Hilaren 15ean izan zen Ikuspuntu jaialdiaren hasiera-ekitaldia Iruñeko Baluarte Jauregian. Marina Lameiroren Dardara filmak ireki zuen zinema astea, Berri Txarrak musika taldearen azken biran errodatutako lanak. Bata bestearen atzetik, hamaika film ikusteko parada izan da; jarraian, bertan eskainitako hainbat harribitxiren berri.
Ez diren gauzak ere badira” esaldiaz egin zuen jaialdiak aurtengo tesia. Iruñean urtero martxoa aldera antolatzen den ekimenak ez du dokumental klasikotzat ezagutzen ditugunen bilduma izan nahi; hortik urruti, ikuspuntu kokatua, proposamen esperimentalak eta fikzioarekiko mugen hausteak bilatzen dira. Leloak proposatzen duen anbiguotasuna, beraz, ezin hobeto datorkio jaialdiari.
Hari horretan, Lameiroren filma da aipatzen genuen ikuspuntu kokatuetako bat. Zuzendariak Berri Txarraken “Ikusi Arte Tour 2019” biran oinarritutako lana egin du, baina taldea zentroan jarri beharrean zaleengan fokua jarrita. Horrela, musikaren bitartez sortzen diren harremanak erretratatzen ditu Lameirok, baita Berri Txarraken jarraitzaileen profil askotarikoak ere. Zuzendariak sentsibilitate handiz hartu ditu subjektibitate ezberdinak iruditan, Alemaniatik hasi, Mexikotik igaro, Japoniatik itzuli eta Euskal Herrira begira.
Musikazaletasunaren ertz ezberdinak ukituz lortzen du filmak oso berea eta aldi berean orokorra ere izan daitekeen harremana jasotzea. Ohikoa eta zabala da, artearekiko filia berezia jasotzen duen aldetik; berariazkoa, ordea, garai zehatz bati, inguru konkretu horri eta hainbatentzat horren garrantzitsua izan den taldeari buruz ari baita. Dardara aldendu egiten da rockstar erretratua egitetik, protagonistak jainkotzetik edo haien arteko zurrumurru morbosoak azpimarratzetik. Horren ordez, Lameiro lerratu egiten da hain ezagunak bilakatu diren musikariengandik fansetara. Mugimendu horrekin erdi-puntuko lana lortzen du, zeinetan dokumentalak eta musika-taldeak topo egiten duten. Jada ez da kontzertu bat, edo film bat. Bien arteko elkarrizketa horretan sortzen da espazio bat zeinetan aurretik taldearekiko emozio horiek bizi izan edo ez, ikuslea gai den ulertzeko filmatua den pertsonak sentitzen duena. Gero norberak lotuko du hori dituen bizipen propioekin; dela beste kontzertu batekin, artelan batekin, liburu batekin edo filmarekin berarekin. Beharbada, zuzendaria zale amorratua ez izateak laguntzen du ikusle oro errealitate horrekin lotzera, bere begiradarekin ikusiko bagenu bezala. Lameirok egindako ekarpen handia da, era berean, protagonisten heterogeneotasunarekin konektatzera garamatzan gonbita.
Jaialdiak euskal laburmetraientzat eskainitako “Paisaia” atalaren baitan, Lur Olaizolaren Zerua blu, María Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos, Peio Aguirreren Un retrato de N.B. eta María Sánchezen Agiña eskaini dira. Nork bere moduan landuta, omenaldi bat egiteko lau saiakera dira, beste norbaiten bizira gerturatzea islatzen dutenak. Atal honetan erakusten duen bigarren lanean, Lur Olaizola Mamaddi Jaunarena ortzaiztarrarengana hurbiltzen da, zeina 1954ean New Yorkera joan zen itsasontziz, zazpi egun eta zazpi gaueko bidaian.
Zinemarekiko loturak abiatzen du Mamaddirekiko bidaiatzeko desira eta Olaizolaren filma egitekoa. Nolabait, hori dute biek amankomunean. Olaizolak Uztaritzeko artxiboan ezagutu zuen Mamaddiren testigantza, eta horrek eraman zuen gero filma egitera: garaian gaztea zen protagonistak film batean ikusi zituen Ameriketako Estatu Batuen inguruan eraikitzen ziren iruditegiak, tartean auto deskapotablea eta zerua blu. Paisaia horien atzetik bidaiatzeko grinak mugitu zuen Mamaddi itsasoz bestaldera promestutako munduaren bila, eta pixkaka errealitatearekin egin zuen topo, ezagutu ahala. Istorioa amonaren eta bilobaren artean kontatua da, belaunaldi batengandik bestearengana gauzak transmititzen diren erara, sotilki; bizi esperientziak horrela jasoak baitira. Filma da, hain zuzen ere, istorio bat jasotzeko modua, eta horrela jartzen dira harremanetan memoria, artxiboa, erregistroa eta etorkizuna. Iraganerako bidaiak norbere ametsen arintasunaz pentsatzera eraman gaitzake.
Sail ofizialean eskaini da, beste behin ere, Jorge Moneo Quintanaren In Ictu Oculi (Begiak hesteko artean) lan dokumentala. Ikuslegoaren saria jaso du filmak, gainera. Aurretik Orbainak erakutsi ondoren, horrekiko nolabaiteko lotura egiten du labur honek, aurrerapenaren eta denboraren igarotzeari dagokionez. Kasu honetan, artxiboko irudietan murgiltzen da zuzendaria, historian zehar altxatutako eraikuntza enblematikoen garapen eta eraisteak elkarren ondoan jarri eta esanahi berriak sortzeko. Atzean utzitako pausoen arintasunaz eta horrek duen pisuaz eginiko hausnarketa da.
II. Mundu Gerran, judu jazarria izanik idatzi zituen Walter Benjaminek historiaren inguruko tesiak. Bertan, historia idaztearen ilunak agerian jarri zituen, hau da, garaileek idatzitako bertsioaren zapalkuntzak. Bere ustetan, ez omen zegoen garaipen ikurrik era berean herio-ikur ez zenik, eta ezin ahantz zitekeen idazketa unea gertakarien osteko irakurketa zenik. Era horretan eragin du askotan arte garaikideak: mundu modernoaren hausturaren zain egon eta bere pitzaduren zirrikituetatik idazten. Moneoren filmak gelditu diren arrastoekin egiten du lan, dituen irudien zaharkitzearekin jolastuta. Garaiko erregistro diren argazkien hondatzearekin desagertuz doa aro bati dagozkion monumentaltasuna, era berean, egungo mundu proiektuaren aurrekari ere badena. Posmodernitatean bezala, gelditzen diren errautsekin osatua da filma. Begiak hesteko tarte horrek ematen dio aukera gure aurrean igarotzen ari denari gertatzeko, guk bertan dugun partaidetzaren ardura sentitzeko ia astirik gabe. Zinemaren beraren trikimailua da hori, begiak hesteko tartean pasatzen diren fotogramen osotasuna, mugimendu bezala interpretatzen duguna, ia ohartu gabe. Soinuaren erritmoak geldiezina den mundu mailako obraren panoramikan sartzen gaitu, bertatik nola irten jakitera iritsi gabe.
Ikuspuntu jaialdia izan zen iaz modu presentzialean ikusteko aukera izan genuen azken zinema jaialdia. Pandemia-egoera etorri zen gero, jaialdi batzuk bertan behera utzi behar izan zituzten, batzuk online eskaini dira, eta aforo mugatuarekin gauzatu dira besteak. Efemeride ezberdinek gurutzatu dituzte aretoak egunotan, barnetik eta kanpotik, badiren eta ez diren gauzen artean igerian. Dokumentatzeko modu anitzak baitaude.
Sartzen zara areto handi batean eta badira: besaulkiak, beltzez jantzitako pertsonak sarrerak eskatzen, linternak, urrutian aurkezle bat mikroa eskutan, aspaldiko lagunak pelikula aurretik urtebeteko bizipenak bi minututan laburtu nahian. Argiak itzaltzen dira eta ilunpean,... [+]
Martxoaren 14tik 19ra bitarte ospatuko da Iruñeko Punto de Vista jaialdia, Baluarte Aretoan eta inguruetan. Jone Atenea iruindarraren Los caballos mueren al amanecer (2022) filmak irekiko du zinemaldia eta beste hainbat euskal zinemagile ere izango dira protagonista... [+]
Kartzelatik atera eta sei urtera, orduko argazki eta gutun artxiboa errepasatzean, ohartu zen Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) lehen aldiz esku artean zeukanaren dimentsioaz. Orduan hasi zen forma hartzen 918 gau, bere militantzia-esperientzia kontatzen duen filma. Iaz... [+]
Uda garaiko egun bero horietako bat da, Kontxako hondartza jendez lepo dago, eta egunero bezala, aldiro, megafonia pizten da. Megafoniatik entzuten diren hasierako hiru tonuen ondoren, ohiko ahotsaren eta mezu programatuen ordez, guztiz ezezaguna egiten zaigun ahots bat entzuten... [+]
Martxoaren 2an zabalduko dizkio ateak Iruñeak zinema dokumentalari eta hilaren 7ra arte gertuko eta urruneko obrak bilduko ditu Punto de Vista jaialdiak ikuspegi kritiko, sortzaile eta esperimentalez. Aste osoan egongo dira ikusgai lan ugari, baita zinemarekin zerikusia... [+]
Martxoaren 2an zabalduko dizkio ateak Iruñeak zinema dokumentalari eta hilaren 7ra arte gertuko eta urruneko obrak bilduko ditu Punto de Vista jaialdiak ikuspegi kritiko, sortzaile eta esperimentalez. Aste osoan egongo dira ikusgai lan ugari, baita zinemarekin zerikusia... [+]
Nafarroako Dokumentalen Nazioarteko Film Festibala gaur hasi eta martxoaren 5a bitarte egongo da martxan. Hamalaugarren edizioa da aurtengoa, eta sei sail izango ditu.
Etxera itzuliko da: Oskar Alegriak duela bi urte utzi zion Iruñeko Punto de Vista zine dokumentaleko jaialdiko zuzendari izateari, eta asteazken honetan jakin denez, festibalaren 2020ko edizioa berak zuzendutako lan batek irekiko du, Venezian estreinatu zen Zumiriki-k.
Punto de Vistan, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian, estreinatu zuen Jorge Moneo Quintanak Orbainak filma. Ekainaren hasieran Madrilgo Filmadrid zinemaldian jarraituko du bere bidea. Gure historia hurbilak denboran zehar utzitako arrastoak miatzen ditu 29... [+]
René Le Henaff zuzendariak hiru dimentsioen teknikarekin esperimentatzeko Euskal Herrian grabatu zuen filma aurkitu du Josu Martinez zinegile eta ikerlari bilbotarrak. Euskadi filmaren lau emanaldi egingo dituzte martxoan, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Baionan.
Oskar Alegriak Punto de Vista –lagunartean Ikuspuntu– zinema dokumental jaialdiko zuzendaritza artistikoa utziko du aurtengo edizioaren ondoren. Hala iragarri du jaialdiak bere webgunearen bitartez, programazioaren berri ematearekin batera. Emak Bakia baita filmaren... [+]
Jose Luis Guerin zuzendariari ia egun osoa eskaini zion Iruñeko Ikuspuntu festibalak joan den larunbatean, hamargarren edizioa itxi aurretik. Goizean L’Accademia delle muse aurkeztu zuen, sarrera onarekin: “EAJren ekitaldian baino jende gehiago elkartu gara... [+]
Guillermo Moncayo kolonbiarrak zuzenduriko Echo Chamber filmak lortu du dokumental onenaren saria, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian.
Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak 9. edizioa egingo du otsailaren 10etik 15era, Iruñean. Dokumentalgintzaz, ariketa zinematografikoez, begiradaz, Ikuspunturen nondik norakoez mintzatu zaigu Oskar Alegria jaialdiko zuzendari artistikoa.