1979ko azaroak 11. Gau minean, auto bat tirokatu zuen Guardia Zibilak Etxarri Aranatzen. Lakuntzako Mikel Arregi gaztea hil zuten. Handik atzera, bertsio borroka hedabideetan, kaleko borroka herrietan, bizia berregiteko borroka familietan. Gertatu behar ez zena, behin eta berriz gertatua.
Mikelen arreba, haren memoriaren zaindari bizia. 22 urte zituen neba hil ziotenean, eta haren heriotza gainean eraman du harrezkero. Herri mugimenduetako partaide gaztetandik, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide, nebaren heriotzak mugimendu haietan are eta gogo handiagoz lan egitera jarri zuen. Nebari gertatua argitzeko batzordean parte hartu zuen. Bizialdia joanda ere, erretinan gordea du dena delako hura: “Berriz ikusiko banu bezala da. Eta aita, eta ama… eta Iruñeko ospitalekoa, eta Mikel han, hilda...”. 22 urteko neska gaztea zenaren oroitzapen oinazegarria, lekuko.
Mikelen heriotza, zure nebarena. Zenbat aldiz kontatu duzu?
Nahi bestetan. Batzuetan pentsatu ere izan dut, ez ote nauten behin ere bakean utziko! Gogorra zait hura behin eta berriz kontatzea. Urduritzen ere naiz. Eta urtemuga heltzen delarik, hortxe da beti mina. Baina, bestalde, nahi dut jendeak egia jakin dezan, Mikel hil zutenean han ez zela guardia zibilen kontrolik, bertsio ofiziala gezurra dela, gezurra dela haien autoak kontrolean gelditu gabe segitu zuela, ordurako han ez baitzegoen kontrolik. Testimonioak ditugu, Etxarri Aranazko jendearenak, hura ikusi zutenenak. Tiro bat etxe bateko sukalderaino sartu zen!
Zazpi anai-arreba zineten etxean, Tomasenekoan, Lakuntzan. Hirugarrena zen Mikel, 32 urte zituela. Etxeko txikiena zu, 22 urte, eta zeuri egokitu zaizu memoriaren zaindaritza…
Ordurako, hiru ahizpa ezkondurik bizi ziren, kanpoan. Beren seme-alabak ere bazituzten. Beste neba bat, soldadutzan zen… Mikel hil zuten eguna larunbata zen, goizeko ordu bata, hor nonbait. Ni etxean nintzen. Harritzekoa ere bada, beti kanpoan izaten baikinen, baina egun hartan ez. Ohean nengoen. Herrikoak etorri zitzaizkidan. Karlos Zurunbai, Apala, Rosario… Rosario hau, esaterako, gure aitaren lehengusina zen, herrian taberna zuen… Gure etxera etorri ziren, nire leihora harriak botaz. Gurasoak esnatu gabe jaitsi nendin nahi zuten. Eta jaitsi nintzen. Nire neba Santiagok ere aditu zuen, eta jaitsi zen. Eta kontatu ziguten.
Mikel hila zela?
Ez, ez hila zela. Hori ez zekiten. Esan ziguten guardia zibilek kontrola jarri zutela Etxarri Aranatzen, tiroak tiratu zituztela Mikel-eta zihoazen autoaren kontra, Mikel zauritu zutela eta anbulantzia batean sartu eta Iruñera eraman zutela, ospitalera. Azkenean, aitak ere aditu zuen zer edo zer, baina ez genion dena esan, Mikelek-eta istripua izan zutela baizik, ez zela, ez zela larria, baina ospitalera gindoazela, badaezpada ere. “Egon lasai, aita, ez da ezer izan”. Eta sinetsi zuen, gizajoak, eta atzera ohera sartu zen.
Eta zuek Iruñera…
Bai. Bi autotan. Batean, Santiago nire neba eta Apala, etxeko laguna. Bestean, Karlos Zurunbai eta biok. Ez dakit, bada, noiz helduko ginen ospitalera, gaueko ordu bi eta erdiak ere izango ziren… Ospitalera sartu eta, lehenengo, zain egon behar izan genuen. Pentsatu ere ez nik Mikel hila zela! Medikua etorri zen arte. Saiatu zirela, baina ezin izan zutela Mikel bere onera ekarri. Santiagok berehalaxe erreakzionatu zuen, negarrari eman zion. Ni shock egoeran geratu nintzen. Ezer esateko gauza ez nintzen. Hileta-zerbitzuetakoa etorri zitzaidala gogoratzen naiz, hala ere, baina ez dakit zer galdetu zidan ere. Ez dakit ezer erantzun nion ere. Schockean nengoen. Gero, herriko jendea etorri zela gogoratzen naiz, Mikelekin batera udaletxean zinegotzi zirenak eta beste batzuk. Gero jakin genuen anbulantzia gidariak esanda, Iruñera orduko hila zela Mikel...
Non ziren Mikelekin batera autoan zihoazenak?
Autoa tirokatu eta gero, guardia zibilek denak irtenarazi zituzten, lurrean etzanarazi eta hantxe eduki zituzten, metraileten mehatxupean. “Baina Mikel barruan dago, zaurituta dago, Mikel zaurituta dago!”, esan omen zien Jose Luisek. “Ni banoak, ni banoak! Nirea joan duk!”, esan omen zien Mikelek, hilzorian. Gure nebak tiro bat jaso zuen, eta beste batek, tiro-urratu bat. Tiroak aditu eta Etxarri Aranazko jendea ere arrimatu omen zen. Tarte horretan, anbulantzia bat agertu zen. Iruñetik zetorren, itzulian. Hura gelditu, Mikel anbulantziara sartu eta Iruñera. Autoan zihoazenak kuartelera eraman omen zituzten, deklaratzera.
Aitari egia osoa esan beharko zenioten, amari ere esan…
Hori izan zen bestea! Gurasoak! Ama gaixo zen, epileptikoa zen, eta zernahi gauzak aztoratzen zuen. Ospitalera etorri zirenen artean, Mikelen kuadrilakoak ziren batzuk, eta haiei esan nien Lakuntzara joan eta herrian bizi zen ahizpari, Klarari, kontatzeko. Esango ziola berak gure aitari. Baina ez dakit, bada, zer izan zen, kuadrilako haiek okerreko atea jo zuten edo zerbait ere, ahizpak ez zuen mezurik jaso. Eta hurrengo goizean, aita etxetik irten zenean, ikurrina ikusi zuen… Eta ondoko bizilagunak, Jose Sakristi-zarrek, esan zion: “Baina, Juanito! Zer izan da?”. Aitak ez baitzekien ezer, Josek kontatu zion, guardia zibilek Mikel hil zutela. “Joan eta bertan akabatuko ditut denak!”, gure aitak. Kalean jakin zuen! Gero, amari esan beharra etorri zen, eta gainerako senideei.
Guardia Zibilaren kontrako salaketa jarri omen zenuten...
Jose Antonio Urbiola hartu genuen abokatu, eta epaitegira joan eta salaketa jarri genuen. Hurrena Lakuntzara etorri ginenean, batzarra egiteko deia zabaldu zuten… Hantxe izan ziren Patxi Zabaleta, Iñaki Aldekoa… Jendea etxera etorri zitzaigun, sostengua eman ziguten, eta horrek asko lagundu zigun. Baina harrezkero amak ez zuen bururik jaso. Bizitza txikitu zioten. Ni, berriz, batzar eta saltsa haietan sartu nintzen. Ikerketa batzordea eratu zuten, eta hantxe buru-belarri ni, ahal zena egiten. Ikaragarri lagundu zidaten Josetxo Uribek eta! Josetxo eta Mikel, biak ziren zinegotzi. Ilusio handia zuten gauzak beste modura egiteko.
Ikerketa batzordean sartu zinen buru-belarri…
Bai. Zerbait egin behar nuen, eta horixe egin nuen. Eta on egin zidan. Josetxo Uribe, Sakanako kooperatiban lanean ari zen Alberdi bat, ESBkoa, ni neu… Ikerketa egin genuen, lekukotasunak bildu, prentsa kontsultatu, gertatu zena kontatu. Dosier egoki bat osatu genuen. Orain liburua egin dute, gehiago ikertu dute, baina dosier hura oinarri ezin hobea izan da lanerako. Lan hori egiteak asko lagundu zidan. Bestalde, etxean herritarren sostengua genuela sentitzen genuen. Herriak eman zigun laguntza baino handiagorik ez zen izan.
Herritarren sostengua Lakuntzan, eta Mikelen oroimenezko monolitoa Etxarri Aranatzen, behin eta berriz erasoa…
Bai, hori ere bai. Hasieran, monolitoa jartzera joan ginenean, adibidez, hantxe zen guardia zibila, gu zirikatzen. Kuartelera eraman gintuzten han ginenok. Eta tenienteak esan ziguna, guri zuzenduz: “Hi eta hi eta hi, gehiegitan ikusi zaituztet hemen!”. Etxarri Aranazko Udalaren baimena genuen, baina hori guardia zibilei bost axola. Gogaikarriak ziren. Gainera, kuartelaren pare-parean hil zuten Mikel, eta monolitoa ere, hantxe. Hala ere, handik hiru urtera Altsasura joan ziren guardia zibil guztiak, eta trankilago ibili ginen, bestela gu zirikatu besterik ez baitzuten egiten.
Oroitarriaren kontrako oldarrak ere hainbat izan ziren…
Bai. 1981ean, trilita jarri eta monolitoaren oinarria hautsi zuten. Urtearen hasiera aldera izan zen. Gero, Pilar egunean, monolitoa bota zuten. Handik bi urtera, monolitoa berriz mustu eta hamabost egunera, berriz zartatu zuten, goma-2 lehergailuarekin. Hurrena, guardia zibilek Etxarri Aranaztik alde egin zutenean, udalak plaza berria egin zuen toki hartan, eta gure Mikelen izena eman zion. Han jarri zuten monolitoa gero, plaka batekin. Hari ere eraso zioten… Eta segi. Luze joko luke eraso denak kontatzea.
Gines Cecilia Rico zuen izena Mikel hil zuen guardia zibilak…
Hura izan omen zen Mikel hil zuen tiroa tiratu zuena, baina ez dakigu, ezin jakin, hainbat tiro tiratu baitzituzten. Autoaren argazkiak ikusi besterik ez dago. Epaiketan ikusi nuen guardia zibil hura. Mutiko bat zen. 23 urte zituen, nire adin bera. Bi guardia zibil akusatu zituzten. Batari bi urteko atzipenaldi txikia, autoa konpontzeko lanak ordaintzea eta familia indemnizatzea eskatu zioten. Besteari, ezer ez.
Epaiketa egin zen...
Bai. Urbiolak ikaragarri estutu zituen guardia zibilak. Hiru galdekatu zituela esango nuke. Estu hartu zituen, haiek esandakoen artean kontraesanak azaleratzeko… Zer esan ez zekitela izan ziren guardia zibilak. Berezia izan zen momentua. Hurrena, Urbiolak Venezuelara joan behar izan zuen eta Patxi Zabaletak hartu zuen kasua. Gogoan dut epaiketa burutu eta Zabaletak esan zidala: “Ezin da besterik egin, ez dago errekurtso gehiago jartzeko biderik”.
Zer esango zenioke Gines Cecilia Ricori aurrean edukiko bazenu, etorriko balitzaizu?
Estimatuko nioke niri aurpegira begiratzea. Baten batzuek ibili dira hori ere ikertzen, El Tovar (Jaen, Espainia) herrikoa omen zen. Batek jakin non dabilen. Ez dakit zer esango niokeen… “Konforme zaude egin zenuenarekin?”. Ez dakit, bada. Nik aitak esaten zuena dakit: “Gizon hori ez da hemendik atzera ongi biziko. Kontzientziak ausikiko du beti”. Buruan josita gelditu zitzaidan aitaren esan hori…
Haren kontzientziaren ausikia… Zertan da zure mina?
Hor da beti mina, ez da behin ere pasatzen. Ez dago momentu hartan bezain presente, baina hortxe beti. 41 urte joan dira, eta urteurrena hurbiltzen delarik… kezka eta aztoramena. Eta berdin Mikelen urtebetetze eguna denean, ekainaren 4an. Korapiloa. Etxean denok gogoratzen gara Mikelen egunaz. Loreak jartzen ditugu kanposantuan, Mikelez oroitzen gara. Bi egun horiek hortxe dira beti: ekainaren 4an eta azaroaren 11n.
Zergatik gertatu zen hura?
Garai hartan errepresioa ikaragarria zelako inguru honetan. Guardia Zibilaren kontrolak, noiznahi eta beti. Zeinahi manifestazio, zeinahi errebindikazio politiko edo sozial egin nahi, eta etortzen zen Guardia Zibila eta egurra! Halaxe bizi ginen Sakanan denbora hartan. Zigorpean bizi ginen. Mikelen heriotza eta gero protesta handiak izan ziren toki guztietan, greba orokorra-eta. Sakanan ere barrikadak eta istilu gorria izan ziren, eta diote Iruñetik Espainiako polizia ere ekarri zutela hurrengo egunetan.
Errepresioa garai batean Sakanan… Altsasuko gazteen afera ez da zeharo zaharra.
Ez, 2016ko ferietan izan zen hori. Guardia zibilek gorrotoa digute, eta guk ere ez ditugu maite. Ez laguntzen digute, ez behar ditugu. Hortaz, zertan ditugu hor? Zigortu besterik ez gaituzte egiten. Hargatik dago bizirik Sakanan lelo hori: “Alde hemendik!”. Orain ere, hileko azken ostiralean presoen aldeko kontzentrazioa egiten denean, beti pasatzen dira herritik, beti, ahaztu gabe... Ikusten ditudanean berotu egiten naiz, amorrarazten naute, besterik ez. Aitak gorrotorik ez izaten erakutsi zigun, Mikelen gainean hitz egiten genuen, hau eta hura esaten genuen, gehiagorik gabe. Gorrotagarriak dira, baina ez dut gorroto hori sentitzen.
Eta ondoren, zein izan zen familiaren geroa?
Aita barizetatik operatu zuten. Erretiratzeko adinik ez zuen oraindik, bizpahiru urteko lana zuen, baina ezetz, ez zuela lan gehiago egingo esan zuen, eta orduz lehen hartu zuen erretiroa. Ama, ezinean zen, eta senideok bat egin genuen amari laguntzeko, ama zaintzeko. Are gehiago batu ginen, batak besteari laguntzeko. Niri dagokidanez, ez dakit zer bizi egingo nukeen Mikel hil izan ez balute, baina haren heriotzak nire bizia baldintzatu du, erabat.
Liburua argitaratu du herri ekimenak: Mikel Arregi gogoan. Orrialdea hersten duen ez dakit...
Lehenbizi, esan behar dut oso gustura hartu dugula etxean liburua. Niri, hasteko, ikaragarri gustatzen zait. Bitxia da, garai hartan, Josetxo Uriberekin egin nuen lan ikerketa batzordean, eta orain, haren seme Ikerrekin liburuan! Bereak ditu diseinua eta maketazioa... Kasua jasota geratu da, hor da, jendeak jakin dezan, idatzita iraun dezan. Mikelek badu oroitarria Etxarri Aranatzen, kalea Lakuntzan, omenaldiak egin zaizkio, dokumentala egina da, intsigniatan dago, liburua orain… Oso garrantzizkoa izan da herri ekimenak egitea liburua, biktimen oinazea azalera ekartzeko urte hauetako lana. Naparra, kasu irekia dela diote [Jose Miguel Etxeberria] haien liburuarekin, eta Mikelena, berriz, hertsi bezala egiten da liburuarekin. Ez da sekula guztiz hertsiko, baina aro bat bai, behintzat. Oso eskertuta gaude herritarrei.
Azken astean ezagutarazi moduan, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak txosten banatan aitortu ditu estatuaren biktima gisa. Justizia sailburuak ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie dokumentuak.
Independentziaren aldeko ekimenak aurrera eramateko baliabide faltagatik "itzaliko" da. Aurretik, Euskal Herri osoko 101 udaletan independentzia mozioak erregistratuko dituztela iragarri dute, euskal errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko. Baliabide faltaz... [+]
Kirola eta aldarrikapena uztartuz, maiatzaren 24an Bilbo gazteria independentistaz beteko da. Lasterketa honen bitartez, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko balioei lekua egin nahi diote gazteek, independentziarako bidean daudela erakutsiz.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
“Saihestu egingo dira giza eskubideen, ordenamendu juridikoaren eta espetxeetako tratamendu psikosozialaren aurkako balioak eta jarrerak babestea, justifikatzea eta goratzea ekar dezaketen adierazpenak”, dio, besteak beste, agiriak. Azaroan Eusko Jaurlaritzako... [+]
Espainiako Poliziak duela 41 urte hil zituen tiroka Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas gazteak, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak.
GALeko biktima talde batek eman du kereilaren nondik norakoen berri Bilbon egindako prentsaurrekoan, Egiari Zor fundazioak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak lagunduta. GALen aurkako eta, zehazki, José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute.
Asteazken eguerdian berreskuratu du askatasuna astigartarrak, zigorra osorik beteta. Espainiako Auzitegi Nazionalak otsailean inputatu zuen ETAren zuzendaritzako ustezko beste lau kiderekin batera, Gregorio Ordoñezen hilketa leporatuta.
Martxoaren 13an lau urte bete dira Fran Balda arbizuarra istripuz hil zela. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde egin zuen lan, eta haren bost kidek idatzi diote gutun hau.
Felipe Gonzálezen garaian Espainiako Barne ministroa zen José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka abiatu zuen estrategiagatik. ZEN Zona Especial Norte Planaren barruan egindako ekintzen erantzule nagusietako bat... [+]
Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.
Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]
Frantziako Poliziak 2002an atxilotu zuen zumarragarra, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Sare Herritarrak mobilizazioa deitu du datorren ostiralerako, Urretxuko Potros Plazan.
Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]
Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak ekimenak deituta, dozenaka lagun kalera atera ziren atzo Iratxe Sorzabal preso politiko irundarraren absoluzioa eskatzeko eta behingoz etxera ekartzeko, torturak salatzeaz gain.