Ez Dok Amairu-ren gidaria

  • Kantagintza berriaren izen lehenetarik bat izan zen. Arrakasta itzelezkoa izan zuen bakarlari, eta Ez Dok Amairuren partaide eta eragile izan zen. Iaz, Xabier Leteren omenezko ekitaldiak batean eta bestean egin zirenean, hantxe izan zen beti edo gehienean Lourdes Iriondoren arima.

(Argazkia: ARGIAren artxiboa)
(Argazkia: ARGIAren artxiboa)

Euskarazko giroa bertatik bertara eta zuzenean bizi izan zuen Joxemari Iriondo kazetariak Loiolako Herri Irratiaren leihotik. Iragan mendeko 50eko hamarkadaren amaieran nahiz 60koaren hastapenean sortuak ziren zenbait irrati, eta Azpeitiako Loiolakoan ari zen bera. Irratiak ez beste ere sortu zen, ordea, garai hartan, Iriondok 2014an Euskal musika giroa 60ko hamarkadan artikuluan idatzi zuenez (Jakin, 200. zenbakia): “Liburu berriak argitaratzea, aldizkariak suspertu eta sortzea, dantzari eta txistularien lehiaketak antolatzea, abesbatzen eta otxoteen arteko zeingehiagokak, euskal kantuari irauli handia ematea, ikastolak sortu eta suspertzea, antzerki taldeak berritu edo sortzea… Mila ekimen, mila iniziatiba”.

Musikaz den bezainbatean, berriz, koru eta abesbatzen tradizioa errotua zen, baina lege zaharreko kantagintzaren aurkiak bazuen bere girbina, Iriondok dioenez: “Itsasoan laño dago, Maritxu nora zoaz, Ara nun diran, Zibilak esan naute, Gitarra zartxo bat… aspergarri egiten hasi zitzaizkigun, edo [haiek aditzen] erabat aspertuak ziren gure irrati-entzuleak. Eta halaxe hasi zen euskal kantugintza berriaren mugimendu hura”. Ez Dok Amairu sortu baino lehen, alegia.

Nonbait ere, euskarazko kantagintza berria Bizkaian eta Bilbon hasi zen loratzen 1957-58an. Kantarietan ziren, esaterako, Robles-Arangiz zortzi neba-arrebak eta, 1960an, esaterako, kantaldia egin zuten Robles-Arangiztarrek eta Txabi Villaverdek Arboti-Zohotako Euskaltzaleen Biltzarrean. Entzuleen artean izan zuten Mixel Labeguerie, “bakarrik eta gitarra baten laguntasunez azaldu zen lehenengo kantaria”, Iriondoren arabera. 1964-1965ean plazaratu zen Labeguerie, eta plazaratu zen Lourdes Iriondo…

Lourdes Iriondoren agertzea

1965eko urte hasieran Andoaingo ikastolaren alde kantatu zuen lehenbizi Lourdes Iriondok, eta ondoren,  Tolosan eta Villabonan. Hala ere, Lourdesen egiazko hasiera 1965eko maiatzaren 6an, hileko lehenengo igandean etorriko zen, Aizarnan, Gazteriaren egunaren karietara. Arrakasta itzela izan zuen kantariak, eta Joxemari Iriondok hurrengo egunean Loiolako Herri Irratian zenbait kanta grabatzeko eskatu zion. “Baietz erantzun zigun asko pentsatu gabe eta, halaxe, Aizarnan kantatu zituen lau kantu ederren ustekoak grabatu genizkion astelehen goizean: Abesten dizut, Jauna; Haurra sehaskan; Arren, Jauna; Amatxo laztana”. Eta Loiolako uhinetatik euskal herrietako mundura. “Astearte goizeko irratsaioan hasi ginen kantu haiek irratiz ematen, eta handik atzera egunean hiru-lau bider eskaintzen genizkien entzuleei Lourdesen perlak. Gogoan dut zer-nolako arrakasta eta itsumena sortu zuten Lourdesen kantuek gure entzuleen artean. Astearte goizean hasi ginen erabiltzen, eta handik aurrera ez zuten deskantsu handirik izan”.

Garagarrilean Zeruko Argia-ren orrialdeetan zen Lourdes Iriondo.

Argazkia: Arturo Delgado, 1976
1965, garagarrilak 13

Zeruko Argian egin zioten lehen elkarrizketa dugu ekainaren 13an argitaratutakoa. “Egunari egunekoa” sailaren barruan ageri da, izenburu honekin: “Mari Lourdes Iriondo erriz erri. Dei guztiei baietza ezin emanik”. Jarraiko Agirre da sinatzaile; Iñaki Beobide, Joxemari Iriondok jakinarazi digunez.

“Azken aldi ontan, eguneko giroari jarraituaz, euskerazko edo euskeratutako abestiak maiz entzuten dira. Batzuek San Remo, Benidorm edo orrelako sariketetan leendabizi izendatuak, eta besteak au dala edo ori dala, ao guzietan dabiltzanak”, hasi da idazten kazetaria, Lourdes Iriondori sarrera eginez: “Gaur dakarkigun neskatxa au ere gitarratxoa lagun dualarik, erri bat eta besteko dei guzieri ezin baietza emanik arkitzen da: ainbeste dei bai ditu”. Dei batetik bestera dabilela ere, Lourdes Iriondok tartea egin dio Zeruko Argiaren elkarrizketa eskaerari. Eta dio, bere hasieraz: “Gaixorik egona naiz luzaroan eta, bitartean, ikasketak utzi bearrean aurkitu nintzan. Urtebete da gitarrarekin ekin niola”. Lourdes Iriondoren hitz horietan bada mamirik franko: “Gaixorik egona naiz luzaroan”. Izan ere, bihotzeko eritasuna antzeman zioten gaztetan, eta, ebakuntza gaitza jasorik, inork baino gehiago begiratu behar izan zuen bere burua Iriondok, bizi guztiko.

Gaixoalditik suspertzean hartu zuen gitarra, inoiz utziko ez zuena. Berak sortuak zituen bere kantetako hitz eta doinuak. Baina. “Letra, ordea, sortutako abestietan, nik erdaraz egiten dut, eta gero nere lengusu Joxe Maria Iriondok euskeratu”. Ez zen nekezia handian ibiltzen kantak sortzeko garaian: “Asarre nagoenean, gitarra ta manetofoia artu, eta abestuaz, abestuaz, sortzen ditut”.

Lourdes Iriondorena kantagintza berria zen, eta horretaz jabetuak ziren batzuk eta besteak. Herriak berritasun hura gustuko ote zuen kazetariak galdeturik, Lourdesen erantzuna: “Ondorenari begiratuaz baietz esan bear. Abesten dan erri bakoitzetik eskutitzak beriala iristen dira, zorionak emanaz  eta erabat letrak eskatuaz. Erria, abesti berri auen egorri da, ta tamalgarria izango litzake guk ez emategatik, irrati edo telebisio bidez ikasitakoak bakarrik abestuko balitu”. Lourdesek artean ez baitzekien Loiolako Herri Irratian bere lehengusu Joxemari Iriondok zein haize emango zien bere kantei.

Garaian garaikoa, eta xalotasuna da inozentzia bezain handia. Elkarrizketa janzten duen argazkia, eskaintzaz dator: “Jarrai-koei, biotz biotzez. Mari Lourdes Iriondo”.

Argazkia: ARGIAren artxiboa
1966, abenduak 11

“Lourdes Iriondo, abeslari. Bihotza eta adimena bere abestietan. Bere bi diska agertuko dira egun gutxi barru” du izenburu Zeruko Argiak dakarren bigarren elkarrizketak. A. J. Ergoienek sinaturik dator eta argitaratzekoak dituen diskoak dira aitzakia. “Bigarren aldia da aldizkari onen orrietan Lourdes’en iritziak agertzen dirala. Orain urte eta erdi, Lourdes abesten asi berria zenean, ementxe egin zitzaion lenengo alkarrizketa. Presentazio bat izandu zen hura. Gaur ez du Lourdes’ek presentaziorik bear, aski ezaguna bai da Euskalerri guzian”. Lourdes Iriondo euskaraz gitarrarekin kantatzen hasi ziren haien artean “lehenengo andereñoa, eta bakarra” zen, eta kazetariak “euskal publikoaren kezkarik” ez al zuen galdetu zion. “Ez. Euskal publikoa oso ondo portatu zen beti nerekin asieratik, eta konfiantza haundiarekin abesten nuen”. Eta, kantatu, hasierako Amatxo, laztana eta gainerakoak baino kanta gogorragoak kantatzen hasia denean, 1966an: “Gogortasun hori ez da nere abestietakoa bakarrik. Toki geienetan orrela da. Bear bada, lehenago abestia gauz polit bat bezela kontsideratzen zen. Esakizun aundirik gabeko gauz arin bat bezela. Gaur berriz, esakizun aundiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira… Abestia era askotakoa izan liteke. Abesti arina; maitasun abestia; dantzarakoa… milla eratakoa. Bainan gaur inoiz baino geiago, abestia herriari bere problemataz itzegiteko modu bat da, batez ere”.

Kazetariak kantaria gehiegi nekarazi nahi ez, beraz, eta amaitze aldera, Ez Dok Amairu taldeaz egin dio galdera. Eta taldeari dagokionez erantzun Lourdesek. “Euskal abestia galtzen ari zala konturatu ginan. Aspalditik, gazte jendeak irrati eta telebisioan entzuten zituen abestiak kantatzen zituan”. Arrazoia, berriz, “euskal gaztediari etzaizkiola abesti zaharrak aski. Boga-boga ez dala aski. Gaztediak garaiko abesti berriak bear ditu. Ontaz konturatu ginanean, euskal abeslari guztiak batu egin ginan eta ‘Ez dok amairu’ taldea sortu genuen (…) Antzinako abesti jatorrak berpiztu egin nai ditugu eta, era berean, abesti berriak sortu, era guztietakoak (...) Gaurkoak izan nai degu, ori da dena”. Horra Ez Dok Amairuren xedea.

Eta laster bi disko argitaratuko zituenez, kazetariak haiez galdetu behar, eta horrek dakarkeen ospeaz: “Nik ez det [fama] ametsik, ez det fama desio; etzait batere ajola. Nik euskal publikoak eskatzen ditalako abesten det, eta orregatik grabatu ditut disko auek, ez beste ezergatik… Euskal abestia mundu guztian zabaldu dedilla; ortan saiatu bear ginake. Ori da ‘Ez dok amairu’-koen ametsa”. Eta, zinez, ez zen debaldetan ari, bazuen taldeaz hitz egiteko bezainbat autoritate.

1967, otsailak 19

Zeruko Argiaren azalera ekarri dute Lourdes Iriondo. Donostian egitekoa den Euskal Abestiaren III. Sariketa da aitzakia, ekitaldia baino zenbait egun lehenago Bilbon egindako entsegua, alegia. Xabier Gereño dugu kazetari lanetan. “Zeruko Argia’ko irakurleak ezagututen doguz ‘Ez dok amairu’ taldeko abeslariak. Eurek ibili dira gure uri ta errietatik euskal abesti barriak zabaltzen. Euskal Abestiaren III. Sariketako kontziertoak antolatuteko orduan, ezin itxi alde baten talde ontako abeslariak. Euren artean, bi aukeratu ziran: Lurdes Iriondo ta Benito Lertxundi”. Eta elkarrizketa txiki bana.

Hantxe irakurriz jakin dugu: “Lurdes Iriondo, ‘Euskal Erri’ren nobia’, Aresti’k deituten dautson lez”. Eta, besteak beste, bere kantagitzaren hastapenen zehaztasunak ematen dizkigu kantariak. “Orain urte bi, gitxi gora bera, ‘Gaztetxu naz’ abestuten ninzalarik, adiskide batzuk entzun neustien eta Andoain’en, jai baten abestuteko deitu. Au izan zan nire lenengo kontziertoa, benefikoa”. Harrezkero, hogei bat kanta ere eginak zituen; azkena, Mao Zedongen poema baten hitzetatik abiaturik egina. Eta Gereñoren galderari, “Zenbat bider abestu dozu jendearen aurrean?”, Lourdes Iriondoren errematea: “170 bider, Euskal Erri osoan”. Galderarik ez hilabete lehenago Lourdesek aldizkarian bertan idatzitako artikuluaz: “Euskalerriko eskaleak”.

1966-1972, Ez Dok Amairu
Lourdes Iriondo gitarra eskuan, ezkerretara Xabier Lete eta Eskubitara Mikel LABoa dituela (Argazkia: Joxe Mari Iriondoren bilduma)

Lourdes Iriondok Kanta zaharrak disko luzea argitaratu zuen 1968an, hain zuzen Xabier Leterekin ezkondu zen urtean. Ordurako, “Lourdes Iriondo” ez baina “Ez Dok Amairu” zen izendapen nagusi. Eta Joxemari Iriondori irakurriz jakin dugu zertan zen Lourdesen autoritatea: “Talde hartan, maila handiko kantari ez ezik, taldekideen animatzaile, han eta hemen antolatzen ziren jaialdien koordinatzaile eta bideratzaile, eta taldeko idazkari izan zen Lourdes (...) taldeko jaialdi bakar bat ere ez zuen huts egin”. Horixe Lourdes Iriondo.

1966ko martxoan plazaratu zen Ez Dok Amairu eta, zazpi urtez, 1972 urte amaiera arte hainbat emanaldi eskaini zituen Euskal Herrian. Haietan guztietan parte hartu zuen Lourdes Iriondok. Eta, hasieran, bera izan zuten gidari.

1975ean Franco diktadorea hilik, 1978ko maiatzean Hernanin eman zuen azkeneko jaialdia Lourdes Iriondok, Xabier Lete, Antton Valverde eta Pantxoa eta Peiorekin: “Saioak behingoz uztea erabaki zuen, Madrilen egindako [bihotzeko] ebakuntza gogorraren ostean”, Joxemari Iriondok esana duenez. Handik goitik, Urnietan egin zuen bidea Lourdes Iriondok, eta, besteak beste, ikastolan lagundu zuen, haurrentzako kantak sortu zituen, ipuinak eta antzerki-lanak idatzi… Eta gisa bertsuan jardun zuen lanean herriko parrokiaren altzoan, koruko lanean nahiz elizkizunetan. Tartean, hala ere, Xabier Leteri jaialdietan laguntzen ere agertu zen.

2005eko abenduaren 27 hil zen Lourdes Iriondo, 68 urte zituela. Hainbat omenaldi jaso zituen hil ondoan. Urnietan, haren izena hartu zuen parke batek, non ezarri baitzuten Jose Ramon Andak kantariaren omenez egindako eskultura. Halaber, haren izena darama herriko musika eskolak ere. Eta iazko urte amaieran Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenean, presente egon zen, gogoan eduki zuten, batzuek eta besteek, Ez Dok Amairuren hauspo haize-emaile izan zena: Lourdes Iriondo Mujika.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


2024-12-06 | Xalba Ramirez
No Nerbioi

Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022

-----------------------------------------------

Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Gabriel Fauré: Requiem bat baino askoz gehiago

Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Eguneraketa berriak daude