Koch, kearen atzeko itzala

  • Sigfrido Koch Bengoechearen senideek Donostiako San Telmo Museoari emandako argazki bildumetan, orain arte sekula argirik ikusi gabeko argazkiak daude. 1936ko Gerraren krudela suma liteke hildako gorputzetan, hegazkinen eta misilen orden perfektuan, eta kiskalitako eraikinen hezurduretan, Durango, Zornotza edo Gernikakoak kasu.

Errepublikar hegazkinen eskuadrila Ebroko frontean. Sigfrido Koch Bengoecheak tropa frankisten atzeguardian atera zituen argazkiak, bonbardaketak egiten zituen abiazio italiar eta alemaniarrari ere bai; baina 231 argazkiz osaturiko gerrako albuma ezkutuan
Errepublikar hegazkinen eskuadrila Ebroko frontean. Sigfrido Koch Bengoecheak tropa frankisten atzeguardian atera zituen argazkiak, bonbardaketak egiten zituen abiazio italiar eta alemaniarrari ere bai; baina 231 argazkiz osaturiko gerrako albuma ezkutuan eduki zuen. (arg.: Sigfrido Koch Bengoechea / San Telmo Museoa)

Argitaragabeko gerra zibileko argazkiak ez dira egunero topatzen, dokumentu historiko baliotsuak dira, 1936ko faxisten estatu kolpeak abiarazitako gatazka hartan gertatutakoa konprenitzeko oso lagungarriak. Horregatik, Sigfrido Koch Bengoechea (1908-1973) argazkilariaren sendiak 2019an Donostiako San Telmo museoari dohaintzan utzitako funtsaren zati batek arreta berezia merezi du: 1937an eta 1938an atzeguardia frankistatik hartutako 231 irudi, 80 urtez ezkutuan izandako album batekoak.

San Telmon ikusgai dira orain argazki ezezagun horiek, maiatzaren 23 arte zabalik den Kearen eta lanbroaren artean erakusketan. Juantxo Egaña eta Lee Fontanella komisarioen eskutik, gerrako argazki horiez gain, beste hainbat eduki paratu dituzte, garaiko aldizkari ilustratuak edo beste hainbat argazkilari ezagunen lanak kasu, Koch-en irudi horiek testuinguruan jartzeko. Erakusketak bi parte zeharo ezberdin ditu: gerrakoa bata, eta gerraostean egindako euskal irudi idilikoek osatutakoa bestea, 1948an País Vasco. Gipuzkoa. liburuan argitaratuak. Nabaria da bien arteko aldea, “galdutako paradisu baten eta berreskuratutako paradisu baten artean dagoen distantzia ikustea” da helburua.

Erakusketa Donostiako San Telmo Museoan dago ikusgai eta bi atal oso desberdin ditu: bata gerrakoa, iluna bezain krudela (irudian), bestea gerraostekoa, Euskal Herri idilikoa adierazten duena, argazkilariak "galdutako paradisu bat berreskuratu" nahi izan balu bezala. (arg.: Urko Apaolaza)

Gerrako albuma

1937ko apirilaren 29an Esteban Urkiaga Lauaxeta atxilotu zuten frankistek, olerkari ezagun eta Gudari aldizkariko zuzendaria. La Petite Gironde-ko korrespontsalei erakusten ari zen Gernikan egun batzuk lehenago bonbardaketak utzitako txikizioa. Cóndor Legioaren sarraskiaren irudiak mundu osora zabaldu zituen nazioarteko prentsak egun horietan. Ekainaren 11n Lauaxeta Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten.

Ingurumari horretan Sigfrido Koch Alemaniatik itzuli berria zen, bere familiarekin –aita kontsul alemana zen eta pasaporte diplomatiko orri esker erbesteratu ziren gerra lehertu zenean lurralde hartara denbora batez–. Gernikan, suak jandako eraikinak jaso zituen kamerarekin, baita Zornotzan, Galdakaon eta Durangon ere; gerra frontearen beste aldetik ordea, frankisten aldetik.
Ondoren argazki horiek ezkutatu egin zituen. Zergatik? Ez dakigu, baina bistan da deserosoak zirela beretzako: “Argazki horiekin ematen du galderak egiten ari dela etengabe”, dio museoko gidak egunotan antolatutako bisitetako batean.

Gerrako album original zaharkitua ere ikus daiteke erakusketan, irudi guztiak erabat zuzen jarrita, baina kronologia eta geografia orden espezifikorik gabe. Herri suntsituez gain, Burdinazko Gerrikoa-ren irudiak daude, baita gorpu fusilatuenak ere, Bilboko Artxandako bidean edo Derioko hilerrian: “Argazkilariak balaz txikitutako hormak erakusten dizkigu –azaldu zuen Egañak Kochen bizitza eta obraz emandako hitzaldian–. Sigfridoren argazkiak dokumentu bakarra dira, denak batera testigantza paregabekoak”.

Fusilatuak Bilboko hilerrian; horma horretan tiroek utzitako zuloei ere irudiak atera zizkien Koch Bengoecheak. (arg.: Sigfrido Koch Bengoechea / San Telmo Museoa)

Atentzioa ematen dute Ebroko frontean abiazio italiarrari eta bonbei ateratako argazkiek –1938an Donostiako Kursaalen frankistek “etsaiari harrapatutako armen” inguruko erakusketan hartu zuen parte–, argiarekin gerra moderno eta futurista  harrapatu nahi izan balu bezala. Izan ere, Sigfrido Kochek zenbait argazki hegazkin aleman eta italiarretatik atera zituen. Ze harreman zuen haiekin? Erantzuna konplexua da, bere eta bere familiaren biografiari erreparatuz behintzat.

“Gauetik goizera dena ondoratzen da”

Sigfrido Kochen aita, Willy Koch, XIX. mende amaieran iritsi zen Donostiara Alemania iparraldeko herri batetik eta Benjamin Resinesekin argazkilaritza teknikak ikasi ondoren estudioa ireki zuen Gipuzkoako hiriburuko Askatasunen hiribidean. Maria Magdalena Bengoechearekin ezkondua, lau seme-alaba izan zituzten eta argazkilari familia ezaguna bihurtu zen. Sigfridok ez ezik, bere anai-arrebek (Willy, Carmen eta Pablo), bilobek eta birbilobek ere egin dute ibilbidea lanbide horretan.

Sigfrido tropa frankisten atzetik abiatzen da, askotan egun luzetako bidaietan, gerraren atzealde horren itzalak klik eta klik harrapatuz, nahiz eta ez dakigun zerk motibatu zuen horretara

1936ko irailaren 13an nafar erreketeak Donostian sartu zirenean, kochtarren estudioa arpilatu zuten; familia osoa Alemanian erbesteraturik zegoen jadanik. Sigfridok –Iñaxi Arrutirekin ezkondua eta haurra izan berria– eguneroko antzeko zerbait idatzi zuen garai haietan, eta bere burua “apolitiko” gisa zuen arren, jatorri alemaniarra izateak konpromiso batean jarri zuela aitortzen du: “Gaur, joko zelai politikoan nahastuta aurkitzen dut nire burua, (…) munduak gurea zirudien eta gauetik goizera dena ondoratzen da”.

Koch familia ez zen frankista, are gutxiago nazien aldekoa –aitak errepresiotik ihesi zihoazenei lagundu zien–, baina bestalde, bere germanofilia nabarmena zen. Hala, euskal eta alemaniar aberriak maitatzea gauza bera ziren argazkilariarentzat. 1937ko udaberri aldera Euskal Herrira itzuli zirenean, Sigfrido tropa frankisten atzetik abiatzen da, askotan egun luzetako bidaietan, gerraren atzealde horren itzalak klik eta klik harrapatuz, nahiz eta ez dakigun zerk motibatu zuen horretara. Hor ikusiko dugu alemanen hegazkinetan igota edo Jose Varela jenerala erretratatzen, haren eskaintza eta guzti.

Gernika kiskalia izan ondoren, suntsipenaren ikuspegia (arg.: Sigfrido Koch Bengoechea / San Telmo Museoa)

Bigarren Mundu Gerran Wehrmacht-ak hiru anaiak errekrutatzen ditu nazien alde borrokatzeko ekialdeko frontean eta Italian. Frontetik ihes egin, atxilotu, berriz ihes egin… Baionan bukatuko dute, erresistentziako kide baten etxean ezkutatuta, eta gerratik itzulitakoan, pistola bat koltxoi azpian dutela lo egingo dute hiruek, errepresaliatuak izateko beldurrez: “70eko hamarkada erdialdean Urumea ibaian amaitu zuten arma horiek”, dio Egañak.

Soldadu frankistak tanke errusiar baten aurrean bere gidari errepublikar ikaztuarekin (arg.: Sigfrido Koch Bengoechea / San Telmo Museoa)

Sigfrido ez zen gerra argazkilaria, ezin dugu Robert Cappa baten mailan jarri. Bere argazkiak hotzak dira, “gordinak” akaso, Lee Fontanellak erakusketaren katalogoan idatzi bezala, baina ez ziren Gernikan gertatutakoaren gezur-harresia eraisteko sortu; horretarako George Steer kazetariaren kronikak edo Herbert R. Southworth historialariaren lanak ditugu. “Uste dut –jarraitzen du Fontanellak– Sigfrido Koch Bengoechea, bere lanaren bidez, nolabaiteko ordena ezartzen ari zela kaosean, baina ez dakit ziur gertaerak berak irrazionalak iruditu ote zitzaizkion, nahiz eta, gerra bat egotea deitoratu zuen”.

Erakusketa honek argazkilariaren bestelako ikuspegia ematen digu beraz, eta iradokitzen digu gerrako argazkien funtzio pertsonalago bat, agian askatzailea ere badena, kearen atzeko itzala islatzeraino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Muga-zergek depresioa areagotzen dute

Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.

Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]


Erromatar gorpuak Vienaren zimendu

Vienako Simmering auzoan kirol-zelai bat berritzeko lanetan ari zirela, 150 gorpu dituen hobi komuna topatu zuten 2024ko urrian. Erromatar legionarioak zirela ondorioztatu dute, eta K.o. 100 urte inguruan hil zirela. Edo, hobe esanda, hil zituztela. 

Gorpuak edozein... [+]


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Eguneraketa berriak daude