“Ez etxerik gabeko jenderik, ez jenderik gabeko etxerik” irakur daiteke Kanaria Handiko Maizterren Sindikatuaren (Sindicato de Inquilinas de Gran Canaria, SIGC) webguneko goiburuan. Kolektiboa 2017an sortu bazen ere Kanaria Handiko Federazio Anarkistaren (FAGC) ekimenez, urte batzuk egin behar dira atzera sindikatuaren esperientzia metaketa eta egituraketa ulertzeko. Etxebizitza beharra dutenengana hurreratzen eta premia horren politizazio lanetan jardun du sindikatuak sorreratik; auzoz-auzoko lana, gertukoa, garatu dute, instituzio eta “legalismoetatik” at. Orain arte ikusgarritasun handirik izan ez duen kolektiboa da, beharbada “ilunpeko” lan horren albo-kaltez. Euskal Herrian etxebizitza, auzo eta zaintza sare kolektiboak loratzen ari diren honetan, Kanaria Handiko Maizterren Sindikatuaren borroka dakargu: klase moduan, partekatzen ditugun problematiken aurrean batzea eta ahalduntzea besterik ez dugulako.
M-15 mugimenduaren harira, Kanaria Handiko Las Palmas hiriburuko San Telmo plaza esanguratsuan kanpamentua finkatu zuten bertan biltzen zirenek, Espainiako Estatuko beste hainbat eta hainbat plazetan bezala. Etxerik gabeko jende andanak hantxe topatu zuen aterpea, eta militante eta manifestariekin elkarbanatu zuten espazioa. Baina kanpamentua hustera behartu zituzten: militante eta manifestariak haien etxeetara bueltatu ziren, etxerik gabeko jendea berriz, kale gorrira. Testuinguru horretan, Kanaria Handiko Federazio Anarkistak Pensión París deituriko eraikina okupatu zuen, San Telmo plazatik kaleratuak izan ziren etxegabeek aterpea izan zezaten. Kanaria Handiak pairatzen duen etxebizitza arazoaren aurrean eta barne eztabaida fase baten ostean, borroka hasi berriari jarraipena emateko konpromisoa hartu zuen federazioak. Bi oinarriren inguruan eratzen da kolektiboaren estrategia: beharrizan baten asetzea, etxebizitza-eskubidea bermatzea alegia; eta ondoren, behar hori politizatzea. Pensión Paríseko lehen okupazio esperientzia hartatik 2017ra arte, federazioak okupazio saiakera ugari gauzatu ditu, batzuk besteak baino arrakastatsuagoak. Urte horretan sortu zen Kanaria Handiko Maizter Sindikatua, federazioak okupatutako eraikinetan bizi diren komunitateak lagundu –judizialki batez ere– eta babesteko helburuarekin.
Kanariar Uharteek dute Espainiako Estatuko langabezia eta haur-txiro tasa handiena, eta bigarren soldatarik baxuena. Aldi berean, etxegabetzeen indizea ikaragarri altua da: pandemia aurretik 900 etxegabetze eman zitezkeen hiru hilero. Uharteetako etxebizitza hutsen kopurua, aldiz, 138.000 ingurukoa da. Horri, batu behar zaizkio gentrifikazio prozesu gero eta ugariagoak, turistentzat bideratutako zerbitzuak, espekulazio urbanistikoa, eta oro har hirugarren sektorearekiko dependentzia ekonomikoa. Hein handi batean, uharteak turisten gozamenerako espazio bilakatu dira, eta Kanaria Handia horren adibide garbia da. Kanaria Handiko Kabildoak (Kanaria uharteetako bakoitza gobernatzen duen erakundea) orain arte emandako erantzuna etxebizitza gehiagoren eraikuntza izan da, beraz argi dago instituzioetatik espekulazioaren eta etekinaren aldeko apustu hutsa egin dela. Porlanez estali dituzte erabaki ez eraginkor instituzionalek eragindako okerrak.
Arazoaren ondorioez argi mintzatu zaigu sindikatua: “Auzo batera hurbiltzen zaren heinean gabezia ugari ikusiko dituzu. Zirkuitu turistiko ofizialetik ateraz gero, miseria ugari ikusiko duzu, guk ikusten duguna alegia. Hurbiltzean ikusten dugu jendea bizi dela kobazuloetan, kontagailu geletan, autoetan... Orduan, lehenbizi FAGCk eta gerora sindikatuak planteatu dutena egoera leheneratzea da: etxebizitzak berreskuratzea”.
“Etxebizitzarena funtsezko auzia izanik, uste dugu berau berreskuratzeko aukerarik onena ekintza zuzena dela. Horrela hasi ziren komunitateak, horrela hasi zen FAGCen etxebizitzaren aldeko borroka”, azaldu dute sindikatuko kideek.
Egun, zazpi komunitateetan parte hartzen du sindikatuak, guztiak Kanaria Handiko uhartean: Telde herrian dagoen La Ilusiónen, Arucas herriko Los Girasolesen, Terorko komunitatean, batez ere migratzaileak jasotzen dituen hiriburuko Las Masíasen, Juan Grande herri inguruetan dauden barrakoietako komunitatean, San José del Alamokoan eta Guían dagoen La Esperanzan. Azken hori da, behar bada, esanguratsuena. Komunitateak autogestioaren bitartez kudeatzen dira, eta sindikatutik zein federaziotik antolaketa ereduak proposatzen badira ere, komunitateek dute azken hitza: “Bizilagunak antolatu eta erabaki dezatela komunitateko eguneroko auzietan nola jardun. Ez gara han bizi, beraz ez dugu ezer esateko. Egia da nolabaiteko itun asoziatibo bat sinatzen dugula, minimo batzuk errespetatu daitezen, eta errespetatzen ez badira sindikatua zuzenean aldentzen da. Babes juridikoa emateaz arduratzen da batik bat sindikatua. Etxegabetze abisu baten aurrean, edo antzeko problematika baten aurrean, orduan esku hartzen du sindikatuak”.
Hainbat modutan antolatu dira komunitateak. Proposatzen zitzaien eredu asanblearioaren bitartez batzuetan, non komunitatea osatzen duen orok rol aktiboa duen kudeaketan, erabakiak hartzean, eta abar. Beste batzuetan berriz, erabaki eta parte hartze ezaren ereduari jarraitu diote; hau da, rol aktiboa pertsona bakarrak hartzen duen antolaketa moduari. Aipagarria da komunitateak maiz konturatu direla pertsona konkretu baten ardurapean dauden ardurak haiek ebatzi ditzaketela, martxan duten kudeaketa-eredua zalantzan jartzeko gai direla erakutsiz. Esan daiteke zentzu horretan gauzatzen dela sindikatuak oinarrizkotzat duen subjektuaren politizazioa; komunitatearen politizazioa, alegia.
Etxebizitza esparruan dauden miseriak are gehiago azaleratu diren honetan, sindikatua 2020ko martxotik ari da alokairu gehiegikerien kontra borrokan, eta apirilaren 1ean inflexio puntua izan zen “alokairuen greba” aldarrikatu zuen. Maizterren aldeko aholkularitza lanean dihardu gau eta egun: mugikorreko dei zein mezu sarrera-ontziak dira horren isla. Hileroko alokairua are itogarriagoa bihurtu da pandemiaren eraginez ezarritako neurrien ondorioz, eta etxebizitza ordaindu ezinik, jende andana egoera prekarioan eta etxegabetze arriskuan dagoela salatu du sindikatuak. Gainera, maizter asko ezin dira Espainiako Gobernuaren diru-laguntzen onuradun izan, ez baitute horiek jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen.
SIGC: "Etxebizitzarena funtsezko auzia izanik, uste dugu berau berreskuratzeko aukerarik onena ekintza zuzena dela"
“Alokairuaren ordaina etetea exijitzen genuen grebarekin, [Espainiako] Gobernuak 11/2020 Lege Dekretua aplikatu aurretik. Baina gobernuak jabeen aldeko hautua egin zuen”, azaldu du sindikatuak. Dekretu horretan alokairuaren ordainketa “errazteko” baliabide batzuk ahalbidetzen dira, baina soilik jabe handien jabetzei aplikatzen zaizkie. Hau da, Espainiako Gobernuak bederatzi jabetza edo gutxiago dituen etxejabeari jabe txiki deritzo, eta aldiz, hamarretik gora duenari jabe handi. Dekretuak azken horien jabetzetan du eragina, eta hortaz soilik jabe handiei ordaintzen zaizkien alokairuei aplikatzen zaizkie ordaintzeko “erraztasunak”. Abenduaren 22an 37/2020 Lege Dekretu berria onartu zuen gobernuak; apenas egon da aldaketarik, baina horretan ere jabe handien aldeko konpentsazio ekonomikoak nagusitzen direla salatzen du sindikatuak: “Oraingoan okupak hartu dituzte kontuan, baina betiere etxejabe handia baldin bada. Arazoa da administrazioak duen etxebizitza-publikoen parkea ez dela nahikoa alternatiba duina eskaintzeko. Ikusiko dugu noiz arte irauten duen, sostengaezina delako”.
2020 urte amaieran egun batzuetako atsedena hartu zuen sindikatuak, urteko joan-etorriaren inguruan hausnartzeko. Urtarrilean lau urte bete ditu kolektiboak eta parte-hartzeko gogotsu dauden kide berriak gehitu zaizkiola eman du aditzera. Landatutako hazia hasia da porlanaren artean loratzen.
Urteetako esperientziak erakutsi dio sindikatuari komunitateen funtzionamendua eta antolaera hobea dela kanpo-gatazka bat dagoenean, izan udalarekin, Poliziarekin, edo bankuekin. Guztiok partekatzen duten arazoaren aurrean batzea besterik ez dutenean, orduan berrindartzen da komunitatearen osasuna. Hargatik, sindikatutik garbi dute gatazka erabili behar dela komunitatea ahalduntzeko, eta horretarako ezinbestekoa dela giza-ehuna sortzea. “Jendea elkar ezagutu dadila, ulertu dezatela problematika bera pairatzen dutela. Azken finean, arazo komunak batzen ditu, hori da nabarmendu behar dena. Uste dugu loturak sortzeko modua gatazkaren bitartez dela, gatazkarantz joanez”, diote. Etxebizitzaren problematikaren inguruko gatazka abiapuntua litzateke aipatutako giza-ehuna sortzeko, jendea elkar ezagutzeko haien auzo eta komunitateetan. Ehun hori saretu ahala, norbanakoaren politizazioa ere ematen da, nolabaiteko ahalduntze indibiduala.
“Problematika komuna partekatzeak kontzientzia komunitarioaren garapena ekarri dezake, eta hori sindikatuak kudeatzen dituen komunitateetan azaleratu daiteke”, deritzo sindikatuak.
Etxebizitzaren problematika klase perspektibatik aztertuta, ikusten da nola eragiten duen berdin-berdin Kanaria Uharteetan zein Euskal Herrian. Sistema heteropatriarkal kapitalistak sortzen dituen miseriek batzen gaituzte, eta horren jakitun ahalik eta azkarren egin behar gara: antolatu eta gatazkarantz jotzeko, ahalduntzearen bidean betiere. Kanaria Handiko Maizterren Sindikatuak ildo horretan egiten du lan: problematika konkretua seinalatu eta horren aurka egin. Ez militantez osaturiko taldeekin, baizik eta auzoko jendeak osatzen dituen komunitateekin, ahalduntze bidean dauden subjektuen indarrarekin.
Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.
Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik... [+]
Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.
Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]
Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]
Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Abenduaren 14an etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, etxebizitza sindikatu nagusiek deituta. “Doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka” mobilizatzera dei egin dute. Ane Salvador... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]