Burutu entsegu nuklearrak nekez gordeko ditu iraganeko ahanzturan Frantziak

  • Potentzia nuklear bihurtzeko asmoz, bonba nuklearrak probatzen aritu zen Frantziako Gobernua 1960tik 1996ra, 200 zartatze baino gehiago burutuz; non eta kolonizaturiko Aljeriako Sahara basamortuan eta Pazifikoaren erdiko Mururoa eta Fangataufa irletan. Ofizialki, baldintza meteorologikoei esker hodei atomikoek ez zuten ia kontaminaziorik ondorioztatu; baina estatuaren gezurrak alde batera utzirik, lurralde hauetako kasik guztiak ziren irradiatuak izan. Frantziak ahanzturan nahi lituzkeen gertakizun horiei buruzko egiak azaleratu berri dituzte Mururoa Files ikerketa lan mamitsuak zein ACRO elkarteak.

60 urte geroago, oraindik ere kutsaturik: Munduaren beste puntako eremu kolonizatuetan bonba atomikoak zartarazten aritu zen Frantziako Gobernua 36 urte luzez. Aljeriako Sahara basamortuan burutu zituen entseguak eta 60 urte pasa direla, oraindik kausitze
60 urte geroago, oraindik ere kutsaturik: Munduaren beste puntako eremu kolonizatuetan bonba atomikoak zartarazten aritu zen Frantziako Gobernua 36 urte luzez. Aljeriako Sahara basamortuan burutu zituen entseguak eta 60 urte pasa direla, oraindik kausitzen ditugu osagai erradioaktiboak bertako harean.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Saharako hareak estali zizkigun gure bazterrak martxoan zehar, ezohiko paisai horixkak eraginez. Salto geografiko erraldoiak bideratzeaz gain, denboran bidaiatzeko ere balio digute urte hastapeneko haize bortitzek; baita iraganeko ahanzturan gordetako gertakizunak azaleratzeko ere.

Frantziako Jura mendigunean bizi den Pierre Barbey unibertsitariak harea lagin bat bildu eta erradioaktibitatea neurtzen eta kontrolatzen dabilen ACRO elkartearen laboratoriora eraman zuen –1986ko Txernobylgo istripuaren biharamunean osatu zuten ACRO, instituzioek bideratu desinformazioaren kontra egiteko eta egia azaleratzeko (oroit gara, ofizialki Txernobylgo hodei erradioaktiboa ez zela Frantziaren gainetik pasa, baldintza meteorologikoei esker mugak ez zituelako trabeskatu...)–. Laboratorioa argiki mintzo da: “Zesio-137a identifikatu dugu Saharako hareetan, erradioelementu artifizial bat da, ez duguna naturalki kausitzen harean; leherketa nuklear batean gertatu fisio nuklearraren emaitza da”.

Gure osagarriari dagokionez, lasai egon gaitezke, kilometro koadroka 80.000 becquerelio zesio-137 zabaldu zaizkigulako, hots, ezer ez arriskutsurik. Nonbait hori bazekien Barbeyk eta helburua bestelakoa zuen: “Ez dugu ohartarazi nahi izan biztanleria arriskuan dagoela, entsegu nuklearrak eginez Frantziak eta beste herri batzuk eragindakoa oroitarazi nahi izan dugu”. 1960ko otsailaren 13an, 07:04tan, Frantziako Gobernuak bere lehen entsegu nuklearra bideratzen zuen, non eta Saharan, Aljeria kolonizatuaren hegoaldean. La Gerboise Bleue izena jarri zion bonba atomikoari, 1945eko agorrilaren 6an AEBek Japoniako Hiroshimara jaurtikitakoa baino hiruzpalau aldiz indartsuagoari.

Hourras pour la France, depuis ce matin elle est plus forte et plus fière edo “Biba Frantzia! Goiz honetatik azkarrago eta harroago dugu Frantzia”  mezua helarazi zion telegramez bertan zen ministroari Charles de Gaulle ordungo Frantziako presidenteak. Azken momentuan zehaztu zuten bonbaren jaurtiketa unea, “baldintza meteoroliko idealak” zirela zehazturik: haizeak errauts erradioaktiboen zabalpena mugatuko zuen eta partikula potoloenak lurreratuko omen zituen. Gunea berriz basamortua zen, Paristik ikusirik ez zen bizidunik bertan –70 kilometrotara ziren herrietakoak, tuaregak, langileria aljeriarrak, soldadu frantsesak, kazetariak zein fauna eta flora ordea ez zituen kontutan hartu–.

Aljerian, 17 bonba nuklear, Pazifikoan berriz 193

“Eztanda aitzin, frantsesek etxetik ateratzeko galdetu ziguten, etxeak erortzeaz beldur zirelako. Gero, lurrean belauniko jartzeko erran ziguten, besoa begien aitzinean jarraraziz. Lehenik argia ikusi genuen, eguzkiaren heinekoa. Ordu laurden bat geroago, zarata latz bat, eta, azkenik, uhina zabaldu zen, sakontasunetara eramaten zaituen lurrikara baten heinekoa... Gora zihoan ke beltza, horia, marroia ikusi genuen. Ez genuen ulertzen, baina bagenekien egun beltza zela. Negar egin genuen” kontatzen du entsegu gunean zen Mohamed Belhacen langileak. Hortik gutxira gaixotu zitzaizkion bere bi alabak.

Zerrenda luze baten lehena izan zen La Gerboise Bleue, inpaktu nuklearrak gutxietsiz Frantziako Estatuak Aljerian bideratutako hamazazpi entsegu nuklearretan lehena. Ofizialki, kutsadura heina “onartutako segurtasun-langa baino askoz txikiagoa” izan zen aldi oro. Gezurra irenstaraztea nekezago izan zitzaien, ordea, 1962ko maiatzaren lehen hartan. Beryl izeneko entsegua istripu larri bihurtu zitzaien, lurpean behar zuen leherketak Tan Afella mendia zartaturik aireratu zelako, ehunka herritar, tuareg, langile eta frantses militar zein zientifiko irradiatuz.

1967a arte iraun zuten entseguek –lehen lauak aire librean eta ondokoak lurpean burutuz–. Aljeriaren independentzia zekarren 1962ko martxoaren 18ko Eviango Akordioan sartu zuten beste bost urtez entseguak bideratzeko baimena... “Geroztik biztanleria zesio-137aren arrasto horiekin bizi da, eremu batzuk oso kutsatuta daude oraindik, eta horrek garaiko kutsadura irudikatzeko balio digu”, dio Barbeyk, 60 urte iragan direla eta hare kutsatua esku artean duela. SESB, Erresuma Batua eta AEBen gisara, “potentzia atomiko” izan nahian, entseguekin segitu nahia lehenetsi eta Pazifikora bideratu zituen leherketak,  zehazkiago, bere meneko dituen Mururoa eta Fangataufa uharteetara. Orotara, 193 bonba atomiko zapartarazi zituen 1966tik 1996ra –Hiroshimako erradiazio-heina 800 aldiz–.

Egia, ‘mururoa files’-i esker

“Frantziak gutxietsi du saiakera nuklearrekin Polinesia Frantsesean izandako eragin suntsitzailea” irakurri daiteke The Guardian komunikabidean, Mururoa Files izeneko ikerketari buruz plazaraturiko artikuluan.

Disclose komunikabideko kazetariek, Princeton unibertsitateko eta Interprt egiturako ikerlariek bi urtez eramandako ikerketa da Mururoa Files, hamarnaka elkarrizketa eta Frantziako Defentsa Ministerioko dokumentu gordeak oinarritzat dituztela. “Polinesia ez da Prypiat –Txernobyletik hurbil den herrixka– baina herritarrek jasotako dosiak kasu batzuetan Fukushimakoak baino askoz altuagoak dira”, irakurri daiteke dokumentuan. “Estatu sekretua” eta “Estatu gezurra” argira ekarrarazteko eta Pazifikoaren erdiko 118 irletako bizidunen pozoitzea aitortzeko bidean elementu garrantzitsua da ikerketa hau. Txostenaren arabera, “100.000 herritarrek zuten erradioaktibitatea hein arriskutsuan jaso, artxipelagoko ia biztanle guztiek”. Adibidez, Tahitiko hiriburuko biztanleek jasotako erradiazio errealak CEA Frantziako Energia Atomikoaren Komisaldegiak 2006an argitaratutako azterlanean jasotakoak baino bi edo hiru aldiz handiagoak izan ziren.

Tiroideko, eztarriko edota biriketako minbiziak, leuzemia, linfoma eta hezur eta muskuluetako gaitzak uharte guztietan zabaldurik direla azaltzen da dokumentuan –2020ko otsailean Parisek Polinesiako Gobernuari igorritako dokumentu sekretu bat eskuraturik, Frantziako Gobernuak minbizien eta entsegu nuklearren arteko lotura zuzena egiten duela agertzen zaigu ere–. 2017ko e-posta trukaketa konfidentzial bat lekuko, Frantziako armadak berak onartzen du 1966tik 1974ra bitarteko probetan parte hartu zuten 6.000 militarretatik 2000ri gutxienez minbizi bat agertu zitzaiela.

Mururoa Files-ei esker kalte-ordainak eskuratzeko bidea erraztea espero dute ikerlariek. Gaurko egunean bakarrik 454 pertsonei zaie mina aitortu –hauetan soilik 63 direlarik bertako herritarrak– eta eskaeren %80 dira errefusatuak, inolako justifikaziorik gabe. Dena dela, Frantziako Estatuak sekulan ez die barkamenik bideratu biktimei. 2018an Nazioarteko Zigor Auzitegian salaketa jarri zuen Frantziako Estatuaren kontra Oscar Temaru bertako independentistak, gizateriaren kontrako krimena leporaturik. “Kolonialismo nuklearraren ondorioz hildako guztien izenean” erabaki zuen Justiziara jotzea, noizbait egia eta aitortza lortzeko helburuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


Irango programa nuklearra eraso? Adituek diote ezetz, denboraren orratzak baietz

Tel Avivek Irango programa nuklearra erasotzea hipotesia baino gerta litekeen zerbait dela esateko, atzera begiratu du hedabide ugarik: 1981ean Iraken eta 2007an Sirian, ehiza-hegazkin israeldarrek erreaktore bana birrindu zuten. Baina aurrekari horiek ez dute zer ikusirik... [+]


Bakerik ez hibakushentzat

Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]


Zer dira Mendebaldearen mehatxuei erantzuteko Errusiak erabiltzekoak dituen arma nuklear taktikoak?

Urrats berri horren berri eman du Errusiako Defentsa ministerioak maiatzaren 21ean, zehaztuz "Mendebaldeko arduradun batzuen mehatxuei" bideraturiko erantzuna dela. Oraingoz, arma nuklear taktikoak ez dira inoiz erabiliak izan, hain zuzen, suntsiketa gaitasun... [+]


2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


Munduan 13.000 arma nuklear ditugu, eta aktibatu ez izana zoriari ere lotu beharra daukagu

Ofizialki bederatzi estatuk dituzte arma atomikoak, eta horien %90 Errusiaren eta AEBen eskuetan da. 1945eko abuztuaren 6an eta 9an AEBek Hiroshimara eta Nagasakira jaurtikitakoez geroztik eraso atomikorik berriz bideratu ez izana "disuasio-printzipioari" lotu zaio... [+]


2023-02-21 | Leire Artola Arin
Errusiak AEBekin arma nuklearrak kontrolatzeko zuen ituna moztu du

Putinek nazioari buruzko urteroko hitzaldian jakinarazi du “antzerki hutsa” dela akordio hori. Mendebaldeari egotzi dio gerraren erantzule izatea, eta Errusia soilik “indarra erabiltzen” ari dela “defendatzeko”. Armak “masan... [+]


2022-10-07 | Mikel Aramendi
Aiene batean

Galtzeko arrisku handirik gabeko apustua da gainean dugun Kubako misilen krisiaren 60. urteurrenaren harira norbaitek gogora ekarriko duela “telefono gorria” abian jarri zela orduko bi potentzia nuklear nagusien artean. Besterik ez bada, esateko ditxosozko telefono... [+]


2022-10-04 | CTXT | Rafael Poch
Inperio borrokalariak
Erokeria suizida bat

Kubako misilen krisiak hirurogei urte beteko ditu hilabete honetan. Gaur egun antzeko egoera batera hurbiltzen ari gara, baina iritzi publikoa ilargian dago.


Rio de Janeirotik dator Uranioaren Zinemaldia maiatzean, atomoaz estalitako egiak erakustera

Gerra atomikoa, uranio meatzeek lagatako kalteak, zentral nuklearren hondakinak, klima aldaketari aurre egiteko balio ote dezakeen industria nuklearrak… Horiek eta energia atomikoaren  beste hainbat osagai eta ikuspegi jorratzen dituzten filmak erakutsiko dira... [+]


PODCAST 2x21 | Ukrainako gerran esnatu da gerra nuklearraren izua, Kubako misilen krisiaren 60 urteurrenean

2022ko otsailean gerra berpiztu da Europan, herrialde baten inbasiotik harago kontinente osoa eta agian mundua sutuko lukeen gerraren beldurra. 24an Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuela jakin araztearekin batera deklaratu zuen Vladimir Putinek: “Norbaitek asmorik... [+]


Eguneraketa berriak daude