“Bereizi behar da zer den distantzian egin daitekeena, eta zer ez”

  • Lan dinamiketan, harreman eta gatazken lanketetan adituak diren ekonomia sozialeko hiru eragile elkartu ditugu Leitzaranen, indarrean datorren errekaren ertzean: Harago Aholkularitzako Aran Erasun Urtzelaieta, Farapiko Araitz Rodríguez Gutierrez eta Gabriela Errenteria Esparza, eta Arremanitzeko Edurne Mendizabal Tolosa. Nola ari dira lan moldeak aldatzen pandemian? Nolakoa behar luke etorkizuneko lanak? Nor bere ahotik mintzo direla argi utzi dute, goizegi baita taldean adostutako diskurtsorik izateko.


2021eko martxoaren 24an - 07:39
Ezkerretik eskuinera: Gabriela Errenteria Esparza, Edurne Mendizabal Amanda, Araitz Rodríguez Gutierrez eta Aran Erasun Urtzelaieta. Argazkia: Dani Blanco.

“Talde-lana”, “kolektiboa”, “proiektua”, “komunitatea”... hitzak erabiltzen ditugu ekonomia sozial eraldatzaileko lana definitzeko. Nola eragin dio pandemiak horri guztiari?

ARAITZ RODRÍGUEZ: Gurean izugarri. Justu konfinatu baino bi aste lehenago hasi ginen telelana modu adostuan aplikatzen. Etxeko ordenagailuak ere sarean lan egiteko moduan prestatu genituen, eta konfinatu gintuztenean pentsatu genuen: “Eskerrak!”. Bizitza lanarekin uztartzeko beharretik zetorren telelanaren planteamendua, betidaniko eskaera baitzen tarteka etxetik lan egin ahal izatea. Konfinamendu aurretik erabaki genuen: telelana bai, baina ez egunero, bestela talde izaera eta harremanak galtzen baitira. Adostu genuen araua izan zen gutxienez astean hirutan lantokira etortzea. Konfinamendua etorri zen, denok joan behar izan genuen etxera, eta ondoren, bulegora itzuli ahal izan genuenean, aurretik adostuta genuenak jada ez zuen balio. Batetik, bakoitza ezberdin ari delako bizitzen egoera hau eta horrek norbanakoa baldintzatzen duelako; bestetik, etxeko lan erreproduktiboak aldatu egin direlako; eta hirugarrenik, sentitu zelako “orain berriz egokitzera beste aldaketa batera”, eta aldaketa horretara egokitzeak beste erresistentzia batzuk sortu dizkigu. Etxera joatea shock bat izan zen, eta berriz bulegora itzultzea beste shock bat izan da. Eta ez dugu topatzen unerik telelanari buruz bere garaian adostu genuen oinarria berrartzeko. Une honetan, “bakoitzaren neurrira” ari gara [a la carta esamoldea erabili dute mahai-inguruan zehar].

GABRIELA ERRENTERIA: Gainera orain ezin gara denok batera lantokian egon, aforo kontuagatik. Hamar langile gara eta gehienez bost soilik elkartu gaitezke. Beraz, ez da existitzen talde osoa batzeko fororik, eta asko nabari da.

EDURNE MENDIZABAL: Gure kasuan pertsona bakoitzak lanpostu espezializatua dauka, eta horren ondorioz, batzuk asko egoten dira ikastetxeetan, beste batzuek gehiago egiten dute bulego lana, beste batzuek aholkularitza lanak egiten dituzte han eta hemen... gu ere norberaren beharren arabera, “bakoitzaren neurrira” ari gara, baina saiatu gara espazio batzuetan denok elkartzen. Hori erraztu du gure egoitza Iturolan egoteak [Hernaniko elkarlan sorgunea], eta hilean behin talde dinamika lantzeko Harago Aholkularitzarekin Leitzaranen elkartzeak. Lehenagotik ere ez ginen askoz gehiagotan elkartzen guztiok, baina espazio horiei orain lehentasun handiagoa eman diegu. Konplexua da, biltzen garenean ere nola bildu kudeatu behar da, pandemia eramateko bakoitzaren moduaren arabera: leiho guztiak irekita, mantekin... kontraesan asko eta gatazkak kudeatzea tokatu da.

ARAN ERASUN: Guretzat ariketa nagusia izan da hasieratik elkarrizketa iraunkorrak izatea, shock egoera batean hitzarmenak egiten aritzeko, etengabe. Egoerak aukera eman du genituen moldeak birpentsatzeko: lehen bezala ezin du izan, beraz, beste molde bat bilatu behar da. Hor sortu diren elkarrizketetan beharrez hitz egin da. Talde batzuetan ohitura dago beharrez hitz egiteko baina beste talde askotan ez. Eta oraingoan ezinbestekoa izan da: “Nik behar dut distantzia”, edo “nik behar dut kontaktua”, edo “behar dut zurekin egon”, edo “behar dut zaintza kudeatzeko etxean denbora gehiago egotea”.

Guri baliagarri izan zaiguna malgutasuna izan da. Nik orain lehen baino denbora gutxiago pasatzen dut gure espazio komunean, onurak sumatu ditudalako nire bizitza pertsonala uztartzeko moduetan: topatu dut etxetik noiz eta zertarako ari naizen primeran.

Baina orain baliagarri zaiguna, hemendik bi hilabetera agian ez zaigu baliagarri. Gauzak adosten ditugu, baina elkarrizketak etengabe egin behar ditugu, zeren emozionalki aldatuz goaz eta beraz, egun batean gauza bat behar dugu eta beste egun batean beste zerbait. Logikoa da, etengabe aldatzen ari den egoera honek asko eragiten digulako. “Bizitza erdigunean” esaten da baina ja! Zer esan nahi du horrek? Nire ustez, beharrez hitz egitea eta talde agendetara ekartzea. Hori behintzat ekarri du pandemiak, eta mugitu, aldatu, egokitu beharra. Eta horrek inbertsio bat eskatzen du taldean eta denboretan.

A. RODRÍGUEZ: Guk taldean asko hitz egiten dugu, emozioek lekua badute batzarretan... baina lan egiteko modu honi ikusten diodan arazoa enpatia sortzeko zailtasuna da. Ni lantaldearekin enpatian nago, aurrean dudanean. Ni pantaila batean nagoenean eta bestea bestean, bakoitza gure burbuilan gaude. Orain gauden moduan oso zaila da taldean aritzea, taldean funtzionatu ahal izateko beharrezko baita enpatia: negoziazio etengabe bat da taldean egotea. Gaur egun elkar entzuten dugu? Bai. Baina ezin naiz beste baten lekuan jarri, zeren ni hemen nago, nire munduan. Ez dakit oraingo moldean enpatia lortzea erronka den edo onartu behar den ezinezkoa dela eta gauza denak ezin direla ordezkatu.

A. ERASUN: Hori da ordezkaezina den gauzetako bat. Taldearen dimentsio bat oso emozionala da eta presentzian gertatzen da, “gu” izaera sentitzen dugunean. Talde bizipena, bati gertatzen ari zaiona besteak nabaritzea, hori ez da gertatzen pantailetan. Gauza asko galtzen ari gara. Garrantzitsua da bereiztea zein gauza diren ordezkagarriak, distantzian eginda aringarri ere izan daitezkeenak, eta zeintzuk ez. Eta talde bakoitzarentzat agian gauza batzuk izango dira ordezkaezinak, talde guztientzat ez dira berdin izango. Adibidez, eremu formalak eta informalak zaintzea: bilera baterako bidean ditugun elkarrizketak ere, talde horretan gertatzen dira. Hori ez da on-line bileretan gertatzen eta talde baten bizitzan oso inportanteak dira eremu informalean gertatzen direnak.

E. MENDIZABAL: Lankideok orain mugikorrez elkarri audio gehiago bidaltzen dizkiogu eta luzeagoak: “Zer moduz zaude? ni...”. Bidean noala audio horiek entzuten ditut, lankideak nola dauden jakiteko. Baina ez da gauza bera, kafe batekin askoz gertutasun handiagoa lortzen da. Teknologien bidez askoz inbertsio handiagoa egin behar da, ez emaitza bera lortzeko gainera.

Zein dira ordezkatu daitezkeen gauzak eta zeintzuk ez?

E. MENDIZABAL: “Gu” sentimendua, taldeko sentitzea, elkarrekin egonda lortzen da. “Gu” horretan, tren berean goazela sentitze horretan nabaritu dut aldaketa handiena.

A. RODRÍGUEZ: Ordezkatu ezin den beste gauza bat sorkuntza da. Gure sortzeko modua batak bestearen ekarpenari zerbait eranstea da. Baten ideiatik beste zerbait bururatzen zaio ondokoari, hortik beste zerbait hirugarren bati... eraikuntza kolektiboan oinarritzen da gure sortzeko modua. Ez dut sumatzen online sortzeko gaitasun bera dugunik, potentzialaren ehuneko handi bat galtzen zaigu wifiaren bidez. Online egiten duguna, azken batean, lanak banatzea da: “Hau sortu behar da, zuk zati hau egin, nik beste zati hau...” eta gero dena batzea.

A. ERASUN: Niretzat galdera hau da gakoa: Nola gaude talde bezala? Baina nola jakingo dugu galdera horri erantzuten, ez bagara elkartzen? Izan ere, interakzioan existitzen da taldea. Ez badugu bakoitzaren ikuspegia bateratzen, ezin dugu ikusi nola gauden, eta lortzen dugun argazkiak erakusten du nola dagoen kide bakoitza, baina ez elkarrekin nola gauden.

Guk lan prozesuen zati batzuetarako espazio kolektiboa blindatzen dugu: sormena taldean egin badugu, ondoren lanak banatu ditzakegu, badakigulako zertan ari garen, badakigu muina zein den; baina sorrera elkarrekin egin ezean, galdu egiten da ikuspegia.

G. ERRENTERIA: Alor pertsonala ere urrundu da. Ez dakigu zer gertatzen zaion ondokoari. Pandemia aurretik lankide bakoitzaren egunerokotasuna ezagutzen nuen. Orain errazagoa da harreman pertsonala galtzea, ez jakitea zer duen bakoitzak buruan. Eta taldea eraikitzeko beharrezko dira harreman pertsonalak, beraz, agian beste bide batzuk eraiki beharko dira horretarako.

A. RODRÍGUEZ: Lehen informalagoak ziren komunikazio bideak galdu egin dira, adibidez, gure bulegoko loreek ere somatu dute. Ni arduratzen nintzen haietaz, hamar egunez konfinatu naute, eta denak aritu dira ureztatzen: ito egin ditugu. Adibide honekin azpimarratu nahi dut lan talde batean komunikatzeko kanal formalez gain informalek duten garrantzia eta egoera honetan zailtasun handiagoak daude hauek mantentzeko.

E. MENDIZABAL: Lantalde batean beti daude gatazkak, eta orain nabarmen gehiago, zeren pertsonalki eta kolektiboki gure beharrak hari batetik zintzilik daude. Lehen ikusten ez genituen gatazka asko ere muturraren aurrean jarri dizkigu egoera honek, apaindurak erori dira eta errealitate gorria bistaratu da. Gatazkak mahai gainean jarri behar dira eta nola konponduko ditugun adostu. Baina gatazkak kudeatzeko eta baita saihesteko ere, fisikoki elkarrekin egotea oso garrantzitsua da.

Gai hauek denak landu al dituzue lantaldean kontzienteki?

A. ERASUN: Konturatu gara egoera honetan denbora handia eman behar zaiela bileren sarrerei eta irteerei. Hau da, bilerara nola sartu garen eta bertatik nola atera garen ikusteari. Bolada batean, ia bileraren tarte osoa hartzen ziguten! Baina horrela eginda, bilerak oso eraginkorrak dira, erabaki beharrekoa zirt-zart erabakitzen baitugu.

Denbora honetan tokatu zaigu enpresa askoren gatazketan errazle lana egiten aritzea, eta nabarmen desberdin daramate egoera hau gatazken inguruan gauzak egiten ohituta dauden taldeek. Leku ematen zaionean taldeari, komunikazio zailtasunei eta abar, trebatu egiten gara eta egoera honek entrenatuta harrapatu bagaitu, heldu diezaiekegu egoera berriak dakartzan gatazkei, baina ez bagaude ohituta, gainera erori zaigun harlauza handi baten modukoa da.

A. RODRÍGUEZ: Egoera honek gatazka asko ekarri ditu eta oso modu pertsonalizatuan, momentu batzuetan zaila izan da objektibizatzea ikusteko hau ez dela baten arazoa, maila orokorrean landu eta ikaspen bihurtzeko modukoa dela. Arazo honi emandako erantzun bat da “bakoitzaren neurrira” funtzionatzea. Errealitateari erantzun beharretik sortu da, aurkitu dugun modu bakarra delako: talde txikia gara eta gainera feminizatua.

 

Argazkia: Dani Blanco.

Azter dezagun “bakoitzaren neurrira” antolaketa: Zein erabaki dira norberarenak eta zein taldearenak?

E. MENDIZABAL: “Bakoitzaren neurrira” antolatzeak baditu bere aukerak eta bere arriskuak. Aukerak probestea oso interesgarria da behar pertsonal eta kolektiboak osatzeko; baina taldeak lehentasun batzuk jarri behar ditu. Espazio eta denbora batzuk blindatu behar ditu taldeak, helburu zehatz batzuekin, taldearen “gu” izate hori bermatzeko. Horretarako, mugek oso argiak izan behar dute. “Gu” horren barruan eta proiektuak baimentzen duen malgutasunaren baitan, norberak bere erabakiak hartuko ditu eta beraz, konbinazioak asko dira. Horrek guztiak denbora inbertsio handi bat eskatzen du lantaldean komunikatzeko, gatazkak kudeatzeko.

A. RODRÍGUEZ: “Bakoitzaren neurrira”  lantoki jakin batzuetan soilik funtzionatzen dugu. Enpresa handietan ez dago “bakoitzaren neurririk”! Ekonomia sozial eraldatzaileko enpresa txiki feministetan ari gara horrela, egoera den modukoa delako, gainera bizitza zentroan jartzeko ikuspegia daukagulako... Hau da, enpresa handiak bideragarri izateko, Farapik edo beste enpresa batek “bakoitzaren neurrira” izan behar du. Horrelako enpresa handiek, inpaktu handia dutenak ekologian, matxismoan, kapitalismoan... betikoan jarraitzen dute, baina gu, bizitza, ekonomia, ekologia...  errespetatzen dugunak “norberaren neurrira” antolatzen gara, amorrua ematen du, gogoa ematen du enpresa horietara deitzeko esanaz “begira, guk ‘norberaren neurrira’ egingo dugu lan eta zu horretaz aprobetxatzen zara zure produkzioa aurrera ateratzeko, baina pasatuko dizugu fakturatxo bat esanaz zenbat den”. Oso injustua da ikustea norengan oinarritzen den sistema ekonomikoa, baita enpresen artean ere: enpresa horiek badakite tira egin dezaketela, guk  eta guk bezalako enpresek hartutako neurriei esker eutsiko diogulako ekonomia erreproduktiboari. Nor ari da horren etekina irabazten? “Norberaren neurrira” sistema piramide batean oinarrituta dago.

A. ERASUN: Elkarrizketak funtsezkoak dira taldeetan: talde honetan zer erabaki izan behar dira “gu”tik eraikiak, bai ala bai? Talde bakoitzean erantzuna ezberdina izango da. Elkarrizketa hori ez baldin badago, fluktuazio horrek –hau da, beharrei nork erantzuten dien eta nola–, ez bizirauteko moduko egoerak sor ditzake. Horretarako behar dira mugak: zeintzuk dira zeharkatu ezin diren mugak? Zer da bakoitzak bere kabuz erabaki ezin duena? Muga horiek definitzeko ariketa egiten ez bada, gerta daiteke “gu”a desagertzea, edo bestela, bakoitzaren beharrei ez erantzutea. Zeren egoerak ez du bizitza jasangarria bermatzen.

A. RODRÍGUEZ: Niri taldetik kanporako komunikazioa falta zait. Zeren guk gure lantaldean negoziatzen dugu, baina lantaldeak ezin du negoziatu beste sistema guztiarekin, beste enpresekin. Zaintza krisia agerian geratu da nabarmen, eta bistan da enpresen artean ere ez dagoela ekitaterik. Enpresa handiak sostengatzen dira beste enpresa batzuen gainesfortzuarengan. Nahiz eta ahalegina egin gure lantaldea osasuntsu mantentzen, horrek duen gainkostua izugarria da, beste enpresen desorekak gu konpontzen ari garelako.

Gainera, bizitzak zentroan jartzearen oso ideia distortsionatua dago. Badirudi bizitza zentroan jartzeak esan nahi duela nire behar guztiak jartzen ditudala laneko mahai gainean eta besteek kudeatu behar nautela. Eta ez, ikuspegi askoz orokorragoa dago “bizitzak zentroan jarri” horren atzean! Baina batzutan gai horri heltzen diogu bere ikuspegi ideologiko hori guztia alboratuta, “ni”-tik etengabe, ikuspegi oso kapitalistatik.

A. ERASUN: Edukiz hustuz bezala?

A. RODRIGUEZ: Erabat! “Zaintza erdigunean” eraldaketarako, iraultzarako den kontzeptu bat da eta bidean, askotan,  galdu egiten dugu ikuspegi hori. Zaintzaren arazoa kolektiboa da. Nola erantzungo diogu? Kolektiboan erantzuten diogunean, orduan bai ari garela zaintza erdigunean jartzen, eraldaketa ikuspegitik.

E. MENDIZABAL: Ardura kolektiboa datorkit burura. Nire behar pertsonalak eta ingurukoak, sarean asetzea. Sareak behar ditugu gure zaintzetarako eta inguruko lagun, seme-alaba eta abarren zaintzetarako. Gure lantokian kideon arteko sare bat izan behar dugu elkar-zaintzeko, baina batez ere arlo profesionalean. Enpresen artean ere interkooperazioaren bidez elkar-laguntza, elkar zaintza egituratu behar dugu.

G. ERRENTERIA: Eta elkar ezagutza. Duela bost hilabete hitz egin izan bagenu proiektu bakoitza nola kokatzen zen COVID-19aren aurrean, agian beste puntu batean geundeke.

Justu sareei eustea izan da zailena pandemian, osasun neurriak direla-eta. Lantokiko harremanak aldatu al dira, burbuila kontzeptua medio?

A. ERASUN: Guk hasieratik erabaki genuen familia ginela. Gutxi izatearen abantaila da, baina erabaki bat izan zen. Oso esplizitua izan behar da gai honetan, bestela espero dezakezu zerbait eta ez baldin badago, zartako handia hartzen da. Gure azken hilabeteetako praktika esplizitatzea izan da: nola behar duzu, nola da zuretzat, non kokatzen gara... bestela, espektatiba diferenteen bueltan bizitzen ari gaitezke, eta batek ez badu lantaldea bere burbuilatzat hartu, eta beste batek bai, azken hori bakarrik dago burbuilan!

G. ERRENTERIA: Eta ez denean esplizitatzeko lanketa egiten, zer? Zeren eta errealitatea da espazio askotan zaila izango dela hori egitea. Nola egin aurre egoera horri?

E. MENDIZABAL: Zaila da, baina ez bada esplizitatzen ez dakigu sekula benetan zer dagoen eta egunerokotasuna kudeatzeak inbertsio demasa eskatzen du. Hori konpentsatzen da exijentzia jaitsi eta gerri latza izanda. “Aurrera, bizirik gaude” pentsatuta. Aurten ez du ezerk aparteko distirarik izango, aurrera egitearekin nahikoa da. Lanean, aisialdian, sareetan... askoz gutxiago, “oso ongi altu bat” da aurten.

Aurrera begira: lehengo lan eskema klasikotik norantz jo?

A. ERASUN: Lehengotik zer da balio diguna? Espazio komunak, denborak eta lekuak: horietatik funtsezkoak direnak esplizitatu, erabaki eta zaindu. Fase honetarako erramintez pentsatzean, malgutasuna datorkit burura indar handiz: malgutasuna praktikatzea, baina hori bai, nukleoa zein den identifikatu eta nukleo hori zainduz, gauza guztien gainetik. Lehengo gauza batzuk ere ez dira ikuspegi kolektibotik onuragarriak: lanaren ikuspegi eraldatzaile batek gainditu behar ditu ekintza, espazioa eta denbora. Hori argi izan behar dugu, zeren  bizitza ez baita ekintzatan bakarrik gertatzen, eta lana ez baita denboran neurtzen.

A. RODRÍGUEZ: Iruditzen zait oraingoz trantsitoan gaudela: lehen era batekoa zen lana, gero eten bat egon zen, orain beste lan molde batzuk eraikitzen ari gara baina ezer ez dago sustraituta... etorkizuna disputan dago. Nork markatuko du etorkizun hori? Gustatuko litzaidake gu izatea markatuko dugunak, beste ikuspegi batekin ari garen taldeak, errespetuzkoak garenak lanarekin, langileekin, denborekin, espazioekin... COVID-19ak erakutsi du edozer gauza dela posible. Sinergiak behar ditugu: badugu gaitasuna etorkizunaren disputa peleatzeko.

A. ERASUN: Eredu bat praktikan jartzea, jada berez, irabaztea da. Nahiz eta horrekin ez diren gainerakoak aldatzen, hor jada garaipen bat badago.

G. ERRENTERIA: Azken urteetan ikasi dudana hori da: asko hitz egin dezakegu, baina ez badugu praktikara eramaten, ez dugu inoiz ezer aldatzen. Farapiz pentsatzen dudanean, beti datorkit galdera hau burura: Nik zer proiektutan egon nahi dut? Zeri erantzuten dion proiektu bat eraiki nahi dut? Erabaki pertsonalak proiektuarekin lotuta daude, zeren nire beharrei erantzuteko hartzen ditudan erabaki propioak proiektuaren izaeraren kontra badoaz, bost aldiz pentsatuko dut egin aurretik. Norberak eraikitzen dugu gure proiektua.

A. RODRÍGUEZ: Horregatik bilatu behar ditugu sinergiak, proiektu hauetatik kanpora eragiteko, eta ez alderantziz: kanpoko joera orokorrek ez dezatela proiektua baldintzatu. Adi egon behar dugu disputa horretan sartzen diguten ziriarekin: lantalde atomizatuak posible diren diskurtsoa –langile bat AEBetan eta bestea Txinan egon badaiteke, zertarako behar ditugu bertako langileak?–, etxean geratuta aldi berean haurrak zaindu eta lan egiteari “telelana” deitzea...

A. ERASUN: Hori langileon inteligentziari egindako laido galanta izan zen.

A. RODRÍGUEZ: Lana on line egiteak gure bizitzak bizigarriak egiten baditu, horretarako erraztasunak eman behar dira aukera dagoen kasuetan. Baina badago on line lan bat bestelako konnotazioak dituena eta bultzatzen ari dena: enpresarentzat merkeagoa delako, atomizazioa ekartzen duelako, edozein ordutan lan egitera behartzen zaituena Istanbulen dagoen langilearekin konektatu behar zarelako…

A. ERASUN: Langilearen espazioaren inbasio hori bortitza izaten ari da, mota ezberdinetako enpresa askotan. Inola ere existitzen ez ziren baimen batzuk hartu dira: bestea etxetik ari denez, edozein ordutan lanean ari dela espero izateko baimena hartu da. Norberaren lan ordutegia ez bada oso argi mugatzen, ez bada argi uzten hortik kanpo ez zaiola telefonoz deituko edozein huskeria esateko, ordutegirik gabeko ordutegira goaz. Hori atzera pauso nabarmena da.

E. MENDIZABAL: Garrantzitsua da mugak jartzea, telefonoa itzaltzea. Konfinamenduan nabarmena zen lanaldia txikletzar bat bihurtu zela, tira-tira-tira egiten zela eta ezin genuela gehiago. Hor ikasi genuen, gauza batzuetan behintzat, mugak jartzen.

Jendarte gisa, datorrenarekiko ziurgabetasun handia dago. Argi dago behar berri asko ditugula maila pertsonal eta kolektiboan. Jendearen beharrak kontuan izan behar ditugun proiektuei, aukera asko sortzen zaizkigu, baina aldi berean gure arteko eztabaida eta hausnarketa foroak behar ditugu tarteka, ikusteko zeintzuk diren beharrak, nondik ari zaizkigun iruzur egiten, nola jarri mugak... inoiz baino ageriago dago eusten gaituen interdependentzia: pertsonala, kolektiboa, profesionala, laborala, politikoa... Aukerak ireki behar ditugu, ziurgabetasunak ilusio puntu bat ere ematen baitu. Tentu handiz ibilita, ziria nondik sartuko diguten.

 

Argazkia: Dani Blanco.

“FARAPIN LANALDIA ZAZPI ORDUTARA JAITSIKO DUGU”

Araitz Rodríguez:

“Farapin aspalditik dugun erronka da lanaldia jaistea, berdina kobratuz eta kotizatuz. Eta erabaki dugu aurten egingo dugula: 7 ordura jaitsiko dugu lanaldia, eta horietatik 6 izango dira ordu produktiboak eta ordu bat deskantsua baina bulegoan egiteko, eta ordainduta. Garai honetan espazio informalak beharrezko ditugula aitortzeko modu bat ere bada, taldearentzako beharrezko direlako osasuntsu produzitzen jarraitzeko. Gurean bazkal orduak betetzen du funtzio hori, mahaiaren bueltan elkartzen gara umorean, hitz egiten dugu arlo pertsonalaz, proiektuez... Jardunaldi murrizketa planteatzeak lagundu du kontzienteki lantzen eta gai politiko moduan ikusten espazio informalak. Baita ere kontziente egiten zenbat urratu den talde izaera. Espero dezagun egunen batean itzuliko garela denok bulegora eta planteamendu hau praktikan jarri ahalko dugula bere osotasunean".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esperientzien kutxa
Parean: Lana, zaintza eta militantzia uztartzeko irtenbidea lana berrasmatzea denean

Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]


Alda: Kolektiboan irtenbidea emanaz jendarte herrikoiak bakarka dituen eguneroko arazoei

Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]


Talleres Mitxelena: Hausnarketa egiteko makinak gelditzen dituztenak

Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]


Ondalan: Bazkideak etxeko, sukalderaino

Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]


Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean

Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]


Boga garagardoa: Euskal Herriaren pisua, litrotan eta kilogramotan

Garagardo artisau berexiak dastatzea bogan dago. Etxe bakoitzaren goren mailako kalitatezko hori, hain justu. Eta baten matizak eta bestearen lurrinak komentatzea. Planetaren zein izkinatatik ekarriak dira horiek guztiak, ordea? Bogak horri begiratzen dio, “bertako”... [+]


Argazkiak, pertsonen ongizatea lantzeko

Pertsonaren ongizatean lagungarri izatea bilatzen du IDo photography-k lantzen duen argazkigintza terapeutiko eta pedagogikoak: “Ez da psikologo edo terapeuta batek eman dezakeen laguntza, nik irudia erabiltzen dut pertsonen ongizatea bilatzeko, bai arlo profesionalean edo... [+]


Izarkom
Pertsona batek erantzungo dizun telefonoa

Izarkomeko webgunean mezu hau irakurri dugu larrialdi telefono zenbakiaren ondoan: “Kontutan izan, larrialdiko telefonoaren beste aldean, lan orduz kanpo artatuko zaituen langile bat dagoela, beraz, jai egun edo desordutan SMSa bidali aurretik, zuk zeuk hausnartu benetan... [+]


Ara!Gorputz: “Ezin ditugu bestelako ekonomiak martxan jarri, ez baditugu gorputzen prozesuak lantzen”

Hilekoaren erregistroa eginez hasi ziren, eta taldean kudeatutako ginekologia bizipen horietatik abiatuta sortu zuten 2018an Ara!Gorputz elkartea. Emakumeek* beren ziklo hormonalak behatuz jakintza kolektiboa lantzea eta zabaltzea dute helburu, gorputzen burujabetza... [+]


Skura: Teknologia burujabetza lantzen, elkarlanean

Telefono mugikorretarako aplikazioak egiten dituen Skura interkooperazioan aritu da hasieratik. Izan ere, bi pertsonak osatutakoa zen sorreran, eta aplikazio mugikorrak garatzeko behar dira beste zerbitzu batzuk ere, adibidez, zerbitzaria. "Zerbitzu horiek guk ere egin... [+]


“Taldea osatzen dugunok ongi bizitzeko espazioa da Hiru Damatxo”

"Guretzat balio handiena duena da badakigula bakoitzaren premiak eta egoerak kontuan hartzen eta horietara moldatzen". Hiru lagunen artean jarri zuten martxan Hiru Damatxo, eta laguntasun horretatik, naturala egin zitzaien konfiantzan oinarritutako funtzionamendua,... [+]


Bira produkzioak: Lanean ere bada bizitza ederrik

Bira produkzioko kideak "bizigarritasunaz" eta "bizitza zentroan jartzeaz" mintzo dira, baina asebetetzea lan barruan bilatzen dute, ez lanetik kanpoko zereginetan. Lana eta hobbya uztartzea da horretarako gakoa: "Gustatzen zaiguna egiten dugu, eta hori... [+]


Aholku: Zenbakiei beldurra galtzen, gertutasunaren bidez

Aholkuk izenari men eginez, proiektuei asesoramendua ematen die, zenbaki kontutan. Proiektuetan eguneroko lanari eusteak buruhausteak ekartzen ditu, eta "kontabilitate fiskala" moduko hitzek beldurra ere ematen dute... Aholkukoak saiatzen dira proiektuen sorreran... [+]


Harago aholkularitza: Topa dagigun lanean ere

Haragok aholkularitza eta bidelaguntzak egiten ditu pertsona, elkarte eta enpresentzat. "Guretzat ez da aukera bat gugan praktikan lantzen ez dugun zerbait besteekin lantzea" azaldu dute. Beren bizipenetatik ondorioztatu dute, lanean ospatzeari lekua emateak garrantzia... [+]


Lakari: Elkar elikatzen duten burujabetzak

Lakari kooperatiba elikagai denda bat baino gehiago da: elikadura-arloan zein ekintzailetza sozialean aholkularitza zerbitzua eta ekitaldietarako mokaduak ere eskaintzen ditu. Elikadura burujabetza du helburu, baina lantokian beste burujabetzak ere lantzen ari dira hasieratik:... [+]


Eguneraketa berriak daude