiko guztien ikustera joan naiz. Diputatu bretoiek ere lan handia egin dute, legearen alde bozkatzearen beharraz aritu dira haien talde politikoetan. Andana bat gara bretoiak, 30 bat eta bizpahiru izan ezik, denok egon gara bozketan, denok alde bozkatuz. Lekuan leku denok aktibatu gara, eta horrek egin du legea pasa dela.

Nola esplikatzen duzu gobernuak aurka bozkatzea galdetu arren diputatuek manua ez segitu izana, baita gobernuaren alderdikoek ere?

Sinpleki, erran nezake ulertu dutela filosofoek definitu bezala bi botere daudela, bata legegilea eta bestea exekutiboa eta biak bereizirik direla. Haien lurraldearen alde bozkatu dute, tokiko hizkuntzen alde eta Estatuaren makinaren kontra. Beraien buruaren nagusi egin dira.

Elkarteek burutu lana eskertu duzu. Pour que vivent nos langues edo “Gure hizkuntzak bizi daitezen” kolektiboaren oinarrian ere zara. Hizkuntza gutxituen irakaspenaren alde dabil kolektibo hau eta eskualdeetako 40 bat egitura batzen ditu. Honek ere izan du eragina.

Duda gabe. Irakaskuntza publikoa, pribatu katolikoa eta elkarte mundukoa federatzea lortu dugu, eta eskualdeetako elkarteak ere elkartu gara. Informazio zuzena une egokian pasarazteko bidea izan da, leku guztietatik mezu bera helarazteko gisan: Senatuaren bozketa eta gero diputatuei galdetu zaie legea bere horretan bozkatzea, behingoan promulgatua izateko gisan. Senatuak irakaskuntzari buruz gehituriko lau artikuluez eztabaidatu genuen apirilaren 8an. Testua bere horretan bozkatzeko manua pasarazia genuen guk, hitzez hitz bere horretan ez bazen bozkatzen berriz ere Senatura zihoalako, joan-jinka urteak pasatzeko arriskuarekin.

"Denak parekideak garela dio Frantziak. Noski gezurra da, batzuk besteak baino parekideago daude"

Nola esplikatzen duzu gobernuaren postura, beste behin jabobinismoan tinko gelditze hori?

Ez nau harritzen. Zenbat dira onurak ekarri dizkiguten ministroak? Jack Lang, François Bayrou… eta zerrenda gutxi gorabehera horretan gelditzen da. Beste guztiek urrunetik begiratzen diote gureari, “lekuko hizkuntza irakatsi dezakegu baina ez sobera, frantsesaren maila apaldu dezakeelako” ideiari loturik dira denak. Alta uste hau ez da sekula frogatua izan; alderantziz, haur elebidunek frantses maila hobea dutela agertzen zaigu ebaluaketetan. Baina betikoa: Parisko goi-funtzionarioaren irudimenean hizkuntza batek bestea ordezkatzen du. Nahiz eta psikolinguista guztiek eleaniztasuna goraipatu, Hezkuntza Nazionalaren Ministerioak berean segitzen du: Errepublikaren hizkuntza frantsesa da eta kito. Horri gehitu behar zaizkio betiko gibel-usteak, hala nola, Blanquer Hezkuntza ministroak separatistatzat jo izana hizkuntza gutxituen aldekoak. Hori ez zaie gustatu diputatuei.

Irain gisa hartu dute?

Ñabardura falta gisa. Postura dogmatiko eta politikoa izan da gobernuarena, ez eta pedagogikoa eta hizkuntzen irakaspenari loturikoa.

Tokiko hizkuntzan bideratu murgiltze eredua eskaintzen ahalko da eskola publikoan ere. Nahiko errazki irudika dezakegu eskaerei ezetza bideratuko diela errektoretzak... Eskaera eta eskubidea izan arren, paretik jaso errefusen adibideak ez ditugu eskas, sail elebidunean adibidez.

Bai, pentsa daiteke ez digutela legearen gauzapena hain errazki utziko, eta tirabirak izanen ditugula oraindik ere. Baina ageriko da zer erabakiko duen jujeak... legegilearen nahia ere badagoelako orain oinarrian; ez dut uste Hezkuntza Nazionalak zelai horretan jokatu nahiko duenik. Baina badakizu, lege bat ez da udaberria dakarren ainara… herritarrek ez badute haien eskuetan hartzen, segidarik gabea izateko arriskua ere hor dago. Dena dela, ez naiz jurista baina lege honetan arras argiki agertzen zaigu ondokoa: gure ondarean ditugu hizkuntza gutxituak eta frantsesarekin batera hauen irakaspena bideratzeko pedadogia hoberena bideratu beharko du Frantziak.

Legea antikonstituzionala dela erran izan du gobernuak.

Kontseilu Konstituzionala arras argia izan da: tokiko hizkuntzara ezin da behartu. Lege honekin horretan gaude, aukera ematen dugulako, hots, ez dugu behartzen. Ni ere ez naiz behartzearen aldekoa: hasi gaitezen irakaskuntza tokiko hizkuntzan jaso nahi duten guztien eskaerari erantzuten eta ondotik mahai gaineratuko dugu horretara behartzearen gaia; orduan beste lege bat eta beste eztabaida bat izanen dugu. Funtsean, ez dut iritzi argirik horri buruz, diodan gauza bakarra zera da: marrazkia eta musika klasean irakatsiak dira eta horri esker batzuk deskubritzen dituzte musika eta marrazkia, eta bai, behartuak dira. Gisa berean, tokiko hizkuntzen irakaspena ere behartu daitekeela pentsa daiteke. Baina horretaz hitz egin behar genuke, biztanleriak ados izan beharko luke, ezingo delako modu autoritarioan bideratu. Anartean, lege honekin ondokoa lortu dugu: irakaskuntza lekuko hizkuntzan nahi duen orok ukan behar du aukera.

Hari horri tiraka, ofizialtasuna ere aipatu nahi nuke. Quebec eta Hego Euskal Herria adibidetzat dituzu usu. Kontua da ofizialtasuna dutela bertako gutiengo hizkuntzek. Irudika dezakegu Frantzia bere menpe dituenei ofizialtasuna aitortzen?

Bistan da! Beste lekuetan lortu badute, hemen ere lortu dezakegu, frantsesak ez dira besteak baino okerrago ala tontoago. Haatik, egia da Frantziak beranta handia duela. Frantziar Iraultzatik dator hori, herri hau anitz markatu zuen eta bi mende pasa arren oraindik badu eragina. Baina, hori ere aldatuz doa, eta erran nezake La France Insoumise alderdia dugula bakarrik 1793an blokeaturik! Beraz lortu dezakegula uste badut ere, erran nezake tokiko hizkuntzak ikastetxeetan orokorturik eta karrikan egunerokoan mintzatuak izanen direnean dugula ofizialtasuna lortuko. Tokiko hizkuntzaz biziko garenean, ahalkerik gabe, orduan bai lortuko dugu. Desdramatizatu behar dugu kontua, zeren aurrekoan berriz "nik ez dut ulertzen!" erraten zidan batek. Eta zer? Larri da? Euskal Herrian naizenean eta ingurukoak euskaraz ari direnean ez nau trabatzen, alderantziz. Aski harrigarria da Frantzian jendeak pentsatzea gurean mintzo garenean haien kontra ari garela! Zinez, nik zerbait erran behar badiot norbaiti, edo ulertzen duen hizkuntzan bideratuko natzaio edo isilduko naiz.

"Tokian toki, diputatuen ikustera joan dira elkarteak, legea eta murgiltze eredua aurkezteko"

Irakaskuntzarena ezinbesteko esparrua da. Hala ere, ikasgelako lau pareten artean erabilia den hizkuntzak geroa ez dauka segurtaturik. Zer egin hizkuntza hauek herriko plazan ere erabiliak izan daitezen?

Tokiko kolektibitateen esku ere da. Hauek garatu ditzakete adibidez euskaraz bideraturiko aisialdi zentroak zein errugbi entrenamenduak. Baina denbora berean, hortaratu ahal izateko hizkuntzak erabilia izan behar du. Bretainian %7 da elebidunean baina %40ak nahi du bretoierazko irakaskuntza, eta segur naiz proposatuz gero ia guztiek hartuko luketela! Bretoiera %80ak ikasiko duenean orduan indar-harremana bestelakoa izanen dugu. Begira, Ipar Euskal Herrian %40ak du euskara ikasten… maleruski, ez da oraindik nahikoa, baina bide onean zarete.

Diozuna da lekuko instituzioen esku ere dela hizkuntzarena. Hots, Konstituzioaren 2. artikuluari so egon beharrean, lekuan leku garatu ditzakegula hizkuntza politika ausartak.

Noski baietz. Gaur egungo agintari gehienak elebakarrak dira, elebakartasunaren biberoian haziak izan dira, eta batez ere errana izan zitzaien haien hizkuntza ahantzi behar zutela. Iraultza kulturala ere da nonbait hauentzat. Mentalitateak aldatu behar dira, baina hori elebidunen eskutik etorriko da, elebiduntasun orekatu batean izanen garenean. Hemendik urte batzuetara elebidunak dira egonen aulki hauetan, eta ikusiko duzu ezpiritua eta giroa erabat ezberdinak izanen direla.

Hizkuntza bat komunikazio tresna bat baino askoz gehiago da, mundua irakurtzeko era bat da, munduan kokatzeko postura bat da, iruditegi bat da... Frantziako eskola publikoa ez litzateke hauen transmititzeko gunea. Agian horretan dute haien zentzu guztia ikastola eta zuen kasuan diwan eskolek...

Bietan bideragarria dela uste dut. Badakizu, eskola publikoko irakasle bati mintzo zara. [irria]. Historia irakasle gisa beti abiatu izan naiz Bretainiako  errealitatetik. Frantses Iraultzaz aritzerakoan gure udalek edota apaizek Legebiltzarrera bidalitako gutunetan oinarritzen nintzen, ez nintzen Parisko dokumentuetatik abiatzen. Hizkuntza baino harago doan kontua dugu hau, gureaz daukagun kontzientziaz ari gara eta hizkuntza horren parte izanda ere, ez da osagai bakarra. Badakit "euskaldun" "euskara duena" dela, baina gurean bretoiera mintzo ez duena bretoia izan daiteke, adibidez ekialdekoek galo hizkuntza mintzo dute eta bretoiak dira berdin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Hizkuntza politika “sendoak” eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Europar Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizialtzearen erabakia atzeratu dute, eta Espainiako Kongresuan hasi dira erabiltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.


Kontseilua: “Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez”

Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.


Nafarroako Gobernua murrizketak egiten ari da hizkuntza eskoletako euskara taldeetan

Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]


Berritzeguneetako lanposturako proba gaztelaniaz egin ahal izango da, deialdia aldatu baitu Jaurlaritzak

EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]


Hizkuntz eskubideen aurkako erasoei aurre egiteko dinamika prestatuko du Kontseiluak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legean edo Administraziorako Euskararen Legean eragin nahi du Kontseiluak; Nafarroan, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jarri; eta Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea... [+]


2022-11-18 | Lide Iraola
Mitxel Elortza Exea, Pantailaldiako bolondresa
“Euskal Herriko zinemetan eskaintzen diren filmeen %1 da euskaraz”

Pantailaldiaren Arabako ordezkaria izan da Mitxel Elortza Exea. Ekimena arrakastatsua izan dela uste du herritarren parte hartzeagatik, baina astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik ikusteko erronka egunerokoan bete dadin lan asko geratzen da egiteko Elortzaren ustez... [+]


2022-11-17 | ARGIA
Euskaltzaindiak euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatu du

Euskararen Legea aldatzeko eskatu du Euskaltzaindiak eta bat egin du Euskararen Nafar Kontseiluak irailean egindako adierazpenarekin. Gogorarazi du euskararen akademia dela lurralde guztietan, hizkuntzari dagokionez, "instituzio aholku-emaile ofiziala".


Chivitek Irulegiko eskuaz esandakoak, hizkuntza politiketan badu islarik?

Arangurengo Gongora jauregian Irulegiko eskuaren aurkezpenean María Chiviteren diskurtsoa izan da, askoren harridurarako, Aranzadiren aurkikuntzaren garrantzia azpimarratzeko indartsuenetakoa eta mamitsuenetakoa.


2022-10-17 | Sustatu
XXI. menderako Hizkuntza Politikaz hausnartzeko zita

Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrenean, Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dute XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia, XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta... [+]


Denontzat

Hizkuntza-politikari buruzko debateen aurrean –ei, ei, aber, ez joan oraindik, eman aukera bat artikulu honi– sentitzen hasia naiz Bill Murray pelikula hartan bezala: planteamenduren bat egiten da, kontua korapilatzen da bateko eta besteko iritziekin, kinki-kanka... [+]


2022-09-29 | ARGIA
Euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatzeko adierazpenarekin bat egin du ARGIAk

1986ko Euskararen Legea aldatu eta Nafarroa osoan euskara ofizial egiteko eskaera zuzena egin dio Euskararen Nafar Kontseiluak Nafarroako Gobernuari, irailaren 16an onarturiko adierazpenean. ARGIAk bat egin du adierazpenarekin, IKA euskaltegiak abiarazitako atxikimendu... [+]


Eguneraketa berriak daude