“Erradionegazionismoa” ala erresilientzia: Fukushima bizigarri bihurtzeko taktikak

  • Duela hamar urte gertatu zen ezbeharra, Japoniako Fukushimako Daiichi zentral nuklearrean istripua, 2011ko martxoaren 11ko tsunamiak eragindakoa. 1986ko Txernobylgo istripua eta gero, larritasun hein berekoa errepikatu zen 25 urte berantago. Hamarkada pasa da, eta dirudienez herritarrak itzuli daitezke zentralaren inguruetara, bertako lur eta uretan atzeman elikagaiak ere jan ditzazkete arriskurik gabe. Hala dio behintzat Japoniako Gobernuak. TEPCO zentralaren jabearekin eskuz-esku, agintari politikoek marraztu errealitateari so jarri gara; tartean, ezin gordatua dituzten zabor erreaktiboetan ere zentratuz.
     

Izan ur kutsatuak ala mota ezberdinetako zabor erradioaktiboak (babes-materialak, zuhaitzak, lurrak ala beste), benetako arazoa dute agintariek esku artean: argazkian bezala, hamalau milioi metro kubiko zabor erradioaktibo dituzte metaturik (argazkia: Tor
Izan ur kutsatuak ala mota ezberdinetako zabor erradioaktiboak (babes-materialak, zuhaitzak, lurrak ala beste), benetako arazoa dute agintariek esku artean: argazkian bezala, hamalau milioi metro kubiko zabor erradioaktibo dituzte metaturik (argazkia: Toru Hanai / Reuters) Toru Hanai / Reuters


Hamar urte iragan dira Fukushimako zentral nuklearrean gertatu istripuaz geroztik. Hamarkada batez historian gertatu istripu nuklear larrienetarikoa historiako gertakizun soil eta iraganeko detaile bilakarazi du Japoniako Gobernuak. Nazio Batuen Erakundeak ere berriki baieztatu du hango gobernuak behin eta berriz errepikaturikoa: “Istripu nuklearrak ez du ondorio negatiborik eragin Fukushimako herritarren osasunean”. “Erradionegazionismoan” gara Thierry Ribault Contre la résilience, à Fukushima et ailleurs (Erresilientziaren aurka, Fukushiman eta gainerateko lekuetan) liburuaren idazlearen hitzetan, eta hori “apokalipsia ohiko bilakarazteko” estrategia argiarekin.

Erradionegazionismo horrek zifren manipulazioarekin eta egia gordetzearekin errimatzen du. Ondokoa dugu seguraski adibide argienetarikoa: kontaminaziorako langa 20 milisievert-eko erradiaziora igo dute autoritateek –konparazione, Txernobylgo maila baino lau aldiz gorago jarriz; eta CIPR Babes erradiologikoaren Nazioarteko Batzarrak 1 mSv-ko heinean finkatzen du muga–. “Estresa emendatzen” zuelakoan, guneka erradioaktibitatea neurtzeko testak gelditzeko erabaki politikoa hartu izana ere dugu beste adibide bat.

Errealitate –faltsuki– sano hau planteaturik, 2011n husturiko herrietara herritarrak itzularazten dabil aspaldian gobernua. Lehenik eta behin, kostuak ttipitzeko –errefuxiatuentzako laguntza sozialak bukatu dira–. Alderantziz, orain diru-laguntza bideratzen die herrira itzultzen direnei: 1,2 milioi yen edo 9.500 euro gutxienez bost urterentzat bertaratzen den bertako familiari; eta 4 milioi yen edo 32.000 euro aktibitate ekonomikoa abiarazten duenari.

Oroit gara, istripua gertatu bezain laster, zentralaren inguruko herriak husteko manua eman zuela Tokyoko Gobernuak; hastapen batean bi kilometroko perimetrokoentzat, eta laster hogei kilometrokoei ere zabalduz –orotara 80.000 herritarrek migratu zuten beharturik, eta inguruko beste 80.000k hautuz–. Gaur egun soilik 336 km2-koa da hustuketa-eremua –Fukushima eskualdearen %2,5a–. Hamabi herri zituzten 2011n hustu, hamar urte berantago zentraletik hurbilenak diren Okuma, Namie, Tomioka eta Futabara ezin dute itzuli, nahiz eta joan-etorriak egiteko baimena ukan. 160.000 errefuxiatuetatik 120.000 baino gehiago dira zentralaren inguruetara itzuliak. “Pilaturiko traumatismoei gehitzen zaie traumatismo berria itzulerarekin, iraganeko paisaiatik ez zaielako ezer geratzen”, dio Cécile Asanuma-Brice Japonian bizi den soziologoak. Eta nola ez, ingurune erradioaktibo batean bizitzeak dakarren itolarria ere deitoratzen du.

Erresilientzia... Wikipedia-ri segi, “pertsona edo talde batek erresilientzia dutela esaten dugunean, ezbeharrei aurre egiteko gaitasuna dutela adierazten dugu; gerta daiteke, egoera horretatik indarberritua ateratzea ere”. Koronabirusaren krisi globalak gure agintarien ahotan jarri duen nozio hau urte batzuk lehenago bere egin zuen Japoniako Gobernuak.

“Erresilientzia” gora eta behera

Hitz honen erabilpena aztertu du Ribaultek Contre la résilience, à Fukushima et ailleurs liburuan: “Oniritziaren teknologia”, “doktrinatzeko mekanismo ia erligiosoa”, horra zer den beretzat erresilientzia. Istripu nuklearraren biharamunean Erresilientziaren Ministerioa osatu zuen gobernuak, baita erresilientziaren zigilu-markadun lege eta Liburu Zuri andana ere. Ofizialki, herritarren kooperazioa bilatzeko helburuarekin eginak baldin badira ere, bestelako xedea ikusten du Ribaultek: “Katastrofea erlabitizatzeko tresna”.

Sabu Kohso, besteak beste, Fukushima et ses invisibles : cahiers d’enquêtes politiques (Fukushima eta bere ikusezinak: inkesta politikoen kuadernoak) liburuaren egileak ere maniobra hauek ikusten ditu: ingurune erradioktiboan bizitza normalizatu dute. “Krisiaren gestiorako erregimen berria planteatu dute zeinetan herritarrak bahiturik diren”. Egingarritasuna azaltzeko elementu bat zehazten du: “Erradioaktibitatearen ondorioak gradualak dira, ikusezinak eta denboran eta espazioan sakabanaturikoak, ez dira bortizki agertzen”. Hori horrela, arrantza berriz baimendurik dute, Fukushimako elikagaiak kontsumitzeko publizitate kanpainak bideraturik dituzte, eskolak berriz irekirik dituzte, eta beste. Hots, bizitza normala.
Baina, erradioaktibitatea ikusezin baldin badute ere, begi-bistatik desagerrarazi ezinean dute zabor erradioaktiboen errealitatea.

Zaborrak ezin desagerraraziz

Gaur egun zisternetan gordetako 1,2 milioi tona ur kutsatu ozeanora isuri nahian dabil gobernua –euri-ur eta erreaktoreak hozteko baliaturiko urak direla eta, 140.000 litro gehitzen zaizkio arazoari egunero–. Reporterre komunikabideko Fukushima nous a fait entrer dans l’ère du ‘capitalisme apocalyptique‘ (Fukushimak ‘kapitalismo apokaliptikoaren’ aroan sarrarazi gaitu) artikuluan irakurri dezakegu jadanik 300 tona ur kutsatu dituztela egunero ozeanora isurtzen. 2022ko udarako beteak izanen dira zisterna guztiak. Ofizialki, isuri aitzin, elementu erradioaktibo gehienak dira filtraturik, tritioa izan ezik. Baina, ur kantitateak ongi neurtuz eta diluituz gero, larritasuna saihestu daitekeela diote gobernukoek zein zentralekoek.

Bestelako zaborrak ere dituzte: hamalau milioi metro kubiko zabor erradioaktibo dira metaturik –begetal kutsatuak, lur kontaminatuak, babeserako jantziak zein bestelako material erradioaktiboak–. Adibidez, milioika zaku dituzte Cesium 137 elementu erradioaktibodun lurrez beterik, bost zentimetrora karrakatu zutelako zentralaren inguruetako zorua.  Itsasora bota beharrean, bestelako aterabidea dute Japoniako agintariek: erraustegietan guztia erraustu, horrela behintzat segurtasun handiz metatu beharreko materialek leku gutxiago hartzen dutelako. Zentralaren deskontaminazioa erabat bururatzeko beste 30-40 urte beharko dira kontatu. Greenpeacek salatu duenez, zentralaren inguruko herrietara itzultzea eskatua den honetan deskontaminazioaren %15a dute bakarrik buruturik.

Hots, “betikotutako katastrofea” da Fukushimarena, Sabu Kohsoren hitzetan. Oraindik eguneroko errealitate dute 2011ko istripua, baina bestelako errealitate batez estaltzen dabiltza agintariak. Horren lekuko, uda honetan Japonian egitekoak diren Olinpiar Jokoak, sugar olinpikoa zentraletik 20 kilometroetara den herritik abiaraziz hasiko dituztenak. Olinpiar Jokoak aitzin gelditzen den egun kopuruaren berri ematen duen pankarta instalaturik dute Fukushimako geltokian... zehazkiago, berriki arte, airearen erradioaktibitateaz informatzen zuen pantailaren lekuan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Fukushimako ur kutsatua itsasora botatzea onartu du Japoniako Gobernuak

Apirilaren 13an Japoniako Gobernuak erabaki du Itsaso Barera isuriko duela 2011n Fukushiman istripua izan zuen zentral nuklearrean pilatutako ur erradiaktiboa. Bi urte iraungo du operazio honek. Egun kutsatuak diren eta itsasora isuriko diren 1,25 milioi tona ur hauek... [+]


2021-03-11 | ARGIA
Fukushima 2011-2021: Japoniako herri mugimenduek zabaldu nahi dituzten 10 ikasgai nagusiak

Martxoaren 11 honetan betetzen dira 10 urte justu Fukushimako Daiichi zentral atomikoaren lau erreaktoreak matxuratu zirenetik, lehenik lurrikarak eta ondoren maremotoak astinduta. Istripu hartatik eta geroztik –eta urte luzeetarako– laga dituen ondorioetatik... [+]


2020-10-16 | Axier Lopez
Fukushiman kutsatutako milioi bat tona ur itsasora botako du Japoniako Gobernuak

Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearretik milioi bat tona ur kutsatu askatzea erabaki duela jakitera eman dute. 2011n istripua gertatu zenetik kutsatutako ura biltegietan jasotzen aritu dira eta arazo larri bilakatu da.


Fukushimako ur kutsatua Ozeano Barean isuri nahi du Japoniako Gobernuak 2022tik aurrera

Ura metatzen ari da erreaktoreetan 2011ko hondamendiaz geroztik, eta lekurik gabe geratzen ari direla esan du Japoniako Ingurumen ministroak.


Fukushimako haurrek ere badute ‘Ingurumen Gunea’, kutsadura zein polita den ikasteko

Ingurumenaren Sormen Gunea deitzen da eta bertan Fukushima probintziako haurrek ikasten dute nola bizi den gizakia irradiazioen artean betidanik. Antzeko erakusketa gehiago badira, eskualdeko bezala Japoniako gobernuek antolatuak. Diote agintariek fukushimatarrek desdramatizatu... [+]


2019-03-11 | ARGIA
Fukushimako hondamendiaren 8. urteurrena: TEPCOk erreaktoreen irudi berriak erakutsi ditu (bideoak)

Martxoaren 11n betetzen dira zortzi urte Japoniako Fukushiman gertatu zenetik historiako istripu nuklearrik larrienetakoa. Iaz, 2018an, eskaini bazituen lau erreaktoreetatik matxuratuena omen dagoen bigarrenaren lehen irudiak, aurten robota bertan sartzea lortuta berriak eskaini... [+]


Zazpi urte

2011ko martxoaren 11n lehertu zen Fukushimako zentral nuklearra. Telebistan emandako irudiek leherketa unea eta ondorengo laino zuria betikotu zituzten. Hurrengo egunetako eta hilabeteetako albisteetan garrantzi berezia izan zuen Fukushimak, baina egun gure munduak daraman... [+]


Eguneraketa berriak daude