Babes legegilea euskaraz ikasi nahi duen haurrari

  • Mugarri izango den legea sartu da Frantziako Hezkuntza Kodean. Tokiko hizkuntzetako irakaskuntzaren orokortzea eta murgiltze eredua eskola publikoetan bideratzea lortu ahalko da. Tokiko hizkuntzan herrian eskolatzeko aukerarik ez badago, gertueneko eskolara doazen umeen kasuan ondoko ikastetxea edo udala diruztatu beharko du udalak. Tokiko hizkuntzan ikastea eskubidea da; ez gutizia.

Argazkia: Kepa Etchandy.
Argazkia: Kepa Etchandy.

Arrakala esanguratsua ireki da Frantziako Estatuan. Porrota gobernukideentzat, haustura moduko bat jazo delako; eta garaipena, berriz, bide luzeko borrokan diharduten xinaurri guztientzat. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren borondatearen kontra, lege berria onartu zuen apirilaren 8an Legebiltzarrak: hizkuntza gutxituen irakaskuntzak esparru finkoagoa izango du eskola publikoetan. Hezkuntza Kodean sartuko da. Behin indarrean jarrita, Ipar Euskal Herriko eskola publiko orok euskarazko eskaintza prestatu eta proposatu beharko du. Halakorik ez da sekula ezagutu.

“Denbora eta lana eskatuko du, baina zinez, biziki berri ona da euskalgintzako eragileontzat”, adierazi du Marie-Andrée Ouretek, Biga Bai irakaskuntza publikoko adar elebidunetako gurasoen elkarteko lehendakariak. Ustekabean etorri dela dio, eta hala uste du Ikas Bi guraso-elkarteko Céline Etxebarnek ere, ez baitzuten uste, hastapenean bederen, talde parlamentario txiki batek bultzatutako eta lehen irakurketan Frantziako Legebiltzarrak osagaiez husturiko lege-proposamen hura bere osotasunean noizbait onartuko zenik, agintean den La République En Marche alderdia sutsuki aurka egonda.

1951tik ez da tokiko hizkuntzen irakaspenari dagokion legerik onartu. Hamarnaka lege-proposamen egin arren, hemizikloan eztabaidatu eta atzera bota dira kasurik onenean; beste asko, horra ere ez dira iritsi. “Guretzat, horregatik, bozka historikoa da”, adierazi du Euskal Konfederazioko Sébastien Castet eledunak. Onartu berri den legea, lehenbizikoz, 2019ko abenduan heldu zen Legebiltzarrera, Paul Molac diputatu bretoiaren eskutik. Lehen irakurketan, irakaskuntzari zegozkion oinarriak baztertu eta gainontzekoa onartu zuten diputatuek, baina geratu zen hura, Casteten ustez, “arrunt apala” zen.

Bigarren ganbarara heldu zen lege-proposamena, eta senatariek, diputatuen borondatearen aurka, alboratutako artikuluak berriz sartzea erabaki eta bere osotasunean onartutzat eman zuten. Euskal Konfederazioa eta Seaska, besteak beste, Pour que vivent nos langues kolektiboan murgilduta daude beste tokiko hizkuntzetako eragileekin batera, eta kolektibo honek hartu zuen ardura hemizikloko diputatu, alderdi eta hizkuntza eta hezkuntza arloko eragileekin elkartu eta lege honen garrantzia azaltzeko. Azkenean, bide honetan, Molac diputatuaren lege-proposamenaren artikulu guztiak ontzat eman ditu Legebiltzarrak; La République En Marcheko diputatuen artean, erdiak baino gehiagok ez du segitu Hezkuntza ministroaren eta gobernuaren iritzia.

Orokortua eta murgildua

Ez da hautu erraza haurrak euskaraz eskolaratzea Ipar Euskal Herrian. Seaskaz gain, bada aukera eskola publikoan euskara hutsez ikasteko eta, den konplexurako, badu arrakasta elkarrizketatuek adierazi dutenez –20 eskola inguruk eskaintzen dute egun Ipar Euskal Herrian–. Konplexua da, orain arte esperimentazio gisa bideratzen delako euskarazko murgiltze eredua eskola publikoetan. Bestela, tokiko hizkuntzan irakatsi ahal izateko, edo aparteko ikasgai bezala irakasten da, edo sail elebiduna behar da izan –alegia, denbora erdi frantsesez eta denbora erdi euskaraz–. Esperimentaziorako, bost urteko proposamena prestatu eta aurkeztu behar izaten dute eta hori osatzeak lan-karga biziki gogorra eskatzen duela dio Ouretek, “traba anitz” ezartzen dizkietelako: “Gurasoak bildu behar dira, inkestak egin, baimenak eskatu, dossier eta txosten luzeak osatu, ministerioarekin elkartu...”. Oztopo hauek arindu beharko lituzke lege berriak; Hiriburun (Lapurdi) ikasturte hasieran gertatutakoa ez litzateke errepikatuko.

Euskararen irakaskuntzaren orokortzea izango da berritasun nagusia. Eskaeraren baitako politika izatetik, legeak eskaintzaren baitako politika batera pasatzea ahalbidetu dezakeela adierazi du Castetek: “Hemendik goiti, eskola publikoak behartuak izanen dira euskararen edo euskarazko irakaskuntzaren eredu bat proposatzera. Gurasoek proposatu beharrean, eskolak berak proposatuko du. Ikasle guztiei eskaintzen zaie eta, bistan da, gurasoek halakorik ez badute nahi, adierazi egin beharko dute; ez alderantziz”.

Korsika da lehendik eredu hau martxan duen lurraldea. Beraz, legea indarrean jartzen denetik, Frantziako Estatu osoko eremu jakin bakoitzean, tokiko hizkuntzan ikasteko aukera egongo da. Gaur egun, haurren %40ak ikasten du euskaraz, publikoan, Seaskan edo pribatu-katolikoan. Etxebarne, gainontzeko elkarrizketatuak bezala, oso baikor azaldu da, “biziki urrats handia” dela eta “murgiltze-sisteman garatzeko parada” ematen duela esanez.

Zuzenki eskola publikoei eragiten dien legea denez, Seaskako ikastolei ez die aldaketa nabarmenik ekarriko. Murgiltze-sistema aspaldidanik zeukaten ezarria, baina lege honek zilegitasuna ematen die beraien jardunari. Peio Jorajuria lehendakariak adierazi du “babes sinboliko handia” dela Seaskarentzat: “Potentzial handia duen legea da eta oso pozik gaude. Azken urte honetan Parisen izan gara maiz, izan ere, Pour que vivent nos langues kolektiboaren bidez, anitz parte hartu dugu lege honen eraikuntzan”.

Iraultza egitearen kezka

Legea onartuta ere praktikan jarri behar dira neurriak. Hezkuntza sistema ez da egunetik biharamunera aldatzen, Etxebarnek adierazi duen bezala. “Guk, Euskal Konfederazioan, errekurtso aukerak direla eta, baikor segitzen dugu”, adierazi du Castetek. Edozein parlamentarik jar dezake errekurtsoa konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuz eta epea zabalik da oraindik. “Antikonstituzionala dela, behintzat, ezin digute esan ene ustez: onartutakoa dagoeneko praktikan egiten da Korsikan”.

Kezka pizten dietena legearen eskutik etor daitezkeen dekretu, zirkular eta araudiak dira. Blanquer ministroak du eskumena, legearen barnean, dekretuok diseinatu eta indarrean jartzeko, eta ez dira askorik fio gobernuaz. Ez behintzat Ouret: “Frantses gobernuak beharko du bere jarrera doi bat aldatu, baina ongi ezagutzen dugu administrazioa eta balituzke mila manera oztopoak ezartzeko”.

Jorajuriak dio, berriz, bozketarako konbentzitzea lortu duten arren, murgiltze-ereduak ematen diola erreparo handiena: “Hizkuntza eta kultura minorizatuak irakastearen aldekoak badira, baina ez, horrenbeste, murgiltzearen aldekoak. Mugatzea izan du beti xedea Frantziak historikoki eta lege hau, lortu duguna, hori baino aurrerago doa”. Guztiek argi dutena da “hurbiletik” jarraitu beharko dituztela administrazioaren mugimenduak.

Urte guztietan zehar eta, batez ere, Pour que vivent nos langues kolektiboak azken urtean egindako lan eta borrokari esker heldu da legea; lau elkarrizketatuek azpimarratu dute antolakuntzaren garrantzia. Argi diote, harrotasunez, Legebiltzarrak onartutako legea “iraultza handia” izan dela, “historikoa” delako hezkuntza ereduan. “Haizea alde dugula, behingoagatik, aprobetxatu beharko dugu”, esan du Castetek.

Irakaskuntzaren esparruaz gain, bestelako eskubideak ere bideratzen ditu legeak. Besteak beste, seinaletika publiko elebidunaren arautzea eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera.


ASTEKARIA
2021eko apirilaren 25
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2025-04-01 | Euskal Irratiak
Arrate Isasi: “Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu”

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.


Euskaldunontzat justizia aldarrikatu eta manifestaziora deitu dute Baionatik dozenaka eragilek

25 bat eragilek adierazi diete elkartasuna apirilaren 11n Baionako auzitegian epaituko dituzten Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideei. Egun batzuk lehenago, apirilaren 6an Baionan eginen den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.


Famili'on egonaldi ibiltaria aurkeztu dute lehendabizikoz Baionan

Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.


2025-02-18 | Antxeta Irratia
Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek hamabostaldia antolatu dute euskararen erabilera hauspotzeko

Hizkuntzarako ere gurasoak haurrentzako eredu direla kontuan hartuta, euskararen erabilera eta irakaskuntzari buruz sentsibilizatzeko helburua duen hamabostaldia antolatu dute Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek. Martxoaren 15etik 30era guraso... [+]


2025-02-04 | Euskal Irratiak
Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran

Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.


2025-01-29 | ARGIA
Bi hamarkadatan euskarazko eta elebitako ikastetxeek gain hartu diete frantsesezkoei Ipar Euskal Herrian

Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.


2024-11-20 | Leire Ibar
Eguberriko merkatu euskalzalea antolatu dute Baionan

Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


2024-09-25 | Bea Salaberri
Toponimoak ezabatzen

Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.

Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]


2024-09-24 | Euskal Irratiak
Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.


Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Elgarretaratzea deitu du EHEk Gorka Torreren sustenguz

“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.


Eguneraketa berriak daude